Erreportajeak

«Orain dependentzia daukagu, beti autonomo izan garenean; eta horrek min ematen digu»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 12a, 00:00

1.080 euroko gutxieneko pentsioa izan da pentsiodunen eskakizun nagusia, «baina horri egin diote kasu gutxien».

Informatizazioak, eta aurrez aurreko zerbitzuak teknologia berriekin ordezkatzeak, bereziki kaltetu ditu adinekoak.
Eta hori aldarrikatu eta salatzera atera da kalera, azkeneko hilabeteotan, pentsiodunen kolektiboa.
Miren Clementerekin eta Iosu Gonzalezekin hitz egin du Kronikak, Hernaniko pentsiodunen taldeko bi kiderekin.

Lau urte dira, kalera ateratzen eta antolatzen hasi zirela pentsiodunak, beraien eskubideen eta bizi baldintza duinen alde borrokan. Lau urte, astelehenero Hernaniko Plazan elkartzen, hurrengo pausoak adostu eta herriko kaleetan zehar beraien aldarrikapenak zabaltzeko.

Eta lau urteren ondoren, «oso errebelde eta aktibo» jarraitzen dute, aitortu dutenez. Gaur bertan, Bilbon elkartuko dira Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako pentsiodunak, «pentsio publiko duin, bidezko eta nahikoak» eskatzeko mobilizazioan. Azkeneko hilabeteotan, banketxeetako aurrez aurreko arretarekin daukaten arazoa ere jarri dute mahai gainean, eta indarra hartu du gaiak. Hernanin, mozioa ere aurkeztu zuten Udalean, eta aho batez onartu zen.

Gai horiei buruz, mugimenduaren lau urteko ibilbideaz, adinekoen egoeraz, erakundeen jarreraz edota pentsiodunen sareaz aritzeko elkartu gara Miren Clementerekin eta Iosu Gonzalezekin, Hernaniko pentsiodunen kolektiboko bi kiderekin. Horretarako, galdera sorta zabala prestatu dugu, baina galderarik gabeko elkarrizketa izan da azkenean. Hain daukate mamitua gaia, eta hain barneratua borroka, aurreneko galdera ere erdizka geratu dela, beraiek hitza hartu eta, solasaldi atseginean, gai horiek guztiak kateatu aurretik: Lau urte daramazkizue...

 

Miren Clemente: Lau urte borrokan, bai. Gainera, betiko martxa eta helburuekin, gutxi gorabehera: salatzea politikariek hartzen dituzten konpromisoak, eta gero betetzen ez dituztenak; eta era berean, jendeari horren berri ematea. Pentsioen %0,25eko igoeraren ondoriozko errebeldiarekin hasi ginen, baina ordutik, pixkanaka gauza askotaz jabetu gara, eta asko hazi da mugimendua. Eta une honetan, exijentziaren esparruan gaude, egiten den politikarengatik. Hortxe jarraitzen dugu, borrokan, gorabeherekin. Baina egia esan, jende gutxi elkartzen gara, ikusita zeinen kolektibo haundiari eragiten dion pentsioen gaiak. Konturatu gara, lortu dugula gizartean espazio bat hartzea, eta hori ere bazen gure nahietako bat. Orain arte, ikuspegia izan da jubilatzen zinenean erretirora pasatzen zinela; baina ez da erretiro bat. Bizitzak aurrera jarraitzen du, beste etapa batean sartzen zara, eta aurrera egin behar duzu. Eta lortu dugu etapa honetan ere gure tokia egitea gizartean.

 

Iosu Gonzalez: Pentsiodun guztien kolektiboaz ari gara, eta ez bakarrik adinekoez. Badaude herritarrak, istripu bat edo elbarritasun bat izan dutelako, gazte pasa direnak pentsiodun izatera. Guri buruz gaizki hitz egiten zuten, telebistan edo irratian. Gogoan izango duzue, politikariren bat iritsi zela esatera, onena zela gu hiltzea. Eta jaso genuenean gutun hura, %0,25eko igoerarena, kalera atera ginen. Mugimendu espontaneoa izan zen, aldarrikatzeko hemen gaudela. 

 

Miren: Ez zen aurreneko aldia, gutun hura iristen zena, igoera horrekin. Urtero iristen zaigu, esanez pentsioak igo egin direla, hori ez dugula galduko... Eta, beharbada, pentsatzen dute ergelak garela.

 

«Adinekoek jarraitzen dugu egoten orkestra zuzentzen duenaren menpe. Eta normalean, bere pentsaera izaten da begiratzea zenbat diru kostatzen zaion, nondik murriztu dezakeen...»

 

 

Iosu: Gurea da belaunaldi bat, diktaduraren kontra borroka egitea tokatu zaiona, grebak egin dituena... 18-20 urterekin, etengabeko erasoei egin behar izan genien aurre. Horrek ez gaitu berezi egiten, baina beharbada gutxiago kostatzen zaigu kalera ateratzea. Aldarrikapen nagusia zen pentsioak oso bajuak zirela jende askorentzat, bereziki emakume alargunentzat. Baina ondoren, iritsi zen une bat, eskatu behar izan genuena guri errespetua izatea. Errespetua galdu digute osasungintzan, erresidentzietan... Hitz egiteko moduarekin hasita. Umeei bezala hitz egiten digute mediku batzuek, eta ez gara umeak. Eta errespetu hori izan da, baita ere, banketxeen kontra egitera eraman gaituena. Banketxeetan ere galdu zaigu errespetua, ia herritar guztiei, baina bereziki adinekoei.

 

Miren: Orain izan du oihartzun haundiagoa gaiak, Carlos San Juanek 600.000 sinadura baino gehiago bildu dituelako, Zaharra naiz, ez ergela kanpainarekin. Baina pentsiodunen mugimendutik, iazko apirilean salatu genuen arazo hori, baita Eusko Legebiltzarrean ere. Asko dira babesa eskatzen ari zaizkigunak, medikuak edota erresidentzietako langileak. Aurreko batean, mediku bat gerturatu zitzaigun laguntza eske, berak prejubilatu egin behar izan duelako, sistemak agobiatu egiten duelako. Sistema infektatuta dagoela. Laguntza eskatzen digute, gu kalera ateratzen garelako, eta horrek inpaktua eragiten duelako. Pentsioen gaiarekin, lortu dugu zerbait, eta pentsatu genezake borroka uztea. Baina orain gizartea da inplikatzen gaituena, eta SOS hori bidaltzen diguna. Eta konturatzen gara, gaztetan bizi genuen horrek, eraman gaituela inpultsibo eta errebelde izatera.

 

Informatizazioaren oztopoak

Miren: Errebelatzera eramaten zaituzten gauzak dira horiek. Orain informatika ikasi behar dut zuk erabaki duzulako? Ez da posible ni joatea banketxera, ordainketa bat egitera; eta leihatilakoak esatea ez didala dirua hartuko, ez daukadalako kontu korronterik banketxe horretan. Eta galdetzen diozu non egin behar duzun. Nahi baduzu interneten, erantzuten dizu. Etxera bueltatzen zara, alabari komentatzen diozu, eta berak azkar-azkar egiten du interneten, errekargurik gabe gainera. Hori ez da bidezkoa, eta salatu egin behar dugu. Edota herrietan banketxeetako leihatilak ixtea, eta beste herri edo hiri batera joan behar izatea zerbitzu hori jasotzeko. Nire seme-alabei esan diezaieket zer nahi dudan, baina nik ere izan nahi dut nire autonomia, eta orain dependentzia daukat. Eta dependentzia horrek beldurra sortzen digu. Orain seme-alaben menpe gaude, beti autonomo izan garenean. Horrek min ematen digu, eta ez gara ixilduko. Nahi izan dute guk men egitea, nahi eta nahi ez, eta teknologia berrietan trebatu eta ohitzea.

 

 Iosu: Adineko pertsonen kolektiboa, bozkatzerakoan, beti hartu da kontserbadore gisa, daukana mantentzearen aldeko. Eta hori baliatu dute beti, adinekoek bozkatzeko boterean zegoenari. Baina hori aldatu egin da dinamika hauekin, eta adinekoek bozkatzen diote benetan nahi dutenari. Denak gara herritarrak, eta denak gaude prest protesta egiteko eta kolaboratzeko. Informatikaren modernizazioak, tranpa dauka. Administrazioa bera, Europako akordioen arabera, duela 10 urte informatizatu behar zen, baina ez dute egin, ez zitzaielako komeni. Denak goaz berandu informatikaren modernizazio horrekin. Eta eztabaida zentratzea adinekoen trebakuntza faltan, ez da bidezkoa, adineko asko daudelako teknologia berriekin moldatzen direnak. Baina zerbitzu publikoek, irekiak eta eskuragarriak behar dute izan, guztiontzat. Jende asko dago, behar bezalako arreta jaso nahi duena. Ez gaude modernizazioaren kontra; horren alde gaude, baina baliabide egokiekin, eta bakoitzak behar duen erritmoarekin. Ez gara gelako tontoak, baina bakoitzak bere erritmoa behar du.

 

Miren: Banketxeetan milaka lanpostu desagertu dira. Pentsatzen dute men egingo dugula, ikasiko dugula internet bidez egiten, eta horrela langileen kostua aurrezten dute. Nik gestio bat egin behar badut internet bidez, ez naiz aurrez aurreko tratua jasotzen ari; autogestioa da hori. Eta hori da banketxeen planteamendua. Bere irizpideak ezarri, eta guk ikasi dezagula. Eta bestela, ordaindu dezagula eskatzen diguten guztia, kontu korronte bat edukitzeagatik bezala. Behartu gaituzte pentsioa edo ordainsaria jasotzera kontu korronte batean, eta orain, urtean kopuru bat kobratzen digute kontu hori zabalik edukitzeagatik. Eta nazkatu egin gara.

 

Iosu: Banketxeek lanpostu asko sortu zituzten garai batean, hazten ari zirelako. Zentzuz jokatuta, hazkunde hori ez zen beharrezkoa. Eta orain, kaleratu egin dituzte asko, edo prejubilatu. Kontu horiek kontrolatu egin behar ditu estatuak: nola dagoen errealitatea, eta zer ari den gertatzen, kalteturik ez izateko edo, behintzat, kaltetuak ez izateko beti berdinak.

 

«1.080 euroko gutxieneko pentsioarena da gure eskakizun nagusia, eta aldiz, kasu gutxien egin diotena. Pentsiodun bakoitzak jaso behar du modu duinean bizitzeko adina, gutxienez»

 

 

Miren: Langileei esaten diete 67 urterekin jubilatu behar dutela, baina banketxeetan, oraindik ere, 60 urte baino gutxiagorekin ari dira prejubilatzen. Eta horiek ere pentsiodunen poltsan sartzen dira. Banketxeek kopuru bat ordaindu arren, Gizarte Segurantzaren poltsatik ere jasotzen dute. Eta pentsioak ordaintzea hain garestia bada, zergatik baimentzen dute banketxeetan 52 urterekin prejubilatzea? Eta zuri, aldiz, zigorra jartzen dizute 65 urterekin jubilatuz gero. Sekulako kolpea ematen dizute, eta ordainsariaren %65a ere kentzen dizute. Banketxeek estatuaren baimena daukate horretarako.

 

 

Haurrak eta adinekoak, «etekinik sortzen ez duten kolektiboak»

 Miren: Badaude harritzen gaituzten hainbat kontu. Esaterako, pentsioen inguruko lanketa egiteko, ez dute kontatu pentsiodunekin. Oso jende bizkorra egongo da tartean, eta baliabide pila bat izango dituzte; baina kontxo, kontsultatu pentsiodunekin. Baina ez, baztertu egin gaituzte. Eta beti egin dute lan etorkizunari begira. Oso motel bada ere, aurrerapauso batzuk eman dira haurtzaindegiei eta haurrei begira. Baina zer gertatzen da adinekoen egoitzekin? 80 urtez bizitzen gara, baina nolako ezaugarriak dauzkate gure etxeek, bertan bizitzeko? Gure bizimodua atera behar dugu. Oso eragin txikia daukagu sistemarengan, ez gaituzte ezertarako hartzen kontuan. Eta nola beteko dituzte gure beharrak, adinekoen egoitzak ere pribatizatuz gero? Nork kudeatzen gaitu? Izango dugu zeresana guk ere. Gizartearen egiturak guztiontzat izan behar du, eta gu kolektibo haundia gara. 

 

Iosu: Sistemaren eskema garbi dago, erreproduzitu, produzitu eta etekinak sortu. Eta zentzu horretan, etekinik sortzen ez duten bi kolektiboak gara haurrak eta adinekoak. Eta horiek kolektibizatu egiten gaituzte, zentro kolektiboetan sartuta. Eta bien artekoak, gure seme-alabak, dabiltza lanean, etxeko lanekin, seme-alaben zaintzan... Eta garai hori pasatakoan, jubilatzean, bakarrik geratzen dira etxean, badirudi ez daukatela ezer egiteko... Eta nola ematen dute dirua adinekoek? Ba erresidentzien bitartez, hori da negozioa.

 

Miren: Orain, haur gutxiago jaiotzen direnez, hori bultzatu nahi da, eta ematen ari dira aitarentzako baimenak, haurrak izateko dirulaguntzak... Nik lau seme-alaba izan ditut, eta niri ez dit inork saririk eman. Hori sustatu nahi da, baina adinekoek jarraitzen dugu egoten orkestra zuzentzen duenaren menpe. Eta normalean, bere pentsaera izaten da, begiratzea zenbat diru kostatzen zaion, nondik murriztu dezakeen... Eta gainera asko biziko gara, eta zorra eragingo diogu. Politikari hark esan bezala, gu hiltzea da onena, eta horretan lagundu egin die pandemiak, gutako asko joan direlako.

 

Iosu: Panorama hori aldatu egin da. Garai batean, batzuk asko bizitzen ziren, baina gehienen kasuan, izaten zen jubilatu eta hortik gutxira hil, bereziki obran, meatzeetan edo metalurgian aritutakoak. Kontraesan haundia dago. Orain, adineko gehienak kontsumitzaile hutsak gara, jasotzen dugun guztia gastatu egin behar baitugu eguneroko gauzetan. Baina ikusmen urritasun haundia daukate alderdi politiko batzuek, eta nahi dute gu kontsumitzaile izatea, baina ez digute eman nahi bizitzeko nahikorik ere.

 

Miren: Eta ez dugu ahaztu behar, Plazan komentatu izan duguna: gure bilobei ere laguntzen ari garela, gazteentzat ez dagoelako lanik. Gainera, orain errelebo kontratua bertan behera utzi dute, langile bat prejubilatu bai, baina beste bati lana ematen ziona. Eta orain, adineko batzuk etortzen dira Plazara beraien seme-alabengatik edo bilobengatik. Eta hori da errealitatea. Gure ideia beti izan da, irabazitako lau xoxetatik bat gordetzea, etorkizun bat izateko; eta etorkizun hori gazteei ematen ari gara orain, 30 urtera iristen direlako lanposturik izan gabe. Ahal izan dugun heziketarik onena eman diegu, baina ondoren, ezin dute lan egin ikasi duten horretan, eta ahal duten lanbidea hartu behar dute. Eta hori, posible bada, langabezia ere haundia delako.

 

 

Pentsiodunena, sare zabala eta aktiboa

Iosu: Banketxeen kontuarekin, kexak entzuten hasi ginen, eta Plaza Berrin istiluren bat ere izan zen. Orduan, asteleheneroko asanbladan galdetu genuen, urtarrilean, mozio bat aurkeztuko ote genuen Udalean. Aho batez onartu zen, eta idatzia prestatu genuen. Nahi genion Udalari transmititu arazoa, ez baita beste nonbait gertatzen ari den zerbait; Hernanin bertan ere badaukagu. Herritar guztien ordezkaria da Udala, eta haien interesak defendatu behar ditu. Aho batez onartu zen mozioa, eta orain ikusi behar dugu, zer egingo duen Udalak horrekin. Ona izango litzateke, herri osoak izatea horren berri; zer egin duen eta zer nolako erantzuna jaso duen. Eta hortik aurrera, irtenbide bat izan dezala arazoak; edo bestela, ikus dezagula zerk edo nork oztopatzen duen irtenbide hori.

 

Miren: Mozioa orain aurkeztu arren, gaia ez da berria. Joan den urteko apirilean, makina bat idatzi zabaldu eta irakurri genituen, gai horren inguruan. Jendeak bazuen horren berri. Ez bakarrik Hernanin, orokorra izan da. Hemen aldarrikatzen dena Donostian ere esaten da, edo Tolosan, Bilbon... Koordinatuta gaude, denok jakiteko guztiaren berri.

 

Iosu: Euskadin eta estatu mailan, talde asko ari dira lanean. Batzuk arduratzen dira testu horiek idazteaz, eta herri bakoitzean landu eta eztabaidatzen dira, modu demokratikoan. Eta ondoren, erakundeei eskatzen diegu, egin beharrekoak egin ditzala.

 

Miren: Oraindik oso errebelde eta oso aktibo gaude. Pentsioen gaiarekin ekin genion, eta benetan, emakume alargunena bakarrik lortu dugu, beraien pentsioak %52tik %60ra igotzea. Eta hori ere diskriminatorioa da, publikoki onartzen ari direlako emakumeen eta gizonen arteko ordainsarian alde haundia dagoela. Beraz, emakumearen pentsioa, logikoa den bezala, beti izango da gizonezko batena baino txikiagoa, lanbide prekarioak izan dituelako. Eta horren aurrean, zerbait egin behar da.

 

Iosu: Eskaera garrantzitsuenetako bat da 1.080 euroko gutxieneko pentsioarena. Hori izan dadila oinarria, alarguna izan, kaleratutako langilea izan, ama bakarra... Hori da pentsiodunen eskakizun nagusia, eta aldiz, kasu gutxien egin diotena. Ez dute pentsio bera jasoko 20 urtez lan egin duenak edo 40 urtez aritutakoak; baina aurrenekoak, gutxienez jaso dezala modu duinean bizitzeko adina. Pobreziaz ari gara. Zertarako behar dugu pobrezia? Caritasek edota Elikagai Bankuek egiten duten lana, ez litzateke beharrezkoa izan behar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!