2020arekin behar zuen martxan Agerre Mendi Lasterketa Taldeak, baina pandemiak bi urtez utzi du proiektua etenda. Orain bai, Hernaniko San Silbestrean aurkezpen ofiziala eginda (podiumean izan ziren taldeko hiru korrikalari), abian da Agerre, 2022ko mendi lasterketak prestatzen hasita.
15 gazte dira une honetan, 14 eta 28 urte bitartekoak; eta atletismotik datoz denak. CD Hernanirekin lotura zuzena dauka; are gehiago, klubaren azpisail modura funtzionatuko du, aparteko taldea izan arren: «klubeko atletismo sailean, korrikalari gutxi batzuekin ari ginen mendi lasterketak prestatzen. Eta baliabide faltagatik sortu genuen taldea. Mendi lasterketetan dabilenak, badaki dortsalen prezioak ez direla merkeak, lasterketen antolaketak edota aseguruak, besteak beste, prezioa igotzea dakarkitelako. Gainera, Espainiako lasterketetara joateak, adibidez, kostu bat dauka. Eta horretarako zailtasunak geneuzkan, baliabide ekonomiko faltagatik. Anartz Artolarena da adibide garbiena. Emaitza oso potoloak lortu ditu, Espainiako Kopan bigarren, Espainiako Txapelketan eta Zegama-Aizkorriko lasterketa motzean ere aurrean... Baina emaitza horiekin ere, gastua haundia zen berarentzat; batzuetan klubak hartzen zuen bere gain, eta besteetan bere familiak. Eta horri erantzuteko beharretik sortu da Agerre», azaldu du Mikel Von Wichmann prestatzaileak.
CD Hernaniren sail bat bezalakoa, funtzionamendua
Hasiera batean, CD Hernaniren barruan beste sail bat sortzea planteatu zuten: «baina gure atleta gehienak Mendiriz Mendirekin daude federatuta, eta CD Hernanik ez zuen sortuko beste lizentzia bat. Horregatik, erabaki genuen beste talde bat sortzea, baina funtzionamendua berbera da, klubaren sail bat balitz bezala. Kontua da, aparteko taldea izateak, aukera ematen digula baliabide propioak lortzeko», dio prestatzaileak.
Eta horretan, sorpresa pozgarria hartu zuten. «Beldur pixka bat geneukan, enpresek zer nolako erantzuna emango ziguten; baina lau enpresarekin harremanetan jarri, eta berehala eman ziguten baiezkoa: Calcosa, Granallados Jomi, Zarautz Leihoak eta Amara Pentsioa. Eta espero genuena baina indar gehiagorekin, gainera. Aurreikusten genuen 2.000-2.500 euro lortzea aurreneko urtean, dortsalei eta bidaiei aurre egiteko; eta 4.000-5.000 euro jaso genituen. Beraz, ikusi genuen zerbait potenteagoa egin genezakeela 2020an».
2020aren hasieran izan zen hori, eta urte osorako plangintza osatu zuten, Gipuzkoa mailan bakarrik ez, Espainiako lasterketetan ere parte hartzeko, bertako txapelketak eta ligak lehiatzera. «Baina pandemia iritsi zen, eta plan guztiak geratu dira etenda, orain arte».
Orain «aktibatu» dira berriro, orduan pilatu zituzten baliabide ekonomikoekin: «baliabide haiek ez genituen erabili, eta beraz, dagoeneko bageneuzkan; baina beldurra geneukan, nolako erantzuna emango zuten korrikalariek. Eta ikusi dugu haien gogoa bikoiztu egin dela, eta lasterketetan parte hartu nahi dutela». Orain, plangintzari dagokionean, mendi lasterketetako izenemateek hartu duten erritmoa da kezka nagusia: «berehala agortzen dira dortsalak, izugarria da».
Pandemiaren eraginez, atleta gazte gehiago mendira
Taldea sortzeko asmoa mahai gainean jarri zutenean, «bost ere ez ziren izango mendi lasterketetan aritzen ziren korrikalariak, klubean. Beharbada pandemiak ekarri du gazte gehiago animatzea. Etxetik ateratzen utzi zigutenean, mendira joaten hasi ziren asko, korrika, eta horrek motibatu ditu mendi lasterketak probatzera. Gurekin erresistentzia probak prestatzen ari ziren korrikalari batzuk, orain hasi dira mendira gerturatzen, dio Von Wichmannek.
Azkeneko hilabeteotan gerturatu zaizkie gehiago, beste eskualde batzuetatik ere bai, «horrelako beste talderik ez dagoelako inguruan. Badaude mendi lasterketa taldeak, Axeriak bezala; eta gure helburua ez zen horiei konpetentzia egitea, inondik inora, entrenamenduei begira espezializazioa bilatzea baizik. Mendi taldeak eta atletismo taldeak daude, baina oraindik ez daude garatuta entrenamendu espezifikoei begirako taldeak, mendi lasterketetarako. Badaude entrenatzaileak, korrikalari jakin batzuk entrenatzen dituztenak, baina bakarka egin ohi dute; eta guk formatu kolektiboa eman nahi genion. CD Hernaniko atletismo sailean daukagun funtzionamendua da, baina mendi lasterketetara bideratuta».
Hori horrela, elkarrekin egiten dituzte entrenamenduak, Hernanikoak edo eskualdekoak direnek behintzat: «kanpotik datozenen kasuan, entrenamendu plana bidaltzen diegu, baina gustatzen zaigu astean behin edo bitan etortzea. Hemengoek, berriz, egunero entrenatzen dute gurekin. Pistan edo asfaltoan entrenatzeko, errazagoa da kontrolatzen; baina mendian, askotan entrenatzailea ez da gai bere atletei jarraitzeko...», dio Mikel Von Wichmannek, barrez. «Beraz, entrenamendua zehazten diet, eta beraiek egiten dute».
Mendi lasterketa laburragoen beharra, gazteenentzat
Gaztetxoentzako mendi lasterketei buruz ere aritu da prestatzailea: «13-14 urteko gaztetxoentzat, 15 kilometro inguruko lasterketak ari dira antolatzen, eta hori erokeria da. Adin horrekin lasterketa horiek prestatzeko, behar dute entrenamendu bolumen bat, ez dena osasuntsua. Niri eskatzen didate horrelakoetan parte hartzea, eta ez diet uzten. Badirudi 13 urterekin sekulako emaitzak lortu ditzakezula 15 kilometroko lasterketetan, baina horrek baldintzatuko du zure kirol etorkizun osoa, eta arriskutsua da gainera. Adin horretan, abiadurako eta potentziako lasterketa motzak prestatzen aritu behar dute, eta horrek emango die aukera, etorkizunean lasterketa luzeak prestatzeko».
Zentzu horretan, nabarmendu du gero eta gehiago direla, distantzia laburragoa ere aukeran jartzen duten lasterketak: «mendi maratoi erdi batzuetan, adibidez, 10 kilometro inguruko proba ere antolatzen dute, eta horrek aukera ematen digu gaztetxoenekin parte hartzeko».
Talde gaztea da Agerre, baina planteatu dute, esaterako, helduagoak ere hartuko lituzketen: «guk bi baldintza bakarrik jarri ditugu. Batetik, lehiatzeko asmoa izatea; eta bestetik, astean gutxienez hiru-lau aldiz entrenatzeko aukera». Edonola ere, ez daukate taldea asko haunditzeko asmorik: «une honetan dauzkagun baliabide pertsonal eta ekonomikoekin, nahiko larri gabiltza, daukagun tamainarekin».
Emaitzei begira, ez daukate helburu jakinik: «hasiera batean, helburua da taldeari jarraikortasuna eta egonkortasuna ematea, eta ikusi dugu posible dela, bi urte arraro izan arren, jendea gogotsu dagoelako. Emaitza onak ere ongietorriak izango dira, noski; eta atleta batzuekin ikusten dugu, oso indartsu datozela. Haiekin badaukagu helburu potoloagoak markatzeko aukera». Horren arabera, batzuek Gipuzkoan eta inguruan egingo dituzte lasterketak, eta beste batzuek, aldiz, Espainian edota Frantzian ere bai.
Martxo hasieran, esaterako, Kanariar Irletara joango da taldea, Transgrancanaria lasterketan parte hartzera. Eta apirilean, Espainiako Txapelketan ere ariko dira, Cadizen. Euskadiko Txapelketan ere ez dute huts egingo, irailean; eta inguruko lasterketa batzuk ere gorriz markatuta dauzkate: Ereñotzuko Mendi Lasterketa, Kilimon Trail, Tolosaldeko 2 Tontorrak, Gorbeia Suzien...
Primerako estreinaldia izan zuten Aiako Mendi Lasterketan, Anartz Artolaren garaipenarekin; eta jendaurreko aurkezpen ezin hobea San Silbestrean, Izaro Salaberriak irabazita, eta Ainhoa Arrutik eta Gaizka Izagirrek bigarren eginda. Indartsu ekin diote, eta horri segida eman nahi diote orain, mendi lasterketak normaltasunera bueltatzen hasi diren honetan.
Adarra mendiaren izen zaharra, taldeari
Taldearen izenak eta logoak, bere bi adarrekin, badauka esanahi jakin bat: «hasieran Adarra pentsatu genuen, entrenamendu gehienak egiten ditugulako inguru horretan edo Urdaburu aldean. Baina ez gintuen guztiz konbentzitzen; eta orduan, etorri zitzaigun pertsona bat, esanez Adarraren aurreko izena Agerre zela. Guk ez genekien hori, eta gustatu egin zitzaigun izena. Gainera, agerre hitza adarrarekin lotzen da, eta hortik logoan bi adar jartzearena».