Erreportajeak

«Futbola eta areto futbola oso desberdinak dira, errazagoa zela uste genuen»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 12a, 00:00

Uxue Rekondo eta Maialen Goikoetxea, jostailuzko baloi batekin, kaleko futbol kantxa batean.

Maialen Goikoetxea eta Uxue Rekondo hernaniarrak areto futbolean ari dira jokatzen Antiguoko taldean. «Kirol honetan gabiltzan Hernaniko neska bakarrak gara, eta pena da bertan talderik inoiz ez egon izana».

Maialen Goikoetxea eta Uxue Rekondo hernaniarrak areto futbolean ari dira Donostiako Antiguoko taldean. Gaur egun kirol honetan jokatzen ari diren hernaniar bakarrak dira eta etorkizunean kirol honek bultzada bat izan dezan nahi dute. «Hernanin uste dugu bakarrak garela areto futbolean jokatzen dugunak. Lasarte-Orian badaude jokalari gehiago, eta bere garaian taldea ere izan zuten. Hernanin, guk dakigula, ez da inoiz nesken areto futbol talderik egon. Jokatu nahi baduzu, kanpora atera behar duzu». 

Gipuzkoako senior ligan jokatzen dute Rekondok eta Goikoetxeak. «Maila altuagoagoak badaude, baina ez Gipuzkoa mailan, baizik eta Estatu mailan» aipatzen du Goikoetxeak. «Maila altu horietan Ordiziko taldea egon zen» gaineratu du Uxue Rekondok. 

 

«Hasieran zortzi egun agujetekin egon ginen»

Bi jokalari hernaniarrak gazteak dira, 25 eta 26 urte, eta futbola utzi eta areto futbolean hasi ziren. «Fitxarekin aurten hasi naiz, nahiz eta pasa den denboraldian entrenatzen ere hasi nintzen» aipatzen du Rekondok. Maialen Goikoetxeak belaunean lesio larri bat izan zuen futbolean ari zenean eta areto futbolera salto egin zuen. «Añorgan jokatzen nuen, baina biak Hernanin jokatu dugu. Belauneko errehabilitazioan kide batek areto futbola probatu behar genuela esan zidan, Antiguokon talde bat sortzekotan zirela eta. Honela hurbildu ginen eta Uxue ere animatu nuen».  

Hasierak ez omen ziren errazak izan. «Zortzi egun agujetekin egon ginen, ia ezin mugitu», dio Goikoetxeak. «Gure ideia ez itzultzea zen», gaineratu du Rekondok. «Bizitza osoa futbolean aritu eta gero konturatu ginen ez genekiela ezer ere ez areto futbolari buruz», azpimarratu du Goikoetxeak. Uxue Rekondok gogoratzen duenez, «zapatila normalekin hasi ginen eta entrenamendu guztia lurrean pasa genuen. Gainera lesionatu egin nintzen».

Hala ere, talde giroan eroso eta gustora zeuden eta aurrera jarraitzea erabaki zuten. «Gure kasuan talde giro ona izatea da garrantzitsuena».

 

«Areto futbolean ezin da geldirik egon, mugimenduan zaude denbora guztian»

Antiguoko taldea ere berria da. «Aurreko urteko urtarrilean hasi ginen entrenatzen eta taldea 2020ko irailean hasi zen jokatzen. Aurtengoa da lehenengo denboraldi normala, esan dezagun, aurreko urteko denboraldi ez ofiziala eta gero», diote. 

Pasa den urtean otsailetik maiatzera jokatu zen, baina aurtengoa da taldearen lehenengo denboraldia. «Oso gustora gaude. Giro ederra daukagu». Futboletik areto futbolera saltoa ez zen erraza izan. «Oso desberdinak dira, uste nuen erosoagoa izango zela... 'Lasaiagoa da, ez dugu horrenbeste korri egingo', pensatzen genuen gure baitan», baina guztiz kontrakoa izan da. «Ezin da geldirik egon eta denbora guztian mugimenduan zaude». Futbolean deskonektatzeko aukerak daudela diote. «Jokatzen dena intentsitate altuan izaten da».

Areto futbolean oso gustora daude bi jokalari hernaniarrak eta jokalari gehiago animatu nahi dituzte kirol hau probatzera. «Saiatu gara, baina ez da erraza. Areto futbolean lau jokalari eta porterak jokatzen du. Txispa behar den kirola da. Gogoa ere garrantzitsua da. Nahiz eta ez izan jokalari abila mugimenduak dira gakoa. Pistan kokapenak garrantzia haundia du, denek egiten dute eraso eta denek defendatzen dute. Jokamoldea aldatzen da, eta ezin zara alferra izan. Futbolean geratu zaitezke goran atseden hartzen, edo badituzu momentuak atseden hartzeko. Areto futbolean ez, jokoa bizia da; baina bestetik, aldaketak egin daitezke uneoro eta horrek ere atsedenerako tartea ematen dizu. Explosiboagoa da jokoa», azpimarratu dute bi hernaniarrek. Uxuek izan ditu despisteak. «Futbolean aurrelaria nintzen eta batzuetan lasai geratzen nintzen goiko postuetan. Hemen berehala jaitsi behar da defentsara». 

  

«Taldearen helburua Liga eta Kopa irabaztea dira»

Uxue Rekondok eta Maialen Goikoetxeak, helburuei buruz ere hitz egin dute. «Nik ez dut helburu jakinik», aipatu du Rekondok, «baina taldeak bai». Pasa den urteko estreinaldiak eragina izan zuen Goikoetxearen ustez. «Taldea ikusi zen gauza politak egiteko gai zela eta aurten Liga nahiko lasai hasi arren bigarren goaz eta orain helburua irabaztea da», gainera horrek igoera suposatuko luke taldearentzat. «Kopan ere finalerdietan gaude eta irabazi nahi dugu. Gabonetan jokatzekoa zen, baina pandemiaren eraginez atzeratu egin zen», aipatu dute.

Aurkariak Goierri eta Tolosaldea eskualdeetako taldeak dira. «Bederatzi talde gaude eta gu kenduta beste guztiak Tolosaldea eta Goierrikoak dira. Oria bailaran ohitura askoz ere gehiago dute areto futbolean. Ordizia, Laskorain, Idiazabal, Lazkao, Anoeta, Ibarra, Tolosala, Eskoriatza eta Antiguokok osatzen dute txapelketa. Pentsa Eskoriatza eta gu kenduta beste guztiak bertakoak dira».

Neskak areto futbolera hasteko ohitura oraindik garatu gabe omen dago Gipuzkoan. «Goierri eta Tolosaldea kenduta, beste eskualdeetan ez dago ohitura. Zehazki areto futbolean hasi direnak gutxi dira. Gure taldean bertan ia denak futboletik eratorriak dira. Hiru izango dira guztira areto futbolean hasi zirenak futboletik pasa gabe».

 

«Pio Barojan jokatzen ditugu partiduak eta gero eta jende gehiago hurbiltzen da»

Antiguoko elkarteak areto futbolaren aldeko apustua ere egin du azken bi urteetan. «Nesken futbol taldeak martxan jarri dituzte eta horren harira ere etorri da areto futboleko taldea», aipatu du Maialen Goikoetxeak. Mutilen taldea bazegoen. «Deialdi bat egin zuten eta jendea biltzea lortu zuten. Cesar Benito kanpoaren alboan entrenatzen dute, Ategorrietan, baita Asuncion eta Suma ikastetxeetako pistetan eta «partiduak Pio Barojan jokatzen ditugu eta gero eta jende gehiago etortzen da partiduak ikustera». 

Epaile eta entrenatzaile lanetan batez ere mutilak aritzen dira. «Oraingoz ez ditugu ikusi ez entrenatzaile eta ez epaile neskarik. Pixkana ea agertzen diren. Gure taldean badaude taldea sortu zuten bi jokalari entrenatzaile kurtsoa egiten ari direnak. Ea datorren urtean badugun entrenatzaile neska eta klubak aukera ematen duen».

Antiguoko taldea beterano xamarra da. «20 urteko jokalari bat dugu, eta ondoren gero ni naiz gazteena», aipatu du Uxue Rekondok. Zaharrenak 44 urte omen ditu. «Futboleko taldeak baino zerbait zaharragoa da adinez. 32-33, 36, 38... gure belaunaldia da taldeko gazteena. Atezainaren postua ere berezia da. Gure artean esaten dugu areto futboleko atezaina izateko ero ikutu bat behar dela. Eskubaloiko atezainak bezala». 

Uxuek eta Maialenek, areto futbola probatzera animatu dituzte neskak: «kirol erakargarria da. Futbolean irtenbiderik ikusten ez duenarentzat aukera polita da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!