Orain dela bi hilabete, abenduaren 18an, Nadir Zahti jaio zenean, Inessa Olaizola (24 urte) ama izan zen, Patricia Velez (49 urte) amona, Mariajo López de Zubiria (68 urte) birramona eta Maria Pilar Fransoy (94 urte) herenamona. Oso gutxitan gertatzen da bost belaunaldik bat egitea, baina, Hernanin, bada kasu bat. Lau neska eta Nadir, mutil bakarra.
Bitxikeria polita eta nabarmentzekoa da. Gipuzkoan, kasu gutxi ezagutzen dira, eta Gipuzkoan azkenekoz argitaratu zena (ez du zertan bakarra izan behar) 2015eko kasu bat da, Zumarragakoa. «Hernaniko zaharren egoitzan, adibidez, ez dute bat bera ere gogoratzen», azpimarratzen du Patricia Velezek. «Amona naiz 49 urterekin. Gaur egun, posible da gurea izatea kasu bakarra inguru honetan. Gero eta zailagoa da horrelako kasuak egotea», aipatzen du Patriciak, eta zergatia arrazoitzen du.
«Jendeak gero eta helduago izaten ditu umeak. Amatasunaren adina igo egin da. Nire amak 19 urte zituela jaio nintzen, nik Inessa izan nuen 25 urte bete berriak nituela eta berak, berriz, 24 urterekin izan du haurra. Amona Maria Pilarrek 26 urterekin izan zuen nire ama eta osaba Fernando bi urte lehenago jaio zen, amonak 24 urte zituenean».
Maria Pilar Fransoy Zaragozan jaio zen 1927. urtean, eta 21 urterekin Hernanira ezkondu zen.
«Sasoian izanik, polita da zaintza alabarekin partekatzea»
Mariajo López de Zubiriak beti izan du amona gaztearen fama, «eta azalpenak eman behar izaten dira. Amona zarela esan, baina, segidan, oraindik 44 urte ditudala gogorarazi». Patricia 49 urterekin izan da amona, eta bere ama Mariajo, berriz, 44 urterekin izan zen.
Hernanin, harridura haundia sortu duela aipatzen du Patriciak. «Jendea belaunaldiak zenbatzen hasten da; ez da arrunta, zenbatu behar izaten da, eta kalkuluak egin. Aurreko batean, batek galdetu zidan ea noiz egon nintzen haurdun. Ba pentsa konturatu zenean amona izan naizela! Gazte izan nuen Inessa».
Inessak berak ere aitortzen du inguruko askok galdetzen dutela harriduraz nolatan izan den ama 25 urte bete aurretik. «Ez al duzu bidaiatu edo lana izan nahi? galdetzen dute. Haurra izateko gogoa nuen, eta hau guztia ere oso polita da. Amona, birramona, herenamona izatea gustuko dut».
Iritzi berekoa da bere ama Patricia. «50 urterekin, sasoian zaudela, biloba izatea gomendagarria da. Gaur egun, jende asko dago bere umea hezitzen ari dena eta gurasoak zaintzen. Egoera hori gogorra da. Polita da alabarekin zaintza hori partekatzea». Maria Pilar herenamona ere oso pozik dago Nadirren jaiotzarekin: «oso pozik eta ongi nago».
Patriciak bere amona Maria Pilarren figurari aitortza egin nahi dio. «Guretzako izan da izugarrizko erreferentea. Laguntza eta babes haundia eskaini digu beti, eredu polita eta ezin hobea izan da». 45 urterekin izan zen amona, Patricia bera jaio zenean. «Lehengusuetatik ni naiz zaharrena, eta Innesaren belaunaldian ere bera da zaharrena», diote.
Patriciak dioen moduan: «lehendabiziko bilobak izan gara. Biak lanean eta biak ama, gazte. Nire osaba gazteena, German, ni baino bost urte zaharragoa da».
«Zaila da gaur egunean haurrak gazte izatea, ez dago laguntzarik»
Belaunaldi asko batera elkartzean neskak izaten dira protagonista nagusiak. «Gure kasuan, nesken lau belaunaldi ditugu eta Nadir txikia da mutil bakarra». Aurretik argitaratu diren kasuei erreparatuz gero, errepikatu egiten den gauza da hori. Izan ere, ia belaunaldi guztiak izaten dira neskak. «Jendeak aipatzen digu zer zortea dugun. Kalean esan didate bere familian mutilak direla eta hori gertatzea ia ezinezkoa dela. Mutilak direnean, semeek, normalean, beranduago izaten dute oinordekoa», dio Patricia Velezek.
Inessak familiari esan zionean haurdun zegoela, Patricia ez zuen ezustean hartu. «Bagenekien posible zela, bi urte zeramatzalako ama izateko gogoarekin. Lanean zebilen eta horrek eragotzi zuen orain arte umerik ez izatea. Horregatik, ez da sorpresa izan», adierazi du. «20 urte nituenetik izan nahi nuen ama», azpimarratu du Inessak berak.
Jaiotza-tasaren datu baxuak, Espainian, Gobernuen laguntza falten ondorio direla uste du Mariajo López de Zubiriak. «Hori da arazo haundiena. Gaizki dago antolatua eta oso ausarta izan behar zara gaur egun, ama izateko pausoa emateko. Eta ez luke horrela behar. Jende gazteak ama izateko nahia izatea ona da denentzat, eta baita ondorengo belaunaldientzat zein gaur egungo adinekoentzat ere. Jaiotza-tasa altuagoa behar da gurean. Horretarako laguntza behar da».
Lanera eta etxebizitzara sarrera berantiarra ere arazoa da. «Lanpostua baldin baduzu animatu zintezke, baina, bestela, ezinezkoa da», gogoratzen du Inessak. «Gainera, lau hilabeteko baja bakarrik duzu», gaineratzen du Mariajo birramonak.
«Belaunaldi guztiak orain Hernanin bizi gara»
Orain, belaunaldi guztiak Hernanin bizi dira, baina Hondarribian eta Hendaian ere bizi izan ziren Mariajo, Patricia eta Inessa. «Ez du zerikusirik dauden erraztasun eta laguntzek. Inessa txikia zenean, Hondarribian bizi ginen», dio Patricia Velezek. «Gero, Paula jaio zenean, Hendaiara joan ginen. Iparraldean zenuen nunu bat (ume zaintzaile bat) Gobernuak kontrolatua eta ordaindua. Etxean, hiru ume hartzen zituen edozein ordutan; gizarte-laguntzailea edozein ordutan agertzen zen umeak zer moduz zeuden galdetzera eta zerbait behar zen galdetzera. Eta, adibidez, umeak sendagilearengana joateko beharra baldin bazuen, zaintzailearekin joateko aukera ere bazegoen. Hemengo egoerak, berriz, ez du zerikusirik. Hemen, abuztuan lana egin behar baldin baduzu, urduri zaude ez dakizulako haurra norekin utzi. Frantzian, dirulaguntza gehiago dauzkate: hiru ume izateagatik, esaterako, 600 euroko dirulaguntza ematen dute eta, horrez gain, amatasun baja ere luzeagoa da. Frantzian, horregatik, familia gehienek hiru ume dauzkate».
Etxebizitzaren arazoa ere beste oztopo bat omen da Hego Euskal Herrian umeak izateko erabakia hartzerakoan. «Hemen, gazte batek ez du etxebizitza baterako sarbiderik. Gure garaian, ez zegoen arazorik lana bilatzeko eta etxebizitza batera sarbidea izateko», gogoratzen du Mariajok. «Soldata batekin konpontzen zinen eta 15 urtetan etxebizitza bat erosten zenuen», gaineratzen du Patriciak. «Orain, 40 urterekin, bi soldatekin eta ordutegi txarrekin umeak izatea zaildu egiten da».
«Ospitalean esan ziguten Hernanin ama gazte asko omen dagoela»
Inessak aipatu du ezagutzen dituela kasuak bere adinarekin ama direnak. «Hori gertatzen da bizitza antzekoa edota inguru berean mugitzen garelako». Ospitalean ere Inessari aipatu zioten Hernanin ama gazte asko omen dagoela beste herriekin alderatuta. «Arrazoia ez dakigu. Agian, herri giroak, herriaren ezaugarri sozialak eta hirigintzak eragina du», uste du Patricia Velezek.
Garai batean ia ezinezkoa zen bost belaunaldiko familia bat ikustea. «Bizi itxaropena ez zen gaur egungoa. Horrek ere ia ezinezkoa egiten zuen. Beraz, historiak erakutsi diguna da orain arte beti izan dela zaila bost belaunaldiko familia bat ikustea». Lau belaunaldikoa ere ez da erraza.
Familian oso pozik daude Nadirren jaiotzarekin. «Paulak, Inessaren ahizpak, 18 urte ditu eta orain izeba da, baina bera jaio zenetik, ez zen beste jaiotzarik izan familian. 18 urtetako hutsunea egon da. Datorren urtean berriz ere olentzero izango da eta etorriko da opariekin aspaldiko partez».