Oraindik ia sinetsi ezinda dago Vinaixa Gartzia Ezeiza hernaniarra: Tolosako Abesbatza Lehiaketaren 52garren edizioan, bi sari nagusiak eskuratu zituen urriaren 31n, Euskal Herriko Gazte Abesbatzarekin; eta baita Europako Sari Nagusira joateko aukera ere, 2023an. Aurreneko aldia izan da, euskal abesbatza batek hiru sari eskuratu dituena.
Oraingoz, hobbya da kantua hernaniarrarentzat, baina horretaz bizi nahiko luke etorkizunean, hori baita bere pasioa.
Sekulakoa egin zenuten Tolosan, duela hiru aste...
Bai, hala da. Lehiaketa osoa irabazi genuen. Bi kategoria daude, polifonia eta folklorea; eta bietan irabazi dugu lehenengo saria. Eta puntuazio maximoa lortu genuenez, Kutxa Saria ere eman ziguten: Europako Sari Nagusira (Grand Prixera) joateko aukera, hain justu. Grand Prix horretan parte hartzen dute, Europako hainbat lehiaketatako irabazleek: Tours (Frantzia), Arezzo (Italia), Maribor (Eslovenia)... Eta Tolosakoa irabazita, Grand Prixera joateko aukera daukagu 2023an.
Oraindik ez dakigu zer gertatuko den, abesbatza norantza doan ere ez dakigulako. Berez, ziklo bat bukatu da orain, eta zuzendariek eta abeslari helduenek utzi egin behar dute abesbatza, jende berria sartzeko. Baina egoera honetan, beste buelta bat eman beharko liokete erreleboaren kontuari, pena litzatekeelako hori bizitzeko aukera galtzea, Tolosako lehiaketa irabazi dugunok.
Espero zenuten halako lorpenik, Tolosako lehiaketan?
Hainbestekoa ez. Publikoaren saria lortzeko esperantza geneukan, etxean ari ginela eta... Gainera, ikusleak uneoro aritu ziren txaloka, oihuka, txistuka... Izugarria izan zen, eta uste genuen publikoaren saria jasoko genuela. Lehiaketaren ondoren, Orioko aterpetxera joan ginen abeslari guztiak, eta zuzendariak geratu ziren Tolosan, bertan jakinaraziko zituztelako sarituak. Telefonoaren beste aldetik entzun genuen guk. Publikoaren saria esan zuten aurrena, eta euskal obra baten interpretazio onena ondoren; eta biak joan ziren Madrilera. Eta tristura sartu zitzaigun pixka bat. Ea hirugarren sariren bat, orduan... Polifoniakoak esan zituzten ondoren, eta entzun genuenean hirugarren saria Madrilera zijoala, eta bigarrena Estatu Batuetara, esperantza piztu zitzaigun; eta entzun genuenean aurreneko saria guretzat zela, zoramena izan zen! Denak besarkatuta, negarrez... Hainbesteko zalaparta sortu genuen, ez genuela entzun folklorean ere aurreneko saria lortu genuela, eta Kutxa Saria ere jaso genuela! Zoragarria izan zen. Baina lo ere egin behar genuen, hurrengo goizean abestu behar genuelako berriro, irabazle gisa. Oraindik pendiente daukagu behar bezala ospatzea, bazkari baten bueltan. Gabonetan egingo dugu hori.
Nolakoak izan ziren jaialdiko egun horiek?
Larunbatean egin genuen egun osoko kedada, eta entsaiatzen aritu ginen goizeko 11:00etatik iluntzeko 20:00etara. Gau hori etxe ezberdinetan banatuta pasa genuen, lagunen etxeetan edo, goxo egoteko eta ahotsa behar bezala edukitzeko. Eta igande goizean, lehiaketaren egunean, 07:30etan elkartu ginen Tolosan. Gosaria ekarri ziguten, eta gorputza esnatzen eta ahotsa berotzen aritu ginen. Izan ere, goizean kantatzea kosta egiten da beti. Entsaiatu egin genuen ondoren, 09:30ak arte; eta orduan soinu proba bat geneukan Leidor antzokian, abestuko genuen aretoan bertan, ordu laurdenekoa. Handik joan ginen polifoniarako janztera: traje beltza eta kamixeta morea. Eta zuzenean lehiaketara. Polifoniaren ondoren, izan genuen 40 minutuko tarte bat, folklorerako prestatzeko; baserritarrez janzteko, alegia. Eta eromena izan zen: moñoak egin, alpargatak lotu... Baina garaiz iritsi ginen aretora, abestu genuen, eta oso sentsazio onarekin bukatu genuen. Gainera, azkeneko obra eszenarekin generamakien. Josu Elberdinek espreski sortu zuen guretzat. Bildu zituen hainbat euskal abesti, amodioari buruzkoak; baina amodio mota ezberdinak, eta denak abesti bakar batean batuta. Eszenografiarekin, oso potente geratu zen. Txalo zaparrada jaso genuen.
Bukatzean, Orioko aterpetxera joan ginen, bazkaltzera eta erlaxatzera. Eta afalostean, Halloween gaua zela eta, batzuk mozorrotuta zeuden, besteak mozorrotu gabe; baina denak oso urduri. Festa egitekotan ginen, baina emaitzen zain geunden. Eta jakin genuenean irabazi genuela, sekulako poza izan zen.
Uste dut, askok ez dugula sinisten oraindik, irabazi dugunik. Eta pena da, horrelako jendea edukita, ez sortzea Euskadiko Abesbatza bat, Euskadiko Orkestra bezala, profesionala izango dena. Ez lanaldi osokoa, baina bai erdikoa, eta osatuko duzuna musika eskoletan klaseak emanda, adibidez. Hori asko ematen da beste herrialde batzuetan, abesbatza profesionaletan. Badirudi helduen gauza bat dela, baina gazte pila bat gaude, koruetan abesten dugunak. Jendea badago abesbatza profesional bat sortzeko.
«Orioko aterpetxean geundela, telefonoaren beste aldetik entzun genuen zein ziren sarituak, Tolosako Lehiaketan. Eta irabazi genuela jakitean, zoramena izan zen!»
Bigarren maila batean dago kantua, musikaren aldean?
Esango nuke baietz. Jendeak pentsatzen du, edonork abestu dezakeela ondo. Baina hasiko banintz kontatzen, zenbat klase ordu eman ditudan, ondo kantatzen jakiteko... Izugarri pila izan dira. Beste instrumentu bat bezala, edo gehiago beharbada. Azken finean, instrumentua gorputza da, eta gauza asko hartu behar dituzu kontutan. Toki batean aire girotua dagoen, adibidez; bestela hurrengo egunean ezingo duzulako kantatu. Ahotsa ere aldatuz doa, eta hori ezagutzen zoaz. Orain iristen zara nota honetatik beste honetara; baina truko bat erakutsi didate eta orain pixka bat gehiago iristen naiz. Beste horretara ere iristen naiz, baina ez zait polita ateratzen... Ikasten ari gara etengabe.
Tolosako Lehiaketa baino lehenago, Italian ere izan zineten Gazte Abesbatzakoak, udaran.
Bai. Konpetitzera gindoazen berez, Arezzora; baina bertan behera geratu zen lehiaketa, eta jaialdian abestu genuen. Lau egunez egon ginen bertan, abesten eta Tolosako lehiaketarako praktikatzen. Izan ere, aurreneko aldia zen guretzat, lehiaketetan.
Pandemiagatik, lehiaketa asko geratu dira bertan behera, ezta?
Bai, asko utzi dituzte hurrengo urteetarako. Udaran egoera hobea zenez, Italian antigeno proba egin ziguten denoi, eta aukera izan genuen maskarillarik gabe kantatzeko. Fantasia bat izan zen hura. Tolosan ez, maskarillarekin aritu ginen, egoera berriro okerrera egiten hasita zegoelako. Eta gu ohituago gaude maskarillarekin kantatzera, kanpoko abesbatzak baino. Horrek mesede egin omen zigun... Italian maskarilla kendu genuenean, berriro ohitu behar izan genuen hori gabe abestera. Bolumen gehiegirekin ateratzen zitzaigun.
«Jendeak pentsatzen du, edonork abestu dezakeela ondo. Baina hasiko banintz kontatzen, zenbat klase ordu eman ditudan, ondo kantatzen jakiteko...»
Duela bost urte hasi zuen bere bidea Euskal Herriko Gazte Abesbatzak. Nolakoa izan zen hasiera?
Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazioak sortu zuen, 2016an. Isabel Mantecon eta Esteban Urzelai izan ziren aurreneko zuzendariak, eta probak deitu zituzten. Proba horietara aurkeztu nintzen ni ere, eta hartu egin ninduten. 40 izango ginen, eta kopuru hori mantendu da ordutik. Entsaiatzen hasi ginen, eta elkar ezagutzen. Asko ikasi genuen. Batzuk ohituago daude a capella koruetan, besteak sinfonikoetan. Eta batak bestearengandik ikasi genuen. Kontzertuekin ere hasi ginen, eta duela bi urte, ziklo aldaketa izan zen, zuzendari aldaketarekin: Isabelek eta Estebanek utzi zuten, eta Basilio Astulez eta Aitor Biain sartu ziren. Eta orduan jarri genituen bi lehiaketa horiek, helburu gisa: Arezzokoa eta Tolosakoa. Horiekin emango zitzaion bukaera ziklo honi...
Hasieratik zaude abesbatzan, beraz?
Bai, hasieratik. Garai hartan Donostiako Orfeoi helduan nengoen, eta Esteban Urzelai zen Orfeoi gazteko zuzendaria. Eta ezagunoi, esan zigun animatzeko probetara.
«Hernani Musika Eskolako abesbatzan nengoela, Donostiako Orfeoian probatu nuen. Eta orduan konturatu nintzen, ni bezalako beste 'txoro' batzuk bazeudela»
Eta abesten, noiztik?
Txiki-txikitatik. Betidanik gustatu zait abestea. Hernaniko Musika Eskolan hasi nintzen. Akordeoia ere egiten nuen garai hartan. Hura bukatu zitzaidan, baina koruan jarraitu nezakeen, gaur egun Dakapo dena. Abesbatzan jarraitzen nuen, eta unibertsitateko karrera hasi nuenean, erabaki nuen Donostiako Orfeoian probatzea. Orduan konturatu nintzen, ni bezalako beste txoro batzuk bazeudela. Gainera, han orkestrekin batera abesten dugu; Hernanikoan pianoarekin edo txistulariekin aritzen zara, herrikoiagoa da. Eta azkenean, Musika Eskolakoa utzi behar izan nuen, ordu gehiegi zirelako bestela. Mundu hori ezagutzen hasi nintzen, eta ateak ireki zitzaizkidan.
Zein izan dira ate horiek?
Orfeoian nengoela sartu nintzen Euskal Herriko Gazte Abesbatzan, eta berez, Estebanen eta Isabelen zikloa bukatzean, ni ere bota behar ninduten, adinagatik. Orduan, egin nituen probak Tolosako Kup taldean sartzeko. Gazte Abesbatzaren dinamika dauka, a capellako korua da, 40 bat pertsonakoa; baina helduagoena. Eta hartu egin ninduten. Kupen sartu nintzen, eta han jarraitzen dut; baina azkenean Gazte Abesbatzatik deitu zidaten berriro, beste ziklo batez aritzeko. Eta horiez gain, kolaborazioak egiten aritzen naiz. Kea ahots taldetik, esaterako, deitu egin didate behar dutenean. Bilboko Sociedad Coralekin ere aritu naiz... Gelditu gabe nabil, eta kosta egiten zait inori ezetz esatea.
Orain, zuzendariei bezala, zuri ere bukatu zaizu zikloa Gazte Abesbatzan...
Bai, eta ni bezala askori. Baina ea zer gertatzen den... Zuzendariek horrelako sariak lortzea, eta bat-batean moztea... Korua asko aldatuko litzateke, 2023ko Grand Prixari begira. Berez 26 edo 28 urte bete arte da, baina jende asko gaude adin tarte horretan. 30 urtera arte utziko baligute, Andaluziako Gazte Abesbatzan bezala... Beste bi urtez jarraitu eta Grand Prixera joateko aukera izango genuke horrela. Hala izatea nahiko nuke.
Nolakoa imajinatzen duzu esperientzia hori?
Asko entsaiatu beharko genuke, aurrena. Baina behintzat, orain badakigu zer den lehiaketa bat. Abesbatzan gauden asko, inoiz lehiaketa batean parte hartu gabe geunden, Tolosakoaren aurretik. Baina are potenteagoa izango da Grand Prixa. Izan ere, nahiz eta Europako lehiaketetako irabazleentzako izan, ez dira Europako abesbatzak bakarrik egongo. Tolosan, adibidez, Estatu Batuetako abesbatzak ere bazeuden. Ia mundu mailako lehiaketa bat izango da. Lan asko daukagu aurretik, horri begira.
Euskal Herri osoko abesbatza izanda, nola egiten dituzue entsaioak?
Egutegiko zubi guztiak izan ditugu okupatuta 2016tik. Eta asteburu batzuetan ere egiten ditugu entsaioak. Iraila aldera bidaltzen dizkigute entsaioen datak, egun horiek abesbatzarako erreserbatzeko. Beti ez dugu denok posible izaten, lanagatik edo ikasketengatik. Aldiro toki batean egiten dugu, bakoitzean batzuk mugitu daitezen gehiago eta beste batzuk gutxiago. Bilbon, Donostia inguruan, Hondarribian... Aterpetxeetan egiten ditugu egonaldiak. Eta egun osoko entsaioak izaten dira, goizeko 10:00etan hasi eta 20:00ak aldera bukatu. Tolosako Lehiaketaren aurretik egin genuena, paliza haundia izan zen: Hondarribian egin genuen entsaioa, gero Donostian, ondoren Bilbon, eta azkenik Tolosan... Izugarri ordu pila eman genituen kotxean. Baina merezi izan zuen azkenean.
Eta bitartean, ikasketak eta lanak ere uztartzen dituzu...
Ikasketak egiten ari naiz Musika Kontserbatorioan, baina aurretik arkitektura ikasketak egin ditut, gradua eta masterra. Amarekin nabil lanean, estudio bat daukagu. Eta Bergarako musika eskolan ere ematen ditut klaseak. Niri gustatuko litzaidake musikatik bizitzea, baina zaila da. Asko ikasi behar da horretarako. Kontserbatorioan sei urte dira, eta bosgarrenean nago. Baina horren ondoren, etorriko litzateke unibertsitate gradua. Musikene daukagu hemen gertu. Eta hori dira beste lau urte. Kantukoak atzeratuago goaz beti, instrumentuetakoak baino. Ahots aldaketa daukagunez nerabezaroan... Kantukoak gara beti helduenak ikasleen artean, Kontserbatorioan ere.
Oraingoz, arkitekturan ari naiz, eta hobby bezala daukat kantua. Baina ez diot aterik ixten ezerri.