Erreportajeak

«Amatasun, aitatasun eta hazkuntzaren arloan, bidelagun izan nahi dugu»

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 2a, 00:00

Haizea Calvo eta Olga Herrera, Haziak elkarte berriko kideak dira. Elkartearen bidez, gizartean dauden hainbat tabu hautsi nahi dituzte. Argazkia: Haziak elkartea

Haizea Calvo, Haziak elkarteko kideak, elkartean egiten duten «lan haundia» azaldu digu. Horrez gain, apirilerako elkarteak antolatu dituen hainbat ekitaldi eta tailerren berri eman dio Kronikari.

Nolatan bururatu zitzaizuen elkartea sortzea?

Bai Olgak izandako esperientzia pertsonalarengatik, bere haurrarekin eta bai nik, haurdunekin lan egiten dudalako, beharra ikusten genuen amatasuna eta aitatasunaren inguruan dagoen guztiaz hitz egiteko txokoa sortzeko. Oro har, erditu eta gero, gauza asko aldatzen dira, ez dago informazio askorik, inork ez dizu prestatzen horretarako. 

Informazio falta haundia ikusi dugu, eta jendeak sostengua behar zuen. Ideia ona iruditu zitzaigun, izan ere, beti Donostiara joan behar izaten delako horrelako gaiak lantzen dituen guneetara. Gainera, umea duzunean, haraino joan behar izatea haurraren aulkiarekin, ez da erosoa. 

Azkenean, dagoen gauza bakarra da erditzearen prestaketa eta asko jota, edoskitzearen inguruko kurtsoak. Baina oso galduta sentitzen dira emakumeak. Haur bat duzu besoetan, eta orain zer? Behar hori ikusten genuen. Orain dela pare bat hilabete sortu da Haziak elkartea. Ideia aspalditik genuen biek, eta urtarrilean ekin genion bideari.

 

Nortzuk osatzen duzue elkartea?

Momentuz, Olgak eta nik osatzen dugu elkartea. Baina, kolaboratzaileak ere baditugu: emaginak, fisioak, aholkulariak, abokatuak... Haien kontaktua gure ezagunen bitartez lortu dugu, edo bestela, informazioa ikusi dugulako nonbait. Adibidez, nire ikasle baten koinata emagina da, eta berari esker jarri ginen beste emagin batekin kontaktuan.

Olgak haurrentzako keinuak egiten ditu eta nik, aldiz, yoga eta erditzearen ondorengo informazioa ematen dut. Batez ere, informazioa ematen laguntza da oinarrizkoena, beti ere, jakinda iturriak profesionalak direla. Ez dugu edozein ekarriko. Adibidez, Olgak sentitu zuen haurra izan zuenean, ez zuela informazio nahikoa, eta oso galduta sentitu zen. 

Jende askok pasatzen du denbora interneten informazio bila, eta zenek esaten dizu aurkitutako kurtsoak onak direla? Agian, metodologia ez zaizu gustatzen eta, gainera, diru asko ordaindu behar izaten duzu. Horregatik, profesional onak direnak ekarri nahi ditugu, behar den laguntza emateko. Guk beraien sostengu eta konpainia izan nahi dugu, hau da, jakitea hor gaudela behar dutenerako: informazioa eskatzeko, elkartzeko, eta abar.

 

Zein da zuen helburu nagusia?

Amatasun, aitatasun eta hazkuntzaren inguruan bidelagun izatea, eta azken finean, behar dutenerako hor gaudela jakitea. Zerbait konkretua eskatzen badigute, gu prest gaude informazioa bilatzeko. Esate baterako, edoskitzearekin arazoak dituen norbait gurekin kontaktuan jarriko balitz, guk profesional bat bilatu eta berarekin kontaktuan jarriko genuke. 

Hainbat ekitaldi ere antolatu dituzue.

Bai, hilabete honetan hurrengo jarduerak landuko ditugu: keinuen tailertxoa, eskaera haundiko haurrak, hau da, behar gehiago dauzkaten haurren inguruko solasaldia, haurra hilda erditzen deneko doluaren inguruko hitzaldia, eta abar. Azken hau tabua da, eta Esku hutsik elkarteak hartuko du parte, bereziki, bertan lan egiten duen psikologoak. Gehienbat, haurdunaldia baino lehenago eta ondorengo zenbait gai landu nahi ditugu: haurdun geratzeko arazoak, erditzea, dolua, eskaera haundiko haurrak... 

Hilabetero beti ditugu, gutxienez, hiruzpalau ekintza. Sormenarekin jolasteko ekintzak ere badaude, eta intentzioa daukagu musikarekin tailer bat sortzeko. Azken finean, 0-3 urte bitarteko haurrentzat ez dago ezer. Parkeak  oso txikiak dira haurrekin joateko eta etxean egoteko egun guztian ere gaizki, jolastu eta mugitzeko beharra dutelako haurrek. Horretarako, haurrentzat kontzertu edo instrumentuak esperimentatzeko tailerra antolatzea pentsatzen ari gara.

 

Ekitaldiak eta tailerrak dohainik izaten dira?

Tamalez, ekitaldi guztiak egin nahi genituen dohainik, baina oraindik ez dugu diru laguntzarik eskatu, urte bukaeran ematen dituztelako. Hala ere, saiatzen gara ahalik eta gutxien kobratzen edo, posible bada, dohainik izaten. Solasaldiak beti izaten dira dohainik, baina tailer batzuk kobratu egiten ditugu. Hala ere, eskatu dugun preziorik altuena, 30 euro izan da. 

Gure intentzioa da aurrerago dena dohainik egitea. Gainera, bertaratzen den jendeak ez du ezer berezirik ekarri behar saioetara. Adibidez, P.kita studioarekin kolaboratzen dugu, eta berak uzten digu lokala eta behar den material guztia. 

Gure beste intentzio bat beste proiektu batzuk integratzea da, denentzako ez baita erraza proiektu bat aurrera eramatea, eta elkarri laguntzen badiogu, errazago egiten da bidea. Horrela, posible badugu, saiatuko gara kolaborazio horiek sortzen eta jendearen proiektu desberdinak ezagutzera ematen. 

 

Non egiten dituzue ekintza horiek?

Elkarteak ez du leku finkorik. Saiatzen gara kolaboratzen dugun pertsonen lokalak erabiltzen: Biteri Kultur Etxea, Sananda Yoga Zentroa, P.kita Studioa, Haurreskola, Ainara Dantza Eskola... Momentuz, ez dugu behar, eta ez dugunez ezer irabazten hemendik, ez dago gure planetan. Irabazitakoa beste ekintzetan inbertitzeko erabiltzen da. Gainera, diru asko behar da lokal bat hartzeko, hortaz, momentuz horrela moldatuko gara.

 

Zein onura dakartza yogak haurdunaldian? 

Haurdunaldia modu integratuago batean bizitzen da yogari esker. Azkenean, haurdun zaudenean, zure gorputzak aldaketa haundiak pairatzen ditu, eta horiek integratu eta onartu behar dira. Badago jendea aldaketa horiek ez dituenak onartzen, eta Yogaren bidez saiatzen gara konexioa lortzen umearekiko eta prozesu guztietan laguntzen, ahalik eta lasaien hartzeko. 

Azkenean, hormonak asko mugitzen dira, eta garrantzitsua da zu zeure zentroan egotea. Gainera, gorputzaren aldetik asko eskertzen dute. Orain arte, denek oso ondo pasa dute, gorputzeko arazorik ez dute eduki. Asko nabaritzen dute. Ikasleek esaten didate yogara ez badatoz nabaritzen dutela, eta minekin hasten direla.

Familiekin praktikatzeak, momentu bat ematen du zure seme-alabekin egoteko, jolasteko eta lasaitzeko. Askotan, ez da umea ez dela lasaia, baizik eta lasaitzen ikasi behar dutela. Bestela ere, gatazkak nola kudeatu daitezkeen ere ikasten da.

 

Ekitaldi guztietatik, zein izan da zuretzat bereziena?

Ezingo nuke bat aukeratu. Baina, erditzearen gaia asko gustatzen zait, eta ahal izango banu, emagina izango nintzateke. Orain, pixka bat berandutu zait, baina emagin batekin egin genuen hitzaldia oso berezia eta polita izan zen. Batez ere, erditzearen inguruko informazioa goxotasunez azaltzen zuelako. Egiten ditugun ekitaldi guztiek dute bere xarma, baina bat aukeratzeagatik, horixe izango litzateke.

 

Zergatik da garrantzitsua amatasun eta aitatasun eskubideen berri izatea?

Askotan ez dakigulako gaiaz. Esate baterako, erditzearen solasaldian, horretaz ohartu ginen. Gauza asko ez dakizkigu eta sinpleak dira. Informatzea oso garrantzitsua da, jakiteko nora jo, zer egin eta zer eskatu dezakezun, zure eskubide bat delako. 

Askotan, jendeak baldin badaki ez dakizula gaiaz eta libratu daitezkeela baja bat emateaz, libratzen saiatzen dira. Zure lanbidearen arabera, agian baja ematen dizute bukaeran, baina eskatzen baduzu murrizten dizute eta lehenago ematen dizute. Oso erraza da, eta ez dakigu.

 

Erditzearen inguruan hainbat mito daude.

Bi mito daude. Batzuek esaten dizute, dena oso erraza izango dela eta ez duzula minik edukiko; eta besteek, berriz, oso gaizki eta min haundia egiten duela. Dena ez da egia, bakoitzak esperientzia bat bizitzen du, eta zurea ez da besteen berdina izango. Baina egia da, gauzak asko aldatu direla. Duela 50 edo 20 urte, gauzak oso desberdinak ziren. 

Orain, zure musika eraman dezakezu dilatazio garairako, gezurretako kandelak, zuk nahi duzun arropa, pilates egiteko erabiltzen diren baloiak, eta abar. Nahi duzuna eraman dezakezu, zure txokoa sortu dezazun. Beste aldaketetako bat da erditzerakoan ispilu bat eska dezakezula, edota beti kontsultatu  behar dizutela egin behar dizuten guztia. Hori guztia ez dakigu, eta oso garrantzitsua iruditzen zait. Lehen, adibidez, aipatzen zizuten epidurala jarrizgero ez duzula ezer sentituko. Hori orain ez da egia, badago epidural mota bat jarrita ibili zaitezkeena. Asko aldatu dira gauzak.

 

Garrantzitsua da amatasun eta aitatasunaren inguruko informazioa lantzea?

Bai. Ez dago informaziorik, zuk bilatu behar duzu. Beti daude denak zure ondoan beraien iritzia emanez, baina hori haien esperientzia da. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zait profesional baten informazioa edukitzea eta gero, erabakitzea zer egin nahi den. Guk ez zaitugu epaituko, guk informazio asko eskaintzen dizugu eta zuk erabakitzen duzu, egin nahi duzuna. 

Garrantzitsuena da amatasun, aitatasun eta hazkuntzan, ez epaitzea. Gero zuri tokatzen zaizunean, konturatzen zara agian, kontraesanetan erortzen zarela. Gauzak asko aldatu dira, haurrak ere oso sentikor datoz eta jakin behar dugu haiei, gure buruari eta bikoteari nola lagundu. Askotan, bikotea ahaztu egiten dugu. Izaten da: haurra, ama eta gero, hirugarren plano batean geratzen da bikotea. 

 

Uste duzu gizartean tabu moduan lantzen direla amatasunaren arloko gaiak?

Ez dakit tabua den ala zer. Egia da, orain arte ez dela landu, eta ez dut ulertzen zergatik. Gauza batzuk badira tabua: dolua, bakardadea, eta abar. Baina, ez dut ikusten tabu bezala. Gauza da jendeak ez duela gai horien inguruan hitz egiten. Horrek ere bere ondorioak ditu; esate baterako, ikusi ditudan emakume haurdun gehienek arazoak izaten dituzte: lo ez egitea, bikotearekin arazoak, ez dutela jaten, bakardade haundia erditu ostean...  

Askok sentitzen dute bakardadea, eta garrantzitsua da hor kontuan izatea. Duela gutxi, neska batek idatzi zidan bakardadearen inguruan ikertzen ari zela eta konturatu zela, emakume askok pairatzen duten gauza bat dela. Eta gainera, idatzi bat egin nahi zuela aipatu zidan, ikusgarritasuna emateko tabua den gai honi. 

Kontuan izan behar da erditzearen ostean gauza asko gertatzen direla, eta tamalez, gizarteak tabu moduan ikusten dituela. Prozesu askori buruz ez da hitz egiten, emakumeek pentsatzen dutelako horregatik ahulagoak direla, baina ez dira konturatzen beraiei gertatutakoa beste zenbaiti ere gertatzen zaiela. Horregatik ez dira ahulak, ezjakintasuna da arazoa. Horrexegatik, taldeak sortu nahi ditugu, ikus dezaten denak antzeko daudela eta gu prozesu horretan laguntzeko gaudela: entzuteko, laguntzeko... entzutea oso garrantzitsua da, eta aldi berean, oso polita.    

 

Gehiago lantzen dira, amatasunaren eta haurraren inguruko gaiak?

Bai, azken urtean batez ere, informazio mordoa sortzen ari da. Hala ere, horrek ere bere arriskua du. Edozeinek informazioa eman dezake, adibidez, Instagram-en, eta badago jendea gauza asko esaten dituena, zer esaten ari den jakin gabe. Hori da arrisku haundiena. Gainera, pertsona hauek jarraitzaile kopuru haundia dute. Hortaz, kontuz ibili behar da. Baina, bai, indar haundia ari da hartzen, eta uste dut, lantzeko beharra nabari delako gertatzen ari dela. 

 

Etorkizunerako asmorik baduzue?

Guk proiektu honekin jarraitzeko intentzioa daukagu. Gainera, diru laguntzak eskatu eta lortzen baditugu,  gauza gehiago egiteko asmoa dugu. Lortu nahi da Hernaniko edo inguruko erreferentzia puntu bat bilakatzea, non aitatasun, amatasun eta hazkuntza arloak lantzen diren. Funtsean, intentzioa edo nahia dutenek, jakitea non informatu  eta nora jo, guk lagundu ahal izateko.

 

Sare sozialetan ere bazaudete, ezta?

Elkartearen Instagram-ean (@haziak_elkartea), jardueren inguruko informazioa zabaltzen dugu gehienbat. Horrez gain, hainbat zuzeneko ere eskaintzen ditugu bertan, tailerrak eskainiko dituenarenak, horren inguruko nondik norakoak azaltzeko. 

Azkenean, testu bat jartzen baduzu, ez da inora iristen. Baina, aldiz, pertsona ikusten baduzu, ikus dezakezu horrek zer transmititzen dizun, eta joango zinakeen ala ez. Gainera, sare sozialen bidez gure elkartearen berri eman dezakegu Hernanitik kanpo ere, eta besteei ere, gure laguntza eskaini. 

 

Nolako erantzuna ari zarete jasotzen?

Oso ona, oso pozik gaude erantzunarekin. Jende askok esaten digu honen beharra dagoela. Gainera, gero eta gehiago konturatzen gara erditzearen inguruko zenbait gauzaz ez dela egunerokotasunean hitz egiten, eta zenbaterainoko garrantzia duen horrek. 

Ikustea, emakumeen artean, batak besteari nola kontatzen dion ama izatearen esperientzia oso polita da, eta gauza berri asko ikasten dira. Pozik gaude, batez ere, jendeak proiektu polita dela esaten digulako, eta jarraitzeko indarra ematen digute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!