Erreportajeak

«Etxeko beste gela batera sartzea bezala izan da bezeroentzat ileapaindegia»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 18a, 00:00

Javier Blanco Uzkudun ileapaindegiko ate aurrean Andrekale kalean.

Javier Blanco Uzkudun ilemoztailea aurreko astean jubilatu zen, Andrekale kaleko ileapaindegian 48 urtez lanean aritu eta gero. «Nire aitak jarri zuen ileapaindegia orain 68 urte, eta bera erretiratu ondoren nik hartu nuen ardura. Bizipen asko eramango ditut nirekin».

Hernaniko ileapaindegi ezagunenetakoa eta enblematikoenetakoa izan da Javier Blanco Uzkudunek aurrera eraman du­ena, azken 48 urteotan. Nahiz eta izenik ez izan, Kardaberaz kaleko ileapaindegia bezala ezaguna, ehundaka hernaniarren ileapaindegia izan da hamarkadetan zehar, eta «askorentzat bere etxeko beste gela bat», Blancok gogoratzen duenez. Aurreko asteko ostiralean ireki zen azkeneko aldiz, Javier Blanco Uzkudun erretiratu egin baita.


«Ostiral eguerdian itxi nuen», aipatu du Javierrek. «Nire aitak hasi zuen negozioa orain 68 urte, 1954 urtean, eta ni 48 urtez egon naiz bertan lanean, leku berean. Nire ibilbide profesional guztia pelukeri honetan egin dut». Beti leku berean kokatuta egon da, eta Javier 17 urterekin hasi zen bertan lanean, nahiz eta aurretik aitari laguntzen zion udara batzuetan. «Nire aitari, ni soka motzean lotzea gustatzen zitzaion, eta 13 urte nituenetik, ikasturtea amaitzen zenean, arratsaldeetan Hernanira etortzeko agintzen zidan. Goizetan aske egoten nintzen, baina arratsaldeetan ileapaindegian laguntzen nuen».

«Pasadizoekin liburu bat idazteko pentsamendua izan nuen orain 20-25 urte»
Aitak goizetan irekitzen zuen, eta Javierrek bazkaria ekartzen zion eguerdian. «Ni bazkalduta etortzen nintzen, eta berak 14:30ak aldera bazkaltzen zuen amak prestatzen ziona». Ama eta bere familia guztia hernaniarrak dira, Uzkudundarrak. «Aitaren familia guztia, berriz, donostiarra zen, eta gu Donostian bizi ginen». 


Lokala egon den lekuan, aurretik ez zegoen ezertxo ere, eta ileapaindegia izan zen lehenengo komertzioa. «Ez zegoen dendarik. Bizitza oso bat izan da niretzat ileapaindegi hau. Orain dela 20-25 urte gogoa edo bultzada bat izan nuen anekdota liburu bat idazteko, pasadizoak eta istorioak kontatzeko.  Hemen denetarik gertatu da; gauza alaiak eta umoretsuak. Tristeak eta gogorrenak osasun larrialdiak izan dira. Hemen bezero baten delirium tremens kapitulu bat bizi izan nuen. Azkenean, albo batera utzi nuen liburuaren ideia», kontatu du.

«Bezeroa eta ileapaintzailea asko irekitzen dira»
Bezeroek ere gauza asko kontatu dizkiote Javier Blancori. «Hau ikaragarria da. Gizon batek jakin zuen bere emazteak adarrak jartzen zizkiola eta niregana etorri zen kontatzera. Orokorrean, ileapaindegietan  be­netan ari dira hizketan bezeroa eta ileapaintzailea, asko irekitzen dira bai bata eta bai bestea. Bezeroak gauza interesgarri asko kontatzen ditu». 


Gainera, bezero oso fidelak izan ditu. «50 urte nituenean beldurra izan nuen. Zalantzak nituen ibilbide profesionaleko azken urteetan ongi mozteko gai izango nintzen. Zorionez ongi lan egin dut, eta gainera bezero onak izan ditut, oso fidelak eta kopuru onean. Zortea izan dut alde horretatik».
Agurra oso polita izan dela aitortudu pelukeroak. «Hunkigarriak izan dira azken asteak eta hilabeteak. Jendea atsegina izan da, eta etorkizun ona opa didate denek. Oso gustora egon naiz eta detaile politak izan dituzte. Bezeroen mezuak oso politak izan dira, eta galdetu didate orain nora joango diren ilea moztera. Bideratzaile lana ere egin diet. Bezero batzuek esan didate, ileapaindegira sartzea etxeko beste gela batera sartzea bezala izan dela beraientzat».


Familia ezberdinetako belaunaldiak pasa dira Javierren ileapaindegitik. «Aitonetatik ha­si, aitak gero eta azkenik seme­ak eta bilobak. Asko beraien aitarekin hasi ziren hona etortzen umeak zirela, eta 60 urte edo gehiagotan etorri dira».  Hernaniko xelebre askoren ileapaindegia ere izan dela aipatzen du Javierrek. «Herrian oso ezagunak, entzutetsuak diren hernaniarrak, Kaxkoan asko ibili direnak, betikoak; horrelako gutxi geratzen direnak».

«Arratsaldeetan Hernaniko erdigunean mugimendua asko jaitsi da»
Hernaniren garapena ere bertatik ezagutu du, azken urteetan Andrekalen aktibo egon den zerbitzaririk zaharrena izan eta gero. «Asko aldatu da, eta etengabe ari da aldatzen. Bizilagunak ere asko aldatu dira. Kaxkoan beti bizi izan diren hernaniarrak erdigunetik joan dira, eta bizilagun berriak sartu dira, asko etorkinak. Horrez gain, arratsaldeetan mugimendua asko jaitsi da. Ohiturak aldatzen doaz. Covidak ere kalte asko egin du eta beldur asko dago. Nik zortea izan dut». 


Abuztuan, Aste Santuan eta San Joanetan banatzen zituen oporraldiak Javierrek. «Galdetzen zidatenean nongoa nintzen, beti esan izan dut bizi, Hernanin bizi izan naizela, eta Donostiara joaten nintzela lotara. Hori bai, beti garraio publikoan. Ategorrietan bizi nintzenean trenez egiten nuen joan etorria, eta gero, erdigunean bizitzen jarri nintzenean, autobusez. Bazkaltzen tabernan geratzen nintzen, trenez etortzen nintzenean. Orduak sartu ditugu, eta oso gustora. Gainera, gutxitan egin dut huts»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!