Erreportajeak

«Erraza da beste alde batera begiratzea, baina errealitatea da adimen desgaitasuna duten pertsonak badaudela»

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 6a, 00:00

Leire Martin hernaniarra, Atzegiko langilea momentu honetan, eta bolondresa aspalditik, Kronikarako elkarrizketan.

Atzegiko bolondresa da Leire Martin hernaniarra, Miren Yuste eta Iñaki Urruzolarekin batera. Hernaniko Txolartean bolondresak behar dituzte, eta herritarrak animatzeko deia egin dute hauxe ziurtatuz: «bolondres izateak izugarrizko balioak dauzka eta asko ikasten da».

Atzegi adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea da gaur  egun, eta familia talde batek sortu zuen adimen desgaitasuna duten pertsonen eskubideen alde egiteko. Gaur egun, lanean jarraitzen dute pertsona horien eta haien familien bizi kalitatea hobetzeko, eta saiatzen dira, pertsona hauen gizarteratzea erraztuko duen ingurune «egokia eta lagunkoia» sortzen.

Leire Martin hernaniarrak Atzegin egiten du lan, eta horrez gain, bolondres gisa urteak daramatza. Berarekin bat egiten dute bolondres lanetan, Miren Yustek eta Iñaki Urruzolak. Leire Martin eta Miren Yuste, bolondres taldeko arduradunak dira: «arduratzen gara asistentziarekin, gurasoekin hitz egiten, diru kontuez… Baina horrez gain, bolondres gisa egiten dugu lan, asteburuetan».

Atzegik Txolarteak izeneko taldeak ditu baitan, eta Hernaniko Txolarteak bolondresak behar ditu. Hori kontutan izanik, bolondresa izateak dakartzan ezagutzak eta bizipenak kontatu dizkio Atzegiko boluntarioa den Leire Martinek Kronikari.

 

Zer da Txolartea eta zeintzuk dira zuen helburuak?

Gipuzkoan Atzegiko talde ezberdinak daude, hainbat herritan. Atzegiko talde hauek Txolarteak dira, eta gure kasuan Hernaniko Txolartea da. Txolarte horiek koadrila txikiak dira. Bereizten ditugu askotan, adin tarteengatik. Baina, Hernaniren kasuan, gehienak helduak dira, beraz, talde bakarra osatzen dugu, 13 bat lagun gara eta hiru begirale edo bolondres egoten gara horiekin.

Helburua da lagun talde bat sortzea eta edozein koadrilak egiten dituen ekintzak egitea. Gurasoentzat ere Txolartea gune garrantzitsua da. Beste familiak ezagutzeko, beraien artean laguntzeko, sare bat sortuz. Atsedena hartzeko eta beste ekintza batzuk egiteko erabiltzen dituzte ordu horiek.

 

Noiz biltzen zarete eta zer egiten duzue?

Gu elkartzen gara larunbat arratsaldeetan, 16:15etatik 19:15etara. Egiten ditugu ekintza desberdinak. Programazio bat egiten dugu kurtso hasieran, gero abenduan beste programazio bat… Boluntarioak elkartzen gara programazioa egiteko, eta noski Txolarteko kideen iritziak kontutan izaten ditugu, haien gustuen arabera antolatzen ditugu ekintza asko.

Normalean egiten ditugu ekintza finko batzuk, adibidez: Aquariumera irteera, udaran itsasontziz Santa Clara irlara joaten gara, Miramoneko Kutxa Espaziora. Pandemia aurretik autobus turistikoa hartu genuen, Tren txu-txua ere asko gustatzen zaie… Horrez gain, Biterin daukagu lokal bat eta bertan egiten ditugu ekintza lasaiagoak: sukaldaritza, pelikula bat ikusten dugu… Bi ekintza horiek konbinatzen ditugu, aktiboak direnak eta lasaiagoak direnak, denetarik egiteko.

 

Bolondresak behar dituzue beraz...

Hernanin egiten ditugunean ekintzak, ondo moldatzen gara, azkenean, herria asko ezagutzen dugu, jendea ere bai. Aldiz, Donostian egiten baditugu ekintzak, hiru bolondresekin, nahiko juxtu ibiltzen gara, eta, beraz, bolondresak beharko genituzke. 

Bolondres izan nahi duenak, Atzegira deitu dezala. Guk hor, azalduko diogu zer den Atzegi, nola egiten dugun lan, eta nola doan bolondresen mundua, eta zer nolako filosofia daukagun ere azalduko zaio. Bai eskatzen duguna da Atzegiko bulegora bertaratzea, eta bertan aurrez aurre, azalpenak ematen ditugu. Behin hau eginda, taldean enkajatzen badu, inongo arazorik gabe sartuko litzateke asteburuetan bolondres gisa lan egiteko.

 

Nolakoa da bolondresaren perfila?

Bolondres perfil asko daude, normalean gazteak izan ohi dira, 18 urtetik gorakoak.  Ohikoa izaten da aurkitzen ditugun bolondresak izaten direla Haur Hezkuntza edo Lehen Hezkuntzarekin lotutako ikasketak dituztenak. Beste batzuek praktikak egiten dituzte hemen, esaterako, udako aisialdi titulua ateratzen dutenak, edo unibertsitateko praktikak. Orokorrean esan daiteke, humanitateari lotutako graduak egiten dutenak bertaratzen zaizkigula, hala ere, guk ateak irekita dauzkagu. Guretzat garrantzitsuena da: gogoa izatea, ardura edukitzea eta konpromezua izatea Txolartearekin. Azkenean, asistentzia minimoa behar da, konpromezua, eta hor ez dago karrerarik edo titulurik, pertsonaren araberakoa baita.

Hori guztia betetzen baduzu, eta garbi badaukazu bolondresa izan nahi duzula, Atzegin ongi etorria izango zara, eta Txolartearen parte bihurtuko zaitugu;  noski, edozein izan daiteke, heldu zein gazte.

 

Atzegin, adimen desgaitasuna duten pertsonen  bizi kalitatea hobetzen saiatzen zarete. Nola egiten duzue hori?

Atzegik hainbat alor lantzen ditu, eta gu adibidez arduratzen gara aisialdiaz. Desgaitasuna daukaten pertsonek aisialdiaz gozatzeko aukera izan dezaten, beraien eskubide eta gogoa delako batik bat. Guztiok nahi ditugu planak egin lagunekin, zinera joan, eta honelako planak burutu. Orduan, gertatzen dena da, desgaitasuna duten pertsona askok aisialdi ekintza hauetara joateko zailtasunak izaten dituztela. Batzuk adibidez, kurtso batean apuntatzerakoan hitz egiteko zailtasunak dauzkatenez, ez dira onartuak izaten, edo beste batek mugikortasun arazoak dauzkalako, eremu batzuetan ez da onartua izango. Demagun, desgaitasuna duen pertsona batek spinning klasera nahi duela apuntatu: hasteko, izena emateko arazoak izango ditu seguruenik, eta, bestalde, sartzeko aukera izanez gero,  klasea jarraitzeko zailtasunak izango ditu, ezingo duelako erritmoa jarraitu.

Orduan, eskaintzen ditugu hainbat aukera, adimen desgaitasuna duten pertsonei egokitutakoak, hain zuzen ere. Atzegin dauzkagu hainbat kirol ekintza, kultur ekintza mordoa eta, gero, koadrilaren antzeko zerbait sortzeko gunea; Txolartea dena. Hori guztia aisialdiari dagokionez. Gero, Atzegik familiei ere laguntzen die tramiteetan: adimen desgaitasunaren maila neurtzerakoan, behin 18 urte betetzen dituztenean, tutelaren paperak egiterakoan…

Gero, sentsibilizatzeko kanpainak ere egiten ditugu. Eta, orokorrean, zerbitzu horiek guztiak eskaintzen ditu Atzegik.

 

Noiz sortu zen txolartea?

Gurasoek sortu zuten Hernaniko Txolartea, 2009 inguruan. Aipatu moduan, familiek bultzatutako ekimena izan da. Hala ere, ordurako sortuta zegoen Txolartea beste herrietan. Gurasoak elkar ezagutzen ziren, eta egiten zituzten ekintzak. Baina autonomia gutxi zutenez adimen desgaitasuna duten pertsonek Txolarte bat sortzea erabaki zuten. Ekintza desberdinak egite aldera, gurasoetatik at.

Txolarteaz gain, Atzegi bera ere familiatik sortutako elkartea da. Azkenean, lortu nahi zuten hasiera batean, beraien seme-alabak eskolara joatea. Batzuk lortu zuten eta beste batzuk ez; beraz, horregatik sortu zen Atzegi.

Zer dela eta sartu zinen bolondres izatera?

Nik ikasi nuen Haur Hezkuntza, eta karreran eskatutako materia bat izan zen boluntariotza. Hori horrela, Atzegin hasi nintzen lagun bat zegoelako bertan bolondres gisa, eta gaur egun arte bertan nabil. Momentu honetan, baja bat ordezkatzen nabil, baina bolondres lanetan jarraitzen dut eta jarraitzeko asmoa dut.

Miren Yusteren kasuan, uste dut unibertsitatearengatik sartu zela Hernaniko txolartean, edo behin unibertsitatea bukatuta, esperientzia hori bizitzeko gogoz zegoelako, hori ere jende askok egin ohi izan du, esperimentatzeko gehienbat.

 

Bolondres gisa, esperientzia zer moduzkoa da?

Egia esan, hasi nintzen Atzegin obligazio baten gisa. Azkenean, hasieran, denoi pasatzen zaigu, beldurra sartzen zaigula gorputzean. Zer egingo dut nik hor? Ondo moldatuko naiz? Zerrekin aurkituko naiz? Zenekin topatuko naiz? Nola tratatu behar ditut?

Eta errealitatean konturatzen zara lagunekin egiten duzun gauza bera egiten duzula, harremanak egiten dituzu... Zuk egun txarrak dituzun moduan, adimen desgaitasuna duten pertsonek ere badituzte, eta azkenean, konturatzen zara ez garela hain desberdinak. Ez dagoela izugarrizko desberdintasuna. Gero, niri gertatu zait konturatu naizela egunerokotasunean pertsona hauek dituzten zailtasunetaz. Adibidez, taberna batera sartzerakoan eta hau ez duzunean ezagutzen, komuna ez dakizu non dagoen... Badaude taberna batzuk daukatela pareta Hernaniko argazkiekin beteta, eta hor dago komuneko atea. Guri zaila egiten zaigu hau aurkitzea, beraiei zein zaila egiten zaien ez dugu imajinatu ere egiten.

 

Boluntarioa izan ez bazina, konturatuko zinateke dagoen errealitateaz?

Ez argi daukat ezetz. Boluntarioa izaten konturatu naiz errealitatea benetan nolakoa den. Detaile txikietan jartzen dut begirada orain, eta gauza askotaz konturatzen naiz. Zuk zure bizitza egiten duzu eta ez zara honelako gauzetan zentratzen, ez baita zure beharra.

Orduan, orain, beraiekin urte batzuk daramatzat, eta konturatu naiz egunerokotasunean gertatzen diren gauza txiki hauetaz, beraiekin egonda, eta bakarrik nagoenean ere. Izan ere, zailtasunak hor daude. Taberna batean esertzen zarenean adibidez edo semaforoetan ere gehiago ohartzen zara... Gakoa da begirada irekitzea, errealitate batera. Pentsatzen dut Atzegiko bolondresa izango ez banintz, ez nukela hau dena esperimentatuko. Hor dago, eta errealitatea hori da.  Kaleak egin dituenak, ez ditu kontutan hartu agian, adimen desgaitasuna duten pertsonak, edo semaforoak egin dituenak, adibideak jartzearren.

 

Bolondres izateak beraz, ikaskuntza asko ekartzen du...

Bai, konturatzen zara errealitatean dagoenaz. Asko ikasten da, ikasten da entzuten, enpatia izaten, ezagutzen... Gertatu izan da boluntarioak etorri direla eta aipatu dutela, oso onak direla entzuten. Baina, errealitatean, ez da hain erraza. Askotan,  uste dugu entzuteko gaitasuna oso garatuta daukagula, baina,  denborarekin, konturatzen zara beharbada ez zenekiela horrenbeste entzuten.

Horregatik diot, bolondres izaten asko ikasten duzula. Demagun irteera bat egiten dugula eta gatazka bat sortzen dela taldean. Hori kudeatzen ikasten duzu, estres egoera batean dena lasaituz. Uste zenuen agian bazenituela gaitasun batzuk, baina benetan ez daude hain garatuak.

Ikasitakoa gainera, ez duzu txolartean bakarrik erabiltzen, zure egunerokotasunerako ere balio du, zure erlazioekin, familiarekin, lagunekin... Beste modu batera kudeatzen dituzu egoerak eta arazoak besteak beste.

 

Txolarteko kideez, beraz, asko daukagu ikasteko, ezta?

Bai, egia esan bai. Beraiek mundua beste modu batera ikusten dute. Guretzat, larunbatak izugarriak dira, Txolartearekin elkartzen gara, eta barre artean igarotzen dugu arratsaldea. Orduak motz egiten dira.  Orokorrean ederki pasatzen dugu, txisteak kontatzen ditugu, abestiak kantatu... Oso momentu politak bizitzen ditugu.

Niri gertatu zait larunbata iritsi, txolartearekin bildu eta arazo guztiak ahazten ditudala, ni ere beraien munduan murgiltzen naiz, eta ederra da.

 

Bolondres izatea gomendatuko zenuke... Zer dela eta?

Nire ustez, edozein pertsonak esperimentatu beharreko esperientzia da Atzegik eskaintzen duena, eta kasu honetan, Txolartea. Oso desberdina da dena. Udalekuetan begiralea izan naiz, baina ez da berdina, boluntariotza beste zerbait da.  Gainera, ez duzu zertan karrera espezifikorik egin behar, esan nahi dut, matematikoa izan zaitezke, eta bolondresa izan aldi berean. Balio batzuk transmititzen ditu bolondres izateak.

Gainera, errealitatea da adimen desgaitasuna duten pertsonak badaudela, eta gure inguruan daudela, gure gizartearen parte dira. Oso erraza da beste alde batera begiratzea, eta kasurik ez egitea. Baina benetan daude, eta niretzat boluntariotza hori da; ez beste alde batera begiratzea, errealitate bat ikustea baizik. 

HARREMANETARAKO

Telefonoa: 943 42 39 42

Atzegiko bulegoa: Okendo 6 behea, Donostia. Biteri kultur etxean, Hernani.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!