Madrilen hamarkada batez hartutako apunteei ipuin forma eman, eta Bihurguneko nasa liburua argitaratu du Uxue Apaolaza Larrea idazle hernaniarrak. Abenduan aurkeztu zuen, Durangoko Azokan, eta «konplizeak» pilatzen dihardu ordutik. Lurren ahotsetik kontatu ditu liburuko bederatzi ipuinak, bere kontraesanetatik eta zalantzetatik abiatuta, «egunerokoan esan edo askatu ezin ditudanak esateko eta paperean jartzeko». Gozatu du liburua idazten eta berridazten, eta baita editorearekin lanean ere; baina aitortu du, ez zaizkiola gustatzen argitaratzearen ondorengoak: «gaizki xamar pasatzen dut, eta elkarrizketak eta horrelakoak, beldur puntu batekin egiten ditut».
10 urte dira bere azkeneko liburua argitaratu zuela, Mea culpa nobela; eta ipuinetara bueltatu da orain, bere eremu erosoenera. «Ipuinetan gauza asko kontatu ditzakezu espazio labur batean, eta gustatzen zait hori».
Abenduan argitaratu zenuen 'Bihurguneko nasa' ipuin-bilduma. Zer gordetzen du liburuak?
Zortzi ipuin dira, 10 urtetan zehar landutakoak. Madrilen bizi nintzen, eta urte horietan joan nintzen apunteak hartzen, ipuin horien haziak sortzen. Ignacio Aldecoa bekara aurkeztu nuen proiektua, eta beka jaso nuen. Une horretan, lan kategoria hartzen du idazteak, eta hasi zaitezke mesedeak eskatzen, eta ipuinak ondo lantzen. Berridatzi eta berridatzi, eta hortik sortu dira bederatzi ipuinak.
Errealitatean oinarritutakoak dira denak. Oso desberdinak dira beraien artean?
Ipuinak banaka landu ditut, eta hala irakurri daitezke, ez daukate hari argumentalik. Baina bederatzi ipuinak daude ahots beretik kontatuta: Lur, Madrilen bizi den neska euskalduna. Denak daude bere ahotsetik kontatuta eta Madrilen kokatuta. Behin ipuinak bukatuta, editorearekin lanketa egitean, bazegoela orden logiko bat, beraiek eskatzen zutena. Eta orduan bai, egin nituen loturak ipuinen artean; pertsonaiaren bat ekarri nuen, errepikatu zedin; eta hasieran Lurren ahotsetik kontatuta ez zeuden ipuin pare bat, Lurren ahotsera ekarri nituen, batasun hori emateko. Horrek zeukan arriskua, liburua monotonoa izateko; eta alde formaletik ahalegindu naiz liburua anitzagoa egiten.
Ipuin bakoitzak badauka mezuren bat?
Mezua ez, uste dut zalantzetatik edo kontraesanetatik idazten dudala gehiago. Lur da nire mozorroa, egunerokoan esan edo askatu ezin ditudanak esateko eta paperean jartzeko. Fikzioak aukera hori ematen dizu. Mugara eraman ditzakezu, egunerokoan egingo ez zenituzkeen gauzak, ez zaizkizulako ondo iruditzen edo ez zarelako ausartzen. Aurkezpenean hitz egiten dut mozorroei buruz, nola uzten dizuten zure alde bat askatzen.
Bizipen eta esperientzia pertsonaletatik abiatzen dira ipuinak, beraz?
Askotan bai, baina izan daiteke egin duzun irakurketa bat ere, edo ikusi duzun zerbait, kontatu dizuten zerbait, barruan zerbait mugitu dizuna. Ez du esan nahi hori kontatuko duzunik ipuinean, baina horrek sortu dizun zera horretatik abiatzen da ipuina. Ez da biografikoa, eta mezua baino zalantza edo kontraesana da aditzera eman nahi dudana, besteak ere kutsatzeko horretaz (barrez). Batzuetan idazten dut ulertua izateko edo konplizeak bilatzeko, inguruan ez daukadan zerbaitengatik edo nik bakarrik askatu ezin dudan korapilo batengatik.
Lur Madrilen bizi den neska bat izatea ez da kasualitatea izango... Zu bezala, irakurlea sentituko da islatuta ipuinei ahotsa ematen dien pertsonaia horretan?
Ez dakit esaten. Lurrek badauzka ezaugarri jakin batzuk: txuria da, klase ertainekoa, emakumea... Horrek baldintzatzen ditu bere erreferenteak, eta liburuan egiten diren erreferentziak. Literaturan, ez dakit irakurleak islatuta ikusi behar duen bere burua. Ez bada islatuta ikusten, ea zerbait mugitzen dion barruan, edo ulertzen duen kezka edo ezinegon hori.
10 urteko epean mamitutako ipuinak dira. Hasierako apunte haietatik orain argitaratutako ipuinetara, asko aldatu dira gauzak?
Asko aldatzen da, bai. Niretzat idazketa, batzuetan, berridazketa da. Lehenengo hazi horretan daukazuna, da gauza oso lausoa. Irudi bat, inpultso bat, kontraesan bat... Baina horretatik abiatuta, nik irakurleari ipuin bat eman nahi diot, eta horretarako egin behar da berridatzi eta berridatzi. Eta artefaktua edo ipuina sortu arte izugarri aldatzen da. Ez bakarrik lehenengo hazi horretatik; hirugarren berridazketa ere, seigarrenetik oso desberdina da. Testuak berak eskatzen dizu, berridazten ari zarenean, nondik jo, zer aldatu... Gainera, fikzioa edo literatura, bada klitxeak puskatzeko leku bat. Beraz, zuri iruditzen zaizunean idatzi duzuna oso ebidentea dela, edo ez duela ezer sortzen, berridatzi egiten duzu.
Duela 10 urte pasatxo idatzi zenuen zure aurreneko liburua, 'Mea culpa', estreinako nobela. Ipuinetara bueltatu zara orain.
Bai, ipuina da nire eremu erosoena. Ez dudanean argitaratzeko idazten, normalean idazten dudana ipuinak dira. Gainera, asko estimulatzen nau ipuinak, nireak ez direlako kronologian asko luzatzen, oso laburrak dira: momentu bat, egun bat... Eta gustatzen zait, anekdota hutsean geratu daitezkeen gauzetatik tiraka, arnas sakonagoko zerbait egin dezakezula; nola gurutzatzen diren, momentu txiki batean ere, diskurtso kolektiboak: boterearenak eta kontraboterearenak; arauak jartzen dituztenenak eta kontrakoenak... Hori asko gustatzen zait ipuinetik, espazio labur batean kontatu ditzakezula gauza asko.
Nolako harrera izan du liburuak?
Harreraren kontuarekin ez naiz oso ona... Nik asko gozatzen dut idatzi bitartean, eta liburu honetan bereziki, gozada bat izan da editorearekin egindako lana. Baina behin liburua argitaratzen denean, ez diot gehiegi begiratzen, baina orain arte jaso dudana oso ona izan da.
Pozik nengoen liburuarekin, eman diogulako behar zuen denbora. Baina gerokoarekin gaizki xamar pasatzen dut. Elkarrizketak eta horrelakoak, beldur puntu batekin egiten ditut, ondo egin ote dudan, nire zein alde ikusiko den... Horrelako ezinegon bat sartzen zait.
Nolakoak izango dira, irakurriko ditugun zure hurrengo testuak?
Uste dut nobelara ez naizela itzuliko; alegia, ipuinak izango direla seguruenik. Hala ere, argitaratzearena ez da zerbait naturala nire baitan. Normalean ez nago horretan pentsatzen, ez dut esaten ipuin hauek argitaratu egingo ditut. Izaten da nahiko kasualitatezkoa, azkeneko honetan bezala. Lanik ez neukan, beka eskatu nuen, eta hortik atera da. Hain justu, esan dudanagatik, ez zaidalako gustatzen ondorengoa.
Beraz, pentsatzen dut ipuinak izango direla nire hurrengo testuak ere, baina ez dakit zein bide egingo duten.
Apunteak hartzeari eta idazteari ez diozu utziko, behintzat...
Hori ziur ezetz. Idaztea, irakurtzea bezala, beti daukat presente; konplize bilaketa hori beharrezkoa daukat. Irakurri dituzun liburuak konplize izan dira zuretzat, eta nahi duzu zureak ere konplize izatea beste irakurle batzuentzat.