Bukatu da Hernaniren ametsa Errege Kopan: 1-0 galdu du Victoriaren zelaian

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 17a, 21:25

Taldeko hainbat zale, partidua urduritasunez jarraitzen, Zubipeko kantinan.

Bigarren zatiko aurreneko minutuan lortu du gola talde galiziarrak, eta ezin izan du berdindu Hernanik, gol aukera asko izan arren, aldeko penalti bat eta guzti.

Sekulako ilusioarekin egin zuten CD Hernanik Galiziarako bidaia, atzo arratsaldean. Baina A Coruñan bukatu da bere ametsa, Victoriaren zelaian, Errege Kopan: 1-0 galdu du, partidu ona jokatu eta zatirik haundienean nagusi izan arren.

Gogotsu zelairatu dira berdeak, baloiaren jabe izateko asmoz, eta primeran ekin diote. Gol aukera ugari izan dituzte, ia aurreneko zati osoan. Baina pixkanaka, hernaniarren nagusitasunari aurre egiten hasi da Victoria, eta gol aukera garbiak izan ditu atsedenera iritsi aurretik. Horiek libratuta, berdinketarekin iritsi da Hernani atsedenaldira (0-0).

Bigarren zatia, ordea, ezin okerrago hasi da berdeentzat: aurreneko minutuan lortu dute gola galiziarrek, 1-0ekoa jartzeko. Jasotako kolpeari ondo eta azkar erantzun diote berdeek, eta lanean jarraitu dute, berdinketaren golaren bila. Eta makina bat gol aukera izan dituzte, bereziki azkeneko minutuetan, Victoria ia bere arean sartuta. Horietan garbiena, penalti bat, 83garren minutuan: ezkerreko aldera jaurti du Berezik, behera, zutoinaren ondora; baina intentzioa asmatu dio atezainak, eta gola saihestu.

Ez dute amore eman hernaniarrek, eta bere area barruan ito dituzte galiziarrak. Oso gertu izan dute berdinketaren gola, behin eta berriro, baina aukera guztiak gelditu dituzte galiziarrek. 95garren minutuan adierazi du partiduaren bukaera epaileak, eta zelaian etzanda geratu dira jokalari berde gehienak, penaren penaz. Eskuetatik ihes egin die ametsak: ez da lehenengo mailako talderik izango Zubipen, Errege Koparen hurrengo fasean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!