Erreportajeak

«Zikuñagako Ama Birjinaren irudia ez da berbera, baina sentimendua betikoa da»

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 9a, 00:00

Gorka Asiain Fernandez artista hernaniarra, Zikuñagako Ama ermita berria atzean duela.

Gorka Asiain Fernandez hernaniarrak egin zuen Zikuñagako Amaren irudia, ermita berrian dagoena. «Oso gustura geratu nintzen egindako lanarekin, eta iruditzen zait jendeak berehala konektatu duela irudiarekin». 2017an bukatu zuen irudia, eta lanaren prozesua kontatu digu.

Ermita bera bezala, berria da Zikuñagako Ama Birjinaren irudia ere, bertan jarri dutena. Eta hernaniarra da egilea, Gorka Asiain Fernandez. Duela bi aste kokatu zuten irudia ermita berrian, prozesioan eraman ondoren, inaugurazio ekitaldian. Eta toki berean jarri dugu hitzordua Gorka Asiainekin, Ama Birjinaren irudiari eta hura egiteko lan prozesuari buruz gehiago jakiteko.

«Inaugurazioaren egunetik, aurreneko aldia da ermitara igo naizena», aitortu digu, ermitako erakusleihoetako batetik barrura begiratu, eta Ama Birjina bere kokalekuan ikusi aurretik.

 

Zikuñagako Ama ermita berrira etorri eta Ama Birjinaren irudia ikustea, berezia izango da...

Bai, bereziki irudia ikusten dudalako berarentzako pentsatu zen testuinguruan. Oso ohituta nengoen irudia ikusten; baina bere lekuan, espazio horrekin eta daukan argitasunarekin... Guzti horrek ematen dio halako ikutu berezi bat, magia berezi bat. Eta horrek egiten du irudia nabarmendu. Ermitari teilatuan egin dioten luzero horrekin, argia goi-goitik iristen zaio Ama Birjinari, eta sekulako distira ematen dio. Oso ederra dagoela iruditzen zait.

Nire lana izan da, Ama Birjina beltz hori, herrian bizirik dirauen belaunaldiak ezagutu duen irudi hori, erreplikatzea. Herriak berriro ikusi dezan, halako Ama Birjina beltz bat ermitan. Ahalik eta ederren egiten saiatu naiz.

 

Ermita zaharra ez zenuen ezagutuko...

Ez, argazkien bitartez ikusi dut nolakoa zen.

 

Eta kontatu dizkizute ermitari eta Ama Birjinaren irudiari buruzko istorioak?

Bitxia da, ermitaren kontua aktibatu zenetik, lehen baino informazio gehiago jaso dudala, hainbat aldetatik. Herrian beti ibili dira zurrumurruak. Baina Jose Luis Aperribai parrokoak dokumentazio gehiago eskuratu du. Adibidez, monumentu nazionala zela ermita zaharra; Ama Birjina desagertu aurretik, Donostiako Gotzaitegiak ermitaren lurrak saldu zizkiola Zikuñagako Papelerari... Kontu horiek ez ziren esaten; jakinak ote ziren ere ez dakit. Baina orain, horiek guztiak jakin dira.

 

Irudiak berak, istorio bitxia dauka atzetik.

Bai, aurrena txuritik beltzera aldatu zutela, eta ondoren desagerpena. Niri Jose Luisek erakutsi zizkidan Ama Birjinaren argazki zahar batzuk, fotokopiatuta eta haundituta. Eta ikusi nituen bi argazki oso oso zaharrak. Konturatu nintzen Ama Birjina zaharrena ez zela beltza. Ermita bera ere ez zen berdina. Bere garaian, fatxada ez beste guztia berritu egin zuten. Ermita originalak, aldare inguruan zeukan egurrezko erretaula barroko bat, beste irudi batzuekin. Eta bizirik dagoen belaunaldiak, aldiz, ezagutu zuen aldare bat lisoa, bakarrik zeukana tokia Ama Birjinaren irudiarentzat, eta aldarea aurrean.

Baina esan bezala, ikusi nuen aurreneko Ama Birjina txuria zela; eta errestauratu ondorengoa, aldiz, beltza. Eta konparatu nituen, eta ikusi nuen ez zirela Ama Birjina berdinak. Jose Luisi esan nion, eta galdetu nion bietatik zein nahi zuen egitea. Beltza egiteko esan zidan, hori delako bizirik dauden belaunaldiek ezagutu dutena betidanik.

 

Aipatu duzu Ama Birjina txuria eta beltza ez zirela irudi berbera. Zertan nabaritu zenuen?

Ez da kolorea bakarrik, noski. Ama Birjina txuriari, argazkietan, nabaritzen zaio zela oso irudi zaharra, seguruenik egurrezkoa, eta koloreekin pintatua. Eta aldiz, Ama Birjina beltza, esango nuke zela brontzezkoa edo metalezkoa. Pentsatzen dut brontzezkoa izango zela, hori zelako ohikoena. Baina badaude beste xehetasun batzuk, irudi anplifikatutetan oso ondo ikusten direnak. Adibidez, Ama Birijina txuriak, zeukan eskuineko eskua posizio jakin batean, bertikalean. Eta hori izaten da, fruitu txiki bat daramalako eskuan. Gero, egin zizkioten zilarrezko gehigarriak, makila jarri zioten eskuan... Baina hasieran, ziur nago fruitu txiki bat zeukala eskuan. Errestauratzera eraman ondoren itzuli zen irudiak, aldiz, ez zeukan eskuineko eskua bertikalean, horizontalean baizik, gorantza zabalduta. Eta ez zeukan fruitu txiki bat eskuan, fruitu haundi bat baizik; nabarmen haundia, gainera. Xehetasun horiengatik, badakit irudia ez zela berdina. 

 

«Nire lana izan da, Zikuñagako Ama beltz hori, herrian bizirik dirauen belaunaldiak ezagutu duen irudia, erreplikatzea. Ahalik eta ederren egiten saiatu naiz»

 

Eztabaida izan da horrekin; batzuek zioten irudi berbera zela baina kolorez aldatuta, eta besteek ez zela irudi berbera. Ni nahiko ziur nago irudi desberdina zela. Auskalo zer gertatu zen. Ez dakit zer egingo zuten irudi zaharrarekin. Pentsatu nahi dut nahastuta aldatu zigutela irudia. Izan ere, oso berdintsuak ziren bi irudiak, baina ez ziren berdinak.

Gorka Asiain, Zikuñagako Ama ermita berrian, 'AGUR' hitzak utzitako zulotxoetatik barrura begira, Ama Birjina ikusteko.

 

Ama Birjina desagertu zenean egin zena ere, beltza da.

Bai, errestauratu ondoren beltza bueltatu zenetik, beti beltza izan da irudia. Desagertu ondoren egin zutena, eta orain San Joan Bataiatzailea parrokian dagoena, beste erreferentzia batzuekin ere egin zuten. Ermitako serora bizi zen oraindik, irudia zaintzeaz arduratzen zena; eta berak emandako xehetasunekin egin zen erreplika. Irudi hori ez da inoiz atera Parrokiatik. Aurrekoa desagertu zenean, jarri zen irudi bat ermitan, baina irudirik ez zen izan, ermita bota zuten arte. Gerora egin zen erreplika, eta Parrokian jarri zuten, txoko batean ikusgai; kanpandorre azpian zegoen kapera txiki batean, bataiatoki zahar bat dagoen tokian. Orain beste salbatzaile baten irudia dago hor. Ondoren, Parrokian kapera egin zitzaionean Zikuñagako Amari, bertan jarri zen irudia, eta bertan dago orain.

 

Nolatan egin duzu zuk, irudi berria?

Urte batzuk pasa dira dagoeneko. 2016an hasi nintzen irudia egiten, otsaila aldera. Goiz batean, Jose Luisek deitu zidan, Donostiara joatekoa zela, monja komunitate batera, biok ezagutzen genuen monja bat bisitatzera. Eta galdetu zidan, ea animatzen nintzen joatera. Kotxean hartu ninduen, eta bidean, hasi zitzaidan ermitaz eta Ama Birjinaren irudiaz hizketan. Nik arte ederretako ikasketak dauzkat eginda. Eta galdetu zidan, Ama Birjinaren kopia bat nola lortu zitekeen; ea egin zitekeen igeltsozko molde batekin. Garai hartan, Londresen egon berria nintzen, eta Victoria and Albert museoa bisitatu nuen. Bertan, obra guztiak dira kopia literalak. Adibidez, Miguel Angelen 'David' obraren kopia dago, berdin-berdina. 19garren mendean, bazegoen jende oso aditua, horrelako monumentuak kopiatzen zituena. Zatika, egiten zuten eskultura igeltsoz inguratu, moldea lortzeko, eta molde horrekin kopia zehatza egiteko. Pentsa 'David' obrak daukala ia bost metroko altuera... Egiten zituzten sekulako lanak. Horrek guztiak bere artea dauka. Ez duzu kopia osoa aldi berean egiten; puskaka egiten duzu, eta gero piezak elkartu, igeltsoarekin, barrutik metalezko estruktura bat jarrita... Nik han ikusi nituen irudiak, ziren benetakoak ikusiko banitu bezala. Sekulako lana eta sekulako ofizioa da. Eta guk hori bera egitea Zikuñagako Ama Birjinarekin, iruditzen zitzaidan ezinezkoa. Jose Luisi esan nion, zuzenean kopiatzea zela aukera bat, eta ni gai nintzela buztinarekin egiteko. Orduan, hordagoa bota zidan, nigan konfiantza jarri zuen, eta horrela hasi nintzen. 

Zikuñagako Amaren irudia, Gorka Asiainek berak egindakoa.

 

Nolakoa izan da prozesua?

Buztin gorriarekin egin nuen, eskolan erabiltzen genuen horrexekin. Lortu nuen buztina, egin zidaten Sakristiako giltzaren kopia, nahi nuenean sartu eta ateratzeko; eta hantxe hasi nintzen, Sakristiako mahaiaren gainean. Jarri nuen egina zegoen erreplika alde batean, eta nirea egiten hasi nintzen beste aldean. Nahi nuenean igotzen nintzen bertara, inoren baimenik gabe, eta hantxe egiten nuen lan.

 

«Inaugurazio ekitaldian, Ama Birjina bere tokian jarri ondoren, sentitu nuen hura askatzen nuela, nolabait. Herriaren esku utzi nuen, eta ilusioa egin zidan»

 

Aurrena, irudia buztin gorrian modelatu nuen. Hori lehortzen utzi behar da, eta ondoren, sartu behar da 1000 gradutara, labe batean. Biteriko tailerretan egin nuen hori. Zeramikako tailerra oso ona daukate, eta irakaslea ere aparta, Gema Duran. Behin etorri zitzaidan irudia ikustera, oraindik frexko zegoenean. Pare bat gomendio eman zizkidan, horiei kasu egin nien, eta irudia asko hobetu zuten. Irudi hori lehortzen utzi nuen, eta momentua iritsi zenean, labean sartu genuen. Ateratzean, berriro eraman nuen Sakristiara. Ondoren, buztinaren poroa itxi nuen, disoluzio bat eginda urarekin, kolarekin eta beste hainbat elementurekin. Gero, urrea itsatsi nion gainetik. Laka berezi bat eman nion, urrea babesteko eta finkatzeko. Eta azkenik, judeako betuna. Hori erabiltzen da altzariei edo irudiei zahar itxura emateko. Marroi iluna da, oso koipetsua. Horrekin, urrea ilundu egin nuen. Ez da urre kolorekoa ikusten irudia, ilunduta baizik. Eta aurpegia eta eskuak ere, betunarekin ilundu nizkion. Bukaeran, berniza eman nion, geruza distiratsu bat izateko eta irudi osoa babesteko.

 

Berdintsuak dira bi erreplikak, edo badauzkate desberdintasunak?

Nire irizpide pertsonalak sartu ditut. Ikusita aurrenekoa txuria zela, bigarrena beltza, eta hirugarrena ere ez zela desagertu zenaren berdin-berdina... Ezinezkoa zen nik ere berdina egitea. Zerbaitetan, denak dira ezberdinak. Eta hori jakinda, nire filosofia izan zen irudia ahalik eta zehatzena kopiatzea, baina inolako estresik gabe. Ez bazitzaidan Ama Birjinaren gonaren tolestura bat zehazki berdina ateratzen, ez zen munduaren akabera izango. Oso desberdintasun txikiak dira, bi irudiek dauzkatenak. Baina nireak desberdintasunak dauzka bestearekiko, horrek desagertu zenarekiko zeuzkan bezala. Baina denak dira oso antzekoak, aldi berean. Aurpegia ere, desberdina zeukaten beste erreplikak eta desagertu zenak; eta nirea ere ezberdina atera da. Aurpegia egiteko momentua iritsi zenean, erabaki nuen ia pentsatu gabe egitea. Eta oso gustura geratu naiz. Antzekoa da, apenas aldatu dut, eta nire gusturako oso ederra geratu zait aurpegia.

 

'Bukatuta dago' esatea kosta zitzaizun?

Honekin ez zait gertatu. Beste lan batzuekin gertatu izan zait, beti ikusten niola xehetasunen bat egin beharrekoa. Koadroren bat pintatzen dudanean, adibidez, gertatzen zait hori. Are gehiago, berniza eman eta urtebetera, ikusi eta pentsatzen duzu: 'kontxo, pintzelada batzuk eman behar nizkion hemen'. Baina kasu honetan ez zait gertatu, esan dudanagatik. Banekien ez zela berdin-berdina izango, eta lasaitasun horrekin egin nuen lan. Presio hori izan gabe, oso gustura geratu naiz egindakoarekin. Garbi neuzkan prozesuan eman beharreko pausoak, eta horiek bete nituenean, ikusi nuen emaitzarekin oso gustura nengoela, eta parrokoa ere bai; hori oso garrantzitsua da (barrez). Beraz, kitto, denak pozik. Bukatuta zegoen.

 

Lan haundia izango zen. Zenbat denbora behar izan zenuen egiteko?

Zorte ona izan nuen, irudia modelatzeko garaian, lanik gabe nengoelako. Hori da lanik neketsuena, eta horretarako denbora asko izateak lagundu zidan. 2016ko otsailetik maiatzera aritu nintzen irudia modelatzen, gutxi gorabehera. Gero, udaran egon zen Biterin, lehortzen. Eta ondoren, kurtso hasieran, labera sartu genuen, egostera. Udararen ondoren, lanean hasi nintzen, eta horregatik moteldu zitzaidan irudiari urrea jartzeko prozesua. Ez neukan denbora gehiegi Ama Birjinaren irudiarekin jarraitzeko. 2017aren hasieran bukatu nuen Ama Birjinaren irudia egiten; guztira, urtebete inguru.

 

Non egon da ordutik?

Sakristian. Beraz, bertara joaten zenak ikusi egiten zuen, ez zegoen ezkutatuta, hasieran behintzat. Gero bai. Izan ere, 2020ko abenduan, Jose Luisek deitu zidan, esanez koroaren punta bat hautsita agertu zela. Esan nion pasako nintzela konpontzera aukera nuenean, lanpetuta nenbilelako. Eta hortik gutxira, beste punta bat azaldu zen hautsita. Kaltea ez zen oso haundia, baina konpondu ondoren, erabaki genuen irudia giltzapean gordetzea Sakristian bertan. Hor egon da 2021eko urtarriletik hona.

 

Artea duzu lanbide?

Bai, ofizio eta afizio. Txikitatik egiten dudan zerbait da. Hainbat eremu eta material landu ditut, bereziki marrazketa eta pintura. Arte ederretako lizentziatura egin nuen, eta bertan, nahi edo ez, gehiago lantzen duzu esparru hori. Baina urte horietan, ezberdinagoak diren gauza batzuk ere egin nituen; harria tailatu, adibidez. Zeramika, aldiz, Biteriko tailerretan egin nuen, ez arte ederretan. Eta oso pozik nago horrekin, oso ondo ematen dituztelako ikastaroak Biterin. Horrek asko balio izan zidan, irudia modelatzeko garaian. Esperientzia hura neukan, eta horregatik nengoen horren ziur, Ama Birjinaren kopia bat egin nezakeela.

 

Hunkigarria izango zen, zuk egindako irudia prozesioan eramaten zutela eta ermita berrian bere tokian jartzen zutela ikustea, ezta?

Niretzako unerik hunkigarriena izan zen, aldapa igo eta ikusi nuenean irudia aparkalekuan jarrita. Gero, irudiaren inguruan denbora pixka bat eman nuenean, ohitu egingo nintzen nolabait, eta ez zitzaidan hain emozionantea egin prozesioa. Baina aldapa igo eta irudia ikusteak bai, sekulako poza eman zidan.

Inaugurazio ekitaldian, Ama Birjina bere tokian jarri ondoren, sentitu nuen Ama Birjina askatzen nuela, nolabait. Hortik aurrera ez zen nirea, herriaren esku uzten nuen. Ilusioa egin zidan horrek ere. Eta egin dioten txokoarekin oso pozik nago: espazioa, argitasuna... Asko luzitzen du irudiak. Gainera, iruditzen zait jendeak berehala konektatu duela irudiarekin, eta hori zen helburua, sentimendu hori piztea. Ez da betiko irudi berbera, baina sentimendua betikoa da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!