Erreportajeak

«Bizilagunak egitasmoa aukera paregabea da elkarrizketak sortzeko eta harremanak sendotzeko»

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 13a, 00:00

Ezkerretik: Amherreko Fatima eta Odile, On Bit informatika dendako Maixa, Maukako Nagore, Berriak Elkarteko Mertxe eta Stylo ileapaindegiko Redouane Changate.

Bizilagunak-en IXgarren edizioa da aurtengoa, eta bihar bilduko dira mahai baten inguruan, hain justu, izena eman duten familia guztiak. Aurten, tokiko komertzioak jarri dituzte erdigunean, «bizikidetza sustatzeko» elkarguneak baitira.

Hernaniko etxebizitzen egongelek eta sukaldeek giro berezi zein goxoa izango dute gaurkoan. Izan ere, Bizilagunak ekimenak bertako familiak eta migratzaileak elkartuko ditu, aurtengoan ere, «arrazakeriaren aurka borrokatzeko» asmotan. Aurten, gainera, bazkariak etxeetan egiteaz gain, herriko berdeguneetan, parkeetan eta merenderoetan elkartzeko proposamena ere luzatu diete parte-hartzaileei. IXgarren edizioa da aurtengoa, eta, denera, Gipuzkoako 8 Udalek parte hartuko dute. Buruntzaldeako kasuan, hauexek izango dira: Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, eta Usurbil.

Hernaniarrek bihar dute horretarako hitzordua, eguerdiko 13:00etan, udaletxean. Ondoren, bazkaltzera joango dira guztiak, herriko zenbait etxetara eta txokotara. Urteroko martxa bera hartuta, familia bakoitza bere jaioterriko plater edota janari tipikoak prestatzeaz arduratuko da. Gainera, bi familien arteko ezagutza bideratzeko, gonbidatuek dinamizatzaile baten laguntza izango dute. «Jende askok parte hartuko du, ez da gauza isolatua izango. Horregatik, aukera polita da jendea ezagutzeko eta harremantzeko», nabarmendu dute Amherrekoek.

 

«Herriko komertzioak, bizikidetza sustatzeko elkarguneak»

Aurtengo edizioan, herriko komertzioak jarri dituzte zentroan, «dendak ere aniztasunaren eta elkartrukearen espazioak baitira», kontatu dute Amherreko kideek. «Biharko bazkarian ikusiko den bezalaxe, dendetan ere gauza bera gertatzen da: elkarrizketak sortu eta harremanak indartzen dira eta, beraz, bizikidetza eta inklusioa sustatzen da».

Berriak Hernaniko Merkatarien eta Ostalarien Elkarteko kidea den Mertxek ere argi dauka hori: «merkatal zentro haundietan harremanak sortzea zaila da. Adibidez, nire kasuan, Urbilera joaten naizenetan, ez dut inorekin hitz egiten; erosketak egiten ditut eta kitto. Aldiz, tokiko komertzioetan erosiz gero, dendariarekin edota gainerako herritarrekin hitz egiteko aukera zabalagoa da. Ogia etxe azpiko okindegian erosten badugu, pixkanaka-pixkanaka, bertako okinarekin konfiantza sendotuko dugu eta sarea haundituz joango da. Izan etorkina edo autoktonoa, bereizketarik egin gabe, harremana indartzea lortuko da, ziur».

Horrekin batera, Amherreko Fatimak zera gehitu du: «askotan, herritik ateratzen gara erosketak egitera, kontuan izan gabe herrian bertan aukera zabala dugula; bada, harremanekin ere gauza bera gertatzen da. Izan ere, askotan, kanpora jotzen dugu lagunak egiteko, baina gure inguruan jendea ezagutzeko eta harremanak sortzeko prest dagoen herritar mordoa dago». 

Bestalde, Berriak-ekoek aipatu dute Hernanin gero eta negozio gehiago ireki dituztela atzerritarrek: «elkarteko kide dira horietako asko, eta ostalaritzan zein merkataritzan antolatzen diren ekimen guztietan parte hartzeko prest daude guztiak». Elkarri laguntzen diotela azpimarratu dute Mertxek eta elkarrizketan parte hartu duten On Bit informatika dendako Maixak eta Maukako Nagorek,  «batasunak egiten duelako indarra».

Hain zuzen, Maukan ere herritarren arteko harremanak sortzen direla aipatu du Nagorek. «Azken bost urteetan alde haundia sumatu dugu; lehen, bezero gehienak hemengoak izaten ziren, herrikoak. Orain, berriz, denetarik dago; atzerritarrak eta bertakoak. Gainera, errepikatu egiten dute eta, beraz, bezero berri horiekin harreman haundiagoa dut eta gehiago ezagutzen dugu elkar».

«Bazkarian ikusiko den bezalaxe, dendetan ere gauza bera gertatzen da: elkarrizketak sortu eta harremanak indartzen dira; bizikidetza eta inklusioa sustatzen da»

Elkartasuna, komertzioetan

Herriko dendek eta saltokiek gustura hartu dute egitasmoan parte hartzeko gonbita. Azaldu dutenez, beraiek ere ikusten dute negozioetan herritarren eta dendarien artean sortzen den hartu-emana. Hori da, hain justu, tokiko komertzioen indargunea: gertuko arreta eta tratua. 

Horren haritik, On Bit informatika dendako Maixak hauxe zehaztu du: «jende askok jotzen du gugana eta horietako asko, noski, euskaldunak diren moduan, etorri berriak ere izaten dira. Batzuetan, gertatzen da informatikako gailuren bat erostera etortzen direla eta ordaintzeko nahikoa dirurik ez dutela. Kasu horietan, saiatzen gara gure esku dagoen guztia egiten eta behar dutena beraien esku jartzen. Esaterako, etxeko lanak egiteko ordenagailua behar duen ikasleren bat etorri da dendara eta guk, laguntze aldera, hemen konpondutakoren bat eman diegu».

Izpizua kalean ileapaindegia dauka Redouane Changatek: «topera gabiltza lanean, seriotasunez, eta nazionalitate guztietako herritarrak etortzen dira gugana; are gehiago, bertako bezero gehiago ditugu atzerritarrak baino. Jaioterriagatik bereizketarik egin gabe, garrantzitsuena da herritarrak errespetatzea,  ahalik eta tratu onena eskaintzea eta lana ondo egitea».

«Familia kontzeptua oso zabala da: elkarrekin bizi diren herritarrak izan daitezke, lagun koadrilak, edo bestelako lotura duen beste edozein talde»

Familia, kontzeptu zabala

Familia kontsideratzen diren pertsona guztiek parte hartu dezakete egitasmoan. Baina Amherrekoek argitu dute familia «kontzeptu zabala» dela, ez duela zertan odoleko ahaidetasunik egon behar.  «Familia da elkarrekin lotura edo ahaidetasuna duten bi pertsona edo gehiagoko taldea; lagun-koadrila izan daiteke, elkarrekin bizi diren herritarrak, edo bestelako lotura duten beste edozein talde. Gainera,  parte hartu nahi dutenek, anfitrioi edota gonbidatu gisa egin dezakete. Hau da, erosoen dagoen postua hautatuko du bakoitzak».

Azkenik, gazteak erakartzearen garrantzia jarri du mahai gainean Amherreko Odilek: «askotan, gazteei zaila egiten zaie harremantzea, hemengo koadrilak edo lagun-taldeak oso itxiak izaten direlako. Horregatik, Bizilagunak aukera polita da gazteak elkartzeko. Gainera, gazteontzat zaila izaten da etxeak topatzea, baina Amherreko kideok ahalegina egiten dugu elkartzeko guneak topatzeko eta zailtasun horiei erantzuna emateko. Beraz, animatzea besterik ez da falta, gainerakoa antolatuta dago-eta!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!