Hitzordu berezia daukate gaur, Hernaniko odol emaileek. Urteroko bazkaria berreskuratuko dute, joan den urtean egiterik izan ez zutena; eta Errioguardan elkartuko dira, mahaiaren bueltan. Baina jan-edanetik bakarrik ez, errekonozimendutik ere izango du gaurko egunak, ohikoa den bezala. Izan ere, diploma eman eta omenaldia egingo diete, 2020an odol emate kopuru borobiletara iritsi ziren hernaniarrei.
Eta zerrenda horretan nabarmenena, Javi Regalado Herreroren izena da: 125 estrakziotara iritsi zen iazko martxoan. «Une honetan 131 daramazkit, baina zenbaki bat besterik ez da. Gaur niri tokatu zait diploma hori jasotzea, eta datorren urtean beste batek jaso dezake; baina odol emaile guztiontzat da errekonozimendua», nabarmendu du hernaniarrak.
Egin dituen odol emate gehienen datak dauzka apuntatuta, eta berehala aurkitu du aurrenekoa: 1989ko maiatzaren 25ean izan zen, duela 32 urte. «Oraindik ez neuzkan 20 urte, aurreneko aldiz animatu nintzenean. Eta ordutik, uste dut ez dudala hutsik egin; hiru hilabetero eman dut odola. Zentzu horretan, osasunak ere lagundu dit. Behin edo behin izan dut katarroren bat, odola ematea tokatu zaidanean; eta astebete itxaron dut, badaezpada ere», kontatu du.
Baldintza batzuk daude odola emateko: 18 urte beteta izan behar ditu odola eman nahi duenak, 50 kilo baino gehiago pisatu, eta osasuntsu egon. Regaladok berak, buruan zerabilkien odola emateko ideia, 18 urte bete zituenean: «baina beldur pixka bat nien orratzei... Urtebete pasatxo beranduago animatu nintzen, eta ikusi nuen ez zela ezer. Pentsa, odola eman eta hilabetera berriro joan nintzen, ez zidatelako azaldu hiru hilabetetik behin eman zitekeela. Beraz, hiru hilabeteren ondoren bueltatu nintzen, eta ordutik gaur arte, hiru hilero joan naiz».
Horrela da gizonen kasuan: urtean lau aldiz eman dezakete odola, hiru hiletik behin. Emakumeek, berriz, lau hilabeteko tartea utzi behar dute. «Odola berehala berreskuratzen da, baina burdina berreskuratzeko behar da denbora gehiago. Horregatik uzten da epe hori. Etxean, aitari eta amari ez zitzaien gustatzen; esaten zidaten argala geratuko nintzela, indarrik gabe. Baina odola eman eta bost egunera, guztiz osatuta sentitzen zara. Aurreneko bi edo hiru egunetan, nik ez dut ezer nabaritzen; eta beharbada hurrengo bi egunetan sentitzen naiz nekatuago. Baina hortik aurrera, guztiz ondo egoten naiz», kontatu du.
«Ia derrigorrezkoa izan beharko litzateke odola ematea; bihar zu izan zaitezke odola behar duena»
Javi Regaladok uste du, «denon ardura» dela odola ematea: «jendea kontzientziatu behar dugu, eta ikusarazi odolak gauza askotarako balio duela. Zentzu horretan, garrantzitsua da Hernaniko Odol Emaileen Elkarteak egiten duen lana, jendea odola ematera animatzeko. Gogoan dut, garai batean, Joxe Ramon Beroiz joaten zela etxez etxe, hilabete batzuetan odola ematera azaldu ez zirenei esateko garrantzitsua zela joatea, eta herri osoaren zeregina dela». Eta garrantzi horretan sakondu du Regaladok berak ere: «gaur beste bati tokatu zaio zure odola behar izatea, baina bihar zu izan zaitezke odola behar duena. Ia derrigorrezkoa izan beharko litzateke odola ematea. Ospitaleetan, gertatzen da ezin dutela ebakuntza bat egin, odola falta dutelako», nabarmendu du.
Regaladok dio, gainera, odola emateak laguntzen diola osasuna zaintzeko: «badakit hiru hilabetetik behin mediku-kontrola egingo didatela, eta ondo egon behar dudala. Izan ere, analitika egiten digute odola eman aurretik, eta dena ondo egonez gero, erabiliko dute zure odola; baina bestela ez».
Bera odola ematen hasi zenean, gaur egun baino «gehixeago» izaten zirela uste du Regaladok: «orain gehiago kostatzen zaio jendeari. Baina ez da ezer, eta oso azkar egiten da. Luzeena izaten da medikuaren kontrola eta tentsioa hartzea; gero estrakzioa 7-8 minutuko kontua da. Guztira, ordu erdiko kontua besterik ez da, hilabetean. Eta bukaeran, mokadutxoa ematen dute, gainera. Lehen txorizoa eta urdaiazpikoa ematen ziguten, ogi tartean; eta ardo pixka bat. Orain aldatu egin da, Covidarengatik; sandwicha ematen dute».
Organo donante ere egin zen Javi Regalado, odola ematen hasi zenean: «hiltzen naizenean, zertarako behar ditut...».
Odol emateak hilero Hernanin, aurreneko asteartean
Hernaniko anbulatorio zaharrean egin zituen aurreneko odol emate haiek, Regaladok; eta anbulatorio berria egin zutenean, bertan izan dira estrakzioak, pandemiarekin tokiz aldatu dituzten arte, anbulatorioan kutsatzeak saihesteko: Goiz Eguzkin egin dituzte urtebetez, eta aurtengo udaran mugitu dute Gabriel Zelaiara, oraingo kokalekura. Regaladok berak, Hernanin eman du odola gehienetan, baina Donostiara ere joan izan da: «kontua da, lanetik bueltan oso juxtu ibiltzen naizela denboraz; eta denbora faltagatik, Donostian eman dut odola batzuetan, Sanchez Toca kalean, toki gehiago zegoelako eta azkarragoa zelako. Hernaniko anbulatorioan, tokatu izan zait denbora asko egotea zain; baina orain hitzordua eskatu behar denez, azkarrago dijoa», onartu du.
Aldatu ez dena, estrakzioen maiztasuna da: Regalado odola ematen hasi zenean, hilero-hilero egiten ziren odol emateak Hernanin, eta horrela jarraitu dute gaur arte. Hileko aurreneko asteartean daukate aukera hernaniarrek, odola emateko, herritik mugitu beharrik gabe.
«18 urterekin buruan nerabilkien odola ematearena, baina beldur pixka bat nien orratzei... Urtebete pasatxo beranduago animatu nintzen, eta ikusi nuen ez
zela ezer»
«Niri berehala puzten zaizkit zainak, eta erizainek oso erraz aurkitzen dizkidate»
Apuntatuta dauzka bere odol emateen datak, Javi Regaladok; baina «apenas» gogoratzen du aurreneko estrakzio hura. Hernaniko anbulatorioan egin zuela bai, eta orratzei zien beldurra uxatu zuela ere bai. Oraindik gogoan daukana beste bat izan zen, «hamargarren estrakzioa edo», Donostian egin zuenetako bat: «erizainak gaizki sartu zidan orratza, eta esan nion ez zidala ondo sartu. Erantzun zidan: Zuk jakingo duzu... Ni oso gaztea nintzen oraindik. Baina ez zitzaidan odola ateratzen, eta besoa puzten hasi zitzaidan. Behin eta berriro eskatu zidan barkamena erizainak, eta esan nion ez kezkatzeko; horrelakoak gertatu egiten dira. Baina pertsona bakoitzak badaki noiz sartu dioten orratza gaizki; eta zenbat eta gehiagotan joan odola ematera, orduan eta errazago dakizu. Gainera, niri berehala puzten zaizkit besoetako zainak, eta oso erraz aurkitzen dizkidate normalean», kontatu du.
Giro atsegina eta elkar ezagutzeko aukera, urteroko bazkarian
Horrelako pasadizoak elkarri kontatzeko aukera izango dute Hernaniko odol emaileek, gaurko bazkarian ere. «Giro atsegina izaten da urteroko bazkarian, eta elkar ezagutzeko balio du. Beharbada odol emateei buruz hasten gara hizketan, baina gero beste gauza askori buruz ere hitz egiten dugu», dio Regaladok.
Urtero ez, baina hainbatetan egon da bera, odol emaileen bazkarian: «Urnietako Oianumen egin izan ditugu askotan, eta gogoan dut Tolosan egin genuela bat, frontoian. Herri askotakoak elkartu ginen, eta akaso izango ginen 1.000 lagun guztira», kontatu du.
Ez da familia txikia, Gipuzkoako odol emaileek osatzen dutena; baina garbi daukate, horiek baino askoz ere gehiago behar direla, eguneroko odol eskariari erantzuteko. Gaurkoan, merezitako omenaldia egingo die Hernaniko Odol Emaileen Elkarteak, urtetan eskari horri aurre egiteko bere alea jarri dutenetako batzuei. Haiek izango dira omenduak, baina errekonozimendua, Regaladok nabarmendu bezala, odol emaile guztientzat izango da.
«25 edo 125 odol emate izan, denek erakutsi dute fideltasun haundia»
Odol emaile guztien aportazioa eskertu du Iñaki Mirandak, Hernaniko Odol Emaileen Elkarteko delegatuak: «denak dira ongietorriak».
18 hernaniar omenduko ditu Hernaniko Odol Emaileen Elkarteak gaur, estrakzio kopuru jakinetara iristeagatik: 25etik hasi, eta 125 arte. Aldea dago kopuru horien artean, baina Iñaki Miranda delegatuak nabarmendu du, ez dela bereizketarik egin behar: «denek erakutsi dute fideltasuna, kopuru horietara iristeko; eta guztiek merezi dute errekonozimendu berbera. Batzuk beranduago hasi dira, beste batzuek erritmo ezberdina daramakite...».
Edonola ere, adierazi du «meritu haundia» daukala Javi Regaladorenak: «ez da txantxa 125 aldiz ematea odola; nik ez dut beste inor ezagutzen. Gipuzkoa osoan izango da beste norbait, baina Javi bezain gazte, ez da erraza. Horrek erakusten du fina dela, eta garbi daukala zergatik egiten duen».
Mirandak azaldu du, «bi motatako odol emaileak» daudela: «batzuk oso finak dira, eta tokatzen zaien aldiro etortzen direnak. Baina beste batzuek, bere maiztasuna eta erritmoa daukatenak; urtean bi data jakinetan ematen dutenak odola, adibidez. Horrekin gustura sentitzen dira, eta guri primeran iruditzen zaigu. Denak dira ongietorriak, eta ez da gutxi odola ematearena buruan izatea». Badira herritarrak, «esperientzia txar bat» izan ondoren berriro saiatzen direnak: «denei ez die gorputzak onartzen, edo zorabiatu egiten dira. Osasun arazoak tokatu egiten dira, eta horiek gainditu ondoren bueltatzea, oso eskertzekoa da».
GAURKO OMENDUAK HERNANIN 25 odol emate: Benito Gonzalez Bermejo Francisco de Borja Martin Arocena Marcos Ormazabal Esteban Aitor Sanz Lombide Jesus Maria Ubarretxena Arotzena Agustin Urretabizkaia Landaberea Amaia Alkorta Arruti
40 odol emate: Mari Carmen Alcorta Irazusta Maria Jose Garcia Goiburu Itziar Goikoetxea Lizeaga Ana Isabel Rodriguez Laburu 50 odol emate: Martin Ansa Legarreta Juan Jose Goenaga Izaguirre Iñaki Illarramendi Iturralde Joseba Iurramendi Mendizabal Julian Ignacio Perez Otaño
75 odol emate: Jose Antonio Sanz Bello
125 odol emate: Francisco Javier Regalado Herrero |