75 urte bete zituen pasa den urtean Mendiriz Mendi Elkarteak, eta Covid-19ak sortutako pandemiak eragotzi egin zuen urte guztirako prestatutako ospakizuna. Hainbat ekintza egin bazituzten ere, ekainaren 4rako egitarau sinple bezain dotorea prestatu dute Mendiriz Mendiko kideek. Hala, antolatu duten egunaren xehetasunak eman dituzte Mendiriz Mendiko zuzendaritzako kide diren Joxe Zuzak (Txe) eta Manolo Rodriguezek, eta urte guzti hauetan izan duten ibilbideen eta esperientzien berri eman diote Kronikari.
Ekainaren 4a, egutegian borobiltzeko eguna izango da mendizale askorentzat, izan ere, egun horretan omenduko dute elkartearen 75 urteko ibilbidea. Goizeko 09:30etan jarri dute aurreneko zita, Atsegindegin. Bertan denak elkartu eta Santa Barbarara joango dira oinez. Bertako paisaiez eta konpainiaz gozatuz, puntara heldu eta Mendirizaleon urteurrenaren oroitzapen argazkia aterako dute, bandera eskuetan dutela, eta argazkia atera ostean, hamaiketako batez gozatuko dute. Santa Barbarako ibilbidea amaitzen dutenean, Akarregi Sagardotegira abiatuko dira oinez, bertan egingo baita 75garren urteurrenaren ospakizun bazkaria. Ekitaldi «xumea» antolatu dutela nabarmendu dute bai Txek eta baita Rodriguezek ere: «ez genuen zerbait erraldoia egin nahi, nahiago izan dugu zerbait txikiagoa eta gure artekoa egin. Eta joan den urtean hainbat ekintza egin bagenituen ere, bazkaria airean gelditu zitzaigun, eta aurten egingo dugu. Asmoa da, Mendiriz Mendiko sozio gehiengoak etortzea, hori gustatuko litzaiguke, 544 bat kide gara». Rodriguezek jarraitu du hizketan, eta gehitu du, familia elkartzearen antzerako ekintza bat antolatzea dela xedea: «erromeria gisara antolatu dugu, ez izugarrizko ekitaldi bat balitz bezala. Hala ere, esan beharra dugu, Mendiriz Mendiko elkarteko kideak etortzea nahi dugula, gertuko jendea nahi dugu, familian egongo bagina bezala sentituz». Bazkarirako gogoz dagoenak, beraz, aurrez tiketa erosi beharko du Mendiriz Mendiko bulegoan, 30 euroren truke. Gainera, antolatzaileek nabarmendu dute plazak mugatuak direla, eta erosteko azken eguna maiatzaren 20a izango dela.
75garren urteurrenaren ospakizuna, modu berezi batean amaituko du Mendiriz Mendik, eta ez da ekainaren 4an izango, ekainaren 23an baizik. San Joanetako jaien hasiera eta amaiera iragarriko baitu bandera altxaz eta jaitsiz, Langile Ikastolarekin batera. Emozioz beteta, ondorengoa adierazi dute mendizaleek: «asko poztu gara eta pentsatzen dugu, San Joan jaietako festen bandera altxatzea aitzakia ederra dela 75garren urteurrenari amaiera emotiboa emateko, eta etapa hori ixteko nolabait».
Argualasera, joan den urtean
2021ean bete zituen 75 urte Mendiriz Mendik eta kideek elkarteko mendi kuttuna igo zuten berriro, uztailaren 24 eta 25ean: Argualas (Panticosa). Txek, harro, zioen Argualas igotzea izan zela elkartea sortzearen arrazoietako bat: «Mendiriz Mendi elkartea sortzeko, gutxienez sozio batek 3.000 metroko mendi bat eginda eduki behar zuen. Modu honetan sortu genuen, Mendiriz Mendi, eta pasa den urtean, elkartearen 75garren urteurrena ospatzeko, Argualas igo genuen, elkartea errepresentatzen duen mendia, hain zuzen ere».
Rodriguezek eta Txek, dagoeneko 28 urte daramazkite Mendiriz Mendiko zuzendaritzako lekukoa eskuartean dutela, eta barru-barrutik eskertu dute orain arte elkarteko kideek egindako lana: «Julen Lekuonak asko lagundu gaitu, errekonozimendua eman digu bioi, eta oso eskertuta gaude berarekin». Eta Rodriguezek jarraitu du: «justu aurten 28 urte beteko ditugu Txek eta biok Mendiriz Mendi elkartearen zuzendaritzan», eta esaldia amaitu bezain laster, elkartera sartzeko lehen pausuak nolakoak izan ziren kontatzen hasi dira, ipuin kontalari baten abileziarekin: «28 urte daramazkigu elkartearen parte izaten, baina hasi… lehenago hasi ginen. Jakin genuen Hernanin mendizaleak biltzen ziren elkarte bat zegoela, eta gure kasuan, mendiarekiko zaletasuna genuenez, irteeretara apuntatzen hasi ginen. Horrela hasi zen gure harremana Mendiriz Mendi elkartearekin, apurka-apurka hasten zara elkarteko ekintzetan parte hartzen eta zerbaitek lotu egiten zaitu».
Rodriguezek eta Txek, argi dute asko eman dutela Mendiriz Mendin, baina are argiago daukate gehiago izan dela jasotakoa: «gaur egun, bizitza estilo bat da. Esfortzu asko suposatzen du, baina gero jasotzen duzuna, sekulakoa da, benetan diot. Exijentzia maila haundia du, bai» azaldu du Txek, eta jarraian, Rodriguezek galdera bat bota du airera: «nola izango litzateke momentu honetan zure bizitza, ez bazenu Mendiriz Mendin egindakoa egin?». Galderari erraz erantzun dio Rodriguezek: «nire kasuan, bizitza hutsa. Izan ere, horrelako esperientzietan ezagutzen duzun jendearekin egiten duzun harremana oso berezia izaten da. Gustuak elkarbanatzen dituzu, eta bapatean hori galtzeak... sekulako bertigoa ematen du».
Oraindik zuzendaritzan jarraitzeko asmoa
Txek errepikatu du asko eman dutela Mendiriz Mendi Elkartean: «pentsatzen dugu eman beharrekoa eman dugula, esan nahi dut, zer gehiago eskaini genezake? Horregatik, beti dator ondo jende berria, ideia berriak ondo etortzen dira, freskotasun apur bat». Eta jarraian, lekuko hitza atera da Rodriguezen ahotik: «elkarteetan lekuko aldaketak egoten dira, eta askotan gertatzen da obligazioarengatik aldatzen dela lekukoa, batek zuzendaritza uzten badu, beste bat jartzen da bere postuan, elkarteak aurrera jarraitzeko. Oraindik jarraitzeko asmoa daukagu, baina denborak erabakiko du noiz arte egongo garen elkarteko zuzendaritzan. Eta momentua heltzen denean, testigua beste norbaiti pasatzen diogunean, nahi dugu erantzukizunak hartuko dituen jendea izatea, gogoz egotea eta jende gaztea erakartzea, hori garrantzitsua iruditzen zaigu, noski. Horiek baitira etorkizuna».
Txe eta Rodriguez oso eskertuta daude elkartean jasotako laguntzarekin, izan ere, diote laguntza hori gabe, dagoeneko utzia zutela zuzendaritzaren batuta: «elkartean jarraitu dugu, jende asko dagoelako inguruan laguntzen. Bederatzi kidek osatzen dugu zuzendaritza, baina horrek ez du esan nahi horiek bakarrik gaudela lanean, beste jende ugari baitago gurekin lanean, buru-belarri. Esaterako gaur eta bihar egingo diren eskalada ikastaroetan, guk ez dugu askorik egin, egon dira batzuk ekintza honetaz arduratu direnak. Erantzukizunak banatu egiten ditugu, bestela ez ginen honaino helduko eta ez genituen 28 urte iraungo Mendiriz Mendiko zuzendaritzan. Batek irteera bat antolatzen du, eta elkarteko beste kide batek, berriz, beste bat. Honela funtzionatzen dugu, eta eskerrak».
Zuzendaritzaren batutari buruzko solasaldian, neska hernaniar gazte bat aipatu dute mendizaleek, nabarmenduz ideia berriak behar dituztela jende berria erakartzeko: «neska hernaniar honek, irteera mota ezberdin bat antolatu nahi du. Eta berarekin bilerak izan ostean, pentsatu dugu, agian hau dela momentua gazteei lekukoa pasa, eta aukera berriei ateak irekitzeko... baina oraindik ikusteke dago!».
Mendizaletasunak aurrera dirau, «modu ezberdin batean»
Mendizaletasuna «aldatu» egin dela ere ziurtatu du Txek eta aspaldiko garaietako ohiturak eta arropak etorri zaizkio burura: «orain modu independenteago batean joaten dira, eta ez taldean. Orain lehiakortasun gehiago dago, joaten dira minutuak kontatuz, denbora hoberenak egitera, eta gure garaian ez zen horrela, gehiago zentratzen ginen taldean. Medioak ere aldatu egin dira, furgonetak kanperizatzen dituzte eta mendian lo egin. Lehen horrelakorik ez zegoen, eta ez genuen imajinatu ere egiten». Ildo beretik jarraitu du Rodriguezek, gaur egungo ohiturak ekarriz mahai gainera: «gazteak ginen garaietan, erreferente bat izaten genuen, mendi bat igotzeko pertsona jakin batek erakusten zigun, baina oraingo teknologiekin, egoera aldatu egin da. Mugikorreko aplikazioekin edonora joaten zara, inongo laguntzarik gabe. Eta mendira igotzeko prozesuan ere aldaketak egon dira, lehen pixkanaka hasten zinen, txikitik ertainera eta ertainetik haundienera. Elkarteko kide askok 3.000 metroko mendiak igo dituzte, haien artean, Txek Mont Blanc (4.809), eta Rodriguezek Teide (3.715). Baina argi dutena da, duela urte dezente 3.000ko bat igotzeak eta gaur egun igotzeak ez duela zerikusirik: «3.000koa duela urte batzuk egin edo orain egin diferentzia asko dago, batez ere baliabide eta materialetan. Lehen, esate baterako, zeuden arropak ez ziren erosoenak. Orain prestatuago gaude, fisikoki eta material hobea daukagu».
«Herriko txikiak, etorkizuna»
Mendiriz Mendik hilabetero antolatzen ditu irteerak, bat etxeko txikiek gozatzeko modukoa, eta bestea, berriz, nagusientzat prestatutakoa: «abuztuan izaten dugu atsedenaldia helduok, eta haurrek uztailean ere. Urte osoan, 11 irteera egiten ditugu, beraz, 11 mendi igotzen ditugu helduek, eta 10, berriz, haurrek eta gaztetxoek. Hauek dira noski egutegian borobilduta dauzkagunak, gero indibidualki egiten ditugunak gehiago dira, noski». Herriko gaztetxoak beti izan dira zutabe garrantzitsua Mendiriz Mendirentzat, eta Txek maitasunez dio: «haiek gabe ez daukagu etorkizunik». Ikastetxeekin ere harremana izan du elkarteak eta horren erakusle izan zen Eskola Kirola egitasmoaren barruan mendi zaletasuna lantzen hastea.
Jakinaren gainean gaude, 75 urte ez direla gutxi, eta urte luze horietan izandako gorabeherak eta bidean topatutako oztopoak gainditu dituztela elkartetik pasatako mendizale ugarik. Horregatik, Txek eta Rodriguezek esker hitzak helarazi nahi izan dituzte: «elkartearen parte direnei, noizbait izan direnei, gure alboan ez dauden haiei, eta mendia maite dutenei, denei, benetan eskerrak. Zuengatik izango ez balitz, Mendiriz Mendik ez lituzke hainbeste gailur ezagutuko».
EGITARAUA - MENDIRIZ MENDI
HERNANI
EKAINAK 4
09:30 Atsegindegiko plazan elkartu eta Santa Barbarara ibilaldia.
11:00 Mendirizaleon urteurrenaren oroitzapen argazkia atera, eta jarraian hamaiketakoa.
14:00 Akarregin 75garren urteurrena osatzeko bazkaria.
Bazkarirako sarrerak Mendiriz Mendiren bulegoan erosi daitezke, 30 euroren truke. Plaza mugatuak dira eta erosteko epemuga maiatzaren 20a izango da.