Artearen munduan ezaguna da Carmen Ibañez artista hernaniarra, bere lanetan jorratzen dituen gaiengatik, besteak beste, emakumearen aurkako indarkeria matxista. Ostegunean, Biteriko erakusketa gela bete zuen, bere azken lanarekin: Still live. Eta nola ez, Carmen Ibañezek barren-barrenetik ateratako hitzak eskaini dizkio Kronikari, eta argi utzi digu, bizipenak artearen bidez erakutsi eta aldarrika daitezkeela.
KarmenLaHoz gisa firmatzen ditu lanak artista feministak, eta arrazoia argi eta garbi azaldu du: «KarmenLaHoz bezala sinatzen dut, baina izatez, ni Carmen Ibañez naiz, Carmen Lahoz nire ama zen. Nire amaren abizena jartzea oso garrantzitsua iruditzen zait, abizen maternala baita. Nire obren tendentzia markatzen du amaren abizenak, nire lanak feministak baitira. Nik egiten dudan artea ez da estetikoa bakarrik, nik artea erabiltzen dut ideiak helarazteko erreminta gisa, niretzat hori oso garrantzitsua da».
Still Live lanaren jaiotza, joan den urtean izan zen, Erriberan: «Emakumearen nazioarteko egunarekin lotura eginik jarri dut Biterin, baina esan dezaket, joan den urtean jaio zela, Astigarragako Erribera Kulturgunean. Beraz, Hernanin jarri dudan erakusketa hau, lehenagotik sortutakoa da, eta nire asmoa izan da indarkeria matxistak erail dituen emakumeak omentzea».
Erakusketa hau egiteko 'hutsetik' hasi dela ziurtatu du Ibañezek: «Erriberan eskaini nuen erakusketa hauskorra zen, eta pieza bakoitza, birziklatutako materialekin zegoen eginda. Aldiz oraingo honetan, Biterin hutsetik hasi naiz sortzen».
Guztira 49 piezak hartu dute Biteriko erakusketa gela eta kantitate horren nondik-norakoak eman ditu Ibañezek, minetik hitz eginda: «2002tik 2021era bitartean Euskal Herrian, indarkeria matxistak hil dituen emakume kopurua da. Nire asmoa da, obra hau ez egitea gehiago, baldin eta feminizidioak amaitzen badira, Euskal Herrian. Urtebetean adibidez, feminizidiorik gertatzen ez bada, ez dut gai honekin lotutako piezarik sortuko»
49 pieza hauek, sistematikoki errepikatuak direla dio Ibañezek, eta «espazioa hartzen dute sortutako piezek. Modu sendo batean daude kokatuta eta osatuta, eta noski, orden batekin. Orduan, elementu guzti hauekin, gonbidatu nahi ditut herritarrak gogoeta bat egitera. Niretzako xede nagusiena da etortzen den agente* orok gogoeta egin dezala, ikusiz zein den errealitatea, pentsatzea feminizidioetan, zer dela eta gauzatzen diren... Horrez gain, nahi dut konturatzea, honen atzean patriarkatua eta eraikitze sozial bat badagoela, apurka-apurka gizaki askok elikatu dutena, eta hazten joan dena». Gainera, pieza bakoitzaren atzean istorio bat dagoela aipatu digu artistak, emozioz beteta: «bi partetan bereizi daitezke pieza hauek: beheko zatia da bat; eta hau lurrez osatuta dago. Honekin islatu nahi dudana da hutsunea. Eta lur honek, kolore gorriaren zertzelada bat dauka, oso diskretua baina kolore honekin biolentzia islatu nahi dut, odolarekin lotutakoa. Goiko aldea da piezaren bigarren zatia: kobrezko barila batekin bereizten da. Eta barilaren amaieran, hau da, goian, ilea dago. Ilez egindako bola bat dago barilaren amaieran, eta honek emakumea errepresentatzen du: unibertsala, ahalduna, gerlaria…».
Barruko sentipenak kanpora helarazteko, KarmenLaHozek artea erabiltzen du, eta azaldu duenez, askotan artista konturatzen ez bada ere, artea erabiltzen dute, artea bera egiteko. Horretarako, bizipenak beharrezkoak direla ziurtatu du Ibañezek, esperientzia bizi duenak kontatuko duelako benetan erreala dena: «Nik ezingo nuke egin bizi ez dudan zerbaiti buruzko erakusketa bat. Poemagile batek, maitasunari edo desamodioari buruz idazten du, noizbait hori bizi izan duelako, eta barru-barrutik ateratzen zaio hori. Artearekin hori gertatzen da, bizitako zerbait ez bada, obra edo lana hotza izango da. Bizitzako hainbat gertaera kontatzeko, esperientzia behar izaten da, baina ez beti, noski. Eta ez du zertan hitzen bidez izan behar, artistikoa ere izan daiteke. Nire kasuan, hainbat material uztartuz islatzen dut barruan dudana».
Still Live osatzen duten piezek, heriotza eta bizitza jartzen dute erdigunean, orden honetan gainera: heriotzatik bizitzara. «Honekin esan nahi dudana da, heriotza maila baxuena dela eta bizitza, berriz, altuena, eta hor dago dena, zehaztu ezin daitekeen guztia. Heriotzetik eta, kasu hauetan, feminizidiotetatik ernaltzen da berriro bizitza. Eta hori da irudikatu nahi dudana. Horrez gain, oso garrantzitsua iruditzen zait ilea. Obraren zati garrantzitsuena iruditzen zait, izan ere, ilea benetakoa da, indarkeria matxista jasan duten emakumeena, eta ez dira gutxi».
Hunkituta, feministak argi utzi du ileak identitatea duela, eta horrek indarra ematen diola piezari: «ileak bizitza du, ADNa daukagu ilean, gizatiarra da. Horrez gain, emozioak, bizipenak, esperientziak eta beste hainbat sentipen transmititzen ditu. Guzti honek aukera ematen die agenteei* pieza ulertu eta piezarekin elkarrizketa bat eduki ahal izateko».
Still Live lana horizontala da, berdintasuna islatzeko erreminta, hain zuzen ere: «Biterin jarri dudan lan honek ez du erabilera zehatz bat. Honekin esan nahi dut, orokorrean, gizonezkoek eskultura bertikalak erabiltzen dituztela, forma falikoa dutenak, nagusitasuna erakusteko helburuarekin nolabait. Baina nire instalazioa alderantzizkoa da, horizontaltasunean, eta honekin berdintasuna islatu nahi dut. Erakusketa honetan, norbanakoek piezekin lotura haundia izan dezakete, binkulo emozional sakonak sortuz. Sortutako obra hau kanpoan ez da ikusiko, behin erakusketa gelara sartzean, esan dezaket, gu ere pieza bilakatzen garela, ondotik pasatzean piezak ikusiz eta hauek sentituz».
Inspirazioa, barrenetik
Kronikak inspirazioa nondik datorkion galdetu dio artista feministari, eta honek beste galdera batekin, erantzun dio: «Poemagile bati, nondik datorkio idazteko joera edo idazteko inspirazioa». Carmenek berak, emozio guztiak kanpora atereaz, «bizipenetatik» erantzun dio galderari: «pieza edo lan bat sortzen dudanean, genero indarkeriarekin lotuta, edo sistema patriarkalari buruz, uste dut atzean motxila bat daramakitelako dela. Errealitatea da, emakume askok eta askok jasan dugula genero indarkeria, izan psikologikoa, izan fisikoa… baina batik bat, ikusi egin dugu, indarkeria matxistaren testiguak izan gara. Urte asko igaro dira gizona emakumea zapaltzen hasi zenetik, eta gaur egun oraindik, zoritxarrez presente dagoen gai bat da, errealitate krudel bat eta benetan gertatzen ari dena. Gainera, gertatzen da askotan, indarkeria egoera txiki-txikitatik ikusten dela. Demagun, emakumezko batek janaria prestatzen duela, eta gizonezkoak dio: ez zaizu ondo atera. Hor atzean, badago indarkeria bat». Adibide hau aipatu bezain laister, artistari duela egun batzuk gertatutako pasarte bat etorri zaio burura: «Instagram kontua dut eta bertan nire lanak igotzen ditut. Lagun batek, aipatu zidan margolari baten koadro batekin interesa zuela, eta, juxtu, Instagram bidez jarraitzen genuen elkar, eta nik egin nuen bitartekari lana. Momentu horretan, idazleak aipatu zidan: bitartekari lan honek ze ondo funtzionatu duen, nire agente bilakatu zaitezke!» Esaldia bukatzear, barruko suak atera ditu Carmenek, eta ozen esan du: «ni artista naiz! Eta agentea izatekotan… nik esan beharko dut, eta ez zuk!».
Egunerokotasunean, honelako «ehundaka» iruzkin daudela ziurtatu du Ibañezek, azpimarratuz, nahiz eta egoera «txikiak izan, motxila batean daramakigu eta motxila honek, sekulako pisua du». Horregatik, artistak eta feministak, argi du artearekin borrokan jarraitzeko mezua helarazi nahi duela, artea horretarako erabiltzen baitu Ibañezek, ideiak lau haizeetara helarazteko.
Piezak amorruaren eta minaren ispilu
Amorrutik eta minetik sortutako obra bat da Still Live: «gai honi buruzko erakusketak egiten ditudan momentutik, barruan zerbait dago, eta ez da plazerra. Beraz, bai, zeuk esan bezala esan dezaket badagoela amorrua eta mina. Izan ere, injustizia batean bizi garenaren sentsazioa ez da xamurra».
Elkarrizketak injustizien ildotik jarraitu du, eta aspaldiko garaiak ekarri ditu Ibañezek, errepikatuz, emakumea zapaltzeko joera aspalditik datorrela: «Biblian bertan, sortzearen pekatua emakumeari egotzi zitzaion. Beraz, sinestuna denak, Biblian kontatutakoa irentsiko du, nahiz eta emakumea kulpabilizatu, jendeak irakurri egingo du, eta ez du hau zalantzan jarriko. Eta honek denboran iraun du, eta kalterako izan da».
KarmenLaHozek, indarkeria matxista islatzen dituen ehundaka lan sortu ditu, eta haien artean, harrotasunez lan bat goraipatu du: Seis personajes en busca de autora izenekoa. Bertan historian garrantzitsuak izandako sei gizon aipatzen dira, tartean honako hauek: «Enrique Octavo erregea, odol zalea; hainbat emakumerekin harremandu zen, eta horietako bi hiltzeko eskaera egin zuen, inolako erru eta arrazoirik gabe. Beste pertsonaia bat, Quevedo idazlea zen: honek sekulako astakeriak kontatzen zituen emakumeei buruz, arrazoirik gabe. Hirugarren pertsonaia Cant zen, filosofoa: berak idatzi zuen estetika. Eta emakumea gutxiesten zuen, esanez, maila baxuago batean zegoen izakia zela. Laugarren pertsonaia Darwin, eboluzioaren teoria sortzailea zen. Berak zioen, emakumea gizonaren menpekoa zela. Pertsonaia hauez gain, Munilla apezpikua ere ekarri nuen gogora, mende honetako norbait ere aipatu nahi nuelako. Munillak feministoi deabru gisa izendatu gaitu. Beraz, pertsonaia hauekin, islatu nahi nuen, emakumea zapaltzeko joera aspalditik datorrela».
Historian zehar, ahots haundia izan duten pertsonaiak izan dira aurrez aipatutakoak, eta horrexegatik ekarri zituen Carmen Ibañezek bere obra batera: «ondoko bizilagunak emakumeei buruzko iruzkin oker edo desegoki bat egiten badu, ez du eragin haundirik izango gizartean, orokorrean esan nahi dut. Baina, aldiz, aipatutako pertsonaia hauek izugarrizko ahotsa izan dute, eta horrek eragina izan du. Batzuk, esango didate, aipatutako adibideak beste garai batzuetakoak direla. Baina konturatu behar gara, garatzen joan dela, gaur egunera heldu arte».
Horrexegatik, Ibañezek emakumeak pairatutako errealitateaz elikatzen ditu egindako lan asko: «garai haietatik sortu da mundu bat irreala, gizonezkoen eskuetan utzi dena eta sortu da literatura bat faltsua dena. Emakumeari ez baitzaio arnasten utzi. Beti egon da emakumea etxeko lanetara lotuta, edo hierarkia altuagoko emakumeen kasuetan, baimena izaten zuten festetan ibiltzeko, besteak beste. Gainera, oso maiz gertatu da nahiz eta gizonezkoa saritu lan batengatik, horren atzean, emaztearen laguntza egon dela, eta kasu asko eta asko daude», eta esaldiari amaiera eman dio, ozen aldarrikatuz: «borrokan jarraitu behar dugu injustizia hauekin amaitzeko!»
Erakusketaren izena eta soinua
Ingelesezko izena jarri dio artista hernaniarrak erakusketari, eta arrazoia argi azaldu du: «ez naiz ingelesean aditua, baina nire lanerako egokia iruditu zait. Izan ere, Still live-ek, esanahi bikoitza du. Itzulpena da: oraindik bizirik. Still live izenean, sujetua ez dago: ‘they’. Eta sujetua jarriz gero, They still live, oraindik bizirik diraute esan nahi du. Erakusketa honetarako, beharrezkoa ikusten nuen ingelesera jotzea.
Izenaz gain, soinuari garrantzia eman dio Ibañezek, eta aipatu du Still Live erakusketarako berak sortu duela musika: «urte honetan nik egin dut erakusketari lagunduko dion soinua. Joan den urtean, artista batek egin zidan erakusketa beteko zuen musika, baina nire ustez ez nuen asmatu. Beraz, urte honetarako, eta Biterirako, hain zuzen ere, pentsatu dut, nik neuk egitea soinua». Beraz, horretan jardun du buru-belarri artistak. «Soinu honek hainbat emozio eta bizipen kontatuko ditu, adibidez: etxeko lanak egiten ari zarenean dauden soinuak, besteak beste. Soinu hauekin, adierazi nahi dut biolentzia, tentsioa, errepikapena, urduritasuna…. Gainera konturatu naiz artistak berak sortutako obra edo lan batek eduki behar duen doinua, sortzaileak berak eraikitakoa izan behar duela, ez baitu beste inork obra hain ondo ezagutuko. Eta egiten dudan lehen aldia da, esperientzia berri bat izan da niretzat. Nik dakit zein doinu doakion ondo pieza bakoitzaren arimari. Beraz, ondorio horretara heldu nintzen, obra nik sortu dudanez, obra horretako hitzak ere nik sortu behar nituela pentsatu nuen, eta halaxe egin dut».
Aurrera begira, argi du KarmenLaHozek borrokan jarraitu behar duela, indarkeria matxistak gure artean jarraitzen duen bitartean. Nahiz eta sortzea den bere benetako pasioa, datozen urteetan feminizidioei buruzko lan gehiago ez egitea da artista hernaniarraren desira: «horrek indarkeria matxistaren amaiera iragarriko baitu».
*Carmen Ibañezek, ikuslegoa eta agenteak bereizi egiten ditu, hainbat arrazoi tarteko, eta noski, azaldu egin ditu. Ikuslea, zerbait ikustera doa, zerbaiten esperoan dago, begietatik sartuko zaion zerbaiti itxaroten ari da. Aldiz, agenteak, interaktuatu egiten du. Beraz, Ibañezek, erakusketara etortzen diren ikusleak, agente gisa izendatzen ditu.