Hotzarekin batera, hemen dira neguko oporrak, eta nola ez, urteroko ohiturari eutsi nahi izan dio Dobera Euskara Elkarteak, primerako bi eskaintza eskainiz. Gabonetako oporretan, etxeko txikiek ez dute aspertzeko tarterik izango bi ekintza hauekin: batetik, Negulekuak, eta bestetik, Oporrak familian eta euskaraz.
Neguko oporretan euskeraz gozatzeko asmoa duten guztientzat daude prestatuta Negulekuak, eta abenduaren 23tik urtarrilaren 7ra bitartean egingo dira: astelehenetik ostiralera, goizeko 09:00etatik 13:30etara. Ekimen hau 3 eta 13 urte bitarteko haurrei (2009-2018) zuzendutakoa da. Bertan, hainbat ekintza egiteko aukera paregabea izango dute herriko txikiek begiraleekin: hala nola, ipuin kontakizunak, tailerrak, jolasak, kantu saioak, irteera txikiak...
Guztira bi talde osatuko dira; bat Hernanin eta bestea, berriz, Ereñotzun. Negulekuetan parte hartzeko, Doberak dio aldez aurretik izena ematea beharrezkoa dela. Abenduaren 16ra arte dago izena emateko aukera eta www.dobera.eus webgunean dagoen formularioa beteta egin daiteke. Aste bakarrerako eman daiteke izena, 60 euro ordainduta, eta Doberako bazkideek 50 euro. 110 euro ordaindu beharko du egun guztietan parte hartu nahi duenak, eta Doberako bazkide izanda, 90 euro. Gainera, Doberak azaldu du kopuruak mugatuak direla: «beraz, azkar ibili!».
Negulekuak ordaintzeko Zerbitzu Sozialak laguntzeko prest daudela era nabarmendu dute Doberako kideek: «dirua ez dadila arazoa izan, Zerbitzu Sozialak prest baitaude laguntzeko. Hala ere, bertan hitzordua eskatzea beharrezkoa da».
Dobera Euskara Elkarteak antolatutako bigarren ekintza Oporrak familian eta euskeraz izeneko ekimena da. Bertan, familian, hizkuntzaren transmisioan eragiteko hainbat ekintza daude; haurrak eta helduak, (guraso, aiton-amona...) elkarrekin egoteko xedearekin.
Denera, bost dira Oporrak familian eta euskaraz ekimena osatuko duten ekintzak, eta lehenengoa, Udalaren Gazteria Sailarekin elkarlanean, abenduaren 26an izango da: Hi selfie! herrian barrena. Bi igandetan eskainiko da, abenduaren 26an lehena, eta urtarrilaren 2an bigarrena. Eta Doberak aipatu duenaren arabera, bi saioak berdinak izango dira. Jolasari goizeko 11:00etan emango zaio hasiera udaletxeko arkupeetan, eta jolas honen helburua da jasotzen duten argazkiaren erreprodukzioa egitea izango. Horretarako, argazkia herriko zein txokotan dagoen aterata ere kontutan izatea garrantzitsua da. «Talde bakoitzean, ezinbestekoa izango da telefono mugikor bat egotea», azaldu du Dobera Euskara Elkarteak.
«Haurrak eta helduak elkarrekin egoteko helburuarekin, familian, hizkuntzaren transmisioan eragiteko hainbat ekintza daude»
Jolasean, adin guztietako herritarrek har dezakete parte, hala nola, lagun taldeek, familiek... Talde horiek, 3 eta 6 urteko bitarteko kideez osatuta egongo dira, eta «12 urtetik beherakoak, gutxienez, adin nagusikoa den kide batekin aritu beharko dute jolasean. Egun bakoitzeko, gehienez, 10 talde arituko dira jolasean». Sariak ere egongo direla ziurtatu du Doberak: «argazki onena ateratzen duen taldeari emango zaio bat, eta bestea, partehartzaile guztien artean zozketa egingo da (igande bakoitzeko 2 sari)».
Abenduaren 28an, eskulanen tailerraz gozatzeko aukera izango dute herriko txikiek. Bi txanda egongo dira; lehenengoa goizeko 10:00etan hasiko da eta bigarrena 11:30etan; biak Atsegindegin. Izena ematerakoan, 2 edo 3 eskulanen artean bakarra aukeratu beharko da. Tailerra 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzako izango da, «betiere heldu batekin arituko direlarik». Ume bakoitzeko 2 euro ordaindu beharko dira, eta Doberako bazkideentzat doakoa izango da tailerra.
Abendua ezin hobe amaitzeko eta gorputza mugimenduan jartzeko, Euskal Zumba antolatu da. Goizeko 11:00etan emango zaio hasiera saioari, Atsegindegin. Doberako begiraleek gidatutako saioa izango da eta herritar guztiei zuzenduta dagoela jakinarazi du Doberak.
Behin urtea amaituta, urte berria ederki hasteko, Hi Selfie! herrian barrena lehiaketaren bigarren saioa egingo da. Horrez gain, urtarrilaren 4an, buruarinak egiteko sekulako aukera izango dute txikienek. Goizeko 10:30etan hasiko da tailerra, Atsegindegin. Saio hau 3 eta 12 urte bitartekoentzako izango da, betiere heldu batekin arituta. Umeek beraien buruarina egin eta etxera eramateko aukera izango dute, 10 euro ordainduta, eta 8 euro Doberako bazkideek.
Urtarrilaren 7an, Oporrak familian eta euskaraz ekimenaren azken ekintza egingo da: talde jolasak. Goizeko 11:00etan emango zaie hasiera jolasei, eta Atsegindegin izango dira.
Azkenik, aipatutako ekintza bakoitzean parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da dobera@dobera.eus helbidera idatzita edota 662 406 692 telefonora deituta.
EGITARAUA OPORRAK FAMILIAN ETA EUSKARAZ ABENDUAK 26 'Hi selfie!' herrian barrena. 11:00. Udaletxeko arkupetan. ABENDUAK 28 Eskulan tailerra. (2 txanda). 1. 10:00, 2. 11:30. Atsegindegin. ABENDUAK 30 Euskal Zumba. 11:00 Atsegindegin. URTARRILAK 4 Buruarinen tailerra. 10:30 Atsegindegin. URTARRILAK 7 Talde jolasak. 11:00 Atsegindegin.
NEGULEKUAK Abenduak 23tik urtarrilak 7ra (Astelehenetik ostiralera)
Matrikula Negulekuetan: Aste bakarra: 60 euro (orokorra) eta 50 euro (bazkideak) Egun guztiak: 110 euro (orokorra) eta 90 euro (bazkideak)
IZEN EMATEA Helbide elektronikoa: Webgunea: 'dobera.eus' Telefonoa: 662 406 692 |