Erreportajeak

«Auzotar batzuek, ikusi arte, ez dute sinetsiko Zikuñagako Ama ermita berreraikita dagoenik»

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 26a, 00:00

«Auzotar batzuek, ikusi arte, ez dute sinetsiko Zikuñagako Ama ermita berreraikita dagoenik»

Aspaldiko egunik bereziena izango da gaurkoa, Zikuñagako auzotarrentzat, eta baita beste hernaniar askorentzat ere. Gaur inauguratuko dute Zikuñagako Ama ermita, 35 urteren ondoren berreraiki dutena, auzoaren goiko aldean, Orkolaga baserriaren ondoan. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da inaugurazio ekitaldia, ermitatik gertu egin duten aparkalekuan. Bertatik, prozesioan eramango dute Zikuñagako Ama Birjinaren irudia ermitara, Hernaniko Musika Bandak lagunduta.

Behin ermitan, eukaristia egingo dute, Donostiako bikario nagusia buru dela, eta hainbat eskaintza egingo dizkiote Zikuñagako Amari. Loreak eskainiko dizkiote Zikuñagako Auzo Elkarteak eta Zikuñagako Ama zikloturista taldeak; eta kantatu egingo diote Goiz Eguzki, Ozenki eta Umore Ona abesbatzek: Zikuñagaren ereserkia, Aita gurea, Arrenka eta Jaunartzea. 

Ondoren, ermita bera eta Zikuñagako Amaren irudia bedeinkatuko dute, eta hots eta doinuek izango dute segida: Agur Jaunak kantatuko dute abesbatzek, Musika Bandaren laguntzaz; eta Zikuñagako Auzo Elkartearen danbor hotsek egingo dute bat ospakizunarekin. Ama Birjinaren irudia ermitara sartuko dute orduan, bere tokian jartzeko; eta barrura sartzeko aukera izango dute bisitariek ere.

Eta festa borobiltzeko, erromeria izango da ermitaren kanpoaldean, Hernani Musika Eskolako trikitilariekin. Izan ere, «ospakizun erlijiosoa» prestatu dute, «baina erromeri giroan».

 

«Jendearen memorian geratu da ermita, eta horrek bultzatu du berreraikitzea»

Arratsalde berezia izango da Zikuñagan, auzotarrentzat «oso garrantzitsua» delako ermita, «eta begibistakoa da hori», nabarmendu dute Auzo Elkarteko Arkaitz Larrañagak eta Patty Navaisek: «gazteagoak urrutiago geratzen dira sentimendu horietatik, baina helduentzat auzoko sinbolo bat da. Askok ez genuen ikusi ermita, baina istorio pila bat entzun ditugu txikitatik. Gure historiaren parte da, eta hori galtzea sekulako pena da. Baina orain, berreskuratu izana, sekulakoa izan da. Ez genuen uste sekula berreraikiko zutenik, nahiz eta harriak gordeta egon, eta diru partida bat eduki horretarako. Baina bai, zaplasteko bat eman digu errealitateak; oso zaplasteko polita, kasu honetan». 

Auzotarrak izan dira, ermita berreraikitzeko sua piztuta mantendu dutenak, urte hauetan guztietan: «jendearen memorian gelditu da ermita, eta horrek bultzatu du berreraikitzea».

35 urte luze pasa dira tartean. 1987an desmuntatu zuten Zikuñagako Ama ermita zaharra, uztailaren 3an, baina berreraikitzeko konpromisoa hartuta. Eta horretarako, Zikuñagako Papeleran gorde zituzten ermitaren fatxadako harriak. Baina desmuntatzera iritsi aurretik, historia luzea zuten ermitak eta Zikuñagako Ama Birjinaren irudiak. «1529koak dira aurreneko aipamen idatziak, baina XII. edo XIII. mendekoa da Ama Birjinaren irudia, gutxienez; eta gure herriaren historiarekin oso lotuta dago», dio Jose Luis Aperribaik, Hernaniko parrokoak: «XIII. mendean, San Joan parrokia Agustinetan zegoenean, Altzegatarrak ziren bertako patroi laikoak. Geroxeago, Errege Katolikoek berretsi egin zieten patroi laiko izatea, Andaluzian gerran aritu zirelako, eta lagundu zietelako arabiarren kontra. Eta esaten da, beraiek ekarri zutela Zikuñagako Andre Maria, garai horretan. Gerora, Errege Katolikoen bilobak, Carlos enperadoreak, patroi izatetik kendu zituen, eta Martinez de Orbea izendatu zuen patroi, herriaren borondatearen kontra».

Baina XIX. mendekoak dira, ermitaren eta irudiaren inguruko gertaera ezagunenak eta bitxienak: «1949an zaharberritu zuten ermita, eta orduan bidali zuten zaharberritzera Zikuñagako Amaren irudia ere. Txuria zen Ama Birjina, baina beltza bueltatu zen, itxuraz eta kolorez aldatuta», kontatu du Aperribaik. Bost urte beranduago, 1954an, herriko zaindari izendatu zuten Zikuñagako Ama, San Joanekin batera: «herritarren erdiak ez daki Zikuñagako Ama ere herriko zaindari denik. San Joan daukagu beti buruan, baina bera ere bada herriko zaindari. Kasu honetan ere, baztertuta geratu da emakumea», nabarmendu du Arkaitz Larrañagak: «guzti honekin, lortu dugu jendea horretaz konturatzea».

Eta zaindari izendatu eta 20 urtera, 1974an, Zikuñagako Papelerak erosi zion ermitaren lursaila Gotzaitegiari, paper-fabrika haunditzeko. Horrek eztabaida eta polemika haundia sortu zuen herrian, eta ermita beste leku batera eramatea adostu zen. 13 urte pasako ziren oraindik, ermita desmuntatu aurretik; eta tartean, Zikuñagako Amaren inguruko misteriorik haundiena: 1979an, Ostegun Santu egunez, Ama Birjinaren irudia desagertu zen. Ordutik, ezezaguna da nork hartu zuen, eta non dagoen, ehunka bertsio eta kontakizun aipatu diren arren. 1985eko irailaren 10ean ospatu zuten azkeneko meza, ermitan.

«Ermita berreraikita, Zikuñagako Ama Birjina agertuko omen da berriro... Adi egon beharko dugu!»

Zikuñagako Ama ermita zaharraren oroitzapen ugari dauzkate, memoria tailerreko emakumeek.

Kontakizun horietako asko, ezagun dituzte Zikuñagako auzotarrek, adinekoek bereziki. Eta horiek entzuteko, aukera hoberik ez dago beharbada, asteartero egiten dituzten memoria tailerretara gerturatzea baino. Kronikak proposatuta, Zikuñagako Ama ermita berria izan dute memoria lantzeko gaia, azkeneko saioan; eta agerikoa izan da, Arkaitzek eta Pattyk zioten bezala, auzotarren artean sortzen duen sentimendua. «Ermita kendu zutenean, sekulako pena hartu genuen. Baina gauza polita da berriro zutik egotea, eta fatxada berbera jarri izana». Kokaleku berrira iristeko aldapak zailduko die bisita, «baina urtean behin, ez digu kalterik egingo», nabarmendu dute. Gehienek, hori bai, eskatu dute tokia, gaurko inauguraziora igoko dituen taxian. Baina izango da oinez animatuko denik ere: «astelehenean igo nintzen oinez, eta inauguraziora ere hala joango naiz. Gero, ura azukrearekin hartu, eta kitto!».

Ama Birjinaren desagerpenaz ere aritu ziren memoria tailerrean: «mezaren orduan, Don Eusebiok esan zigun, Ama Birjina lapurtu zutela. Sorginkeriaz ez zen desagertu behintzat, lapurtu egin zuten. Batzuek esaten dute Astigarragan dagoela, beste batzuek Pasai San Juanen... Eta esaten dute, baita ere, ermita berria egitearekin batera, agertuko dela berriro... Adi egon beharko dugu! Auskalo, gutxien espero dugunak edukiko du etxean, eta ez da oso urrutikoa izango», diote.

Desagerpena bezala, ondo go­goan dute azkeneko meza ere, haietako batzuek: «hunkigarria izan zen, oso oso polita. Ermita lepo beteta zegoen. Mezan bertan, Don Eusebiok esan zigun, metro edo metro eta erdi luzeagoa eta zabalagoa egingo zutela ermita berria; oraindik ez zekiela non, baina ez zela handik urruti izango. Eta mezaren ondoren, sekulako txalo zaparrada izan zen; ez dut halako txalo zaparradarik entzun nire bizitza osoan».

«Gauetik egunera» kendu zuten ermita, 1987an, eta «sekulako pena» hartu zuten auzotarrek. Baina ordutik, haien bihotzetan egon dira presente ermita, eta harekin lotutako oroitzapenak: «gogoan dut, haurrekin ermitara joaten ginela paseoan. Ama Birjinaren atzetik pasatzen ginen, eta ikutu egiten genuen», dio haietako batek.

Eta ez dituzte ahaztuko, ezta ere, iganderoko mezak eta festetako ospakizunak. «Goizeko 07:00etan izaten zen meza, igandero. Juerga haundirik ez zegoen ordu horretan, baina hori zen gure juerga, bestela ez ginen ateratzen eta!». Taberna txiki bat ere bazen ermitaren ondoan, eta hamaiketakoa egiten zuten bertan. Bestelakoa izaten zen ospakizuna irailean, Zikuñagako Ama Birjinaren egunean: «oso toki polita zen, eta han izaten zen festa haundiena». Mezaren ondoren, bertsolariak izaten ziren bertan, eta erromeria egiten zuten ermitaren kanpoaldean, trikitilariekin. Roskilla saltzaileak ere bertaratzen ziren, eta saskien zozketak izaten zirela gogoratu dute. Eta haurrentzat, «karamelera txiki bat» ere jartzen zuten, goxokiekin.

 

«Nahi genuen berreskuratu Hernaniko eta Zikuñagako historiaren zati bat, 40 urtez desagertuta egon dena»

Xabi Arraztio, Jose Luis Aperribai eta Joshean Olano, Zikuñagako Amaren kaperaren atarian, San Joan parrokian.

Festetan ermitak daukan garrantzia nabarmendu du Arkaitz Larrañagak ere: «auzoko jaietan integratu nahi dugu ermita berria, ermitan bertan jaio zirelako jaiak. Oraindik zehazteko daukagu, baina festetako egun bat erabili dezakegu horretarako, adibidez. Azkeneko urteetan eskolen aurrean egin dugun meza, behintzat, ermitan egingo dugu aurrerantzean; hori ziur».

Eta ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, Zikuñagako Amaren egunaren (irailak 8) hurrengo igandean ospatzen duten meza. Are gehiago, baliteke hura izatea ermita berreraikitzeko sua berpiztu zuena. «Auzotarrak etorri zitzaizkigun parrokiara, eskatzera meza ospatu zedila irailean Zikuñagan, ermitarik ez izan arren», kontatu du Joshean Olanok. Eta hala berretsi du Jose Luis Aperribaik: «Auzo Elkarteko bikote bat etorri zen, erregutuz meza eskaini genezala igande horretan. Eta hasieran ez nien ezer ziurrik esan, baina ondoren baiezkoa eman nien, joango nintzela. Hunkitu egin ziren biak, eta ni ere hunkitu nintzen beraiekin. Horrek auzoarekin lotzen zaitu, pixka bat».

2013an izan zen aurreneko meza hura, eta Arkaitz Larrañaga ziur dago, barrenak mugitu zizkiola parrokoari: «aurreneko meza eskaini zuenean, ez zuen ezagutzen ermitaren inguruan gertatu zen guztia, eta are gutxiago horrekin lotuta zegoen sentimendua. Mezara etorri zen, ikusi zuen mezarako gunea beteta, eta jendeak oso sentimendu haundia zeukala Ama Birjinaren irudiarekiko. Urte hartan, gainera, lona egin genuen, ermita zaharraren eta Ama Birjinaren irudia elkarrekin jarrita; eta hori ikustea oso berezia izan zen. Jendearen erreakzioa ikustekoa zen, negar ere egin zuten batzuek».

«Ama Birjina desagertu zen, eta desmuntatu egin zuten ermita; baina mantendu egin da Zikuñagako Ama, auzotarren bihotzetan. Lehengo irudia eta ermita ez daude, baina mantendu egin da ausentzia horren presentzia», nabarmendu du Aperribaik.

Horixe zen, hain justu, Zikuñagako auzotarren nahia: «gogorarazi dugu, auzoarentzako eta herriarentzako oso gertaera garrantzitsua izan zela garai hartan, eta nahi genuen ez ahaztea. Presentzia izan zezala, ahoz ahokoan eta sinbologian; jaietako irudian, adibidez. Danborradak ere bere aportazioa egin du; abestiaren letra erreibindikatzailea da, ermita berreraikitzeko eskatuz, eta Ama Birjina non dagoen galdetuz», dio Larrañagak.

Zentzu horretan, uste du auzoa izan dela ermita berreraikitzeko motorra: «baina, zentzu batean, martxa hori ez da inoiz gelditu. Aurreneko urte haietan, sekulako haserrea zeukaten auzotarrek. Urteekin, hori baretuz joan da, eta ahaztu ez arren, asko apaldu zen gaia. Baina Auzo Elkartetik, berriro jarri nahi izan dugu mahai gainean, eta denon artean egin dugu indarra. Jende askoren bultzadarekin lortu da. Une bakoitzean, jende batek egin du indarra, eta hori gabe ez ginatekeen honetara iritsiko. Topatu dugu jendea, gure interes berdinekin; Hernaniko eta Zikuñagako historiaren zati bat berreskuratzea, 40 urtez desagertuta egon dena».

 

Zikuñagako Amaren kapera, aurreneko pausoa

2013ko meza berezi hartatik abiatuta, duela 50 urteko gertaeren haritik tiraka hasi zen Jose Luis Aperribai. «Eta ikusi zuen, bazegoela auzoarekiko zor bat, eta kitatu egin behar zela», azaldu du Larrañagak. Orduan erabaki zuten San Joan Bataiatzailea parrokian kapera bat egitea, «Hernaniko zaindaria, Zikuñagako Ama, toki egokiago batean kokatzeko», dio Aperribaik. 2016an gauzatu zuten: «garai bateko sakristia bat geneukan erabili gabe, biltegi moduan; eta Zikuñagako Amaren kapera egin genuen bertan. Baina hori ez zen nahikoa. Ondo etorri zitzaigun, ermita berreraikitzeko beharra mahai gainean jartzeko».

Garai horretan, ezusteko beste gertaera bat ere izan zen parrokian: «Gotzaitegitik errita egin ziguten, esanez diru kopuru bat geneukala deklaratu gabe. Eta harriduraz jakin genuen, ermita berreraikitzeko gordetakoa zela hura. Fondo hori zegoenik ere ez genekien», dio parrokoak.

«Erreibindikatzailea da danborradaren abestia ere», dio Arkaitz Larrañagak.

Orduan izan zuen ermitaren berri Xabi Arraztio arkitektoak, aurrenekoz: «2016an esan zidaten, ermita berreraiki nahi zutela. Eta ez nekien zein ermitataz ari ziren, ez bainuen Zikuñagako Ama ermitaren historia ezagutzen. Baina hasi nintzen kalean komentatzen, eta mota guztietako istorioak kontatu zizkidaten herritarrek. Hura eta bestea ezkondu zirela han; kanpaia erori zitzaiela, baina zorionez ondoko tabernan zeudela momentu horretan... Konturatu nintzen, istorio eta bizipen ugari dauzkatela herritarrek, ermitaren inguruan».

Diru kopurua bakarrik ez, lursail bat ere bazeukaten gordeta ermita egiteko, zaharra desmuntatu zuten garaian erositakoa. Ez zen aproposa, ordea. «Papeleraren gaineko aldean zegoen lursail hura, baina aztertzen hasi ginenean, ikusi genuen bertara iristeko bidea egiten bakarrik, gastatuko genuela aurrekontu osoa», azaldu du Joshean Olanok.

 

«Bere garaian, ermita berreraiki den tokian ibili zen Jose Maria Setien ere, ermita bera eta Agustinetako konbentua eraikitzeko»

Beste lursail bat behar zuten, beraz; eta horretarako, Xabi Arraztiok nabarmendu du Zikuñagako Papelerak «laguntza haundia» eman duela oraingoan: «beste toki bat ikusi genuen aproposagoa, baina erosi egin behar zen. Eta Zikuñagako Papelera prest azaldu zen, hasierako lursail hura berrerosteko Parrokiari. Diru horrekin, Parrokiak erosi ahal izan du lursail berria, Orkolaga baserriaren ondokoa, ermita bertan eraikitzeko. Gainera, bestelako laguntza batzuk ere eman ditu Zikuñagako Papelerak, obra egin ahal izateko». Eta Arkaitz Larrañagak azaldu du, ermita berreraikitzeko «borondate haundia» izan dela jende askoren aldetik: «auzokoa ez den jendearen aldetik, arkitektoak adibidez».

Ildo beretik mintzatu da Jose Luis Aperribai ere: «gatazka giroan eten zen ermitaren historia, duela ia 50 urte; eta ordutik, zalantzak izan dira airean. Baina orain, elkarren aurka izan zirenen artean ere, borondatea ikusi dugu elkarlanean aritzeko, indarrak biltzeko eta proiektua bultzatzeko».

Zikuñagako Ama ermita berreraikitzeko aukeratu zuten lursailak, badauka kasualitate bitxi bat: «bertan ibili zen Jose Maria Setien ere, bere garaian, Agustinetako konbentua eta Zikuñagako ermita eraikitzeko toki baten bila. Hala esan zigun lurren jabeak», dio Jose Luis Aperribaik.

Ermita berria toki ederrean dago kokatuta, Arkaitz Larrañagak goraipatu duenez: «bista zoragarriak daude bertatik; Hernaniko onenak izango dira, Santa Barbarakoekin batera. Ni astean behin edo bitan igotzen naiz, eta jende pila bat joan da bertara, obretan egon den bitartean; ez dakit kuriositatez, edo sentimenduagatik».

Batzuek ez dute ermita ikusi oraindik, eta bada, horien artean, ermita berreraiki izana ezinezkoa iruditzen zaionik ere: «batzuek ez dute sinesten, oraindik ere, ermita berreraikita dagoenik; eta ez dute sinetsiko ikusi arte», dio Larrañagak.

Azkeneko asteotan, berak ere sumatu du, auzotarren artean ez ezik, gainerako hernaniarren artean ere ekartzen dituela oroitzapen politak gogora, ermita berriak: «Kaxkora gerturatu, eta zoriondu egin gaituzte, ermita berreraikitzeko egindako lanagatik. Eta kontatzen dizkigute beraien oroitzapen eta bizipenak, ermitaren inguruan».

 

Garai bateko ermitaren fatxadak, arkitektura modernoa osagarri

Aldapa pikoa da, Zikuñaga auzotik ermitara igotzen dena, Toki-Alai etxearen ondoko bidea hartuta. Hasieratik gogortzen da aldapa, baina hasieratik daukate saria, bisitarien begiek: behe-behetik ikusten da Zikuñagako Ama ermita berriaren fatxada, tente, Hernanira begira. Aldapa tentean gora, ezker-eskuin bina bider biratu, eta bertan egokitu duten aparkalekuaren ondotik pasa ondoren, ermitara iritsiko da bisitaria. Bertan aurkituko du garai batekoaren eta modernoaren arteko nahasketa, eta makina bat detaile txiki.

«Bi zati dauzka ermitak, eraikuntzari dagokionez. Zati bat da garai batekoa, fatxada, gogorarazten diguna nolakoa zen ermita zaharra. Lehengoa bezalakoa eraiki da fatxada, berdin mantendu da», azaldu du Xabi Arraztio arkitektoak. Zikuñagako Papeleran zeuden gordeta fatxadako harriak, zenbakituta, eta horri esker berreraiki dute. Zenbakiak ikusi daitezke harrietan, gerturatuz gero.

Ermita berriaren beste zatia, da «arkitektura modernoagoa» daukana: oratorioa eta aterpea. «Hori berria egin da, gaur egungo materialekin: hormigoia, aluminioa... Edonola ere, bilatu dugu gaur egungo arkitekturak ez egitea kontrasterik garai batekoarekin. Nahi genuen fatxadak erakartzea bertaratzen denaren arreta. Beste zatiak akonpainatu egiten du, bajuagoa da».

Aterpeak eta teilatuak ematen dio itxura modernoa ermitari, bereziki. Eta horretan, bada elementu bat, gorantza nabarmentzen dena, tximinia baten antzeko itxura hartuz: luzero bat da hori, eta juxtu azpian jarriko dute Ama Birjinaren irudia, ermitaren barruan.

Hernaniren ikuspegi ederra dago, Zikuñagako Ama ermita berritik.

Gaur izango dute aukera herritarrek, ermita barrura sartzeko, baina itxita egongo da aurrerantzean. Ama Birjina ikusteko, dena den, hainbat erakusleiho prestatu dituzte kanpoaldetik: gurutze formako bat, horizontalagoa den beste bat, eta ateak dauzkan bi zulo. Eta baita idatzi bat ere, aterpearen aldean, Zikuñagako Amari eskainitakoa: Agur Zikuñagako Maria ama gurea. Horrela, guk dugu orain omentzen, eginez bertako: Zikuñagako. Antzinatik dator herritar joera, Maria zaindari tokiko egitea. Zortzi mendez gero guganatu da: Hernanik zaindari badu Andre Mari. Hiru bider dago idatzita Agur, eta letrek zuloa daukate, ermitaren barruko aldea eta Ama Birjinaren irudia ikusteko aukera emanez.

Azkeneko hilabete eta asteotan ermitak hartu duen itxura ederrari, gaur jarriko diote ginda, Zikuñagako Ama ermitara prozesioan eraman, eta dagokion tokian kokatzearekin batera. Orduan, (ia) osorik egongo da ermita: agertuko ote da Ama Birjinaren irudi originala?

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!