Donostiako Atabal tabernan eskaini zuten lehenengo kontzertua 2013 urte amaieran, eta ia zazpi urteren ondoren, Meltdown taldeak agur esango dio bizitako guztiari martxoaren 18an eta 19an. Iñigo Labatek, Mikel Amundarainek, Bittor Herrerok, Julen Adurizek eta Julen Sarasuak azken kontzertuak eskainiko dituzte taldearentzat «berezia» den Dabadaba aretoan
Kronikak Bittorrekin eta Mikelekin hitz egin du, atzera begiratu eta orain arte bizitakoak gogora ekartzeko.
2013an hasi zenuten ibilbidea eta etapa isteko puntuan zaudete. Nola sentitzen zarete?
M.A.: Cohen taldeko kontzertu batean elkartu ginen, eta bertatik atera zen Meltdown sortzearen ideia. Pentsatu genuen: ez gara amerikarrak izan behar horrelako zerbait egiteko... beraz, zergatik ez? Horrelaxe hasi zen guztia, eta gezurra dirudi aurtengo martxoan bukatuko denik.
B.H.: Hasi ginenean, Hernanin eman genituen kontzertu asko, gaztetxean batez ere. Oso gazteak ginen eta asko aldatu gara orduztik. 7 edo 8 urtez aritu gara lanean, geldialdirik izan gabe, eta guztiari amaiera emateko unea zela ikusi genuen 2020an. Atseden hartzeko aukera izan dugu, eta orain, indarberrituta, taldearen itxiera borobildu nahi dugu.
Egia esateko, une honetan, sentimendu gazi-gozoak ditugu. Urtebete pasatxo daramagu talde gisa elkartu gabe, eta kanta batzuk ere ahaztuta ditugu dagoeneko. Azken emanaldia egitea erabaki genuean, ikusi genuen taldea elkartu, guztia antolatu eta berriro ere martxan jarri beharra zegoela... eta ez dugu ukatuko pereza pixka bat ere eman digula, batez ere gure artean koordinatzea zail xamarra delako. Baina, noski, gogotsu eta ilusio haundiz gaude ibilbide luze honi amaiera ahalik eta modu hoberenean emateko.
Zergatik erabaki duzue taldearen jardunarekin amaitzea?
M.A.: Bittorrek aipatu moduan, oso gazte ekin genion bideari eta, azken urtean batez ere, ikusi genuen bakoitzaren musika estiloa, bizitza erritmoa eta helburuak aldatzen ari zirela. Alegia, noranzko berean ez gindoazela. Momentu batean ere, konturatu ginen egiten ari ginenaz gozatzen ez genuela eta argi zegoen taldearen etorkizuna kolokan zegoela.
B.H.: Momentu horretan, bost kide izatetik lau izatera pasa ginen taldekide batek taldea utzi zuelako. Hilabete pasatxo eman genuen elkartu gabe, nork bere gogoeta egiteko eta nora jo nahi genuen pentsatzeko. Hala ere, gutxi iraun zuen horrek, ez baitzuen zentzurik taldearekin jarraitzeak. Hasieran egiten genuen musika estilo horrek ez gintuen horrenbeste erakartzen, eta taldekide batek taldea utzi zuenez, beste pertsona bat beharko genuen berriro bideari eusteko. Beraz, faktore horiengatik, baina, batez ere, musika estiloagatik, erabaki genuen ibilbidea etetea.
M.A.: Anbizio hutsagatik jarraitzeak ez zuen zentzurik, eta aldaketarako unea zegoela ikusi genuenean, azkenean, 2020an amaitu genuen bidea. Orain, noski, musika egiten jarraitzen dugu gure esentziaren parte delako. Hori da gustatzen zaiguna: musika egitea, sortzea, eta horretan gozatzea.
Amaiera iragarri eta bi urte pasata, azken kontzertuak eskainiko dituzue Donostian.
B.H.: Hasieran, taldea uztearena isilik mantendu genuen, berria ez genuelako bat-batean bota nahi. Oso erabaki garrantzitsua izan zen eta beldurra eman zigun erabakia plazaratzeak. Gero, pentsatutakoa guztiz argi genuenean eta gure buruarekin ondo geundenean, sare sozialen bidez eman genuen amaieraren berri. Eta, esan bezala, azken kontzertua eskaintzeko momentu aproposena orain zela ikusi genuen. Non eta noiz izango dira?
M.A.: Martxoaren 18an eta 19an izango dira, ostiralean eta larunbatean. Asmoa zen emanaldi bakarra ematea, baina sarrerak astebetean agortu ziren. Orain arte, etxean jo dugunetan, ez zaigu horrelakorik pasa. Baina, oraingo honetan, sold out egin genuen. Jendeari galdetu genion ea beste kontzertu bat eskaintzea nahi zuten eta baiezko borobila jaso genuen. Horregatik, beste bat antolatu dugu ordu eta leku berean. Donostiako Dabadaba aretoan izango dira, arratsaldeko 20:30etan. Taldearen itxiera bertan egiteak zentzua du guretzat. Izan ere, bideari ekin genionean, Mogambo izeneko areto autogestionatu batean entsaiatzen genuen baina, gero, Dabadaban aritu ginen. Gainera, guztiok izan gara bertako zerbitzariak, eta toki berezia da taldekideentzat. Musikalki ere Dabadaba gure zentro neuralgikoa izan dela esan genezake; kontzertu asko ikusi eta eskaini ditugu bertan, eta hasi ginenetik orain arte, bertakoekin harremana izaten jarraitzen dugu.
«Urte batzuk pasata, memorian gordeta geratuko zaizkigunak dira egunerokoan bizi ditugun momentuak»
Nola gogogratzen dituzue hasierako urteak?
M.A.: Bittorren anaiaren lokal batean hasi ginen ensaiatzen, gogotsu eta nora gindoazen ondo jakin gabe. Gogoan dut Berri Txarrak taldearen Oihu kantua abesten genuela sekulako motibazioarekin, baina zer egiten ari ginen jakin gabe. Aurrera gindoazen, baina ezer pentsatu gabe. Ez genuen helburu potolorik; gure nahia zen elkartzea eta ondo pasatzea.
Noizbait imajinatu al zenuten Europan jotzera iritsiko al zinaketenik?
B.H.: ez ez, inolaz ere. Beti esaten genuen gustatuko litzaigukela Resurrection Fest-ean jotzea, jaialdi erreferentea baita espainiar estatuan, eta txikitatik izan garelako horren jarraitzaile. Oso urruti ikusten genuen gure taldearen izena noizbait karteleran agertzea, eta egun batean, parte hartzeko gonbita jaso genuen. Sekulakoa izan zen hori, baina jaialdi horretan jotzeaz gain, bidean, beste hamaika lorpen izan ditugu, inoiz imajinatuko ez genituzkeenak.
M.A.: Resurrection Festeko kontua amets baten antzekoa izan zen guretzat. Horregatik, gure helburua ez zen bai ala bai bertan egotea. Noizbait aukera izanez gero, jakina, mundiala izango litzateke, baina ez zen lehentasunetako bat. Eta, azkenean, begira… lortu genuen eta izugarria izan zen!
Atzera begiratuta, nebulosa baten gisa irudikatzen dugu momentu hura: lekua jendez lepo eta gu han, agertoki gainean, urduritasun haundiarekin, orduerdiko kontzertua emateko prest.
Momentu ahaztezinak bizi dituzue, ezta?
B.H.: Bai, zalantzarik gabe. Baina konturatu gara politena ez dela izan Meltdown taldeko kideak 2019ko Resurrecion Fest-ean. jotzea edo Europan barrena birak izatea, jarraitu dugun bidea baizik. Izan ere, urte batzuk pasata, memorian gordeta geldituko zaizkigun momentuak dira egunerokoan bizi ditugunak.
Proiektu honek mundua eta jende asko ezagutzeko aukera eman digu, eta hori izugarria izan da. Gure koadrila dugu hemen, baina lagun taldeak ditugu, adibidez, Bartzelonan, Suitzan, Madrilen, Iruñean eta beste zenbait hiritan. Egunerokotasunean ez ditugu ikusten, baina bi hilabetean behin edo urtean bitan elkartzen gara, eta momentu horiek topera aprobetxatzen ditugu. Ni, batez ere, horrekin gelditzen naiz.
M.A.: Orain, atzera begira eta bizitako uneei buruz hitz egiten dugunean, ez ditugu oroitzen Resurrection Fest edota Europako bira potoloak. Gogoratzen ditugunak dira kontzertuak jo eta ondorengo parrandak, elkarrekin egoten gineneko pasadizoak, eta horrelako kontuak.
Baina, ezbairik gabe, gure bizitza aldatu duen zerbait izan da Meltdown eta, uste dut, ikastola gogoratzen dugun bezalaxe, taldearekin bizitakoa ere modu horretan oroituko dugula. Gure bizitzaren urte garrantzitsu batzuetan asko garatzeko lagundu digun zerbait izan da, asko gozatu duguna eta lagun asko egiteko eta nortasuna izateko aukera eman diguna. Gaur egun, lan mundura sartzen ari garen une honetan ere, taldearekin bizitako guztiak laguntzen duela esango nuke, modu autonomoan jarduten ikasi genuelako.
Ba al duzue kontzertu, leku edo momentu kuttunenik?
M.A.: Asko dira beti gogoratuko ditugunak, baina Gasteizen, Errekaleorren, kontzertu asko eman ditugu eta lagun talde haundia dugu bertan. Europako hiru birak ere izugarriak izan dira eta, batez ere, lehenengoa. Izan ere, Julen Adurizek 17 urte zituen orduan, adin txikikoa zen oraindik, eta ez genekien hori kontzerturen batean jotzeko arazoa izango zen ala ez. Abentura hutsa izan zen eta ez dugu ahaztuko.
B.H.: Frantziako hiri txiki batera joan ginen behin, Neversera, guretzat guztiz ezezaguna zen leku batera. Heldu ginenean, izugarri gustatu zitzaigun bertako jendea eta giroa. Europako lehenengo birako lehenengo kontzertua izan zen hura, eta 60 pertsonaren aurrean jo genuen. Hurrengo urtean, berriro gonbidatu gintuzten, eta sekulako sorpresa izan zen, 300 pertsona etorri baitziren gu ikustera.
Hasi zinetenetik, aldaketarik izan al du zuen musikak?
M.A.: Bai, baina ez da oso haundia izan. Musika egiten ikasi dugu, eta hori da aldatu dena. Hasieran, bakoitzak berea proposatzen zuen, eta horrelaxe sortzen genituen kantuak, burura zetorkiguna jotzen. Urteekin ikasi genuen abestiak zentzuarekin eta guk nahi genuen moduan sortzen. Hau da: zer lortu nahi dugu kantu honekin? Zein melodia erabiliko dugu horretarako?
B.H.: Horrez gain, taldea utzi aurretik eta konfinamendua heldu baino lehen, disko berria prestatzen ere hasi ginen. Hor, musikaren aldetik, zenbait aldaketa sumatu genituen. Azkenean, ez genuen lana bukatu, baina jauzia nonbait ikusiko balitz, azken disko horretan izango litzateke.
Zer moduz uztartu dituzue ikasketak eta musika?
B.H.: Zaila izan da. Ordu asko pasa ditugu horretan. Bi, hiru edo lau aldiz elkartzen ginen, baina, horrez gain, gero, etxean ere buruan bueltaka izaten genituen taldeari lotutako makina bat kontu.
Batzuetan, ez dugu jakiten muga non jarri behar den, eta horixe bera gertatu zaigu taldearekin. Musika izugarri gustatzen zaigu, baina, aldi berean ere nekagarria da. Taldekideekin koordinatu behar duzu kontzertuetara eta entseguetara elkarrekin joateko, guztia antolatzeko, eta abar. Horregatik, nahiz eta proiektua asko gustatu, denetarik egin behar da talde autogestionatu batean, eta beste egiteko mordoa izan dugunetan, neketsua izan da.
M.A.: Taldeak gauza on asko eman dizkigu, baina beste zenbait ez dira hain onak izan. Adibidez, beste taldekideren batekin izan dudan hausnarketetako bat izan da gaztaroa baldintzatuta izan dugula. Esaterako, erabaki genuen gutako inor erasmusera ez joatea. Izan ere, atzerrira joanez gero, hiru urtez segidan, gutxienez, ezin izango genuen kontzerturik eskaini. Edo, hori ez ezik, hemen inguruko parrandetan ere gutxi egon gara, asteburuetan bestelako hitzorduak genituelako. Horrenbestez, noski, gaztaroa oso ondo bizi dugu, baina ezberdina izan da.
Taldea sortu zenutenetik, arrakasta izan zenuten bailaran eta hemen inguruan, ezta?
B.H.: Bai, lehenengo kontzertutik izan dugu sentsazio hori. Gainera, fideltasuna sumatu dugu ikusleen artean; lehenengo kontzertuetan betiko lagunak etorri ziren gu ikustera eta animatzera, eta horrek asko bultzatu ginduen taldearekin jarraitzeko. Gero, lagun horiek beste batzuei eman zien gure berri, eta horiek beste batzuei, eta horrelaxe, berehala erakarri genuen jendea.
M.A.: Gure estiloa nahiko itxia zela esan genezake, baina, estatuan eta Euskal Herrian, beti egon dira hardcorearekin, rockarekin edo metalarekin lotutako espazioak, eta guk lortu genuen horietan sartzea. Esan beharra dago, batez ere Euskal Herrian, aipatutakoak ez direla 100.000 pertsonara iristen diren estiloak, baina badago musika hori gustatzen zaion jendea, eta fideltasuna da multzo horren ezaugarri nagusietako bat. Bertan, komunitate sentsazioa dagoela esango nuke, eta hor sartzea mugiltzea lortzen duzunean, jendeak ezagutzen zaitu eta babesa lortzen duzu.
Ba al dakizue zenbat kontzertu eskaini dituzuen?
M.A.: Kurisotatea piztu eta zenbatu egin genituen: 120 edo 130 kontzertu inguru eman ditugu, eta gehienak espainiar estatutik kanpo.
Eta lanak?
M.A.: Kaleratu ditugu disko oso bat, beste disko motz bat, maketa bat, hiru singel eta bi bertsio. Azken horretan, Kataluniako Hardcore Hits Cancer kolektiboarekin aritu ginen elkarlanean. Estatuko hainbat taldek bertsioak eta kamisetak egin genituen, eta bildutako dirua bideratu zen minbizia duten zenbait gaixok eta haien familiek osatutako elkarte batera.
Etxekoak, lagunak... bidelagun izan dituzue, ezta?
M.A.: Bai, zalantzarik gabe. Batez ere hasieran, familia beti egon da hor. Gogoan dut hasi ginenean, kontzertuetara beraiek eramaten gindutela guk kotxerik ez genuelako. Edo lagunek ere 16 eta 17 urte inguru genituenez, beraiek gerturatzen ginduten kontzertua jo behar genuen herrietara.
B.H.: Asko diegu eskertzeko. Toulousera, Valentziara… leku askotara lagundu digute. Gainera, batzuetan, gasolina ordaintzeko dirurik ez genuenez, hortan ere laguntzeko prest zeuden, eta esker hitzak besterik ez ditugu bidelagun izateagatik.
M.A.: Hori da, eta, gainera, harro gaude. Gu izan gara proiektuaren gidariak eta hau guztia aurrera eramatea lortu dugunak. Baina, jendea eta gure ingurukoak beti egon dira prest babesa emateko.
Amaitzeko, ba al duzue beraientzako azken mezurik?
B.H.: Izenik ez dugu aipatu behar, bereaiek badakitelako zeintzuk diren, baina eskerrak ematen dizkiegu gurekin egon diren guztiei. Izugarria izan da guztiekin batera proiektua bizitzea, eta beraiek gabe hau guztia ez litzateke posible izango. Alderdi askotatik, pertsonaletik baita ere, hazi egin gara, eta hori ezin da hitzen bidez azaldu.
Guztiak daude gonbidatuta martxoaren 18ko eta 19ko kontzertuetara; ondo pasako dugu, eta, elkarrekin, itxiera polita emango diogu honi!