Erreportajeak

«Herriarentzat egindakoa da, herrian guztiz txertatutako esperientzia delako Langile»

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 5a, 00:00

'Bazen behin... duela 50+2 urte... Langile...' antzerkiko antzezleak.

Langile Ikastolaren 50. urteurrenaren bueltan, 'Bazen behin... duela 50+2 urte... Langile...' antzezlana aurkeztuko dute apirilaren 2an, 10:45etan eta 12:45etan, Biterin. Sarrerak salgai jarriko dituzte martxoaren 7an, 8an eta 9an, kultur etxeko leihatilan, 5 euroan.

Langile Ikastolak 50 urte bete zituen 2020. urtean. Egitarau potoloa prestatu zuten ibilbide hori guztia ospatzeko, baina pandemiak, ordea, bete-betean gelditu zuen festa. Aurreikusitako ekintza gehienak bertan behera gelditu ziren, eta urteurrenaren ospakizuna, beraz, atzeratu egin behar izan zuten. 

Orain, etxeratze-agindua ezarri zutenetik bi urte pasa diren honetan, «gogotsu eta indarberrituta» bueltatu dira urteurreneko batzordeko kideak, eta 2020an aurkeztu behar zuten antzezlana oholtzaratuko dute apirilaren 2an: Bazen behin... duela 50+2 urte... Langile... Bi saio egingo dituzte: bata goizeko 10:45etan eta bestea, berriz, 12:45etan. Sarrerak salgai jarriko dituzte martxoaren 7an, 8an eta 9an, Biteriko leihatilan, 5 euroan. Aurkezpenaren atarian, antzerkiaren nondik norakoen berri izateko, Kronikak hitz egin du Karla Ferreñorekin, Miren Gojenolarekin eta Juanjo Uriarekin.  

 

Antolakuntza, elkarlanean

Mende erdia ez da egunero betetzen, eta Langilek ospakizun berezia egin nahi izan zuen urte horietan guztietan bizitakoa gogoratzeko. Juanjo Uriak azaldu duenez, sarea osatu zuten urteurrena antolatzeko: «batzordeak sortu genituen, antolakuntzarako taldeak. Gero, batzorde horietako ordezkariek koordinadora bat egin zuten. Horrela, egitaraua osatzeko, batzordeetatik sortutako ideiak koordinadorara eramaten ziren, bertan onartzeko eta aurrera eramateko.  Azken pausoa zen bakoitzak bere taldean jardutea eta emanaldia edo ekintza osatzea». 

Eta batzorde horietako batetik sortu zen, hain zuzen, apirilean aurkeztuko duten obra. Uriak idatzi zuen lehenengo gidoia, barru-barrutik ateratakoa, eta batzordekideen oniritzia eskatu zuen, segidan, koordinadoran gaia azaltzeko: «gure kasuan, gogoan daukat sartu nintzela guraso ohien eta irakasle ohien batzordean. Talde horretan, ideiak eman behar genituen, eta oroitzen dut neronek mahai gaineratu nuela Langileren iblidearen bueltako antzerkiaren proposamena. Horretarako, aurkeztu nuen orri batean sartzen zen eskema txiki bat, eta batzordekoei gustatu zitzaien ideia. Segidan, beraz, koordinadorako kideei eman nien antzerkiaren berri, eta beraiek ere oniritzia eman zidaten». 

Nolanahi ere, Uriak idatzitakoa testu literarioa zen, eta ez zegoen antzerkiko formaturako egokituta: «jakin banekien antzerkigintzan aditua zen norbaitengana jo behar nuela testua moldatzeko eta antzerkia prestatzeko. Horrelaxe elkartu nintzen Miren Gojenolarekin eta, gero, Karla Ferreñorekin». Bide horretan, oso eroso sentitu dela aitortu du Uriak. «Hasieran, Mirenekin ez nuen harremanik, baina elkartu ginenetik, oso ondo moldatu gara. Oso gustura sentitu naiz biekin, eta aberasgarria izan da elkarrekin jardutea», kontatu du. «Mireni eskatu nion testua irakurtzeko, ea zer iritzi zuen jakiteko eta nola moldatu genezakeen ikusteko. Alegia, zer behar zuen testu horrek antzerki bihurtzeko? Zer falta zuen? Zer zuen soberan?». 

 

Langileren bizipenak, kezkak... gogoan

Gojenolak Uriaren testua irakurri ondoren, Juanjok aurreratu moduan, antzerkirako moldatu beharra zegoela ikusi zuen. «Langile Ikastolaren baloreak jasotzen zituen testua zen, eta oso ondo zegoen idatzita, euskera aberatsean. Hala ere, Juanjok esan duen bezalaxe, oso testu literarioa zen, eta, beraz, testu zuzenagoa egin genuen. Elkarrizketa gehiago sartu, testua laburtu eta ordubeteko antzezlanera egokitu genuen», aipatu du Gojenolak. 

Antzezlana hiru esketxetan banatu dutela kontatu dute. «Lehenengoa, Juanjok idatzitakoa da eta beste biak, aldiz, gerora sortutakoak dira», zehaztu du Gojenolak. «Nik egin dudana da, funtsean, testua antzerki bihurtu. Irakurtzeko antzerkia deitzen geniona zen Juanjorena, eta ez, berriz, taula baten gainean antzeztekoa. Hortaz, egokitzeaz gain, hari dramatiko bat ere sortu genuen». 

Juanjok esan du hasierako gidoia Langileko ibilbideari buruzkoa zela. «Lerro horietan, hasierako urte zailen aipamena egiten zen; izan ere, garai hartan, eragozpenak besterik ez genituen izan. Antzerkian, beraz, ikastolaren ibilbidean izandako gaien gaineko kontaketa egiten da. Besteak beste, eman ziren eztabaidak, kezkak, oztopoak, eta abar. Gainera, arazoei aurre egiteko helburua zutenen eskuzabaltasuna nabarmentzen da obran; hasiera-hasieratik, jendea beti egon da lanerako prest, konpromisoarekin, ekarpenak egiten eta ilusioz. Hitz gutxitan esateko, proiektua aurrera eramateko gogotsu zegoen taldea genuela nabarmentzen dugu». 

Gutxi gorabehera, Langile sortu zeneko lehenengo 5 edo 7 urteen gaineko antzerkia dela zehaztu du Ferreñok; «nondik gatozen kontatzen dugu». Horrekin batera, Langile egin aurretik zegoen eskolaren berri ere ematen dute. Eta Gojenolak aipatu duenez, «antzerkiko testuaz gain, beste sorpresaren bat ere izango da». 

Prestaketa lanetan ari zirela, lana banatzeko beharra zegoela ikusi zutela adierazi dute: «dena nire gain ez egoteko, pare bat esketxen ardura nik hartu nuen eta beste batena, berriz, Karlak», kontatu du Gojenolak. Baina, gero, Ferreñok ere lan-karga haundia zuen, eta, azkenean, Gojenolaren esku gelditu zen antzerkiaren zuzendaritza. «Izan ere, talde bateko gidaritza izateaz gain, bi taldeetan ere aktore gisa zebilen», dio Uriak. «Orain, Mireni laguntzen saiatzen naiz entseguetan, baina ardura berak du», aipatu du Ferreñok. 

 

 «Horrelako esperientziarik ez nuen inoiz izan. Entsegu guztietara etorri naiz eta niretzako terapia modukoa izan da, oso pozgarria eta postiboa»

 

«Bidean izandako oztopo guztiak gainditu ditugu»

Pandemia aurretik hasi ziren antzerkia antolatzen, eta guztia prest zuten aurkezpenerako; «kartelak, sarrerak.... baina, dena bere horretan gelditu zen», aipatu dute. Hala ere, «indarberrituta» sentitu ziren urrian, eta Gojenolak dio horrexegatik erabaki zutela lana berriro ere heltzea. «Antzezlana orain dela bi urte egitekoa zen. Eta zergatik ekin diogun berriro? Ba guk nahi dugulako eta ez, berriz, inork ezer esan digulako. Indartsu agertu ginen horretarako, urrian, eta beraz, talde osoaren meritua da hau guztia aurrera eramatea». 

Kontatu dutenez, izurritea ez da izan bidean topatutako oztopo bakarra. «Koronabirus kasuak izan ditugu, noski, leku guztietan bezalaxe. Baina, horrez gain, lana, etxeko giroa… guztia moldatu eta koordinatu dugu, eta bidean izandako muga guztiak gainditu ditugu», aipatu du Uriak. 

 

«Ondo pasa dugu, umorea erabiltzen dugulako kontakizunean. Gai serio xamarrak lantzen ditugun arren, geure buruaz egiten dugu barre, eta horregatik ere, dibertigarria izan da»

 

15 bat laguneko taldea osatu zuten antzerkirako, eta talde haundia bitan banatu zen entseguetarako. «Daude ikasle ohiak, guraso ohiak, gaur egungo gurasoak eta irakasle ohiak. Ni, adibidez, ikasle ohia eta ama naiz», esan du Ferreñok. Hori bai, bi urteko geldialdi honetan aldaketak izan direla jakinarazi dute. «Hasieran zeuden aktore batzuk orain ez daude, baina beste batzuk bidean sartu dira», gehitu du. «Bizi-baldintzak aldatu zaizkie eta ezin izan dute jarraitu», nabarmendu du Uriak. «Esango nuke guztiek sentitu dutela pena haundia, baina orain sartu direnak gogotsu dabiltza, eta hori ere pozgarria da». Diotenez, hor ikusten da Langileren indarra eta sentimendua: «Langilerekin lotura duen jendeak egin du hau guztia, eta jende askok azaldu du konpromisoa. Gidoia, musika, diseinuak, aktoreak… dena egin dute ikasle izandakoek, guraso izandakoek, edota orain ikasle edo guraso direnek». 

 

«Langilerekin  lotura duen jendeak egin du hau guztia. Gidoia, musika, diseinuak, aktoreak… dena egin dute ikasle izandakoek, guraso izandakoek, edota orain ikasle edo guraso direnek»

 

Aktore-taldean izandako aldaketekin batera, pandemiagatik beste hainbat moldaketa ere egin behar izan dituztela kontatu du Gojenolak. «Izenburua, adibidez, aldatu baino, sortu egin da. Hasieran, ez zegoen izenbururik: Langile 50 urte, agian. Orain, berriz, Bazen behin… duela 50 + 2 urte.. Langile...». Argi ikusten da antzerkian azken bi urteetako eragina, eta horixe izan da taldearen helburua, gainera. «Pisu haundia izan dute azken bi urte hauek, eta badute zeresana guztiontzat», esan du. «Zabalduko dugun eskuorrietan, hain zuzen, arrazoitzen da zergatik gehitu dugun +2 hori izenburuan», aipatu du Juanjok. 

 

Apirilaren 2an aurkeztuko dute antzerkia, Biterin, bi saiotan. 
 

«Antzerkian egiak kontatzen ditugu, umorearekin»

Proiektuaren «azken txanpan» daudela adierazi du Gojenolak. «Lan haundia dago egiteko oraindik, guztia elkartu behar dugulako eta bi taldeak elkarrekin aritu behar dugulako. Oso gutxi falta da, baina lan zailena egitea dagokigu orain», zehaztu du Mirenek. Izan ere, orain arte bi txandatan entsaiatu dute. Baina, orain, entsegu orokorrak ere egin behar dituzte antzerkia osorik lantzeko. 

Prozesuan gozatu dutela kontatu dute hirurek. «Ondo pasa dugu, umorea erabiltzen dugulako kontakizuna egiteko. Gai serio xamarrak lantzen ditugun arren, geure buruaz egiten dugu barre, eta horregatik ere, dibertigarria izan da guztia», aipatu du Ferreñok. «Nik egoera latz horiek bizi izan nituen. Gela falta genuen, irakasleek zein ikasleek hotza pasatzen genuen… Baliabide oso gutxi genituen. Irakasleen baldintzak ere penagarriak ziren, eta hori umorearekin lantzen dugu antzerkian», zehaztu du Uriak. 

Juanjorentzat, hain zuzen, terapia modukoa izan da bizitakoa. «70 urte ditut eta horrelako esperientziarik ez nuen inoiz izan. Entsegu guztietara etorri naiz eta niretzako terapia izan da, oso pozgarria eta postiboa. Emazteari askotan esaten diot: batzuetan, kili-kolo joaten naiz entseguetara, baina bertatik itzultzean, indartuta eta oso animatuta sentitzen naiz».  

 

«Herritar guztientzat sortutako antzerkia da»

Herriarentzat egindako antzezlana dela kontatu du hirukoteak. «Hori bai, umeak etorriko balira, ez lukete ulertuko», esan du Gojenolak. «Baina herrian guztiz txertatutako esperientzia da Langile, eta herritar guztiak daude gonbidatuta», nabarmendu du Ferreñok. «Askok ez dute lotura zuzena izango Langilerekin, baina ziur nago koadrilan izango dutela Langilen ibiltako lagunen bat», gehitu du. 

«Antzerkiak badu jendea gustura ateratzeko moduko edukia; gero zer egiteko gauza garen… hori ikusleek esango dute!», esan du Uriak, barre artean. Baina, guztiaren gainetik, aktoreen lana goraipatu du Juanjok. «Ez dira profesionalak. Karlak badu eskarmentua antzerkigintzan, eta Mirenek zer esanik ez. Baina, beste guztiek, berriz, ez. Hala ere, hausartu egin dira oholtza gainera igotzera, eta hori txalotzekoa da». Karlak bat egin du kidearekin: «astero-astero etortzen da gehiengoa entseguetara, eta ilusioz aritzen dira». 

Motibatuta daude aurkezpen egunerako. «Aktoreen lanarekin batera, musika, umorea, bertsoak… denetarik izango da», esan du Uriak. Hori aipatzearekin batera, Susiren lanarekin gogoratu dira: «bera arituko da musikarekin, eta bere laguntzak asko eman dio antzerkiari».  

Amaitzeko, ez dute elkarrizketa bukatu nahi izan entseguak egitea ahalbidetu dienei eskerrak eman gabe: «eskerrik asko Biteriko langileei eta baita Udalari ere. Noski, Iratxe Biteriko teknikaria ere aipatu nahi genuke, antzerkia borobil ateratzeko laguntza eman digulako».

ANTZERKIA

Eguna: apirilaren 2an.
Paseak: lehenengoa, 10:45etan; bigarrena, 12:45etan.
Lekua: Biterin. 
Sarrerak eskuragai Biterin, 5 euroan: martxoaren 7an, 8an eta 9an, arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!