Urduritasuna izango da gaur bertsolari askoren baitan, gaur jokatuko baita Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala, Bilbao Arenan (Bilbo). Bertan ariko da Nerea Ibarzabal Salegi, Hernanin bizi den markina-xemeindarra; eta ondoan izango ditu Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Etxahun Lekue Etxebarria, Gorka Pagonabarraga Agorria, Jone Uria Albizuri, Onintza Enbeita Maguregi txapelduna eta Xabat Galletebeitia Abaroa. Bertsolaritzaren ateak ireki dizkio Ibarzabalek Kronikari, eta barru-barruko sentipenak helarazi.
Zer espero duzu Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean?
Nik uste dut, finala orokorrean ederra eta ona izango dela. Gainera, bi aurpegi berri daude, Gorka Pagonabarraga eta Aitor Etxebarriazarraga. Eta horrek, beti ematen dio kutsu berezi bat saioari. Jende gehiago gerturatzen da, jende berria. Gazteak dira biak, eta horrek gazteak erakartzen ditu. Beraz, lehendik dauden beteranoekin eta ni neurekin, uste dut final on bat izateko ezaugarri guztiak dauzkagula. Egia esan, denok gaude gogotsu. Astelehenean izan genuen prentsaurrekoa, eta denak ikusi nituen indartsu eta bizipoz apur bat sentitzeko gogoz.
Pandemiagatik ari zarela pentsatzen dut…
Bai, hori da. Bertsolarientzat ere ez dira urte onak izan, ez gara plazetara ohiko moduan atera. Egoerak izan dira oso aldakorrak, eta beti emaitza baten esperoan antolatzen dena…
Zer moduz Larrabetzuko finalaurrekoa?
Tira, azken finalaurrekoa zen eta beti tentsio gehiago dago. Ni kontziente nintzen horretaz, banekien tentsioa egongo zela, eta uste nuen nerbioak hobeto kontrolatuko nituela, baina azkenean urduritasunak hartu ninduen, eta ez nuen bereziki saio ona egin. Airean sumatzen nuen tentsio bat, bertsolari bat kanpoan gelditzen zen… eta horrek eragin egin zidan. Azkenean hiru sartzen baginen finalera, Onintza Enbeita geratzen zen kanpoan…
Hala ere, saioa orokorrean ondo joan zen. Uste dut maila oneko finalerdia izan zela, gainera aurten maila oso altua dago. Eta gaurko finala ere maila altukoa da, ez dut imajinatu ere egin nahi nolakoa izango den hemendik urte batzuetara. Zailagoa izango da sailkatzea, baina seinale ona da, benetan ona.
Beste txapelketa bat ere irabazi duzu orain gutxi, ezta?
Zaldibin, azken lau urteetan, sariketa berezi bat egin dute: zapiarekin. Kontua da jarri dutela zalantzan txapeldunak txapela jantzi behar duela, eta hortik atera zuten zapiaren kontua. Urte luzez izan da gizona bertsolaria, eta txapela irabazten zuena, plazetan, txapelketen sorreretan…
Zaldibin, urrian, egon ginen Jon Maia, Andoni Egaña, Maialen Alkizu eta laurok, eta irabazi egin nuen. Oraindik poza sentitzen dut, sinbolikoki oso garrantzitsua izan da niretzat, eta oraindik oso presente daukat garaipen hori, eta hori izan zen nire azken garaipena: zapia eta honek esan nahi zuena etxera eramatea.
Zer sentitzen da behin oholtzara igota?
Autokontrola edukitzen ikasten duzu, nolabait esateko. Niri askotan gertatzen zait hunkitu egiten naizela, jende ugari ikusten dut nire parean, eta sentipen horiek kontrolatzea hasiera batean zaila da. Malkoak ere isurtzen zaizkizu tarteka, baina neurtu behar duzu, emozio horiek guztiz ez uzteko eramaten; burua hotz mantendu behar da, modu batera esanda. Lan asko eta ordu asko dira, eta kontzentrazio haundia behar da. Gozatu aireko bibrazio hori, baina ez utzi eraman zaitzan guztiz.
Behin motorrak berotuta, errazago joango zara aurrera…
Puntu batetik aurrera, ez duzu jende kantitatea ikusten, hasieran bai. Baina behin hasita, nire kasuan behintzat, lasaitu egiten naiz eta kontzentratzen naiz askoz ere errazago. Hasieran nerbioek indar asko daukate. Behin oholtza zapaltzen duzunean eta hasierako agurra kantatzen duzunean, nerbioak joan egiten dira, lasaitu egiten zara, eta gehiago gozatzen duzu.
Gaur daukazu Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala. Nola zaude? Badaukazu gailentzen zaizun emoziorik?
Egia esan ondo nago, ez nago urduri. Behin Bilbao Arenan egonda, oholtza ikusten dudanean, jendearen eserlekuak ikusten ditudanean, orduan sartuko zait urduritasuna.
Egia da finalaurrekoetan beti dagoela tentsioa, hor erabakitzen baita zein doan finalera. Finaletan ere badago urduritasuna, baina festagoa da final bat, finalaurrekoa baino. Orduan urduritasuna baina gehiago da ardura. Zaindu burua, zaindu pentsamenduak, ahalik eta argien heltzeko oholtza ginera.
Aurreko egunetatik zerbait eramaten duzu prestatuta?
Prestatu, gauza haundirik ez dugu prestatzen. Hasierako agurra pentsatu, hori bai, baina egiten duguna da bakoitzak entrenatzen duen bertso eskolara joan txapelketa aurretik, eta entrenatu. Gero bakoitzak bere erritualak izaten ditu. Ni adibidez mendira joaten naiz, edo ibilalditxo batzuk egin, burua bueltaka beti, hankekin sintonian.
Final batean, zure gorputza oso egoera extremo batera heltzen da, eta horretarako prestatuta egon behar zara. Orduan, gauza hauek kontutan izatea beharrezkoa da, finala ahalik eta lasaien egiteko, gorputza mugan jarri gabe.
Zaintza guztiz garrantzitsua da, final aurretik. Lo gaizki egiten baduzu asko nabaritzen da, buruan batez ere.
Noizbait bertsotan 'txurian' geldituta… Zer sentitzen da? Nola ateratzen zara bertatik?
Txurian gelditzeko modu asko daude. Nik uste dut urteetan zehar, esperientziarekin, metodo asko ikasten dituzula hortik ihes egiteko. Beharbada, asmatzen duzu zerbait esaten, ez zenuena esan nahi, baina isilik ez gelditzeko metodo batzuk badauzkagu. Urduritasun altu-altu batean zaudenean erresolutiboa ere bazara, isildu baino lehen, gai zara edozer esateko, eta asmatu behar bada, hitz bat asmatzeko ere kapaza zara. Baina esan behar dut, badauzkagula trukoak txurian ez gelditzeko, pilotu automatikoa esaten diogu guk. Kontziente gara ez dela bertso ona izango baina bai salbatuko gaituena. Urte askoren poderioz, gainditzen den zerbait da hori.
Zer izango litzateke zuretzat Bizkaikoa irabaztea?
Poz haundi bat, ohore haundi bat eta gauza ez hain erraz bat lortzea, nolabait. Zortzikote oso potente bat gaude aurten, eta lagunak gara asko. Orduan, iruditzen zait jende askok hartuko lukeela poza nik irabazita. Baina ez daukat urgentziarik txapela irabazteko, etorriko da etorri behar duenean. Joango naiz borrokatzera, egia da nahi dudala irabazi, noski; baina ez daukat inpazientziarik. Nire asmoa da ondo egitea eta plazan jarraitzea; txapela badator ederki eta ez badator, lanean jarraitu.
Emakumea izateak bertsolaritzan, badu bere prestigioa. Nola ikusten duzu?
Zorionez, gero eta paper anitzagoa daukagu. Bertsolaritza esaten dugunean, gainera, hainbat gauza datozkigu burura. Batzuek txapelketetan pentsatuko dute, eta hor nabarmena da emakume kopurua baxuagoa dela gizonezkoena baino. Beti esaten dugu, emakumeok maila oso ona ematen dugula, bi aldiz pentsatzen baititugu gauzak, ez gara erdizka egitera joango. Plazetan ere aldea dago, emakume kopuruetan. Hala ere, uste dut, pixkanaka plaza mota ezberdinak sortzen ari garela, emakume desberdinak, identitate desberdinak... gero eta leku gehiago izan dezaten. Oraindik bidea badaukagu egiteko, baina uste dut, badatorrela egoera hobeago bat, emakumeak erosoago egiteko bertsotan, geuretik, eta sentitu gabe borrokan ari garela gure lekua topatzeko.
Nafarroako txapelketan, Saioa Alkaiza izan zen txapeldun. Zer sentitu zenuen?
Izugarrizko poza, adrenalinaz bete nintzen jakin nuenean. Sekulako lanari eta sekulako konstantziari esker lortu du. Niretzat bai izan da sekulakoa. Plazetan emakumeok kantatzen ditugu emakumeon bertsoak, eta Nafarroako finalean errealitatea ikusi zen; alegia, emakumea jarri zen erdigunean, eta gainera, saritua izan zen. Izan da udazken bat, txapelketetan, emakumeon ahotsa entzun dela eta nabaritu egin dela hor gaudela. Guretzat, beraz, izugarrizko poza izan da.