Erreportajeak

«Pozik gaude, ikusi dugu eguraldi onarekin Urbieta kalea elkargune bihurtu dela»

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 7a, 00:00

Xabier Lertxundi alkatea, Urbieta kaleko zati eraberrituan.

Urbieta oinezkoentzako gune bihurtzeko 'interbentzio biguna' amaitu da, eta bolo-bolo dabil gaia. Xabier Lertxundi alkateak dioenez, «lehendabiziko egunetik jendea erabiltzen hasi da. Nahiz eta inpaktua sortu, marrek jendearen fluxu naturala irudikatzen dute».

Urbieta kalea oinezko bihurtzeko lanak amaitu berri dira, Izpizua kaletik Elkanora doan zatian, hain zuzen ere. Herrian bolo-bolo dabilen gaia da, askorentzat apurtzailea izan baita azken emaitza. «Marrak ez ditut ulertzen»; «Urbieta kalearen egiturarekin ez datoz bat jarri diren eserleku eta mahaiak»; «marra urdin horiek itsusiak dira eta ez dut ulertzen zertarako jarri diren»; «erdiko bolardo horiek zertarako eta zergatik jarri dira?»; «nola eseri behar da aulki horietan? Goikoaren hankak, behekoaren bizkar parean geratzen dira»... horiek dira Kronikak jaso dituen herritarren iritzi batzuk. 

Hala ere, gustoko dutenak ere badira. «Orain lasai-lasai ibiltzen naiz errepidetik»; «oinezkoek tokia irabazi dugu»; «umeak lasaiago ibili daitezke kotxeez arduratu gabe»; «berritzailea da, gustatzen zait»; «eserlekuetan eseri gaitezke eta mahaiak erabiltzen ditugu». 

Lanak 2021eko abenduan aurkeztu zituen Udalak, eta aurtengo otsailean, Juntura Kooperatibako Gorka Segurola eta Edurne Izagirre arkitektoek, eskuhartzearen helburu eta xehetasun guztiak mahaigaineratu zituzten. 

Gorka Segurolak, proiektuaren disenatzaileak, azaldu zuen zein zen proiektu honen helburua: «herritarrek espazio publikoa berreskuratzea da helburua, eta horregatik, ibilgailuen pasoa ahalik eta gehien murrizteko neurriak hartuko dira». 

 

«Gehiago gustatu edo gutxiago gustatu, funtzionatzen ari da»

Xabier Lertxundi Hernaniko alkatearekin bildu da Kronika, proiektuaren nondik norakoak sakonago ezagutu eta amaitu berritan Udalak duen iritzia jakiteko. «Pozik gaude. Funtzionatu du. Eguraldi onarekin ikusi dugu Urbieta kalea elkargune bihurtu dela. Umeak jolasten ikusten ditugu, familiak, adineko pertsonak eserita... eta horretarako zegoen pentsatuta». 

Xabier Lertxundi, Biteri eta Izpizua arteko eremuan eserita.
 

Lertxundik azaldu duenez, «gehiago edo gutxiago gustatu zaio jendeari, baina funtzionatzen ari da. Jendeak ikasi du bidea bertara hurbiltzeko, eta toki zentral bat irabazi da, oinezkoen elkargunerako. Bere helburua betetzen ari da, eta badu oraindik hobetzeko ahalmena».

Jende askok dio ustekabean harrapatu du aldaketak, baina alkateak argitu nahi izan du aurkezpenean ezagutarazi zela. «2009ko mugikortasun plan bat gauzatu da. Bertan esaten da, kale zentral bat izanda, egin beharko litzakeela trafikoa mugatu eta oinezkoentzat irabazi. Hori  gauzatu da».

Aurkezpenean esan bezala, «nabarmentzekoa da egin dena interbentzio biguna dela; hau da, obra honetan ez da egiturazko aldaketa haundirik egin eta, hortaz, hala erabakitzen bada, etorkizunean egokitzapenak egiteko erraza da. Hirigintza taktikoa esaten zaio. Modu azkar batean kale bati erabilera aldatzen zaio, ikusten da nola funtzionatzen duen, eta etorkizunean behin betiko bihurtzen da edo ez. Hasieratik zegoen horrela pentsatua, eta emaitza da ikusten duguna».

2019an, Urbieta kalearen berrantolaketaren proiektua garatzeko partehartze prozesu bat ere egin zen, eskuhartze honen eragina jasoko zuten eragile nagusiekin: bertako bizilagunak eta merkatariak, taxi gidariak, baita herriko jaietan espazio hau programatzen duten kultur taldeak ere. «Urbieta oinezkoentzat izan zitekeela ikusi zen, San Joanetan bertan ekitaldi kulturalak hasi zirenean antolatzen. Ekintza kulturalak egiteko espazio ere bihurtu daiteke, beraz».

 

«Marra urdinek puskatzen dute espaloi-errepide 
dikotomia, eta jendearen pausoak zeintzuk diren 
adierazten dute»

Eragileekin burutu zituzten saio hauetan, desio eta behar ezberdinen arteko elkarbizitza garatzeko irizpideak ere zehaztu ziren. Lurreko marra urdinen izaera ulertu behar da puntu horretatik. Xabier Lertxundik adierazi duenez, «zaila da horiek ulertzea, baina lortzen dena da nolabait puskatzea espaloi-errepide dikotomia. Marrak espaloietaraino dijoaz. Eta gero, Atsegindegitik Urrats dendaraino marraztu dira. Interbentzioa, Txantxangorri parean hasten bada alde batetik, eta Atsegindegirako eskaileretan bestean, lotura ematen zaio guztiari. Kalea errepideak moztu beharrean, errepidea mozten du kaleak. Filosofia aldaketa bat da, eta hirietan askotan egiten den interbentzio mota da».

Eguraldi onarekin, mahaiak asko erabiltzen dira.
 

Marrak egiterakoan, «kale horretan naturalki jendearen pausoak zeintzuk diren adierazten da. Askotan oinezkoentzako pasabiderik ez daukagu, eta horren arabera marraztu dira. Adibidez, Txirrita kaletik Urbietara igotzen diren eskaileretatik, kioskoaren ondotik pasata zuzenean zeharkatzen da Urbieta kalea. Hori da jendeak egiten duen bide naturala, eta marrak irudikatzen duena. Jendearen fluxu naturalak bideratu eta irudikatzen dituzte».

 

«Hasieran inpaktua sortzen du, espero ez dugun zerbait ikusten dugu eta»

Espazio desberdinak ere irudikatzen dituzte gradu desberdinetan. «Honelako interbentzio bat, Portu auzoan ere egin zen. Hasieran, jendeak galdetzen zuen zer zen, eta gerora oso ongi funtzionatu du. Interbentzioa haunditzea eskatu da. Hasieran inpaktua sortzen du, espero ez dugun zerbait ikusten dugu eta». Lertxundik argi utzi nahi du, «asko landutako proiektu bat dela. Jendeak agian pentsa dezake lurrean egin diren lau marra direla, baina ez. Asko landutakoa da».

Beste hiri batzuetan landu da, eta Lertxundik Bartzelonako adibidea jarri du. «Hirigintza taktiko asko egin da bertan. Hernanin arkitektuen lana dago atzetik. Inpaktua sortu duela argi dago, eta funtzionatzen ari dela ere bai. Ireki zen lehenengo egunetik jendea dabil eta erabili egiten da».

Eserlekuek ere inpaktatzen dute. «Pertsonalki, aulkiak asko gustatzen zaizkit. Material aldetik egia da berria dela, baina egokituta daude gurpildun aulkientzat, esaterako. Altuera desberdinak dituzte, adineko pertsonak errazago esertzeko. Ohiko bankuak bajuegiak direla esaten da. Hauetan erraz eseri eta altxa daiteke. Oso ondo pentsatuta dago. Inpaktua sortzen du berritzailea delako».

Aldaketek inpaktua sortzen duten arren, «jakina da kale peatonalek hobeto funtzionatzen dutela merkataritzarentzako, nahiz eta batzuk aurka azaldu diren. «Trafikoarentzako mugatzen duzu, baina oinezkoentzako diren tokietan gehiago fijatzen dira komertzioetan, eta beste balio bat hartzen dute». Oinezkoek lasaitasuna irabazten dutela argi dago. «Joera da trafikoa erdigunetik gero eta gehiago aldentzea».

«Hiru urte dira proiektuarekin lanean hasi ginela, eta bilera partehartzaileak egin dira»

Pandemia aurretik hasi zen lanketa, eta partehartze prozesua ere egin zen. «Hiru urte izango dira proiektuarekin lanean hasi ginela. Bilerak egin ziren, bat baino gehiago, eta jendeak hartu zuen parte». Irisgarritasun planetik abiatu zen dena, non oinezkoek erdiguneko eremuak irabaztea lehenetsi zen.

Taxisten kolektiboak otsailean desadostasuna erakutsi zuen, eta taxi geltokiaren leku aldaketa bertan behera uztea eskatu zuten. «Taxistak afektatutako kolektiboa dira. Lehenesten zuten nahiago zutela zeuden lekuan geratu, baina hori proiektuarekin bateraezina zen. Aldatzeko prest zeuden baldintza igualtsuak zituen geltoki batean  jartzen baziren. Maldan gora ez izatea zen baldintzetako bat, erregaiaren kontsumoa ez igotzeko. Hori bai, Urbietatik gertu izan behar zuen, eta Elkano kalera pasa da geltokia. Alternatiba onena da». 

Urbieta kalea herriko erdigunean kokatuta dago, eta «ardatz garrantzitsua» dela ohartarazi zuen Edurne Izagirrek, aurkezpenean. «herriko egituraren antolamenduari dagokionez, lotzen dituelako herriko bizitzaren erdigune den hirigune historikoa, eta garraio publikoko gune intermodala eta ekipamendu gunea den Atsegindegi». Eta alkateak azpimarratu duen bezala, Atsegindegin eta Txirrita kalean daude, hain zuzen ere, bi autobus zerbitzuren geltoki nagusiak, taxi geralekuak, plaza estalia, kiroldegia eta anbulategia, besteak beste. 

 

«Materialen prezioen igoerak aurrekontua zerbait igo du»

Aurrekontuari dagokionez, 200 mila euro ingurukoa izan da. Hasiera batean 154.069,09 eurokoa zen, baina «obra guztietan gertatzen ari den bezala, materiala prezioz igotzen ari da, eta horrek zerbait igo du. Aurreikusitako aurrekontua baino zerbait gehiago izan da kostua. Egun batean, materiala atzeratu ere egin zen». Interbentzio bigunak kostuak asko jaisten ditu. «Lurra altxa, berdindu eta egokitzea askoz ere garestiagoa da». 

Urbieta kalean egitekoak diren kultur jardueretarako, eskuhartzeak egingo dira, eta argindar-hartuneak ere jarriko dituzte. «Oraingoz ikusi dugun erabilera izan da elkargune bezala, eguraldi ona egiten duen egunetan. Jendea denborapasa joaten da, funtzionatzen ari da, eta kultur ekitaldietarako prestatuta egotearen balio erantsia du. Erabili izan da Urbieta, eta orain baliabide gehiagorekin eta txukunago erabili ahalko da».

Juntura Kooperatibak, eremuaren diseinua egiterako garaian, eguzki eta itzalen ordutegiak, aire korronteak, ibilbide naturalak eta kalean antolatuko diren kultur ekintzak hartu ditu kontuan. «Zer ordutan, nondik sartzen den eguzkia eta hori guztia ere kontuan hartu da. Altzariak nola jarri, horren arabera erabaki da», gehitu du Lertxundik. 

 

Lau eremutan dago bereizita Urbieta kalea

Lau eremutan bereizi dute Urbieta. A eremua da, Biteri eta Elkano kaleen arteko zatia, egonaldira eta elkartzera bideratutako eremua. Horretarako, altzariak eta mahaiak elkarri begira egoteko moduan jarri dira, besteak beste. B eremua Izpizua eta Biteri artekoa da, eta espazio zabal librea da. Altzariak zuhaitz tarteetan kokatu dira, espazio zabalago bat sortzeko. Izan ere, bertan antolatzen dira azokak, kultur ekitaldiak... Urbieta kalea Kaxkoarekin lotzen den eremuari deitu diote D eremua. Oinezko eremuko espazio publiko berria egituratu da, eta lurreko margoketa eta kale-altzariak jarri dira Kaxkora bidean. Azkenik, laugarren eremua da E eremua, Urbieta kalea Atsegindegirekin lotzen duena. Oinezkoek lehentasuna duten espazioa izatea bilatuko da bertan, eta horretarako, zebrabidea haunditu eta errepidearen maila espaloiaren mailara jaitsi da.

Urbieta eremua oinezko bilakatzearen baitan, ibilgailuen igaroa ahalik eta gehien mugatu da, eta ibilgailuak pasa daitezkeen guneetan abiadura murritzena ezarri da: 10 kilometro orduko. «Horretarako jarri dira kale-altzariak. Horrek kotxeen abiadura murrizten du». 

Horrez gain, ibilgailuen sarbideari buruz hainbat datu eman ziren aurkezpenean; hala nola, bizilagunek udaletxean baimena eskatu behar dute autoa bertara sartzeko, zamalanetan dabiltzan ibilgailu baimenduak Urbietara sartzeko aukera dute Biteri kaletik, Urbietako sarbiderako pibote bat dago, eta garbiketako kamioiak eta larrialdi zerbitzukoek, kaleak bere osotasunean ibilgailuarekin zeharkatzeko modua dago, besteak beste. 

Zamalanentzako eremua markatuta dago, eta egunez erabiltzen dute. Aldiz, gauetan, bizilagunentzako aparkalekuak dira. Horrez gain, Biteri kalean, bertakoentzako erreserbatutako aparkalekuak gune urdin bihurtu dira, eta ordu bateko aparkaleku rotazionalak bihurtu dira, merkataritza jarduera sustatzeko asmoz.

Interbentzio bigunak, gainera, lehen aipatu bezala, atzera buelta izan dezake, eta altzariak kendu eta beste interbentzio mota bat egitea ahalbidetuko luke, nahiz eta hortik urruti egon, aurreneko egunetako jarduera ikusita. «Polemikarekin harrituta egon arren, eta ikusita jendea erabiltzen ari dela, aurreneko balantzea ona da. Funtzionatzen ari da lehenengo egunetik. Hasiera batean proiektuak zalantzak sortu zizkion herritar askok ere, erabili ditu dagoeneko eserlekuak eta mahaiak eta kalea».

Esertzerako garaian ere, mugikortasuna bilatu zen. «Altuera desberdinak ditu, modu anitzetan eseri gaitezke, eta talde guztia batzen du. Aukera asko daude esertzeko moduan. Garai bateko aulkien ereduan hori ez da posible, eta lauzpabost pertsona badaude, horietako bik ez dute elkar ikusten, edo zutik jarri behar izaten dute». k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!