Elkartasun borobila festa antolatu zuten urtarrilean, eta oraingo honetan, martxoari amaiera emateko, Elkartasun pelota jaialdia antolatu dute, ELA gaixotasuna daukan Luis Montero Martinez Pitu bizilagunari laguntza ekonomikoa emateko helburuarekin. Iritxi da jaialdirako zita, eta gaur arratsaldeko 17:30etan hasiko dira partiduak. Hasteko, emakumeen pala partiduarekin girotuko da jaialdia. Irazustabarrenak eta Arrietak indarrak neurtuko dituzte Galdos eta Huiziren aurka, paleta larruz. Eta ondoren, gizonezkoen txanda izango da, eskuz: aurrez aurre izango dira Bengoetxea VIa eta Goñi II profesional ohiak, eta Ojuel eta Lizeaga hernaniarrak.
Sarrerak martxoaren lehendabiziko astean agortu ziren eta frontoia gaur, 16:00etan, irekiko da eta ordurako tabernako barra ere zabalik izango da.
«Jendearen babesa ezinbestekoa da»
Pitu auzokideari babesa eskaintzeko ekimena izango da gaurkoa. Pituren bizipoza lagun artean egotea da eta horrek indarra ematen dio aurrera egiteko. «Moralki, laguntza haundia da. Gaixotasun honek gastu ikaragarriak ditu. Laguntzaileak uneoro eta aparatuak behar ditut. Aldundiaren dirulaguntza badaukat eta eskertzekoa da. Jendearen babesa ezinbestekoa da eta eskerrak ematen ditut».
«Mailarik altuena orain gutxi utzita, Bengoetxea aurkari gogorra izango da»Paul Ojuel eta Markel Lizeaga izango dira Mikel Goñi eta Oinatz Bengoetxearen aurkariak. Ojuel, lana ematen saiatuko da.Paul Ojuel eta Markel Lizeaga hernaniarrak izango dira Oinatz Bengoetxea eta Mikel Goñiren aurkariak. Goñiren hitzak baieztatzen ditu Ojuelek. «Orain urte asko jokatu genuela elkarren aurka. Hamar urte bai, gutxienez, 20 urte inguru izango nituen. Partidu hura izan zen bakarra. Oinatzen aurka ez dut jokatu». Hala ere, eskarmentu haundia du goi mailan aritu diren profesionalen aurka. «Xala eta Titin bezalako pelotarien kontra aritu naiz, baina oraingo aurkaria izango da zailena. Bengoetxeak utzi berri du goi maila, eta sasoian dago oraindik. Gogorra izango da. Orain oso ongi dabil. Hala ere, estutzen saiatuko naiz. Dena emango dut kantxan». Goñik arriskua aurrean izango dutela dio. «Hil ala bizi atera beharko dugu kantxara. Besterik gabe, ahalik eta ikuskizun onena ematen saiatuko gara pelotariak. Bi hilabete izango dira partidua antolatu zela eta garrantzitsua jendea gustura geratzea izango da».
«Jendeak erantzun du; orain, guk eskaini behar dugu partidu polita» Lehiaketaren erritmoa ez da onena, aspaldian partidu askorik ez baitute jokatu Ojuelek eta Lizeagak. «Gutxi ari gara jokatzen. Txapelketa gehienak 23 urtez azpikoak dira. Adinean aurrera goaz, eta bizitzaren legea da. Partidu gehienak denboraldiko sasoi honetatik aurrera etorriko dira. Udaran, txapelketako partiduak jokatuko ditut eta, festetakoak, gutxi». Gaurkoa partidu erakargarria izango dela dio Ojuelek. «Frontoia beteta egongo da. Eserita, 500 pertsona sartuko dira eta beste 200 zutik. Atanon, Herriartekoan, jende gehiagorekin jokatuko nuen, baina gaur egongo den giro eta betekada ikustekoa izango da. Jendeak erantzun du eta, orain, guk eskaini behar dugu partidu polita». |
«Hernaniko jendea gustuko dut eta beti ongi ibili naiz bertan. Bertan jokatzeko arrazoia zein den jakinda erraza izan zen ni konbentzitzea»Mikel Goñi berriro ere frontoian pelotan jokatzen ikusteko aukera polita izango da gaurkoa. «Amurrion, orain dela 20 egun jokatu nuen bost urte eta gero, eta lehendabiziko hamar minutuetan urduri xamar nengoen, inoiz ez zitzaidan gertatu».Mikel Goñi izango da Oinatz Bengoetxearen bikote, gaurko Elkartasun partiduan. Oronoz Mugaireko pelotaria beti dago prest elkartasun jaialdietan parte hartzeko, eta, honek, bide batez berriz pelotaria sentitzeko aukera paregabea eskaintzen dio. «Orain dela 20 egun Amurrion jokatu nuen partidu bat, hiru afizionaturekin, eta erronka bezala gustura aritu nintzen. Eskuak oraindik ere bigunak ditut, baina, pixkana-pixkana, uste dut jarriko naizela. Bost urte egon naiz pelota ukitu gabe». Hernaniko partidua berezia izango da Goñirentzat. «Inguruko jende asko egongo da. Hernaniko jendea gustuko dut, beti ongi ibili naiz. Oier Mendizabal eta Oinatzek parte hartzeko deitu zidaten eta, arrazoia ikusirik, konbentzitzea erraza izan zen. Azalduko gara». Eskuak egokituago eta babes gehiago jarrita, kantxara dena ematera irtengo da. «Moldatuko naiz. Amurrion, lehendabiziko hamar minutuetan, urduri xamar sentitu nintzen. Nire bizitza osoan ez nintzen urduri jarri, eta berriz garai bateko sentsazioak izatea polita izan zen. Behin jokatzen hasi eta berotuta, pelotariaren sugar hori irteten da. Jendea gustura geratu zen. Ea Hernanin ere jendeak gozatzen duen, batez ere laguntzen dugun elkartasuna adieraziz eta dirua lortuz. Egun polita izatea espero dut».
«Oinatzekin, beti harreman oso ona izan dut. Jokatu nuen azken lau t'erdian berak kanporatu ninduen» Oinatzekin jokatuko du Mikel Goñik eta biak profesional zirenean ere elkarren aurka jokatu zuten. Oraingo honetan, elkarrekin ariko dira. «Binaka, aurkariak izan ginen eta lau t'erdian, nire azken txapelketan, Eibarren, berak kanporatu ninduen, 22-12 edo 22-10 irabazita. Beti harreman oso ona izan dut berarekin. Oso jatorra da eta etxekoa dela esan daiteke. Berak animatu zidan partidu hau jokatzera eta konponduko ginela esan zidan. Horren ondoren, partidu gehiago jokatzera deitu didate eta baditut mordoxka bat agendan». Biak aurrelari izanda, oraingo honetan, Mikelek atzelari ari beharko du. «Oinatz Baikotik irten berri da eta oraindik sasoian dago. Joko haundiarekin dago. Lagundu egiten du bere atzelaria eta espero du gaur ere horrela izatea». Ojuel eta Lizeaga izango dituzte aurkari, eta Mikel Goñik gogoan dauka aurretik ere jokatu duela Ojuelen aurka. «Nik uste orain dela urte batzuk, presoak bisitatzeko furgoneta bat erosteko jaialdi batean, jokatu genuela bera gaztea zenean. Aurrelari arriskutsua dela esan didate». Hala ere, Goñik azpimarratu du gaur jokoan dagoena laguntza dela. «Horrelako gauzetan laguntzerik badugu, zergatik ez dugu lagunduko? Horixe da beharrezkoa eta egin beharrekoa, behar duenari lagundu». |