Erreportajeak

«Buztina probatuz gero, lotuta gelditzen zara, zerbait magikoa duelako»

Leire Goñi Iradi 2022ko urt. 8a, 00:00

Mota guztietako formak osatuz jarduten du Amaia Oihanederrek zeramikarekin, eta Biterin daude ikusgai horietako batzuk.

21 urterekin hasi zen Amaia Oihaneder zeramikarekin jolasean, eta oraindik ere mundu horretan murgilduta jarraitzen duela dio. Abenduaren 23an jarri zuen erakusketa Biterin, eta urtarrilaren 14ra arte egongo da ikusgai.  

Buztinak «engantxatu» egiten duela dio Amaia Oihaneder hernaniar artisauak. Bera 21 urterekin hasi zen, eta oraindik horretan jarraitzen du, eskuak buztinarekin zikintzen eta forma ezberdinetako pieza ikusgarriak sortzen. Urteen poderioz, lan asko eginda eta pazientzia haundiarekin, orain arte sortutako zeramikazko eskulturak ekarri ditu Biteriko erakusketa gelara, eta urtarrilaren 14ra arte egongo dira ikusgai: «gainera, esan beharra dut, erakusketan zeramika egiten ariko naizela, jendeak ikus dezan nola egiten ditudan formak, eskuak nola erabiltzen diren, eta abar. Beraz, herritarrak bertaratzea gustatuko litzaidake, eta horregatik luzatzen diet gonbita!», adierazi du irribarrea ahoan duela.

Momentu honetan, zeramikako klaseak ematen ditu Oihanederrek Altzako kultur etxean: «zeramika ikasten hasi nintzen 21 urterekin, Debako Arte eskolan. Bertan, hiru urte eman nituen ‘Arte aplikatuak’ ikasten. Hortik 24 urterekin atera, eta jarraian hasi nintzen klaseak ematen Gasteizen eta hainbat kultur etxetan. Esan dezaket hor hasi zela zeramikako nire ibilbide ‘profesionala’. Tailerrak ere egin izan ditut, Donostian adibidez. Eta azken aldi honetan, klaseak ematen ditut Altzako kultur etxean».

Oihanederrek argi du txikitatik datorkiola zeramikarekiko lotura, eta haurra zeneko oroitzapenak etorri zaizkio bapatean burura: «txikitan, gogoratzen naiz zeramika egin izan nuela,  buztinarekin hainbat forma eginez, sormena landuz… Eta, esango nuke, hor gelditu zitzaidala arantza txiki bat». Eta artisau hernaniarraren ustez, beti eduki du zeramikarekiko lotura «berezia», baina ez omen zuen guztiz erakartzen zion ezer topatzen: «nire baitan bazegoen artea, eta horretan zentratuz, denborarekin, eta barrura begiratuz, aurkitu nuen zeramika; esan bezala, Deba Arte eskolan hasi nintzenean. Hortik aurrera, zeramika munduan murgildu nintzen, eta hor pentsatu nuen: hau da bilatzen ari nintzena». 
Euskal Herritik kanpo ere ibili da Oihaneder zeramikari buruzko jardunak ikasten, Gironan hain zuzen: «beka bat eman zidaten Gironara joateko. Bertan, zeramikan oinarritutako eskola paregabe bat dago, Escuela de Cerámica La Bisbal izenekoa, eta hor asko ikasi nuen». 

Inspirazio iturriak eta norberaren zertzeladak 
Zeramikazko panpin eta pitxerrez beteta dago Biteriko erakusketa gela, eta Oihanederrek dio Debako eskolan material figuratiboak egiten zituztela: «orain dauzkadan panpin hauek, esan daiteke, bertatik datozela. Azkenean klaseetan ikasten dituzu Oteizaren eskulturak eta horrelako erreferenteak jartzen dizkizute adibide gisa. Beraz, egindako hainbat pieza bertatik datoz, baina nire puntua eman diet piezei, eta zeramikazko panpinak hasieratik egin ditut». 
Panpin eta pitxarrez gain, mota askotako sormen lanak egiten ditu artisau hernaniarrak, eta dio horietako asko pandemiaren eraginez egin dituela: «pandemiak gizartea hartu zuenean, hasi nintzen egiten zeramikazko beste pieza batzuk, hautsontzi modukoak, pintxoekin. Lan eskultorikoak dira erakusketan dauzkadanak, baina zeramika oso haundia da eta beste hamaika eskulan gehiago ditut: portzelanaz egindako bitxiak, platertxoak, eta gauza txikiagoak, merkatuetan saltzeko erabiltzen ditut askotan. Baina, Biteriko erakusketara piezak ekarri ditut haundiagoak direnak, ikusgarriagoak nolabait. Merkatuetara, aipatu moduan, eskulan txikiagoak eramaten ditut, errazagoak dira horrelako gauzak merkatuetan erosten. Momentu honetan hasi naiz uztartzen eta nahasten, makrame eta zeramika. Hori da azken aldian eskuartean dudan proiektua. Tabakaleran jarri nuen, lehenengoz, eta noski, Biterin dudan erakusketa honetan ere badaude».

Han eta hemen, sortzen eta eskuak buztinetan dantzatuz ibiltzen da Oihaneder, izan ere, ez omen dauka leku finkorik: «piezak ahal moduan egiten ditut, tailer propiorik ez daukat, eta, beraz, ibiltzen naiz bueltaka. Biterin egiten ditut batzuk; beste batzuk, Donostiako Asociación Artística Gipuzcoanan; Altzako Kultur etxean, esan bezala, klaseak ematen ditut eta bertan ez ditut egiten, baina labera sartu behar badut materialen bat, aukera daukat. Baina, egia da horrela ibiltzen naizela, ahal moduan, ez baitaukat tailer fisikorik».

«Sortzea dut gustuko», dio artisau hernaniarrak. «Nik neuk egindako materialen bat badaukat etxean, baina gutxi. Gehiago egiten ditut jendeari oparitzeko eta saltzeko. Bakoitzaren lana gustukoa da, baina uste dut gehiago betetzen zaituela besteek gustuko izateak, niri gustatzen zait zeramikarekin piezak egitea; behin eginda daudenean ez dira nireak, erosten dituenarenak dira». 

«Pandemiarekin jendea hasi zen etxean eskulanak egiten, eta ondorioz, balioa eman zaio sortze lanari»


Orduak eta orduak 

Zeramikak lan asko dakar, prozesu tekniko luzea duelako: «pieza bakoitzak lan ordu asko behar ditu: lehortzeko orduak, lehenengo labekada, gero esmaltatu, ondoren bigarren labekada… prozesua oso luzea da. Egia esan, pazientziarekin egin behar den espezialitatea da. Pieza bakoitzak, gainera, prozesu ezberdina dauka, ez da berdina eskultura bat egitea  edo hautsontziak egitea. Hainbat buztin mota erabiltzen ditut, eta formekin jolasten ibiltzen naiz».

Oihanederrek zeramika egiten du ingurukoei oparitzeko edo saltzeko. Baina, hala ere, dio zeramikatik bizi den jendea badagoela: «jatetxeetan, adibidez, zeramikazko platerak eta edalontziak asko eramaten dira, modan daude. Eta sortzaile askok egiten dute lan zeramikazko produktu horiek egiten. Ni ez naiz mundu horretan ibiltzen egia esan, gehiago egiten ditut pertsona partikularrentzat, etxeetarako. Bitxigintzak ere hartu du bere indarra azken urteotan. Gainera, erraz erosten dira bitxiak, ez dira eskulturak bezala. Pandemiarekin hasi da kontu hau guztia, jendea hasi da etxean egiten zeramikarekin edo dena delakoarekin bitxiak, eskuz… eta horri eman zaio garrantzi asko: sortze lanari. Ni eskertuta nago, noski, badirudi balore haundiagoa duela. Orain arte, zeramikako 3 klase genituen eta orain, berriz, 9 klase dauzkagu; pentsa zenbat aldatu den eskulan mundua. Jendea oso pozik etortzen da, izan ere, buztinarekin hasten dena, engantxatu egiten da».

Zeramikan jarraitzea da Amaia Oihanederren asmoa: «hemendik aurrera sortzen jarraituko dut, orain arte moduan, zeramika egin eta egin». Horregatik, herritarrak gonbidatu ditu Biterin jarri duen zeramikazko erakusketaz gozatzera: «bertaratu eta murgildu zeramika munduan, zerbait berezia baitauka».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!