Master Txapelketako finala jokatuko du gaur Endika Barrenetxea hernaniarrak, buruz buru. Imanol Ansa urnietarra izango du kontrario, Galarretan, arratsaldeko 15:15etan hasiko den jaialdian. Modalitateko egungo txapelduna izanik, Barrenetxea da faborito, baina ez du presio gehigarrik nabaritu; are gehiago, aitortu du harrituta dagoela aste honetan izan duen lasaitasunarekin. Horri gehituta fisikoki «ehuneko ehunean» dagoela, eta teknikoki «konfiantza haundiarekin», beste txapel bat janzteko asmoz aterako da kantxara; baina badaki kontrario «arriskutsua» daukala aurrean.
Finalaz, pelota aukeraketako bitxikeriez, bere kirol ibilbideaz, Eugenio Aranbururen heriotzaz, Oriamendiren egoeraz edota e-Remonte enpresarekin izandako harremanaz aritu da hernaniarra, Kronikarekin.
Masterreko finala daukazu gaur, eta dagoeneko jokatu dituzu batzuk, buruz buru. Presio gehiagorekin, orain?
Egia esan, ez. Ni ere harrituta nago, neure buruarekin. Inoiz sentitu ez dudan lasaitasun bat sentitzen ari naiz. Fase desberdinak izan ditut nire kirol ibilbidean. Aurreneko finalak izugarrizko tentsioarekin bizi nituen; oso gaizki pasatzen nuen. Ondoren, nire ibilbidearen erdibidean edo, momentu batzuetan lasaitasun puntu batekin iritsi naiz finaletara, eta ikusi dut oso emaitza onak eman dizkidala. Final horietan jantzi ditut txapelak. Buruz buruko aurreneko txapela lortzeak, nire buruarengan sinesten lagundu zidan; eta zer esanik ez bigarren honek. Harrigarria da, batzuetan txapelek ematen duten lasaitasuna. Orain, nire buruari galdetzen diot, zenbat ari zaidan aldatzen, egun hauei aurre egiteko modua. Eta alde batetik, beldurra ematen dit, ez dudalako gehiegizko konfiantza izan nahi. Beraz, nahiz eta jakin finaletara hobeto iristen naizela eta konfiantza gehiago dudala nigan, buruan izan behar dut kontuz ibili behar dudala.
Lasaitasun hori, ilusio faltarekin lotu dezake jendeak...
Hala interpretatu liteke, bai. Eta aurretik egon diren txapeldunek, esan izan dute, goran mantentzea dela gehien kostatu zaiena. Ez da lana egiteko gogoa joaten zaizula, baizik eta ilusio hori gutxitu egiten dela. Nik ez dut hori nabaritu oraindik, eta ez dut nabaritu nahi. Ez nuke nahi, orain sentitzen dudan lasaitasun hau, izatea ilusioa galtzearen hasiera. Hori da une honetan daukadan kezka.
Goran mantentzearena aipatu duzu, eta zuk dagoeneko lortu duzu, azkeneko urteotan.
Lanaren emaitza da hori. Pelotari guztiok izaten ditugu piko batzuk, eta ikusi dezakegu, adibidez, Juanenearen kasuan: duela bi urte, buruz buru sekulako maila eman zuen, baina ordutik kosta egin zaio mantentzen. Beraz, zentzu horretan, pozik nago lortzen ari naizelako maila horretan mantentzea. Baina konturatzen naiz, era berean, bidearen erdian nagoela oraindik. 31 urte dauzkat, eta erremontisten artean, 33 urtetik aurrera oso urte onak izaten dira, orduan uztartzen direlako gorputza eta burua. Orain arte ere, lanketa haundia egin dugu denean, eta gorputzak beti eman du berea, baina burua aldatu da gehien. Eta ondo kontrolatu nahi ditut 'tenpo' horiek: ilusioa eta garaipen gosea mantentzea. Hori ikasi dezakegu Javier Urrizarengandik. Irabazi eta irabazi, eta hala ere, hurrengo txapelaren bila dijoa gose berdinarekin. Nik nabaritzen dut, izatez ez daukadala izaera hori. Nire helburua ere ez zen, inoiz buruz buruko txapeldun izatea. Estelar batzuk jokatzearekin nahikoa nuen. Aita profesionala izanda, nik ere profesionaletan egon nahi nuen, eta beharbada txapelketaren bat jokatu. Inoiz binakakoa irabaztea, noizbait amestu izan nuen. Eta horixe irabazi nuen aurrenekoa, 22 urte nituela, Javier Urrizarekin batera. Baina buruz burukoa irabaztea pentsaezina zen. Eta orain, aldiz, konsziente naiz beste behin irabaziz gero, errekor bat jarriko dudala, buruz buruko txapelketa gehien irabazi dituen atzelaria izanda. Hori asimilatu eta ondo kudeatzea dagokit orain.
Fisikoki, nola iritsi zara finalera?
Kolpe haundi bat jaso nuen abenduan; eta ez nintzen konturatu, baina klabikula zentimetro bat desplazatu zitzaidan gorantza. Sekulako mina sentitzen nuen, baina uste nuen besoko mina zela. Eta halako batean, joan nintzen medikuarenera, eta esan zidan tokitik mugituta neukala klabikula. Masajeekin eta manipulazio batzuekin, klabikula jaitsi zidan azkenean, eta besoa ere berehala lasaitu eta jaitsi zitzaidan, horrekin batera. Duela hilabete inguru izan zen hori, eta beste 20 egunez aritu naiz masajeak jasotzen, guztiz bere onera ekartzeko. Baina ordutik, daramazkit 15 egun inolako minik gabe jokatzen. Aritz Zubiriri esaten nion aurrekoan, ez nekiela orain arte sekula jokatu dudan minik gabe. Beti daukazu zerbait, kirolari guztiei gertatzen zaie, eta lanaren parte da. Baina inolako minik gabe nago orain, ehuneko ehunean. Sasoi bete-betean sentitzen naiz. Uste ez dudan pelotak jasotzera iristen naiz, pelota oso bizi ateratzen zait xextotik... Beraz, badauzkat urteak aurretik, kexatzeko minarekin jokatzen ari naizela, edo ez nagoela ondo; baina oraintxe ikusten naiz %100ean fisikoki.
Eta teknikoki, joko aldetik?
Konfiantza haundiarekin ari naiz. Ez dut izan udaran bezainbeste denbora, buruz burukoa prestatzeko. Eta partidu gutxi direnez, hobetzen joateko aukera ere ez daukazu. Gustatuko litzaidake beste hilabetez aritzea buruz buru jokatzen, eta beharbada, orduan egongo nintzen nire kirol ibilbideko unerik onenean. Are gehiago, udarara begira, buruan daukadana da orain nagoen bezala iristea, horrela bada asko jokatu dezakedalako.
Asteartean aukeratu zenituzten finalerako pelotak...
Bai, eta bitxia izan zen pelota aukeraketa. Ni joan nintzen semifinaleko pelota berdin-berdinak aukeratzeko asmoz, oso ondo moldatu nintzelako. Pixka bat kosta zitzaidan hori lortzen. Baina anekdota Imanol Ansarekin gertatu zen. Aurreneko aldia da horrelako final batera iristen dena, eta ikasiko du; baina bosgarren koadrotik probatu zituen pelotak. Eta ezin dira probatu pelotak hortik, ez duzulako alderik ikusiko. Atzeko koadroetatik egiten dira pelota aukeraketak, erremontean. Oso lehorra edo oso bizia behar du izan pelota batek, bosgarren koadrotik probatuta antzemateko. Beraz, ez dakit nolakoak diren bere pelotak. Borobilak dira... Beraz, ziurgabetasun puntu batekin joango naiz finalera, ez dakidalako zer nolako pelotak aukeratu dituen berak.
Ez zuen nahita egingo, zuk ziurgabetasun hori izateko...
Auskalo. Baina nik, behintzat, badakit zer nolako pelotak dauzkadan. Gutxienez, sei pelotatik hiru ezagutzen ditut; berak, bakar bat ere ez, ez dituelako guztiz probatu. Agian ondo aterako zaio, eta aukeratu dituen pelotak sekulakoak izango dira... Finalean jakingo dugu. Beste edozein partidu ere, horrela jokatzen dugu, intendenteak jarritako pelotekin. Momentuan ikusi eta probatzen ditugu, eta minutu gutxitan egokitu behar dugu, pelota horiekin moldatzeko.
Eta pelotak alde batera utzita, nolakoa izan daiteke finala, Imanol Ansaren kontra?
Oso pelotari arriskutsua da. Ni izango naiz faborito, eta apustuak nire alde aterako dira. Baina berari dena edo ia dena ondo ateratzen bazaio, ez dut aukerarik izango. Eta alderantziz berdin, nik dena ondo eginez gero, berak ezingo dit irabazi. Printzipioz, aukera gehiago dago ni izateko neure onenetik gertuago ibiliko naizena; baina egunak agintzen du. Pertsonak gara, gertatu daiteke gau txarra pasatzea, zentratuta ez egotea... Aurrean izango dut kontrario bat, edozer egiteko gai dena, eta bere onena emanez gero, posible da niri erraz irabaztea. Oraindik asko dauka hobetzeko mentalki, eta nire burua ikusten dut islatuta beregan. Niri ere, gorputzak beti erantzun dit ondo, baina lanketa psikologikoagatik egin dut gora.
Momentu zailean dator finala. Kolpe gogorra izan zen Eugenio Aranbururen heriotza, Galarretarentzat...
Oso oso kolpe gogorra izan da. Ni jaio baino urtebete lehenagotik zegoen bera kantxa barruan, epaile bezala. Denok ezagutu dugu Eugenio erremontearen barruan, eta uste dut, ni profesionaletan nagoenetik aritu diren erremontista guztiek, esango luketela Eugenio izan zela erremontearentzat existitu daitekeen epailerik onena. Oso lasaia zen, ez zen urduri jartzen erabakiak hartzerakoan; eta behin erabakia hartzen zuenean, ez zegoen atzera bueltarik; berdin Koteto Ezkurra izan, Javier Urriza... Beti uzten zituen garbi bere arauak. Horietako bat zen erabakiak ez aldatzekoa. Buelta ematearena zen beste bat. Kontrarioak enbarazu egiten bazizun, baina pelota jotzen bazenuen, ez zuen buelta emango; baina ez bazenuen pelota jotzen, buelta emango zuen. Horrelako irizpideak oso garbi zeuzkan, oso espezifikoak erremontearentzat; eta denak betetzen zituen. Hori gozada bat zen pelotariontzat, denekin zeuzkalako irizpide berberak. Eta bestetik, maisua zen momentuak kudeatzen. Partidua bukatzean, batek irabazten du eta besteak galdu, eta biak egoten dira aldagela berean. Irabazlea dago gorenean, eta galtzailea bajuenean. Normalean, su txiki bat dago galtzailearen inguruan, eta edozein komentario izan daiteke gasolina, hori pizteko. Eta egoera horiek oso ondo irakurtzen zituen, bakoitzari zer eta nola esan; eta su txiki horri, ura botatzen zion berak.
Kantxa barruan ere laguntzen zizuen berak...
Bai, uneoro. Esker hitzak besterik ez dauzkagu berarentzat. Erremontean izan den epaile onena bakarrik ez, botilero eta lagun haundi bat ere galdu dugu. Pelota aukeratzera joaten zinen bakoitzean, Eugenio ez zen ixilik egoten. Ez zuen inoiz sobera hitz egiten, baina beti esaten zizun zerbait. Zalantzan ikusten zintuen, eta berak argitzen zizun zalantza, detaileren bat ikusita. Eta listo, erabakia hartuta zeneukan; gainera, konbentzimendu haundiagoarekin, berak esanda. Horrek lagundu egiten dizu jokoan ere, konfiantza ematen dizu. Eugeniok beti zentzu positiboan esaten zituen gauzak, bera ere erremontista izan zelako, eta bazekielako zer entzun nahi duen pelotariak. Zoragarria zen Eugenio.
Aurpegi berriak ere badauzkazue, Aldabe, Azpiroz eta Ezkurraren bueltarekin. Zer ekarriko diote Galarretari?
Estelarretako multzoa osatu eta sendotuko dute. Konturatu behar dugu, Javier Urriza kenduta, estelarretan gabiltzanak oso talde gaztea garela. Ibilbide luzea daukagu aurretik. Eta horrek lasaitasun bat ematen du, pentsatuz erremonteak urte onak izan ditzakeela. Zeberio, Koteto, San Miguel, Urrutia... zeudenean, estelarrak ondo osatuta zeuden, eta pixkanaka sartu ginen gazteak. Baina momentu batean, bazirudien zuloa egon zitekeela atzetik. Eta bat-batean, azaldu da Imanol Ansa, adibidez, estelarretako jokalaria dena eta izarra izango dena. Sentsazio bera daukat Josetxo Ezkurrarekin. Xabier Azpiroz ere estelarretako atzelari bezala ikusten dut urte askotarako, eta Iban Larrañaga ere bai. Beraz, orain bueltatu direnek, erabat osatu dute estelarretako taldea, kolpetik. Eta aipatu nahiko nituzke Julen Loitegi, Odei Arregi eta Ugaitz Susperregi. Loitegi estelarretako pelotaria da, eta apustua egingo nuke, lau urte barru izarra izango dela. Gainera, jokalari berriak ere izango ditugu aurten. Hemendik hilabete batera edo, afizionatuetan sekulako maila ematen ari den atzelari batek egingo du debuta.
Hortaz, hiru fitxaketa berriekin kolpean sendotu dugu estelarretako multzoa; eta daukagu beste multzo bat, atzetik datorrena, hiru-lau urte barru finkatuta egongo dena. Eta hori oso pelota da. Orain, haien ondorengo taldea prestatu behar dugu, beti izateko babes hori.
e-Remonte enpresa sortu zenean, Oriamendiko hainbat erremontista joan ziren, eta hiru bueltatu dira orain. Oriamendiren proiektuaren sendotasuna erakusten du horrek?
Hala iruditzen zait. Bi proiektu ezberdin zeuden, erremontista bakoitzak baten edo bestearen alde egin zuen; eta egungo egoerak erakutsi du, Oriamendiren planteamenduak adierazi duela profesionaltasuna. e-Remonteren planteamendua zen, nire ustez, modalitate honen kudeaketa ezagutzen ez duten pertsonek egindakoa; interesgarria bai, baina gauzatu ezin daitekeena. Gauzak oso erraz ikusten dira kanpotik. Beraien planteamendua zen, Madrilen eta Bartzelonan jokatzea astebururo. Eta guk, guretik, bagenekien hori ez zela bideragarria. Euskal Herrian nahikoa kostatzen da frontoiak betetzen; eta gastu haundiak dauzka mantenuak, frontoia gurea izanda ere. Eta Madrilen eta Bartzelonan jokatuta, gastuak bikoiztu egin daitezke. Ez dakit nolako arrakasta espero zuten... Gu joaten ginen bi hirietan jokatzera, baina urtean behin. Horrela beteko duzu frontoia, baina astebururo...
Aurreneko bileretatik, esan genien oso ondo ikusten genuela proiektuarekin saiatzea, eta aberasgarria zela beste proiektu bat egotea. Noizbait elkarlanean aritu bagintezkeen, primeran. Noski, guk etxekoa babestukoa dugu, logikoa den bezala. Aurrerago, bileraren batean, esan omen zuten lau bazkide zirela, horietako bi inbertsoreak; beraiek arduratuko zirela baliabide ekonomikoak jartzeaz, baina ez zutela bere burua aditzera eman nahi. Hori ikusita, gure erremontista batzuek erabaki zuten enpresa horretara joatea. Orain bi urte pasa dira, eta inork ez daki zein diren bi inbertsore horiek; beraz, seguruenik ez dira existituko. Beste bietatik, Jose Miguel Leache bakarrik dago orain; Jose Miguel Yereguik utzi egin du, ikusi duelako aurreikusi zuten proiektutik ez dutela %10a ere egin, eta ordainketak egiteko arazoak dauzkatela.
Ordutik, guk, gure aldetik, izan dugu gaitasuna oso jende gutxirekin askoz ere hobeto egiteko kudeaketa. Denbora gehiago eskaini diogu, ostegunetako jaialdiak kendu ditugu... Gutxiago bai, baina kalitatea bermatuz eta lanketa sakonagoa eginez. Eta gainera, bi proiektuak mahai gainean jarri zirenean, gurearen aldeko apustua egin zutenek sentitu zuten bere proiektua zela, eta hori izan da gakoetako bat. Hori garbi ikusi zen ETBko 'Erremontari' saioan. Nola inplikatu ziren pelotariak, edozertarako prest. Oriamendiren proiektuaren parte sentitu dira.
e-Remonte enpresak planteamendu sendo bat izan balu, erremontearentzako albisterik onena izango zen. Antolatuko genituen txapelketak elkarrekin, enpresa bakoitzak hiru bikote jarrita, jokatuko genituen partidu batzuk hemen, besteak Labriten, Euskal Jain ere bai... Askotan esan dute prentsan, gurekin elkarlanean aritu nahi dutela. Guk ez diegu prentsaren bitartez erantzun, ez dugulako komunikazioa hortik bideratu nahi. Horrelakoetan, idatzi diegu emailez, gurekin harremanetan jarri daitezen. Baina beraien erantzuna beti oso berandu iritsi da, eta seriotasunik gabeko mezuekin, whatsappetik ariko balira bezala. Surrealista da. Eta gainera, badakigu nola dabiltzan ekonomikoki, besteak beste. Orain beraiekin elkarlanean hasiz gero, horrek guztiak zipriztindu egingo gaitu.