Erreportajeak

«Xakeak daukan ezaugarri polit bat da, niretzat, zeure buruaren aurka ere jokatzen duzula»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 19a, 00:00

Iker Mendibil hernaniar xakelaria, pasa den urteko banakako txapelketan.

Gros Xake Taldearen egoitzan Gipuzkoako Banakako Txapelketak jokatu ziren urtarrilean, eta tartean aritu zen Iker Mendibil Santamaría hernaniarra. Bigarren mailan, lehenengo postua lortu zuen. Kronikak xakelariarekin jardun du hitz eta pitz, eta sekulako pasarteak kontatu ditu hernaniarrak, txapelketari buruz, esaterako. 

Gipuzkoako Banakako Xake Txapelketan, bigarren mailan, lehenengo postua lortu zenuen. Espero zenuen? 

Egia esan ni jolastera bakarrik joaten naiz, inolako helburu finkorik gabe. Joan den urtean aurrenekoz jokatu nuen txapelketa hau, eta ez nuen oso ondo pasa. Oso luze egin zitzaidan, eta asko aspertu nintzen. Hala ere, oso paper ona egin nuen, eta aurten ere apuntatzea erabaki dut, eta emaitzak onak izan dira. Erronka gisa hartu dut urte honetakoa, baina egia da ez nuela irabaztea espero, jolastu egin nahi nuen, besterik gabe. 

 

Noiz izan zen txapelketa ofizial batean parte hartu zenuen lehen aldia? 

Egia da txikitatik jokatu dudala xakean, gutxi gorabehera 6 urtetatik 12 urtetara bitartean. Gero egon zen denbora luze bat xakea utzi nuena, baina duela bost urte berriro hasi nintzen xakean murgiltzen, 22 urterekin. Lehen, Hernaniko Zumitza jatetxean xake txapelketak egiten ziren, eta bertan heldu nion berriro xakeari. Baina txapelketa ofiziala, joan den urtekoa izan zen lehena. 

 

Garaipen honek suposatu du lehen mailara salto egitea. Zer da hau zuretzat? 

Egia esan behar badizut niretzat ez da sekulako aldaketa, berdin-berdin nago. Motibazio aldetik, beharbada haundiagoa izango dut, maila altuagoko jokalariekin jokatuko dudalako. Ni jolastera noa eta hori da niretzat garrantzitsua. Xakeak daukan ezaugarri politena, niretzat behintzat da, zeure buruaren aurka ere jokatzen duzula. Saiatu behar duzu posizio bakoitzean ahal dituzun jokaldi hoberenak egiten, ez duzu aurkariak egindako akatsaren menpe egon behar. Gertatzen bada noski, zure onerako izango da, baina hasieratik zurera joan behar duzu, zure jokora, ahalik eta ondoen. 

 

Xakeko zaletasuna, txikitatik datorkizula aipatu duzu lehen. Badakizu nola sortu zen? 

Gogoan dut, 5 urterekin Gasteizen bizi nintzela, eta etortzen ginela aiton-amonei bisita egitera, Donostiara. Asteburu horietako batean, aitonak xakean jokatzen erakutsi zidan, eta esan dezaket mundu bat ireki zitzaidala, edo tira, afizio bat. Asko gustatu zitzaidan jokoa, bitxia iruditu zitzaidan. Hernanira etorri ginenean bizitzera, gurasoei eskatu nien xakean apuntatzeko. Gainera, xakean hasi eta gero, nire amona ere apuntatu zen, eta izugarrizko ‘pikeak’ izaten genituen. Gogoan ditut amonarekin pasatako larunbat arratsaldeak, xakean jokatzen aritzen ginen lauzpabost ordu, bazkalondorenean.

 

Beraz, esango zenuke xake zaletasuna, edo afizioa, familiarekin lotuta dagoela? 

Bai, xakea lotzen dut askotan familiarekin pasatako momentuekin, momentu ederrak etortzen zaizkit gogora, goxoak. 

 

Gertatu zaizu berandu iristea partidaren batera, edo  ez iristea? 

Ba beste pasarte batekin erantzungo dizut galdera hori. Esan dezaket, gainera, nire xakeko anekdotarik onena eta surrealistena dela. Azaroaren 12a zen, eta joan nintzen Bilbora lagun baten etxera, eta kontzertu batzuk ikustera. Hurrengo egunean, nire urteak ziren eta txapelketa neukan. Tragoak asko xamar luzatu ziren, eta gaua hankaz gora jarri zitzaidan. Hurrengo egunean, Donostiara etorri nintzen, arratsaldean partida neukalako, eta etxean, siesta egin nuen. Bazkari familiarra geneukan, eta pentsatzen nuen esnatuko nindutela, eta ez zen horrela izan. Esnatu nintzenerako, gaua zen. Orduan, neure buruari sekulakoak bota nizkion; izan ere, partida hura irabazten banuen zuzenean lehen mailara igoko nintzatekeen matematikoki, lehenengo postuan gelditzeko aukerarekin. Baina bat-batean, txapelketako kide batek deitu zidan, Zorionak emanez. Ni harrituta, azaldu nion ez nintzela azaldu partidara, baina berak esan zidan nire aurkariak deitu zuela, esanez gaixo zegoela eta ez zela agertuko. Orduan zuzenean ni izendatu ninduten irabazle, nahiz eta ez aurkeztu! Ez dakit xakeko munduko txapeldunak ere izango duen horrelako errekorrik! 

 

Xakean hasi direnei gomendiorik?

Presiorik gabe aritu daitezela, eta joango direla hobetzen. Modu natural batean hobetzen da xakean, jokatuz eta jokatuz, zeure burua eta xakea geroz eta gehiago ezagutuz. Xakean hasteko baldintza bakarra ikusten dut nik: gustuko izatea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!