Zein da egoera anbulategietan?
Lehen arretan dagoen hutsunea eta egoera nahasi hau ez da berria. Ez da koronabirusarekin agertu; lehendik ere beharra genuen eta orain areagotu egin da.
Horregatik, duela urte batzuetatik, sindikatuek egiten duten indarraz gain, beste hainbat mugimendu sortu dira lehen arreta babesteko. Horien artean dago Lehen Arreta Arnasberritzen. Baina arazo hau oso haundia da eta plataformak ez du nahikoa ahalmen egoerari aurre egiteko. Izan ere, izurriteak agerian utzi ditu sektorean dauden gabezia guztiak: ez dago ez baliabiderik ez antolakuntzarik. Beti saiatzen gara edo saiatzen dira arazoak konpontzen momentuko konponbideekin, petatxoekin. Baina koronabirusarekin ikusi da ez dela nahikoa, noski. Gezurra dirudi azken bi urte hauetan ez dugula kudeaketarako eta antolakuntzarako konponbiderik bilatu. Hau da, benetan nahia baldin bada sistematikoki txertaketa programatzea edota PCR masiboak egitea, profesional gehiago beharko ditugu eta horretarako bideak erraztu beharko ditugu. Baina gertatu ezin dena da anbulategi baten egunerokoa erdi-erditik gelditzea koronabirusa etorri eta bi urtera ez dugulako jakin olatuei aurre egiten eta etorriko zena aurreikusten.
Egunerokoan, nola sumatu duzue aldaketa?
Zerbitzu minimoak ahaztuta eta albo batera gelditu dira, eta hori oso arriskutsua da. Sintron kasuekin hori gertatu da, adibidez. Gainera, esaten ari dira gaixoak berak egin beharko duela tratamendua etxean.
Horregatik, noski, garrantzitsua da koronabirusa artatzea eta zaintzea. Edonola ere, gertatu dena da Covid-19 kasuei ez zaiela beharrezko arreta eskaintzen eta lehendik ezinbestekoak ziren lehen arretako zerbitzuei ere ezin diegula aurre egin gaur egun dugun kolapsoagatik.
Are gehiago, aurrez aurreko arreta kolokan gelditu da eta telefonoz hitz egin behar dugu gaixoekin. Hori ez ezik, batzuetan, koronabirusari dagokionez, pertsona asintomatikoekin bakarrik hitz egiten dugu eta ez, ordea, agian, gehiago behar dutenekin. Oso sentsazio arraroa, txarra eta tristea dugu, izan ere, kasu larriak gugana heltzen ez direneko susmoa ere izan dugu, eta hori oso gogorra da. Horrenbestez, profesionaltasuna oso maila baxuan gelditzen da; orain, gure arreta eskasa da betiko gaixoentzat, koronabirus kasuentzat eta heltzen diren bestelako kasuentzat.
Nahasmena da nagusi?
Bai, eta ezinezkoa da hori. Nik, askotan, erizain gisa ez ezik, paziente moduan ere hitz egiten dut. Izan ere, guztioi gertatu zaigu eromen honen barruan zerbait behar izatea edo zerbitzuren bat jaso behar izatea. Lehen, ikusten nuen osasungintzan, zerbitzu publikoan, jasotzen genuen arreta ez zela guztiz osoa. Orain, gertatutako guztiarekin, argi daukat hutsune haundia dagoela eta baliabiderik ez dagoela.
Adibide bat jartzearren, positibo eman nuen koronabirusean eta etxean egon nintzen, ohean, arnasteko zailtasunekin. Oso sentsazio txarra izan nuen egun horietan. Izan ere, oso zaila izan zen aurrez aurreko arreta jasotzea, plaka bat egitea edo, besterik gabe, nire medikuarekin hitz egitea. Neure buruari galdetzen nion: ospitalera joango naiz? Baina gero pentsatzen nuen: han ere lanez gainezka egongo dira… Orduan, beste herritar askoren moduan, erdi bidean gelditu nintzen.
Horrekin batera, eta orain erizainaren paperean jarrita, ikusten dut egunero-egunero jende mordoak deitzen duela anbulategira. Ohean egon nintzen egun horietan telefonoz deitu izan banu, jakin banekien, agian, ez nuela aurrez aurreko arreta lortuko. Hor ikusi nuen nahasmena zela nagusi: medikuarekin hitz egiteko, telefono deia; PCRa eskatzeko, beste dei bat beste telefono zenbaki batera; baja eskatzeko, beste telefono dei bat beste telefono zenbaki batera.
Engainatuta sentitzea oso sentsazio txarra da. Gure anbulategira deitu eta medikuarekin hitz egin ez izatea edo erizainarekin hitzordua hartzeko aukera ez izatea frustrantea da. Lehentasuna eman diote PCRak egiteari, baina emaitza jaso eta hortxe gelditzen da bidea, inolako tratamendurik edo jarraipenik gabe. Bi urte daramatzagu horrela eta oraindik ez gara gai antolatzeko, baliabideak jartzeko eta planak abian jartzeko. Momentuko konponketak egiten dira eta kitto.
Azken asteotako aldaketek ere konfusioa ekarri dute, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Lehen, 10 eguneko berrogeialdia egin behar izaten genuen eta, orain, berriz, zenbait kasutan, 7 egunekoa izango da. Txertatuentzat eta txertatu gabeentzat ere ezberdinak dira arauak. Horrez gain, Omikron aldaera dela uste dugu eta horregatik isolatu behar dugu egun gutxiagoz. Baina, nork esan digu Omikrona dela eta ez Delta, adibidez? Dena kolokan jartzen dugu, eta herritarrek galderak egiten dizkigutenean esan behar dugu protokoloetan jartzen duena bete behar dugula, eta hori desegokia da nire ustean. Gainera, protokoloetan izaten diren aldaketa guztien berri lehenago izaten dugu hedabideen bidez, osasun arduradunen bidez baino.
Txertoak eta ziurtagiriak zeresana eman izan dute.
Bai, eta ni kritikoa naiz horrekin. Txertaketa oso garrantzitsua da ikusi delako kasuen larritasuna baxutu duela eta kasu asko babestu direla. Baina lehen mailako arreta oso gaizki dago, eta horri ere heldu beharra dago.
Horregatik, politikariek ezin dute saldu nahikoa dela txertoa jartzea eta ziurtagiria izatea. Mezuak argia eta serioa izan behar du, eta saldu duten informazioa ez da egokia. Leku itxi batean egoteko aukera dago, maskarilla gabe, parranda egiteko askatasun osoz. Horregatik, luzatutako proposamena eta ezarritako araudia kontraesankorrak dira. Hori ez da bidea. Anbulategietan, lehen arretan, topera gaude eta hori ikusi behar dute.
Zer gertatuko da?
Nire ustean, pribatizazioa dago honen guztiaren atzean. Azken urteotako egoeraz aprobetxatuta, baliabiderik ez dagoenez, gero eta zerbitzu gutxiago eskaintzen ari gara sektore publikoan. Horregatik, sektore pribatua sekulako indarra hartzen ari da, eta hori ez da kasualitatea.
Ez naiz horretan sartuko, baina adinekoen egoitzetan ere horixe gertatu da. Guztiz onartua dugu egoitzak pribatuak direla. Gainera, badakigu bertako langileek (gehienak emakumeak) greba ugari egiten dituztela lan baldintzak salatzeko, eta gertuko kasurik ez dugunez, ez dugu ezer egiten egoera aldatzeko. Ezikusiarena egiten dugu, baina zaintza lanak behar ditugunean, ikusiko dugu zerbitzu publikoek gero eta baliabide gutxiago dituztela, eta orain errotik heltzen ez badiogu, etorkizunean, pribatura joateko aukera besterik ez zaigula geratuko.
Hedabideek kezka adierazten dute eta baliabiderik ez dagoela esaten dute, baina hemen inguruan, adibidez, hori guztia aipatzen ari ziren bitartean, Lasarteko eta Andoaingo osasun zentroetan, asteburutako zerbitzua itxi zuten. Lehen, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 21:00etara egoten ziren zabalik eta orain, berriz, ez dago arretarik. Horregatik, bertako herritarrak Hernanira etortzen dira. Horri aurre egiteko, ordea, azken bi urte hauetan ez dute profesionalik kontratatu hemen, eta lanez gainezka gaude.
Gabonetan, jendea etorri da zauri mingarriekin eta bestelako beharrekin. Lasartetik, Usurbildik, Astigarragatik eta Andoaindik etorri dira gurera. Baina kontuan izan behar dugu jendeak, agian, ez duela aukera hona hurbiltzeko. Orduan, zer gertatutako da gaixo horiekin?
Beste anbulategietan ere gauza bera gertatu da, orduan?
Bai, hori da. Batetik, inguruko herrietatik Hernanira etorri den jendeak esaten du egoera ulertu beharra dagoela eta moldatuko direla hona etortzeko. Bestetik, lehen arretako kolapsoa ikusita, koronabirusean positibo diren herritar askok ez dute ezer esaten beraien kasuek nahikoa garrantzirik ez duela sinesten dutelako.
Anabasa horren guztiaren artean, zerbitzuak galtzen dira eta ez gara konturatzen. Horregatik, egoera txar eta latz guztietan, hausnarketa egin eta pentsatu behar dugu ea zerk duen garrantzia eta nora joan nahi dugun.
Anbulategietan ez ezik, ospitaletako zerbitzua ere erdipurdikoa da. Nik ikusi dut, adibidez, CIUtik atera berri den gaixo bat plantara eraman eta hortik bi egunera etxera bidaltzea. Noski, pertsona hori sendatuko da, baina nork zainduko du? Etxeak prestatuta daude horretarako?
Nire lagun minaren kasua da azken hori. Bakarrik bizi da eta horregatik joan zen gizarte langilea bere etxera ospitaletik atera zenean. Baina arazo larria dago hor: koronabirusa agertu aurretik, intimitaterako eskubidea, informaziorako eskubidea eta datuen babeserako eskubideak errespetatzen zirela esan genezake. Orain, berriz, hori guztia kolokan gelditu da. Nire lagunaren kasuan, ospitalean zegoela, logelan zeuden guztien aurrean langile batek esan zion alta emango ziotela, baina lasai egoteko. Bere patrimonioa eta diru-sarrerak zeintzuk ziren esan zuen ahoz gora, eta aipatu zion aukera zeukala enpresa pribatuko langile batek bera laguntzeko. Zerbitzu hori kontratatzea orduko zenbat diru zen aipatu zion, arazoa konpontzeko soluzioa izango balitz bezala. Momentu horretan, pazientearen eskubideak urratu ziren, eta hori onartezina da. Horregatik diot, hain zuzen ere, horren guztiaren atzean pribatizazioa dagoela.
Kasu horietan ere, egoera onartzen dugu eta kitto. Etxean familiarekin biziz gero, agian, etxekoek izango dute gu laguntzeko aukera. Baina beraiek ere lanak edo ikasketak izango dituzte, eta kontuan izan behar dugu, gainera, etxe bakoitzean egoera ezberdina dela. Jakina, ebakuntza bat dagoenean, hori ondo egitea beharrezkoa da. Baina, ondoren, zainketa lanak ezinbestekoak dira, eta hori galtzen ari dira.
Noizbait ikusi al duzu horrelako egoerarik?
Beti sentitu dut Gobernuak konplazentziaz jokatzen duela. Normalean, osasun langileon ordutegiak onak dira eta soldatak ere bai, nahiz eta mundialak ez diren, onak dira. Baina, horren bueltan, zabaldutako irudia da Euskal Herriko osasungintza oasia dela, sekulako baldintzak daudela eta egoera oso ona dela. Noski, hori ez da horrela izan eta orain ere egoera kaxkarra da. Beti diot zaintzen ez dena zaharkituta gelditzen dela. Gure kasuan, ikusi da gizartean aldaketak eman direla eta ez garela horietara moldatu.
Ondorioz, profesionalen konpetentziak kolokan gelditu dira. Erizainok medikuen lanak egin behar izan ditugu eta, batzuetan, gure artean, giroa ez da oso goxoa izan. Hori arriskutsua da, eta, horregatik, gure artean bildu eta erabakiak hartu behar ditugu. Zergatik dago mediku falta? Numerus clausus delako hori zergatik da hain baxua medikuntzan? Interesak daude atzean? Horren guztiaren gainean hausnartzeko eta mezuak zabaltzeko ordua da. Gizarteak horren berri izan behar du; herritarrek jakin behar dute, esaterako, tripako mina dugunean, lehenbiziko arreta erizainarena izango dela eta, gero, berak baloratuko duela kasua medikuarenera bidali ala ez. Gauzak aldatu dira, noski, eta ados nago horretan. Baina gardentasuna ezinbestekoa da, eta nora goazen eta zer nahi dugun jakitea eta erabakitzea ere bai.
Zein da konponbidea?
Lehen arretan eta anbulategian gauzak aldatu dira eta aldatuko dira, eta jakin badakigu lehen genuenera bueltatzea zaila dela eta ez dugula zertan horra bueltatu.
Azken asteotan, esaterako, teknologia berrien bidez bete behar izan dira kontaktu estuen eta positibo kasuen formularioak. Hor ere jakin behar dute guztiek ez dutela jakintza bera, eta guztiok dugula zerbitzu horietara heltzeko eskubidea. Horregatik, erraztasunak jarri behar dira eta jendearen beharretara egokitu behar da.
Noren esku dago aldaketa?
Gizartearen ardura da honi aurre egitea. Ezin dugu pentsatu politikariek guztia aldatuko dutenik, hori jarrera erosoa da. Kritikoa naiz politikariekin, eta ez nago batere ados izurritean izan duten kudeaketarekin, ez eta informazioa saldu duten moduarekin ere. Baina jakin behar dugu mugimendu soziala beharrezkoa dela egoera aldatzeko.
Presioa behar da, baina ez edozein presio. Hausnarketa egin behar da zer nahi dugun eta nora goazen jakiteko; eta, horrekin, mezua prestatu eta zabaldu behar dugu. Bestela, alferrikakoa izango da kritika egitea. Argi dago politikariek ez dutela egoera aldatzeko asmorik. Izan dute horretarako aukera, baina ez dute ezer egin. Horregatik, kanpoko bultzadarik ikusten ez badute, horrelaxe geldituko da kontua.
Hemen, Euskal Herrian, gehienok gaude zerbitzu publikoen alde. Orain, ikusi dugu krisian dagoela eta zerbitzuak ez direla bere osotasunean gauzatzen. Horregatik, kalera atera behar dugu mobilizatzera eta protesta egitera. Baina, esan bezala, mezu mamitsua prestatu behar da. Nekatuta nago bai, baina hemen hobeto gaude bezalako esaldiez. Non jartzen dugu erreferentzia? Ezin dugu konformatu, zerbitzu publikoa kolokan jartzen ari gara eta arreta minimoak galtzen ari dira. Gure egoera duela 10 urtekoa baino okerragoa da, eta zerbitzuen kalitatea hobetzeko eta eskubideak lortzeko anbizioa galtzen ari da.
Horrenbestez, guztion esku dago hau. Batetik, informazioa ematen dutenek, mezu argia, zehatza eta serioa helarazi behar dute. Ezin dute esan lehenengo olatua pasa dela eta laster guztia normalitatera bueltatuko dela. Izan ere, ikusi da beste hainbat olatu heldu direla eta egoerari aurre egiteko prestatuak ez geundela. Bestetik, gainerakook, arduraz jokatu eta gogoeta egin behar dugu. Ondo pasatu nahi dugu, maskarilla kendu nahi dugu eta sinistu nahi dugu txertoa nahikoa dela. Baina, tamalez, hori ez da errealitatea. Jakina da txertoa baliagarria dela, baina ez dakigu noiz arte. Horregatik, bitarte horretan, zaintzea besterik ez zaigu gelditzen. Ez soilik geure burua, baizik eta zaurgarriak diren pertsonak ere bai.
Azken mezurik helarazi nahi al duzu?
Ez dugu soldata igoerarik nahi, ezta jaiegun gehiago nahi ere. Egoera hain da larria, eskatzen duguna dela, krisialdi honetan pentsatzea lehen mailako arreta indartu nahi dugun eta zerbitzu publikoaren alde borrokatu; edo, aitzitik, bolada hau pasatzen utzi nahi dugun eta osasungintza pribatizatzen utzi.
Eskatzen duguna da, guztiok lehentasunak jartzea eta politikariek aldaketa bultzatzea modu koordinatuan, langileekin hitz eginez eta zentzuz jokatuta. Arduradunekin hartueman eraikitzailea nahi dugu. Noski, gizarteari informazio hori guztia helarazi behar zaio eta gardenak izan behar dugu prozesuan.
Osakidetzak eta gure sisteman, oro har, ospitaleak ez blokeatzeko gakoa lehen arreta da. Lehenengo atea horixe da, eta kontraesana dago orain. Izan ere, lehenengo eskailera edo ate hori zaindu ezean, noski, ospitaleak eta gainerako ate guztiak blokeatuta geldituko dira, saturatuta. Hortxe jarri behar da fokua.