Erreportajeak

«Kirola egiteaz gain, sozializatzeko eta ondo pasatzeko aukera ere eman du hartubolak»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 4a, 00:00

Eusebio Lizarazu entrenatzailea eta Hartuboleko taldekide bat, astearteko saioan.

Boleibolean oinarritutako modalitatea da hartubola, eta AEBetan du jatorria. Eusebio Lizarazuk Hernanira ekartzeko proposamena luzatu zien Goiz Eguzki Elkartekoei, eta «ateak zabalik» daudela azpimarratu dute. Aitzindariak dira Euskal Herrian, eta parte hartzeko deialdia luzatu diete adin guztietako herritarrei.

Cachibol deituriko kirola erdigunean jarri eta Urumea bailaran horren berri emanez, milaka kilometrotako distantzia laburtu dute zenbait hernaniarrek, Mexikotik hasita Euskal Herrira arte. Aitzindari izan dira horretan, hain justu, Goiz Eguzki Elkartekoak eta Hernani Kirol Elkarteko boleibol sailekoak. «Boleibolean oinarritutako kirola da», kontatu du Eusebio Lizarazu taldeko entrenatzaileak. Duela hilabete batzuk jo zuen jubilatuen elkarteko atea, eta berak sortutako izenarekin aurkeztu zien bertakoei herrian jokatzen hasteko kirol baten proposamena: hartubola.

«Guk hemen ez genuen kirol honen berri, eta berak egindako aurkezpen hutsarekin, liluratuta gelditu ginen», azaldu du Goiz Eguzkiko lehendakariak, Jose Antonio Olanok. «Zuzendaritzako kideon artean, interes haundia piztu zuen Eusebioren aurkezpenak, eta berehala sartu ginen interneten Mexikon zein talde dauden eta nola jokatzen duten ikusteko, eta gaian gehiago sakontzeko. Hori horrela, uztailean proba modukoa egitea erabaki genuen, eta ordutik hantxe gabiltza astean bi entrenamendu egiten».

«Giro ederra» dutela aipatu dute biek, eta horixe bera ziurtatu genuen Kronikakook saiotako batera joan ginenean. Boleiboleko pistan bilduta zeuden 16 bat lagun, bakoitzak bere baloia eskutan zuela. «Denera, 45 bazkidek eman dute izena hartubolean, eta adin tartea oso zabala da: 61 urtetik hasi eta 88 urtera arteko herritarrak daude taldean», kontatu du Jose Antoniok. «Ume txikiak dirudite; pozik eta motibazioz beteta daude», gehitu du Eusebiok. «Entrenamendu bakoitzaren hasieran, nik ezer esan gabe, partaide bakoitzak baloia hartu eta bere kabuz berotzen hasten da».

 

«Frogatu eta gozatu»

Eusebiok eta Jose Antoniok zehatz definitu dute hartubolen helburua: «ondo pasatzea, kirola egitea eta entretenitzea». Argi utzi dute adin guztietarako kirola dela, «edonork egiteko modukoa baita». Entrenatzailearen esanetan, «gure iritzia hauxe da: munduko beste hainbat herrialdetan martxan baldin badago, zergatik ez Euskal Herrian? Jatorriz, Mexikon cachibol deitzen diote baloia hartu egiten delako. Guk, jakina, izena euskeratu dugu. Hala ere, berez, kirola AEBetan sortu zen boleibola baino urtebete lehenago. Sortzailea, gainera, emakumezkoa izan zen, eta boleibolak arrakasta haundiagoa izan badu ere, hartubola edonorentzat egina dago: moldatuta eta egokituta, noski, baina haurrek, gazteek eta adinekoek jokatu dezakete. Ez du teknika behar, oinarria baita baloia hartzea eta pasatzea».

Horretan aritzeko, gaitasun fisiko «berezirik edo haundirik» behar ez dela diote. «Hemen ez dago kontaktu fisiko bortitzik edota kolperik. Alegia, ez da kirol oldarkorra. Alderantziz, malgutasun haundia dago eta, horregatik, jokatu dezaketenen perfila oso anitza eta zabala da», azaldu du Eusebiok. «Gainera, kirolak parekidetasunaren alde egiten du, emakumezkoek eta gizonezkoek elkarrekin jokatzeko aukera dutelako, inolako bereizketarik egin gabe».

«40 urte daramatzat boleibolean, eta jubilazioaren adinera heldu naiz. Hala ere, jubilatua egoteak ez du esan nahi egun osoa kaleko obrei begira egon behar dugunik; alderantziz, jubilatuta nago eta nire agenda lanean nengoenean baino okupatuagoa dago», azpimarratu du Eusebiok. «Horrenbestez, Goiz Eguzkiko bazkide naizenez eta hartubolaren dinamika boleibolaren antzekoa denez, erabaki nuen proposamena egitea eta jubilatuen etxekoei ere parte hartzeko aukera luzatzea». Erantzun borobila jaso zuela aitortu du hernaniarrak; «bi talde osatu ditugu, eta jendea oso gustura etortzen da», dio. «Nik beti gauza bera diot: frogatu eta gozatu. Atea beti izango dute irekita sartzeko, baina, noski, baita ateratzeko ere. Hortaz, parte hartu nahi duen edonor gonbidatuta dago gurean bat egitera».

«Hartubola edonorentzat egina dago: moldatuta eta egokituta, noski, baina haurrek, gazteek eta adinekoek jokatu dezakete»

 

«Topaketak egiteko, gure taldea sendotu eta ekipo gehiago sortzea sekulakoa litzateke»

Azaldu dutenez, asmoa da Hernaniko taldea sendotzea eta «posible bada, inguruko herrietan ere kirola zabaltzea eta gure artean topaketak egitea». Izan ere, honen berri izatean,  jarduerak interesa piztu zuela jakin zutela kontatu du lehendakariak: «gurekin harremanetan jarri ziren, batetik, Gipuzkoako Jubilatuen eta Pentsionisten Elkarteko (AGIJUPENS) kideak; eta, bestetik, Kaialde Elkartekoak. Interesa adierazi zutenez, saioetako batean parte hartzera gonbidatu ditugu. Horregatik, sekulakoa litzateke inguruko herrietan talde gehiago sortzea eta, pixkanaka, honek guztiak forma hartzen duenean, elkartu, partidutxoren bat jokatu eta, besterik gabe, ondo pasatzea eta entretenitzea», aitortu du Jose Antoniok.

Euskal Herrian, modalitate honetan, aitzindariak direla kontatu du Eusebiok. «Jakin banekien Mexikon kirol hau zegoela eta taldeek elkarbizitza zein harremanak sortu eta, era berean, motibatzen dutela adin nagusiko jendea kirola egitera eta dinamika horretan murgiltzera. Horregatik, ideia ezin hobea iruditu zitzaidan proiektua Hernanira ekartzea. Galizian eta Madrilen ere badago talderen bat, baina, egia esateko, ideia gutxi garatua dago. Hori dela eta, beste edozein kasutan gertatzen den bezalaxe, norbaitek izan behar du lehenengoa, eta, kasu honetan, gu izan gara». Lehendakariak gogoeta egin du azken horren gainean: «Imajinatu... honen guztiaren dimentsioa haundituko balitz, mundiala izango litzateke Vigora joan eta topaketaren bat egitea!». Segituan erantzun du Eusebiok, algaren artean: «hori gertatuz gero, entrenatzailearekin gogoratu, ez baitut zalantzarik egingo Galiziara joateko!». 

Entrenamenduen ordua «be­rehala» pasatzen dela dio Eusebiok. Astean bitan entrenatzen dute, kiroldegiko pistan, asteartetan eta ostegunetan, bi txandatan: lehenengoa, goizeko 09:30etatik 10:30etara; eta, bigarrena, 10:30etatik 11:30etara. «Saio bakoitzean gauza bera diote; oso azkar joaten dela ordubetea». Gainera, asko hobetu dutela azpimarratu du. «Hasieran, baloia hartu eta botea, mugimenduak eta, oro har, ariketak koordinatzea, oso zaila egiten zitzaien partehartzaileei. Orain, aldiz, hilabete batzuk pasata, izugarri hobetu dute eta pike modukoa ere sortzen da beraien artean. Entrenamendu amaieran, hain zuzen, partidua egiten dugu eta fin-fin jarraitzen dute markagailua; guztiei gustatzen zaie tantoak egitea eta irabaztea».

Aurrekoarekin batera, entrenamenduetan denetarik lantzen dutela kontatu du entrenatzaileak. «Gehienbat, hankak eta besoak. Izan ere, aurrez aipatu moduan, hartubolak ez du zertan eskatzen salto edo korrika egitea. Hori baino gehiago, gakoa da buruari eragitea, ondo kokatzea, paseak ondo ematea eta baloia ondo hartzea». Hain zuzen, kontatu duenez, «zailena» da botea eman gabe baloia airean hartzea. «Esku pelotan, adibidez, kontrakoa da araua, pelotak botea ematea baimenduta baitago. Hemen, aldiz, ez; eta hori da, agian, konplikatuena. Baina, bestelakoan, gure kasuan, segituan hartu dute dinamika».

Motibazio horri tiraka, taldearen itxura indartzeko gogotsu daudela kontatu dute. «Partaideek kamisetak sortu nahi dituzte, eta jende gehiago animatzeko irrikitan daude; izan ere, horrek topaketak egin eta jende gehiago ezagutzeko aukera emango luke. Edonola ere, guk esaten dieguna da lehenengo gurea indartu behar dugula, eta horrela lortuko dugula honek oihartzuna izatea», dio entrenatzaileak.

 

Jose Antonio Olano elkarteko lehendakaria eta Eusebio Lizarazu entrenatzailea.

 

«Orain arte kirola taldean egiteko aukera izan ez dutela aitortu zidaten batzuek»

Eusebio hizketan entzutean, nabaria da boleibola dela bere pasioa, gustuz hitz egiten baitu horren guztiaren bueltan. Azaldu duenez, hartuboleko entrenatzailearen kargua hartzea «beste esperientzia» bat izango da kirol honetan duen ibilbidean. Gainera, aitortu duenez, «asko hunkitu» dute jendearen testigantzek, eta «oso gustura» dabil entrenatzaile lanetan. «Saioetako batean, zera esan zidan taldeko partaide batek: bizitza osoan ez dut aukera izan kirola taldean egiteko, eta orain, 80 urterekin, nire bilobak egiten duen kirol bera egiten dudala esan dezaket».

Horrek emozionatu egin zuela jakinarazi du hernaniarrak, eta horrelako hitzek kargu horretan jarraitzeko gogoz betetzen dutela esan du. «Kuriosoa da, gainera, partaide gehienak emakumezkoak direla; jakin badakigunez, lehen, emakume gehienak etxean gelditzen ziren, etxeko lanak egiteko eta familia zaintzeko. Horregatik, orain, taldean horrenbeste emakume ikusteak emozionatu egiten nau», kontatu du entrenatzaileak, begietan dirdira piztu zaiola.

Kirola egiteaz gain, hartubolak «sozializatzeko, ondo pasatzeko eta talde baten kide sentitzeko» beta ere ematen duela aipatu dute. «Oso garrantzitsua da nonbaiteko edo zerbaiteko parte sentitzea, eta talde honek horretarako aukera eskaintzen du», dio Jose Antoniok. «1.200 bazkide inguru ditugu Goiz Eguzkin, baina, hona, elkartera, gutxi etortzen dira. Mugimendu haundiena antolatutako jardueretan eta ikastaroetan izaten da; kasu honetan, gimnasian 121 herritar daude, abesbatzan 54 eta, hirugarren postuan, 47 bazkide daude hartubolean». Diotenez, sortu berri duten jarduera izateko, «arrakasta haundia» izaten ari da.

 

«Motibazioa dagoen bitartean, hortxe jarraituko dugu»

Jose Antoniok eta Eusebiok diote «borondatea eta motibazioa» direla gakoa. «Beraiek gustura dauden bitartean, nik hortxe jarraituko dut», ziurtatu du Eusebiok.  Lagunak esandakoa baieztatu du Jose Antoniok: «hori da, bai. Lehen, Goiz Eguzkira etortzen zirenek gainerakoak agurtu eta bere taldetxoarekin elkartzen diren. Orain, berriz, horrelako jarduerekin, harreman berriak egiteko aukera izan dugu». Horregatik, diote,  «aspertuta egon beharrean, txandala eta kiroleko oinetakoak jantzi, eta hartubola probatzera animatzen ditut herritar guztiak. Algarak eta ariketa fisikoa, behintzat, ziurtatuta izango dituzte eta!», itxi du elkarrizketa Eusebiok. 

Fin-fin jarraitzen dituzte Eusebioren aholkuak taldeko kide guztiek.

 

«Gorputz osoa lantzeaz gain, une bereziak sortu eta barre asko egiten dugu»

Hartuboleko talde haundia osatu badute ere, parte hartzeko deialdia luzatu diete herritarrei, «oso gomendagarria baita adin guztietarako».

 

Hartuboleko Hernaniko taldeko kide dira Cecilia Pavon eta Maria Luisa Errazkin hernaniarrak. Buru-belarri ari dira entrenatzen Goiz Eguzkikoek eta Boleibol Elkartekoek gonbita luzatu zietenetik, eta ez dute zalantzarik egin Kronikari beraien esperientziaren berri emateko.

«Uztailean egin genuen lehenengo proba. Dinamika honetan hasteko proposamena jaso genuen, eta entrenamenduetara etortzen hasi ginen. Horretan ginela, berehala konturatu ginen oso gustukoa genuen zerbait zela eta jendea motibatuta zegoela. Hori ikusita, Eusebiok, entrenatzaileak, esan zigun ea bi entrenamendu egin nahi genituen. Baiezkoa eman genion, ordura arteko saioetan ilusio haundiz aritu ginelako. Eta, horrelaxe, ordutik, astean bitan entrenatzen dugu kiroldegian», kontatu du Ceciliak.

Maria Luisa bat dator  bere taldekidearekin. «Ni ere horrelaxe hasi nintzen, eta astero-astero etortzen naiz entrenamenduetara. Aurreko bi asteetan ezin izan nuen etorri, koronabirusean positibo eman nuelako, eta asko bota dut faltan... desiatzen nengoen berriro ere entrenatzen hasteko!».

 

 

Cecilia Pavon, taldeko kidea.

 

Kirola eta aisialdia, batean

Aurretik ere kirola egiten zutela azaldu dute biek. «Egunero bi edo hiru orduko paseoa egiten nuen», dio Maria Luisak. «Nik, berriz, ostegunetan martxa nordikoa egiteko errutina nuen Goiz Eguzkikoekin», gehitu du Ceciliak. Baina, orain, hori egiteaz gain, hartuboleko taldekoekin momentu goxoak partekatu eta une dibertigarriak bizitzeko aukera ere badutela aitortu dute. «Mugimendu asko egiten ditugu eta gorputz osoa lantzen dugu: besoa, lepoa, hankak... Hori ez ezik, barre asko ere egiten dugu; oso entretenigarria da!», adierazi du Maria Luisak.

Horrez gain, entrenamenduro, partidutxo bat ere jokatzen dutela kontatu dute. «Pikea ere pizten da gure artean, topera ibiltzen gara-eta!», esan dute, barrez.

Gainera, azaldu dutenez, gero eta herritar gehiago ari dira animatzen eta entrenamenduetan parte hartzen; hain justu, bi taldetan banatzen direla aipatu du Ceciliak: «lehena, goizeko 09:30etatik 10:30etara; eta, bigarrena, 11:30etatik 12:30etara». Hala ere, gero eta gehiago izan nahi dute, eta, horregatik, deialdia luzatu diete herritarrei, haienean bat egiteko. «Nire esperientzia oso-oso ona da, eta adin guztietako herritarrei gomendatzen diet hartubola». 

Maria Luisa Errazkin hartubol taldeko kidea, astearteko entrenamenduan.

Erlazionatuak

Hartubola probatzen, hernaniarrak aitzindari

Kronika - Erredakzioa 2021 aza 30 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!