Alex Orena donostiarrak Hernaniko arraunaren gidaritza hartu du aurten eta bera izango da nesken entrenatzailea datorren denboraldian. Helburua argia da: Maialen trainerua berriz ere uretaratzea bi urteko geldialdia eta gero.
Nola iritsi da Alex Orena Hernaniko entrenatzaile izatera?
Urte asko egin ditut Hibaikan entrenatzaile eta arraunlari bezala, azkenengo bi urteetan Zarautzeko B ontziko entrenatzaile izan naiz eta Hernaniko deia jaso nuen. Proiektu interesgarria iruditzen zait, eta animatu egin naiz ea proiektua portu egokira eramaten dudan.
Gustura al zaude Zarautzen egin duzun lanarekin?
Bai, oso gustura B traineru batek eskatzen duen lana egiten. Asier Puertasi ahal nuen guztian lagundu nion.
Hibaikan urte asko egin zenituen. Zenbat?
Urte asko egin ditut Hibaikan entrenatzaile eta arraunlari lanetan: 12 urte.
Nola ikusten duzu Hernaniko proiektua eta zein da helburua?
Maialen trainerua aterako dugu. Nesken taldea osatu dugu eta oso gogotsu ari dira entrenatzen. Helburu nagusia uretaratzea da eta, gero, ahal den neurrian, gorako bidea egin eta hobetzea izango da pausoz-pauso joatea. Beti ere mugarik jarri gabe, ea noraino iristen garen. Oso ongi ari gara lanean, eta entrenatzen ere oso gustura. Ontzia atzean ibiliko ez den esperantza dugu.
Orain zenbat arraunlari ditu traineruak?
Entrenatzen dozena bat arraunlari ditugu. Gero, utzitako arraunlariekin osatuko dugu; berriren bat animatzen baldin bada edota beste klub batetik etortzen diren arraunlari denak ongietorriak izango dira.
Entrenatzen ari diren hamabi neska horiek hernaniarrak al dira?
Harrobiko lan ikaragarri ona egin du Hernanik azken urteetan, eta horren fruitua da. Kristoren harrobia dago, aurten lau arraunlari berri igo dira. Gogoa daukagu azpitik datorren arraunlariariei jarraipena emateko eta horretarako trainerura salto eman behar da eta traineruak uretan egon behar du. Erreferente moduan egon behar du Maialenek. Bestela, arraunlaria desanimatu egin daiteke eta dauzkagun arraunlariak beste klubetara joaten dira traineruan arraun egitera, aurreko urteetan gertatu den bezala. Proiektu sendoa dela ikusita, helburua ere bada horiek denak gugana erakartzea eta biltzea.
Zer talde mota osatu da?
Denetik dugu. Eskarmentu haundiko arraunlariak baditugu, 30 urtetik gorakoak, lau jubenil eta, orokorrean, talde gaztea; askok 20 urte inguru dituzte. Kontxako Bandera irabazi duen arraunlaririk ere badaukagu, San Juaneko Batelerak talde historikoan ibilia.
Horrek lana erraztuko du.
Bai, baina ontzi txikietan egin dute arraunean eta trainerua beste gauza bat da; pausoa haundia da, fisikoki oso exijentea da. Formakuntzarekin jarraitu behar da. Astean behin, asteazkenetan egiten dugu arraun fosoan eta, gero, asteburutan uretaratzen dugu trainerua Pasaian.
Zenbat denbora daramazue traineruan entrenatzen?
Bi aldiz uretaratu dugu eta gustura gaude. Entrenamenduak orain lau aste hasi genituen. Gehienbat, lan fisikoa ari gara lantzen; gimnasioko lanean indarra lantzen dugu eta ergometroarekin osatzen dugu entrenamendua.
Instalakuntza aldetik kexarik ez.
Ez daukagu inongo pegarik. Uraren arazoa da bakarra. Ezin dugu Elorrabin trainerua uretaratu, leku exkasa geratzen da, batelean entrenatu gaitezke eta horri eskerrak ari gara harrobi hau guztia lantzen. Goraipatzekoa da harrobiarekin egin den lan guztia. Jendetza dabil eta horrek poza ematen du. Kluba oso ongi dago, puntako instalakuntza da fosoarekin eta ergometro askorekin, orain gimnasioa gehiago osatu dugu eta pena da hernaniarrek bertatik ez ezagutzea. Hernaniarrak animatu nahi nituzke klubera hurbiltzera eta ikustera zer arraun kluba duten bertan, nahiz eta erdigunean ez egon. Kosta egiten da hurbiltzea, baina ateak zabalik daude. Edonork arrauna probatu nahi baldin badu, astelehen, asteazken eta ostiraletan batez ere, 16:00etatik aurrera beti egoten da jendea.
Garai honetan traineruaren maila zein izango den jakitea zaila izango da, ezta?
Oso zaila da jakitea eta jakingo banu ere ez nuke esango. Neguan ikusiko dugu, jaitsieretan, nondik abiatzen garen; Oriokoan, Hondarribiakoan eta Bilbo aldean egiten den batean. Gogoa badaukagu eta garrantzitsua izango da neskentzat lehiatzea, erritmoa hartzea eta griña hori zer den barneratzea.
Askok ezagutuko dute konpetizioa...
Bai, ibilitakoak dira, baina denek hori ezagutzea nahi dugu. Esperientzia hori bereganatzea beharrezkoa da.
Zein izango da patroia?
Naia Peñagarikano. Kadete mailako neska da eta apustua da bera izatea traineruko patroia. Oso ongi ari da entrenatzen eta txalupa eramaten eta ikasten. Etxeko patroi bat formatzea ere beste helburu bat da.
Kanpoan dabilen hernaniarrik berreskuratu duzue?
Iparraldeko traineruan utzitakoak bai, besteak ez. Baina baikorra naiz aurrera begira. Hori bai, deia egin nahi diogu 16 urtetik gorakoei, animatzeko eta hurbiltzeko arraun egitera. Bestela, 655 72 36 18 zenbakira idatzi daiteke edo deitu.