Erreportajeak

«Azken hamar urtetan emakumeen bazkide kopurua laukoiztu egin da Elur Txorin»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 5a, 00:00

Kontxi Urdanpilleta da Elur Txori elkarteko lehendakari berria.

Kontxi Urdanpilleta da urtarrilaren 9tik  lehendakari berria eta postu horretan aurreneko aldiz dago emakume bat elkartearen gidaritzan.  «Normaltasun osoz onartu dute bazkideek nire lehendakaritza».

Elur Txori elkarteak 65 urte beteko ditu aurten eta urteurren bazkaria antolatu dute otsailaren 13an. Urtarrileko bigarren igandean urtero egiten da bazkideen batzar orokorra eta bi urtetik behin zuzendaritza berritzen da. Aurtengo urtarrilaren 9an zuzendaritzaren lehendakari postua hartu zuen Kontxi Urdanpilletak eta Elur Txoriko aurreneko emakume lehendakaria bihurtu da.  

Elur Txori elkarteak izan duen garapena Kontxi Urdanpilleta berak azaltzen du: «Elkartean bost kudeaketa talde osatuta daude eta talde bakoitzak bi urtetik behin hartzen du bere gain elkartearen zuzendaritza. Txandatu egiten gara taldeak eta hamar urtetik behin guri dagokigu zuzendaritza lana. Talde bakoitzean 25 bazkide daude eta bere baitan erabakitzen da bakoitzak zer kargu izango duen. Gure taldeko batzuk proposatu zuten ni izatea zuzendaria. Abenduan egin genuen bilera eta hor planteatu zen ni lehendakari izatea».

Zuzendaritza berriaren organigrama aurkeztu zen batzar orokorrean eta bertan onartu zen. «Hamaika urte daramatzat elkartean bazkide bezala eta beti onartu da zuzendaritza berriaren proposamena». Naturaltasun osoz onartu zen emakumea izatea Elur Txoriko lehendakari. 

 

«Elkarteko diruzaina ere emakumea da»

Elur Txorin aurreneko aldia da hori geratzen dela, baina badago emakumerik beste karguetan. «Orain hamar urte zuzendaritzan egotea egokitu zitzaigunean aurreneko aldiz egon ziren emakumeak taldean. Nik egin nituen idazkari lanak eta diruzaina ere emakumezkoa zen. Elkarteak erdiko organo bat du, zuzendaritza desberdinen taldea. Bilera horretara joaten dira talde bakoitzetik idazkaria eta lehendakaria. Orain bost urteko bilera batean erabaki genuen kontabilitatea eramatea eta elkarteko diruzainaren figura sortu genuen. Hori ere, emakumea da».  

 

«125 bazkidetatik 17 gara emakumeak»

Egoera normalizatua bizi dute Elur Txorin. «Egia da orain hamar urte batzuei arraroa egiten zitzaiela. Elkartean lau emakume bakarrik ginen bazkide bezala. 2006tik izan daitezke bazkide emakumeak Elur Txori elkartean. Aurreneko neska bere aitaren ordez sartu zen eta orduan bai egon omen zen polemikatxoa. 2007an sartu zen bigarren emakume bazkidea bere anaiaren ordez eta ni sartu nintzen 2011n eta gaur egun 125 bazkidetatik 17 bazkide gaude emakumeak». 

Azkeken hamar urteetan 13 bazkide berri sartu dira. «Ez da gutxi. Badaude bazkide batzuk aitortzen dutenak emakumeak ez sartzeko bozkatu zutela, baina gaur egun naturaltasunez ikusten da emakumea elkartean». 

Elkarteak 65 urte ditu eta Kaxkoan dauden elkarteen artean emakumea lehendakaria izaten hirugarrena da Xalaparta eta Santa Barbara ondoren. «Xalaparta sortu zenetik mistoa izan da beti. Santa Barbaran bi emakume izan dituzte lehendakari bezala. Duela zazpi urte estreinatu zen aurreneko emakumea eta orain utzi berri du bigarren lehendakariak». 

 

«Bihar ospatzekoa zen kalderero eguna bertan behera geratu da»

Orain arteko jarduerekin jarraituko du zuzendaritza berria gidatzen duen Kontxi Urdanpilletak. «COVIDaren ondorioz gauzak zaildu egin dira. Kaldereroak bihar egin behar ziren eta bertan behera geratu dira. Eusko Jaurlaritzaren araudia egon ginen begiratzen eta kanpoko ekintzak bederatzietan bukatu behar dira. Kaldereroak ordu horretan hasten dira, beraz ezinezkoa da. Protokoloa ezinezkoa zen betetzea egiten diren jarduera guztiak kontuan hartuta. Gaia aztertu genuen 'La comisión del carro' taldean, hemen dago zuzendaritza desberdinetako jendea eta elkartekoa ez den jendea, eta erabaki zen ez egitea».

Hurrengo jarduera elkartearen 65. urteurrena izango da eta «hori bai, mantenduko dugu otsailaren 13an bazkari batekin. Errazagoa da mantentzea eta neurriak betetzea». Jendeari elkartera joatea gehiago kostatzen zaiola azpimarratzen du Kontxik. «Gutxiago doa, beldurrarengatik, itxita egon direlako elkarteak denbora luzean... Jarduerak mantentzea da helburu nagusia. San Joanetan herri kirolak eta bertso saioa antolatzen ditugu. Azken urteetan bertso eskolak antolatu du, beraiekin hitz egin eta ea laguntzarik behar duten esango diegu. Ikusi beharko da nola gauden garai horretan. Errazagoa da bertso saioa egitea, herri kirol jaialdi bat antolatzea baino». 

Sagardo lehiaketa ere antolatzen du Elur Txorik. «Azaroko lehen larunbatean antolatzen da. Asmoa antolatzea da. Edukiera mugatu egin behar da, baina elkartearen barruan diren ekitaldiak errazagoak dira antolatzen. Leitzako martxa ere antolatzen da, hori ekainean egiten da eta ondoren elkartean bertan da bazkaria. Mus txapelketa aurten ez da egin izenemate gutxi izan direlako arrazoi ezberdinengatik». 

 

«Bazkide beherakada eten genuen sarrera kuota malgutu ondoren eta orain tope gaude»

Elkarteak momentu honetan %60ko edukiera errespetatu behar du. «Arauak aldatzen joan dira eta hilabete askotan itxita egon ziren. Mahai batetik bestera 1,5-2 metroko tartea errespetatu behar da» Horrek eragina izan du elkartean. «Egun batzutan elkartean jenderik ez da egoten eta gero askok egun berdinean joan nahi izaten dugu. Ez da arazo berezirik sortu edukiera mugatzeagatik, nahiz eta seguru asko ezin sartu geratu den baten bat». 

Urteurreneko bazkarian 40 bazkidek hartuko dute parte. «Normaltasun pixka bat lortu behar da. Elur Txorin orain bost urte bazkide beherakada bat gertatu zen, zuzendaritzan neurriak hartu ziren berpizteko, horietako neurri bat izan zen sarrera kuota ordaintzeko malgutasuna ematea. Neurri horrekin gazte asko sartu dira. Emakumezkoak, gizonezkoak... denetarik. Elur Txoriko muga 125 da eta 125 bazkide gaude. Azken urteetan bajak egon dira eta bete ditugu». 

 

«Oso garrantzitsua izan zen lehen emakume bazkidearen papera»

Lehendabiziko bazkide emakumeak ateak ireki eta aitzindari izan zela gogorarazi nahi du Kontxik. «Oso garrantzitsua izan zen pausu hori. Gero besteak atzetik goaz. Modu naturalean eman da pausoa». Beste taldeetan ere badaude emakumeak, «gurean 25etik bost gara emakumeak. Kontuan hartu behar dugu orain 11 urte lau emakume ginela bazkideak eta orain 17. Laukoiztu egin da kopurua eta azken urteetan bazkide berrien artean erdia izango dira gutxi gorabehera gizonak eta beste erdia emakumeak. Aurrera pauso nabarmena da. Hamar urtetan hamahiru bazkide ez da gutxi, alderantziz, nik uste kopuru esanguratsua dela, nahiz eta oraindik 125etik 17 izan neska bazkideak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!