Kanariar Uharteetan jaio zen Alexia Lucas Toron, eta Hernanin bizi da gaur egun. Jockey profesionala da eta, azaldu duenez, «laster» egingo du debuta zaldien lasterketetan. Lanaldia amaitu berri harrapatu dugu Donostiako hipodromoan, eta gurekin hitz egiteko tartetxo bat izan du. Begietako dirdiragatik eta hitz egiteko modugatik, aski nabarmena da Alexiaren pasioa animalia hauekiko.
Nondik datorkizu zaldiekiko zaletasuna?
Nire aitonagatik hasi nintzen zaldian ibiltzen. Zaldiak zituen eta niri asko gustatu zitzaizkidan txiki-txikitatik. Nire ama ere oso zaletua da, eta hiru urte bete nituenean, zaldian ibiltzeko oparia egin zidan. Motxilatxoan sartzen ninduen eta zaldiarekin paseatzera joaten ginen biok. Eta ordutik… 17 urte pasa dira dagoeneko.
Zer-nolako harremana duzu zaldiekin?
Oso konexio berezia dut animalia hauekin. Ez zait guztiekin pasatzen, baina txiki-txikitatik, helarazi nahi didaten hori ulertzen dut. Esan, noski, ez didate ezer esaten, baina nola sentitzen diren jakiteko gai naiz.
Sei urte nituenean, hipika batean, konexio fuertea sentitu nuen Faycan izeneko zaldi batekin. Irakasleek, ordea, esan zidaten inoiz ezingo nuela berarekin ibili oso bizia zelako. Eta egia zen oso zaldi indartsua eta mugitua zela; nire ama behin eta berriro saiatu zen berarekin ibiltzen, baina beti erortzen zen lurrera. Zaldiak ez zion uzten eta ezinezkoa zen berarekin ibiltzea. Baina, nire kasuan, hori esan eta hiru edo lau urteren bueltan, Kanariar Uharteetako txapeldun izan nintzen Faycanekin. Oso harreman polita genuen, harrapaketetan eta guzti ibiltzen ginen.
Nola iritsi zara honaino?
Beti egon naiz zaldien munduarekin harremanetan. Ama guztiak bezalaxe, nireak ere nahi zuen ikasketak amaitzea, unibertsitatera joatea, gradu bat ikastea, eta abar. Nik, aldiz, argi nuen nire bizitza zaldiekin egin nahi nuela. Zehazki, gustatzen zitzaizkidanak ziren jauzietarako zaldiak. Horregatik, erabaki nuen kirol-teknikaria izateko ikasketak egitea, horrela aukera izango nuelako gustuko nuen horretan lan egiteko. Moduluan, lagun bat ezagutu nuen, eta esan zidan bere bikotekidea Donostiako hipodromoko langilea zela. Niri, egia esan, beti gustatu izan zaizkit lasterketetako zaldiak. Beraz, egun batean probatzera etorri nintzen eta ia bost urte bete ditut hemen.
Ekitazio-irakaslea ere izan zara, ezta?
Bai, hori da. Duela bi urte arte jauzietarako zaldiekin aritu naiz irakasle lanetan, Donostiako hipikan. Goizetan, hipodromora etortzen nintzen zaldiekin egotera eta, gero, arratsaldetan, lanera, Loiolara. Urnietako hipikan ere ibili nintzen lanean. Bertan egin nituen praktikak eta, ondoren, ia urte eta erdiz egon nintzen haiekin. Hainbat lehiaketetan parte hartu genuen umeekin, zaldien jauziko ligan ere izan ginen Burgosen, Zamoran, Galizian, eta abar, eta Espainiako ponien txapelketan parte hartu genuen. Esperientzia politak izan ziren guztiak, eta oso oroitzapen onak ditut.
Baina, pixkanaka, ikusi nuen lasterketako zaldiekin aurrera egiteko eta profesionala izateko aukera gehiago zegoela. Momentu horretan, hipodromoko langileek aukera eman zidaten hemen lanean hasteko, eta, beraz, hipika utzi eta hona etortzeko erabakia hartu nuen.
Lehiaketetan eta lasterketetan parte hartu duzu?
Bai, txiki-txikitatik. Hipikan nengoenean, hainbat modalitateko lasterketetan parte hartu nuen: besteak beste, doman, crossean eta jauzian. Baina, esan bezala, jauzia da nire modalitate gustukoena.
Edonola ere, oso zaila da mundu horretan profesional gisa murgiltzea. Hemen, hipodromoan, errazagoa dela esango nuke. Izan ere, jauzien kasuan, puntu gorenera iristeko, ez da nahikoa zaldi gainean ondo ibiltzea eta jauziak egiten jakitea; babes ekonomiko haundia behar da modalitate horretan lehiatzeko. Lehenik, dirua behar da zaldi bat erosteko eta maila horretako lehiaketetan parte hartzeko; eta, bigarrenik, ona zaren arren zaldirik ez baldin baduzu eta inork ikusten ez baldin bazaitu, babesleak ez dituzu izango eta, beraz, ezinezkoa izango da aurrera egitea.
Horregatik, aukera zabalagoa dago hipodromoan. Zailagoa da ona izatea edo hoberenen artean egotea, baina erraztasun gehiago daude dinamikan sartzeko.
Nolakoa da zaldi lasterketen dinamika?
Konplexua da, ni orain hasi naiz guztia ulertzen. Alde batetik, hemen, hipodromoan, soilik goizetan entrenatzen duen jendea dago. Beraien egitekoa da hona etortzea, zaldien gainean ibiltzea eta, hitz gutxitan esateko, animaliaren egoera fisikoa ona izaten mantentzen laguntzea. Zaldia prestatu, trosta pistan buelta batzuk eman, canterrean entrenatzaileak esaten duena egin, eta listo. Beste alde batetik, lasterketetako jockey-ak daude. Beraiek dira zaldi lasterketetan parte hartzen dutenak. Goizetan hona etortzen dira eta beraien egoera fisikoa ona izateko eta gaitasunak mantentzeko entrenatzen dute.
Zein leku du emakumeak lan honetan?
Zorionez, gero eta gehiago. Lasterketak mistoak izaten dira, ez diote generoari erreparatzen. Esan beharra dago, hala ere, emakumeok genetikoki ditugun gaitasun fisikoengatik (indarragatik, batez ere) zailtasun gehiago ditugula jockey onak izateko. Horregatik, emakume izate hutsagatik, kilo edo kilo eta erdi kentzen digute lasterketetan.
Baina, gainerakoan, esan bezala, pixkanaka-pixkanaka gero eta emakume gehiago gara eta bikain gabiltza, gainera. Esaterako, Vicky Alonsok profesionalen lizentzia atera berri du eta Gran Premio Eusko Jaurlaritza lasterketa irabazi du. Arrakasta ari da izaten eta topera dabil lasterketa ugari irabazten.
«Konexio berezia dut zaldiekin. Animalia terapeutikoak dira eta esperientzia politak izan dut alderdi horretatik ere; arnasgunerako aukera bikaina ematen dute»
Zer egin behar da jockey izateko?
Zenbait azterketa eta proba gainditu behar dira lizentzia lortzeko. Lehenengo fasean, lasterketen araudiaren bueltako galderak erantzun behar dira. Bigarren fasean, albaitaritzaren gaineko azterketa bat egin behar da. Eta, azkenik, tourraren historiari buruzko proba bat dago. Azken horretan sartzen dira lasterketa garrantzitsuak irabazi dituzten zaldiak, entrenatzaileak, jockeyak, eta abar.
Zein ezaugarri dituzte jockeyek?
Batetik, pisu gutxi izan behar dute eta, normalean, altuera baxukoak izaten dira. Gutxi gorabehera, esango nuke 48 kilo inguru pisatu behar direla lasterketa profesionaletan aritzeko. 63 kilo izango da topea, baina batez besteko jockeyek gorpuzkera atletikoa dute eta, oro har, 48 eta 54 kilo arteko pisua dute. Bestetik, noski, ausartak izan behar dute. Beti diot eromen puntua izan behar dela hemen aritzeko!
Lasterketa bisualizatzen jakiteko gaitasuna ere ezinbestekoa da. Izan ere, entrenatzaile batek esaten badit karrera hasi eta postu batean jarri behar dudala gero, pixkanaka, aurrera egiteko, baina, aldiz, lasterketa hasi eta zaldi guztiak nire aurretik jartzen baldin badira, erreakzionatzeko abilezia izatea ere oso garrantzitsua da.
Eta, azkenik, noski, guztiaren gainetik, indar mentala behar da honetan aritzeko. Nire buruarengan sinesten ez baldin badut, ez dut zaldia dominatzea lortuko. Indar fisikoa ere behar da, jakina, baina, indar hori baino, trebetasuna izaten da askotan gakoa.
Jockey guztiak al dira profesionalak?
Ez. Jockey profesionalez gain, daude jockey gazteak edo ikasleak (25 urte artekoak) eta, bestalde, jockey gentlemans edo amazonas deiturikoak ere badaude. Horiek ez dira profesionalak eta, beraz, lasterketetan ezin dute irabazi ekonomikorik lortu. Nik lizentzia atera berri dut, eta, ziurrenik, datorren hilabetean egingo dut debuta. Esan didate Mont de Marsanen, Frantzian, dagoela lasterketa bat eta, agian, bertara joango naizela.
Nork erabakitzen du hori?
Jockeyek ez dute jakiten zein zaldirekin parte hartuko duten edo non arituko diren, entrenatzaileek deitzen dieten arte. Niri esango didatena da X zaldi dutela, X egun eta lasterketarako, eta nik egin behar dudana da eskaintza onartu edo ez. Hau da, autonomoa naiz eta entrenatzaileei jockeyaren zerbitzua eskaintzen dietela esan daiteke. Beraz, momentuz, debutatzeko, deia jaso arte itxaron beharko dut.
Orduan, lasterketa bakoitzeko zaldia ere ezberdina izaten da?
Bai, jockeyek lasterketa bakoitzean dituzten zaldiak ez dira apenas errepikatzen. Alegia, ia beti ezberdinak izaten dira. Izan ere, Frantziako entrenatzaile batek deitzen badit, bertako zaldi batekin arituko naiz. Horrek esan nahi duena da prest egon behar dudala edozein zaldi dominatzeko, eta hori da konplikatuena. Nire kasuan, esan nezake hipikako zaldiei dagokienez, zaldien %99a dominatzen gai naizela. Lasterketako zaldiekin, berriz, zailagoa da. Gazteagoak izaten dira, eta askoz indartsuagoak eta nekaezinak dira.
Zein garrantzi du pisuak zaldi lasterketetan?
Oso garrantzitsua da. Gentlemansen edo amazonasen lasterketetan pisu minimoa altuagoa da. Profesionalen lasterketetan, aldiz, pisua askoz ere baxuagoa da. Profesionaletan, pertsonaren pisua kenduta, jockeya lasterketa 48 kilorekin egitera iritsi daiteke. Nire kasuan, adibidez, oraindik lasterketarik irabazi ez dudanez, zaldiaren pisuari hiru kilo terdi kenduko zaizkio.
Pisua, funtsean, zaldiaren kalitatean oinarritzen da. Bere egitekoa da lasterketa orekatzea. Nire zaldia oso ona baldin bada eta pisu gutxirekin baldin banoa, nik irabaziko dut. Alegia, zaldia zenbat eta hobea izan, orduan eta pisu gehiago izango du lasterketan. Hala ere, zaldi hori beste zaldi oso onekin lehiatzen baldin bada, pisu gutxien izango duena da. Baina, aitzitik, zaldi txarrekin lehiatzen baldin bada eta zaldi hori besteak baino hobea baldin bada, pisu gehien izango duena zaldi hori izango da.
Bestalde, jockeyen pisuak ere badu zeresana. Nik oraintxe 49 kilo inguru pisatzen ditut, eta gutxi gorabehera hor mantendu behar dudala esango nuke. Izan ere, 40 kilorekin ez nuke lasterketa bukatzea lortuko. Baina, bi kilo gehiago pisatuko banitu, zaldiak berehala sumatuko luke hori eta, esaterako, lehenengo postua lortu ordez, bigarrena lortuko nuke.
Aurrerantzean, beraz, beste mota bateko lasterketak egingo dituzu, ezta?
Hori da, jockey gisa lasterketa profesionaletan arituko naiz. Aldaketa sumatuko dut, lehiakortasun haundia dagoelako hemen. Diru asko mugitzen da eta, horrenbestez, lasterketetan ibiltzen direnen artean ere, batzuetan, ez da giro ona egoten. Lasterketa mota hauetan, lehenengo bost postuetan gelditzen direnek sari ekonomikoa irabazten dute. Irabazleak, esaterako, 5.000 euro irabazi ditzake eta jockeyek %10a jasoko dute. Hau da, jokoan dagoena ez da hipiketako lasterketetan irabazten dena. Hemen, ezberdina da guztia, hilabete bateko soldata irabazi dezakezu lasterketa bat irabaziz gero.
Debutaren atarian, nola sentitzen zara?
Une honetan, lasaiago nago. Prozesu baten antzekoa dela esango nuke, eta dexente kosta zait kontziente izatea. Orain ari naiz benetan sinesten jockeya naizela eta ez, berriz, hau probatzera etorri den hipikako neskatxa. Egia esateko, guztiaren gainetik, gogotsu nago debutatzeko eta ikusteko ea zer moduz moldatzen naizen.
Zaila izan da guztia hausnartzea eta erritmoan sartzea. Izan ere, orain, egunero-egunero, bost zaldirekin ibiltzen naiz goizetan eta horrek, fisikoki, lan haundia eskatzen du. Gero, arratsaldetan, pisua mantentzeko eta indarra hartzeko, gimnasioan entrenatzen dut. Horregatik diot gogorra dela. Ez da batere erraza izan hemengo zaldi guztiak dominatzea. Hemen, hipodromoan, 22 zaldi ditugu, eta ia guztietan ibili naiz.
Nolakoa da zure egunerokoa?
Alderdi hau ere konplexua eta oso gogorra da. Hipikan zein hipodromoan lan egiteko, oso gustuko izan behar dituzu zaldiak. Oso lan latza da, batez ere, animaliekin aritu behar duzulako. Adibidez, San Sebastian eguna dela? Zaldiek ez dute hori ulertzen; jan egin behar dute, ibili egin behar dute eta arreta behar dute. Alegia, ez dakite jaiegunak zer diren eta, beraz, nik beraien beharretara moldatu behar dut. Txakurrek eguneroko atera behar baldin badute, pentsa zaldiek… Gainera, hemen ditugunak errendimendu altuko animaliak dira. Hortaz, behar dutena arreta are haundiagoa da. Astean soilik egun bateko atsedena dute, errekuperatu egin behar dutelako, eta hori da nire jaieguna. Baina, noski, igandetan nire zaldiekin ere egoten naiz. Hortaz, zaldiei dagokienez ez dut inoiz atsedenik hartzen.
Labur-labur esateko, goizean goiz esnatu eta sartzen naiz lanera astelehenetik larunbatera. Zaldien lehenengo bi loteak edo txandak gauez ateratzen ditugu, eta gauza bera egiten dugu zaldi guztiak atera arte. Gutxi gorabehera, goizeko 05:30etan sartu eta 12:30ak aldera amaitzen dut. Gero, arratsaldean, hipikan ditudan bi zaldiengana joaten naiz beraiek zaintzera eta beraiekin egotera.
Zer diote zure ingurukoek?
Nire bikotekideari, zorionez, hasieratik gustatu zaio mundu hau. Berak ez du honekin inolako loturatik, eta ezagutu ninduen arte ez zen zaldian ibili ere egin. Baina, orain, niri baino gehiago gustatzen zaio lasterketak ikustea. Animaliak izugarri gustatzen zaizkio eta, elkar ezagutu ginenetik, nigana etortzen da hona, hipodromora, zaldiekin egotera.
Familiari dagokionez, haurra nintzenetik ikusi dute nire pasioa hau dela, eta, beraz, ez dut inolako arazorik izan. Eta lagunen kasuan, nire bizitza erritmoa hau dela ulertu behar dute. Nik, kasu askotan, ez dut tarterik festarako edo zerbait hartu eta afalostean denbora luzez beraiekin egoteko. Izan ere, hurrengo goizean oso goiz esnatu beharko dut eta zaldiekin egoteko atsedena hartu behar dut; pura sangre baten gainean ibiltzeko ez da nahikoa bost ordu lo egitea. Lasterketetako jockeyak errendimendu altuko kirolariak dira, eta gauza edo bizitza estilo batzuk ezin dituzte izan. Eta, tamalez, nahi baino jende gutxiagok ulertzen du hori, baina hauxe da dagoena. Laguntasunak joan eta etorri egiten dira, eta benetakoak direnak dira hor gelditzen direnak; alde onak eta txarrak kontuan hartuta, fidelak direnak.
Zaila da zaldiekin lan egitea?
Esan bezala, oso lan gogorra da eta negar asko egin dut. Zaldi hauekin, beraien gainean zoazenean, jakin behar duzu kasu gehienetan ez duzula izango egoeraren gaineko kontrol totala. Galopean, indar haundia duten animaliak dira, eta batzuetan, baliteke kasurik ez egitea. Jakin badakit zaila dela erortzea, baina erortzen baldin banaiz, hiltzeko arriskua ere eduki nezake. Horregatik, frustrantea da ikustea batzuetan, zaldia gelditzeko nahia dudala eta horretarako agindua ematen ari naizela, baina animaliak kasurik egiten ez didala.
Baina, gero, dominatzea lortu ez dudan zaldi hori bi egunetara hartu eta ikusten dudanean ondo ibiltzeko gai izan naizela, sekulako poza hartzen dut eta momentu hori oso berezia izaten da.
Erorketarik izan al duzu?
Bai, asko. Aipagarriena eta niretzat gogorrena joan den urtekoa izan zen. Hipodromoan, bigarren lotearekin geundenean, galopean nindoan zaldi batekin eta pistan putzu dexente zeuden. Horretan nengoela, hatzak pixka bat zabaldu nituen, eta mugimendu horrengatik, aurrera egin beharrean, behorrak estropezu egin zuen. Segituan erori nintzen eta zaldia nire gainetik pasa zen. Momentu guztian kontziente izan nintzen eta banekien zer gertatuko zen. Erorketak izan ditut eta zaldiak nire gainetik pasa dira, eta, horregatik, erabaki nuen geldirik geratzea eta itxarotea. Segundo gutxi izango ziren arren, niri eternala egin zitzaidan. Zaldia erori egin zen eta altxatzerakoan, ipurdia zapaldu zidan. Arnasa hartzeko zaitasunak nituen, eta uste nuen aldaka eta saihetsak puskatuta nituela. Baina, zorionez, hori izan zen gertatu zen bakarra. Momentu horretan, ez dut ukatuko beldurra sentitu nuela; baina, denborarekin, segurtasuna berreskuratu dut.
Horregatik diot zaldiei ez zaiela beldurra izan behar, baina errespetua izatea, berriz, oso beharrezkoa da. Animaliak errespetatzen ez baldin badituzu, beraiek ere ez zaituzte errespetatuko. Hori logikoa da. Zaldiak oso azkarrak dira eta segituan sumatzen dute gainean duten pertsona ondo dagoen, gaizki dagoen, egun txarra duen ala ez.
Momentu onak ere asko izango dira, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Asko maite ditut zaldiak eta konexio berezia dut animalia hauekin. Gainera, terapiarako balio dute eta oso esperientzia politak izan ditut alderdi horretatik ere, arnasgunerako aukera bikaina ematen dutelako. Behin, antsietate haundia zuen emakume bat etorri zen hipikara, zer egin ez zekiela. Hasieran, beldurra zuen eta ez zen ausartzen jauzirik egitera edo galopean ibiltzera. Baina, pixkanaka-pixkanaka, lan haundiarekin, zaldiek izugarri lagundu zioten eta antsietatea baretzea lortu zuen. Hori ikustea zoragarria izan zen niretzat; izan ere, ekitazioko-irakasle gisa, ez zait gustatzen soilik diziplina irakastea eta kitto. Alderantziz, gustatzen zait jendearekin %100ean inplikatzea eta prozesuan laguntzea.
Ba al duzu pasadizo kuttunen edo bereziren bat?
Talisman izeneko zaldi bat ezagutu nuen Kanarietan. Zaldi hori palusa zen, dalmata erraldoi baten antzekoa, alegia. Albinoak dira eta normalean, albinismoa dutenak itsu gelditzen dira. Hipika hori animalien erreskaterako zentroa da, eta bertara heldu zen Talisman. Nik bertan ikusten nuen eta pena ematen zidanez, atera egiten nuen. Hipikako jabeak esaten zidan nahi banuen berarekin ibiltzeko, baina, noski, zaldiak beldurra zuen ezer ikusten ez zuelako. Ez zen ibiltzen, eta ibiltzen zenean askotan gelditzen zen beldurragatik. Baina, pixkanaka eta, maitasun eta pazientzia haundiarekin, lortu nuen zaldi horrekin galopean ibiltzea.
Hori da animalia batekin dudan anekdota bereziena eta intimoena. Beste edozein pertsona gainean igo eta zaldia ez zen mugitu ere egiten; nirekin, ordea, segurtasuna lortu zuen. Konturatu zen aukera bat ematen ari nintzela, eta oso polita izan zen hori ikustea.
Etorkizunean, non egotea gustatuko litzaizuke?
Ez dut proiekturik buruan. Izugarri gustatuko litzaidake esatea orain jockey izango naizela, gero hipika bat izango dudala… baina, ez, momentua bizitzea gustatzen zait. Zerbait nahi dudala? Ba hori lortzen ahaleginduko naiz topera eta, gero, gerokoak. Bizitza honetan bi egunetarako gaude, eta ez dugu denbora galdu behar gustuko ez dugun gauzetan. Beraz, aurrera!