Erreportajeak

«Nire asmoa da, feminismoaren 13 erreferenteren bizipenak eta borrokak ezagutaraztea»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 26a, 00:00

Ana Iruretagoiena Rodriguez kazetaria, Kronikarako elkarrizketan.

Otsailaren 10ean emititu zen Gobara podcastaren lehenengo saioa, eta Simone de  Beauvoir izan zen protagonista. Honen guztiaren berri eman dio Ana Iruretagoienak Kronikari, eta mikrofonoaren atzeko bizipenen berri ere eman du. 

Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministak, Gobara izeneko podcasta sortu du, eta hilabete honetan emititu da lehenengo saioa. Gobaran, feminismoaren alde nola arrazakeriaren zein inperialismoaren aurka bidea urratu duten erreferenteez ariko dira, eta horretarako, mikroaren beste aldean, Ana Iruretagoiena kazetariak jarri du ahotsa. Kronikarekin jardun du Iruretagoienak, feminismoan aitzindari izan direnak eta, egun direnak erdigunean jarrita. 

Hilero emitituko da Gobara, eta Kulturarteko Plaza Feministako gela bakoitzean dauden pertsona erreferente baten bueltan ariko dira, guztira 13 izanik. Hernaniko kontuez eta hemendik haratagokoez ariko dira, euskeraz nagusiki. Ana Iruretagoienak bidelagun izango ditu elkarrizketatuko dituen hernaniarrak, baita feminismoaren alde eta arrazakeriaren aurka askotariko eremuetan aditu zein aritu diren emakumeak ere. 

Otsailaren 10ean emititu zen Simone De Beauvoir filosofo frantziarrari buruzko podcasta, eta Iruretagoienak aurreneko esperientziak kontatu ditu: «Egia esan oso ondo joan zen. Hala ere, esan beharra dut erronka haundia izan zela niretzat, gai bezala nahiko zaila iruditzen zitzaidalako. Azkenean, Simone de Beauvoir da pentsamendu feministaren filosofoa eta benetan jakituna. Orduan, gaia nahiko sakona zen, eta lehen elkarrizketa Irene Arraratsi egitea tokatu zitzaidan, eta dioten errespetu guztitik nolabaiteko presioa nuen. Baina egia da, oso gustura egon nintzela eta gozada bat izan da Irene elkarrizketatu izana. ‘Bigarren sexua’ liburua euskaratu duen itzultzailea da. Berak kontrolatzen du izugarri Simone de Beauvoirren bizitza, bere lana... Oso hizkuntza xehe batean kontatu zituen gauzak. Horrez gain, Maider Barañano soziologoa ere elkarrizketatu nuen, momentu honetan Euskal Herriko neska gazte militantea da, eta Barañanok, gaur egungo argazki bat egin zuen nolabait, mugimendu feminista zertan den azalduz, indar-guneak eta ahulguneak zeintzuk diren azaleratu zituen». 

Gobarako ahotsak dio, lehen saioa «abstraktu xamarra» izateko beldur zela, baina noski, Iruretagoienak honi aurre egin zion: «esan beharra dut, nahiz eta gaia oso teorikoa izan, bi hizlariek asmatu zutela, hizkuntza lurtar batera ekarri zuten saioa, denok ulertzeko.  Eta Bigarren Sexuaz Collage laburmetraiaren sortzaileetako batekin ere jardun nuen: Nora Alberdirekin». 

Datorren saioa, martxoan izango dela aurreratu du Iruretagoienak, eta protagonista zein den ere argitara atera du: «printzipioz eta ez badira planak aldatzen, Rosa Parks-i buruzkoa izango da martxoko podcasta. Elkarrizketatu bat AMHER SOS arrazakeria elkarteko kide bati egingo diot. Testuingurua kontuan hartuta, arrazakeriak gaur eta hemen zein formatan edo zein kontestutan ematen den azalduko du».

Aski ezaguna da Rosa Parks, ziurrenik desobedientzia zibilaren ikur gisa ezagutuko dute askok: «segregazioaren garaian, Estatu Batuetan gizon zuri bati aurre egin zion emakume beltz bat izan zen, autobus batean, berez, ez zegokion tokian eserita zegoelako. Gaur egun, hemen, ez dago arrazakeria bermatzen duen legerik, baina hori ez da erreala. Eta beraz, gai hauek guztiak izango ditugu hizpide, martxoan». 

 

«Gogoratzen naiz lehengo amonen...»

Podcastaren izena, Gobara da, garai bateko emakumeak arropa garbitzera joaten zirenean, buru gainean eramaten zituzten jantziak dira. Hitz horren erabilera galtzear zegoenean, Maialen Lujanbio bertsolariak berriro ere denon ahotan jartzea lortu zuen, 2009ko Euskal Herriko Bertso Txapelketan bota zuen bertsoarekin: «lehengo emakumeei aitortza egin nahi izan zien bertso horrekin» azaldu du emozioz beteta, Iruretagoienak. 

Hernaniko Kulturarteko Plaza Feminista feminismoa eta kulturartekotasuna uztartzeko eta sustatzeko espazioa da, eta eskutik helduta doaz, hain zuzen ere, podcastaren helburuak: «ikasteko, pedagogia feminista egiteko, desikasteko, gogoeta egiteko, ongi pasatzeko, barre zein negar egiteko, amesteko, eraldatzeko, aitortzeko eta ezagutzeko tartea eman du Gobarak» nabarmendu du podcasteko ahots goxoak. 

Kazetaria gogoz ari da lanean, datozen saioak prestatzen, eta oraingoz, inguruan izan duen feedback-a «positiboa» izan dela ziurtatu du: «Orain arte ez zegoen zerbait da Gobara, bada dibulgatiboa den zerbait. Saioa Iraolaren asmoa da, Kultur Arteko Plaza Feministaren baitan, asmoa daukate institututan eta ikastetxeetan zabaltzekoa, eta egia da iruditzen zaidala oso tresna egokia eta dinamikoa. Zertzelada batzuekin geratu daitezen gazteak. Pertsonalki jaso dudan erantzuna ederra izan da, eta sekulako proiektua da. Azkenean, beti ezagutu izan ditugun emakumeez gain, beste batzuk lantzen dira. Badaude erreferente asko latinoamerikarrak edo dena delakoak, eta bada errealitate bat hemen oraindik ez duguna ezagutzen. Beraz, oso interesgarria iruditzen zait hau gizarteratzea. Eta esan beharra dut, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feminista iruditzen zaidala sekulako espazioa, txundigarria da eta erreferente dena, niretzat, Euskal Herri guztian. Eta indarra du, izan ere, lehen podcasta da horrelako gune batetik sortu dena. Potentzialitate haundia du, eta batik bat, erreferente diren hauek gizarteratu eta beraien borrokak jendeak ezagutu ditzan, begiradak zabaltze aldera». 

Erreferente hitza erabiltzen dute Kulturarteko Plaza Feministan, eta Ana Iruretagoiena bat dator hitzaren erabilerarekin. Bapatean, Aimar Elosegi Ansaren izen abizenak atera zaizkio ahotik: «Erreferente, erabiltzen dut landuko den pertsonetako bat Aimar Elosegi Ansa izango delako eta pertsona trans gisa, iruditzen zait beharrezkoa dela, nahiz eta beste guztiak emakume bezala identifikatutako pertsonak diren. Baina kasu honetan, errespetuagatik erreferente hitza erabili behar dugula iruditzen zait. Pentsatzen dut Kattalin Minerri egingo diodala elkarrizketa, gainera oker ez banago apirilean uste dut urteurrena betetzen dela. Baina boteprontoan, iruditzen zait, Kattalin Miner izan daitekeela perfil oso interesgarri bat, berak idatzi zuelako liburua, batik bat. Loratuz loturi ere egingo diot behar bada. Honela gaur egungo argazki bat eskura dezaket». 

 

 13 erreferente, Gobara podcastean

13 erreferenteren bizipenak eta borrokak kontatuko ditu Gobarako ahotsak mikrofonoaren beste aldetik, eta istorio guztiak lau haizetara kontatu ostean zer gertatuko den galdetu dio Kronikak Iruretagoienari, eta berak, irrifartsu erantzun du: «oraindik ez dakit zer gertatuko den. 13 erreferente hauen bizipenak eta borrokak ezagutaraztea da nire xede nagusia eta hori da proiektuaren muina. Hortik aurrera, nork daki. Hala ere, prest egongo naiz etorkizunak dakarrena beso zabalik hartzeko».

Gobara podcasta entzuteko esteka: hernani.eus/eu/gobara.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!