«Irabazi edo galdu, ziur nago denboraldian aurrera egiteko indarra emango digula gaurko partiduak»

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 17a, 00:00

Hernaniko Ohorezko Erregional mailako taldea eta zuzendaritzako zenbait kide, A Coruñara abiatu aurretik.

Errege Kopako lehenengo faseko kanporaketa jokatuko du gaur Ohorezko Erregional mailako taldeak, 19:30etan, A Coruñan.

Hitzordu garrantzitsua dauka gaurkoan, Ohorezko Erregional mailako taldeak. Errege Kopan ariko da Victoria talde galiziarraren aurka, arratsaldeko 19:30etan, A Grela zelaian. A Coruñara bidaiatu zuten atzo hernaniarrek, eta Kronikak Axel Sanz taldeko kapitainetako batekin hitz egiteko aukera izan du. Kale edo balekoa izango da norgehiagoka: irabazten duenak lortuko du hurrengo faserako pasea.

 

A Coruñara heldu zarete dagoeneko. Zer duzue buruan?

Herriko taldearekin horrelako partidu bat jokatzeak oso sentimendu berezia sortzen digu. Nik, behintzat, ez dut inoiz horrelako ezer sentitu, eta jakin badakigu, agian, horrelako zerbait biziko dugun azken aldia izan daitekeela. Horregatik, aukera ezin hobea da ahalik eta partidu politena jokatzeko eta lehenengo mailako talde bat Zubipera ekartzeko.

 

Sekula imajinatu al zenuten zuen burua horrelako egoera batean?

Herriko taldearekin, ez. Aukera berria da, azkeneko urteetan sortutakoa, eta ideia paregabea iruditzen zait. Guretzat eta zaletuentzat, hernaniarrentzat, sekulakoa da. 

 

Partidua gerturatu ahala, urduritasuna piztuko da, ezta?

Ziurrenik bai, noski. 90 minutu izango dira: edo kanpoan edo barruan. Baina, oraingoz, nahiko lasai gaude. Gehienok lanean ibili gara atzo arte, gurean murgilduta, gaur gertatuko denaz guztiz kontziente izan gabe. 

 

Horrelako bidaiarik inoiz egin al duzue?

Gure taldearekin, ez. Jubeniletan jokatzen nuenean, bidaiatu, hotelean lo egin eta partidua jokatzea egokitu zitzaidan. Baina, CD Hernanirekin, aldiz, ez. Klubeko gizonezkoen lehenengo taldeak, Ohorezko Erregionalen mailakoak, inoiz ez du horrelakorik egin, eta oso polita izango da, ziur. Esperientzia berezia, irabazi edo galdu, denboraldian aurrera egiteko indarra emango diguna.

 

Zer moduz entrenatu duzue aste honetan?

Larunbatean jokatu genuen azken partidua eta astelehenean izan genuen aktibatzeko entrenamendua. Gaur goizean beste entrenamendu bat izango dugu, eta ondoren, arratsaldeko 19:30etan, norgehiagoka. Ez gaude ohituta aste bakar batean bi partidu jokatzera eta, horregatik,  entrenatzaileek eta jokalariek argi genuen garrantzitsuena zela larunbateko partiduko neketik errekuperatzea, indarberritzea, eta ezinbestekoa zena, inor ez lesionatzea; eta lortu dugu.

 

Baja dexente izan dituzue azkenaldian. Jokalariren bat osatu al da?

Bai, eta gainera, oso garrantzitsuak izan dira baja horiek. Hainbat arrazoi direla medio, taldea utzi dute aurten, besteak beste, Manexek, Pellok, Urbilek, Harrik, Urzek, Sarasolak eta Lazkanok. Gainera, aurtengo denboraldian lesionatu dira Manci, Liza, Apeze, Yaniz eta Xemark. Hori guztia kolpea izan da taldearentzat. Baina gaurko partidurako osatu dira Aitor Elizalde eta Berezi… eta eskerrak!

Dena den, pixkanaka, hemen geundenok taldea sortu dugu eta taldean gero eta nabarmenagoa da hernaniar identitatea. Hobetzen ari gara gainera, eta ziur nago hobetzen jarraituko dugula.

Gaurko, 22 jokalari gaude kon­bokatuta. Hiru edo lau igo dira bigarren taldetik eta beste bat jubenilekotik. Bajak izan arren, hamaikako polita aterako dugu.  Guztiaren  gainetik, hustutzera etorri gara denok, dena ematera eta irabaztera. Itxaropena bukaerara arte mantenduko dugu.

 

Azken partiduetan
izandako emaitzek lagundu al dizuete gaurko partidua prestatzeko?

Egia esan, bai. Denboraldia zalantzekin hasi genuen eta aurredenboraldia ere nahiko kaxkarra izan zen. Lesionatu asko izan genituen eta fitxaketak nahiko berandu iritsi ziren. Hala ere, azken lau partiduetan 10 puntu atera ditugu 12tik, eta oso pozik gaude. Sentsazioak gero eta hobeak dira eta uste dut horrek lagunduko duela gaurko partidurako.   

 

Zerbait berezia egin al duzue?

Egun hauek ezberdinak izan dira, partidu aurretik ez dugulako inoiz entrenamendurik izan, ezta aktibazioko saiorik egin ere. Orain, gainera, guztiok elkarrekin gaude hotelean eta, hortaz, hau guztia gure ohiko errutinatik atera den zerbait dela esan genezake.

Horrekin batera, dieta zertxobait zaindu dugu egun hauetan. Beñat Leizak, CDHko jokalari ohiak, Amorebietan jokatu zuen pasa den denboraldian, eta autobuseko bidaiak zituzteneko dieta zein zen argitu digu. Horrekin eta beste hainbat aholkurekin osatu dugu bidaia.

 

Zein izan da
entrenatzaileen mezua?

Horrelako aukerak ez direla urtero etortzen eta, agian, bakarra izango dela. Gainera, txapelketa  ofiziala da, eta hori da gainerakoetatik ezberdintzen duena. Horregatik, esan digutena da gozatzeko eta Zubipera lehenengo mailako talde bat etortzeko dena emateko.

 

Irudikatu al duzue gaur irabazi eta datorren partidua Zubipen jokatzeko momentua?

Egia esateko ez, gaurkoarekin nahikoa dugu. Oso esperientzia polita izaten ari da eta hau da gozatzeko momentua. Ordu asko pasako ditugu elkarrekin, eta ziur gutako bakoitzaren oroimenean gordeta geldituko dela. Baina irabaziz gero, noski; hasiko gara lehenengo mailako talde hori etxera etorriko dela pentsatzen eta horretarako prestatzen.

 

Ezagutzen al duzue beste taldea eta klubaren dimentsioa?

Entzun dugu emakumezkoen taldea bigarren mailan edo, behintzat, kategoria altuan dagoela. Horrez gain, gizonezkoena gure pareko hasi zela ikusi dugu. Denboraldi hasiera erdipurdikoa izan zuten, eta, orain, seigarren postuan daude 14 taldeko sailkapenean. Horregatik, ondorioztatu daiteke ez direla oso denboraldi ona egiten ari; dena den, partidu bakarreko kanporaketetan denetarik gerta liteke. Ziur topera aterako direla eta norgehiagoka zaila jartzen saiatuko direla.

 

Ba al duzue azken mezurik?

Esker hitzak besterik ez ditugu. Nire gurasoak, adibidez, hemen daude. Badakigu kluba eta herritarrak hona etortzeko autobusa antolatzen saiatu direla eta, azkenean, ez dutela lortu. Horregatik, asmoagatik eta emandako bultzadagatik, oso eskertuta gaude. Beraz, saiatuko gara irabazten, herrira lehenengo mailako talde bat ekartzen eta, garrantzitsuena dena, jendea Zubipera erakartzen.

Erlazionatuak

Partidua zuzenean jarraitzeko aukera izango da

Kronika - Erredakzioa 2021 aza 17 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!