Erreportajeak

«Harrituta nago goizuetarrek azken egunotan eman didaten babesarekin, oso eskertuta nago»

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 13a, 00:00

Asteartean Labriten grabatu zuten 'Azken partida' saioa. Argazkia: Jesús Caso/Diario de Navarra

Aimar Olaizola gaur erretiratuko da Goizuetan 23 urte eta gero. «Garbi nuena zen Goizuetan nahi nuela nire ibilbide profesionalari amaiera eman eta, gainera, maila ona emanez».

Aimar Olaizola (Goizueta, 1979) pilotari goizuetarrak gaur esango dio agur behin betirako pilota profesionalari, Goizuetan bertan, herriko frontoian. Jaialdian (ETB1, 17:15) bi partidu izango dira. Lehenengoan, Iker Salaberria goizuetarra eta Erasun, Zubizarreta III eta Uriondoren aurka ariko dira. Ondoren, Olaizolak 23 urteko ibilbidea itxiko du Imazekin batera, Jaka eta Aretxabaletaren kontra. Aimarrek debuta 1998. urteko apirilaren 12an egin zuen, Lekunberrin.  Alberdirekin batera, Soroa III.a eta Hirigoienen aurka. 23 urte hauetan 15 txapela irabazi ditu; zazpi lau t'erdiakoan (2002, 2004, 2005, 2008, 2011, 2012 eta 2013), hiru binakakoan (2008, 2011 eta 2016), buruz burukoan lau maila nagusian (2005, 2007, 2012 eta 2013) eta bakarra bigarren mailan (1999). Historia egin du eta inoiz egon den pilotaririk onenetakoa da gaur 42 urte betetzen dituen goizuetarra.

 

Zenbat elkarrizketa eman dituzu azkeneko bi asteetan? Gogoratzen al dituzu?

Kontua galdu dut. Egunero-egunero izan ditut elkarrizketak. Hemendik aurrera libre izango naiz.

 

«Hemendik aurrera gehiago ibiliko naiz Goizuetan. Azken urteetan txakurrekin mendi buelta asko egiten nituen eta, orain, asteburutan denbora gehiago izango dut herrian egoteko»

 

 

Txapeldun haundiek frontoi haundietan eman diote agurra beraien ibilbide profesionalari, baina zuk herriko, Goizuetako, frontoia aukeratu duzu. Zergatik?

Beti esan izan dudan bezala, nire erretiroa noiz izango ote zen pentsatzen nuenean gauza bakarra nuen garbi: saiatuko nintzela azkeneko partidua herrian txuriz jantzita izatea. Herriarekin zorretan nengoela sentitzen nuen. Urte pila batean, jende mordoa partiduak ikustera joan da, eta sentitzen nuen esku pilotan zerbait pendiente nuela herriarekin. Gehienbat, horregatik saiatu nahi nuen herrian jokatzen azken partidua eta, herritarrak gonbidapenarekin ordaindu gabe sartzea frontoira. Enpresa oso ondo portatu da zentzu horretan, eta jende askok lagundu du jaialdia oso ondo atera dadin. Frontoia margotu dute, aulki asko jarriko dituzte...

 

Goizueta eta goizuetarrak zure ibilbidean oso garrantzitsuak izan direnaren seinale.

Dudarik gabe. Azken hamar-hamabi urtera arte, beti bizi izan naiz herrian. Hortik aparte, txikitatik, edozein bezala, beti herrian izan naiz. Goizueta beti izan da pilotari oso lotutako herria. Jendeak asko jarraitu du nire ibilbidea; eta, nire kasuan, zorionez, partidu garrantzitsu asko. Finalerdietan, finaletan, jendeak beti kriston erantzuna izan du. Azkeneko egunetan,  neroni ere harrituta geratu naiz jendeak eskaini didan babesarekin. Azken partidu guztietara joan dira, nahiz eta jakin azken partidua Goizuetan jokatuko nuela. Oso eskertuta nago eta,  alde horretatik pozik nago, lasaiago eta gustorago geratzen naiz.

 

Pilotan herrian hasi zinen txikitan jolasean, gero Umore Onan. Zer oroitzapen dituzu?

Zortzi edo bederatzi urterekin, oso txikitatik, Umore Onarekin  hasi nintzen jokatzen kanpoan eta herriko txapelketan. Klubean urte pila bat egin nituen pilotan jokatzen.

 

Gogoratzen al duzu norekin hasi zinen jokatzen eta zein zen entrenatzailea?

Anjel Salaberriarekin, seguru.Beste batzuk ere inguruan erakusten ibiltzen ziren. Ordun ere klubean jende gehiago aritzen  zen lanean, nahiz eta orain ongi ez gogoratu zeintzuk ziren. Lagun artean ordu mordoa sartzen genituen.

 

«Askotan, gurasoek egiten dutena ez da baloratzen eta txiki-txikitatik aitarekin kilometro mordoa egiten genituen frontoitik frontoira. Asko sufritzen zuen eta disfrutatu ere bai»

 

 

Garai haietako nolako oroitzapenak dituzu?

Oso politak. Gainera, orduan, pilotan ibiltzen ginenok ia denok koadrilakoak gara orain. Bost, sei, zazpi urtetatik, batzuk urtebete, bi edo hiru urte zaharragoak izan arren, elkarrekin jokatzen genuen egunero hiru orduz. Gainera, oraindik koadrila mantentzen dugu eta hori ere polita da.

 

Orduan, pentsatu ere ez zenuen egingo iritsi zaren lekura ailegatuko zinenik.

Ez, dudarik gabe. Nire kasuan, anaia lau urte zaharragoa da eta pilotan zebilen. Txikitan beti izaten da ilusioa noizbait profesionala izateko aukera izango nuela. Gero urruti ikusten da eta, nire kasuan, debutatu nuenean, ilusio haundia egin zidan. Pozik nengoen; gero, txapelak lortzea zailagoa ikusten da.

 

Erretiroa zure urtebetetze egunean hartzen duzu. 42 urte egiten dituzun egunean izatea pentsatutako gauza da ala horrela suertatu da?

Kasualitatea. Ez naiz urtebete ospatzeko zalea. Zorionak opa bai eta jaso ere bai, baina besterik gabe, garrantzi berezirik eman gabe. Horrela suertatu da. Hurrengo egunean lau t'erdiko finala da eta egun horretan ez zen posible. Nahi nuen gauza bakarra azken partidua herrian jokatzea zen, eta egunak berdin zuen.

 

Orain Hondarribian bizi zarela, Goizuetara joaten al zara?

Lehen baino gutxiago, baina bai. Ama bertan bizi da, nahiz eta batzuetan Hondarribian nirekin egon. Hemendik aurrera, denbora gehiago izango dut Goizuetan ibiltzeko. Oraindik joaten naiz txakurrekin mendi buelta egitera, baina orain asteburuetan  ere aukera izango dut.  Nire ingurukoek libre zutenean nik partidua izaten nuen. Horrek beti lotzen du, baina, orain, asteburuak libre izanda, gehiagotan joango naiz.

 

«Goizuetan oraindik pilota bizirik dago eta hori da garrantzitsuena. Beti egongo dira pilotariak. Gazteak badatoz, hor dago Iker Salaberria eta afizionatu mailan ere ongi dabiltza»

 

 

Umore Onako gaztetxoak ikusi al dituzu pilotan?

Batzuk ikusi ditut, bai. Garrantzitsua da Goizuetan oraindik ere pilota bizirik dagoela. Lana oso ongi egiten ari dira. Umeak ere badaude eta 14, 15, 16 urte arteko batzuk pilotan ongi jokatzen dute. Goizuetan pilota zaletasuna beti egongo da.

 

Iñaki Lujanbio, Julen Salaberria, Olaizola anaiak, Jon Apezetxea...

Loiarte, orain Iker Salaberria, Apezetxeatarrek maila haundia dute afizionatuetan. Nik uste Goizuetan beti egon eta egongo direla pilotariak. Gazteak badatoz, afizionatuetan Juantxo Apezetxearen semea oso ongi dabil, Iker Salaberria gaztea da... pilota bizirik dago Goizuetan eta hori da garrantzitsuena.

 

Asteartean Labriten grabatu eta bihar ETB1en eskainiko den saioa zer moduz joan zen?

Primeran. Niretzako sorpresa izan zen eta gauza eta emozio asko pilatu ziren. Gauza berriak eta denak politak izan ziren. Oso gustura egon nintzen.

 

Herrian bertan edo herritik kanpo, izan al duzu erreferenterik pilota munduan edo bestela?

Julian Retegi eta Ladis Galarza ikusten nituen txikitatik, beti hor goran, txapelak jokatzen eta irabazten. Momentu horretan zeuden bi pilotari onenak ziren biak eta nire erreferenteak.

 

Orain, pilota uztera zoazenean, zein dituzu buruan, zein edo zer gogoratzen duzu?

Azkenean, denak. Urte asko egin ditut profesionaletan. Dudarik gabe lehendabizi gurasoak, aita ez da bizi, baina txiki-txikitatik kilometro pila bat egiten genituen berarekin frontoietara eta herri batetik bestera. Berak sufritzen zuen pila bat eta disfrutatu ere bai. Askotan, gurasoek egiten dutena jende askok ez du baloratzen. Alde horretatik oso eskertuta nago. Azken urte hauetan etxekoak ere asko, emaztea eta umeak. Asteburu guztiak okupatuta, aste tartean pilotako gauzak buruan, denak nire erritmora mugitu beharrean ibili dira. Alde horretatik ere oso eskertuta nago. Pilota munduan, nire kasuan, Asegarcen eta Baikon izandako teknikoak, pilotariak, lagunak... jende asko dut buruan.

Elkarrizketetan irakurri dugu berezia izan zela 2005ean irabazitako buruz buruko txapela.

Txapela bat aukeratzekotan, agian bai, hori izan zen kuttunena, baina txapela guztiak dira bereziak. Denek dute ukitu berezia, baina bat aukeratzekotan, hori izango litzateke: 2005ekoa. Nire burua ez nuen ikusten edo zaila ikusten nuen noizbait buruz buruko txapeldun izatea; eta,  hori lortu nuenean, polita izan zen. Bestalde, partidua erraz ari nintzen galtzen, buelta eman nion eta oso berezia izan zen.

 

Kirol ibilbide batean oroitzapen txarrenak agian lesioak izango dira.

2003, 2010 eta 2019ko hiru lesio larri horiek. Kirolari baten munduan hori izaten da txarrena. Hala ere, nire kasuan, horrenbeste urteren ondoren, uste dut hiru lesio dela horrenbeste. Gainera, hiru lesioetan positiboa izan naiz. Belauna hausten duen jende asko dator behera. Biharamunean bertan nola osatu pentsatzen ari nintzen. Niri esaten bazidaten 12 orduko errekuperazioa sartu behar nuela, sartu egiten nuen. Gasteizera egunero joan behar banuen, joan egiten nintzen. Eta arazorik gabe. Horretan oso positiboa eta profesionala izan naiz, eta errekuperazioen emaitzak hor daude. Izan ditudan hiru lesio larrietatik, ez dut inoiz gaixoberritzerik izan. Mikel eta Itxaso Sanchezen lana bikaina izan da beti.

 

Eskuetatik, gainera, beti ongi ibili zara.

Horrela da. Zortea izan dut horri dagokionez. Nire ibilbide guztian, 23 urtetan, ez ditut galdu izango zortzi partidu eskuko minagatik. Minarekin askotan jokatu izan dut, baina jokatu ahal izan dut.

 

Maila onean uztea gustatuko litzaizukeela esan izan duzu beti. Pandemiak geratu zuen erretiroa ala orain ongi ikusi duzu zure burua eta pentsatu duzu hau dela unea?

Garbi nuena da Goizuetan bukatu nahi nuela nire ibilbide profesionala. Hortik aurrera, maila ona emanez amaitu nahi nuen. Uste dut kasu horretan asmatu egin dudala. Masterreko final horretara sartu ginenean, neure burua ongi ikusi nuen. Azken partidu horiek ongi jokatu nituen, orain dela urte t'erdi baino maila hobeagoan. Horrela, iruditu zitzaidan behar nuela, nahiz eta aurretik pentsatua izan laister erretiratzea, orain zela momentu polita. Azkenengo txapelketako finala jokatuta, nik uste asmatu egin dudala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!