Ilusioz beteta eta aurrera egiteko gogotsu dago Txema Pikabea Bereziartua. Hernaniko Haur Eskolako langilea da, eta nongoa den galdetzen diotenean, «mundukoa» dela esaten du. Haurtzaroa eta gaztaroa Lasarten pasa zituen, eta Hernanin ere bizitakoa da. Gaur egun, Orio du bizitokia.
Pikabeak argi du zein den bere pasioa: idaztea. Eta ez da nolanahiko idazlea, gainera. Bere bigarren liburua kaleratu berri du, Lía, gaztelaniaz idatzitakoa, eta aitortza borobila jaso zuen joan den irailean; izan ere, Letrame sarietan, irabazle irten zen Eleberri Beltzaren kategorian. «Ezin sinetsi» dabil oraindik, «gertatutakoa barneratu nahian».
Elkarrizketa gelan, motxila ireki eta liburua atera du barrenetik. Goxo-goxo begiratzen dio bere azken lanari, pozik. Berehala hasi da hizketan, eta bere ibilbide guztiaren berri eman dio Kronikari. «Haur Eskolako gurasoak harritu egingo dira ziurrenik; hau guztia kontatzeko desiratzen nago!».
Letrame sariak irabazi berri dituzu Eleberri Beltzaren kategorian. Zeri buruzkoa da lana?
Ezer baino lehen, esan beharra dut nire liburuen nondik norakoak azaltzea nahiko zaila dela. Makina bat istorio dituzte eta kontakizunak horiek guztiak lotzen ditu. Horrez gain, noski, nukleo edo muin indartsua dute eta, liburuaren amaieran, istorio guztiak bateratzen dira. Kasu honetan, nobela beltza batez ari gara. Lía (Natalia) da protagonista, eta hari buruzko kontakizuna egiten du eleberriak. Lía da emakumea, laguna eta ama; 17 urteko semea du. Bere inguruan daude, baita ere, hildako senarra, oraingo senarra, lagun mina, eta beste hainbeste pertsonaia.
Baina, esaten den bezala, ezer ez da dirudiena. Izan ere, misterio asko daude argitzeko. Líak sekreturen bat du atzean, bere barruan, argitu beharrekoa. Liburuaren hasieran, hain justu, ahots batek zera esaten dio: noizbait zure sekretua argituko dut. Beraz, momentu horretan, irakurleak badaki zerbait arraroa, misteriotsua, dagoela narrazioan.
Aitortu beharra dago hasierako orrialdeetan irakurlea nahiko galduta egoten dela, ez dakielako istorioa ondo kokatzen. Gainera, norabide aldaketa ugari daude kontaketan; alegia, zerbait bide zehatz batetik doala uste denean, bapatean, guztia aldatzen da. Baina, pixkanaka-pixkanaka, amaieran, guztiak zentzua hartzen du.
Ez da soilik misteriozko nobela bat. Pertsonaia bakoitzaren nortasuna nahiko sendoa eta finkoa da, eta horietako bakoitzaren alde iluna, kezkak, zein gatazkak islatzen ahalegindu naiz. Azken hori lantzea asko gustatzen zait: psikologia aldetik norbanakoak nola sentitzen diren, barruan duten nahastea, zergatik duten jarrera hori, eta abar. Are gehiago, Programazio Neurolinguistikaren teknika (PNL) eta Coaching ikasi nuen, eta horren bueltako gaiak izugarri gustuko ditut.
Nork kontatzen du istorioa?
Bi narratzaile mota daude. Alde batetik, narratzaile orojakilea. Hau da, liburua nik idazten dut, nire ikuspuntutik, hirugarren pertsonan. Beste alde batetik, bere barruko kontuak lehenaldian azaltzen dituen beste pertsonaia baten narrazioa ere txertatu dut. Azken horren papera oso garrantzitsua da haria jarraitzeko. Nahiko autoestimu txarra du pertsonaia horrek, eta bere ikuspuntutik azaltzen du kontakizuna. Líataz maiteminduta dago, baina Lía 40 urtetik gorako emakumea da eta beste horrek, berriz, 20 urte ditu. Beraz, xehetasun horrek ere guztia nahasten du eta xarma ematen dio gertakizunari.
Jakin badakit nahasketa arraroa dela narratzaileena, baina liburu honetan hori egin nahi nuen eta helburua lortu dudala uste dut.
«Finalistetako bat nintzela esateko deitu zidatenean, abenduak 28 ez zela konprobatu eta adarra jotzen ari al ziren galdetu nien»
Zergatik ‘Lía’?
Natalia izenaren laburdura da, baina, horrekin batera, beste hainbat esanahi ere izan ditzake. Lía: guztia liatzen duena, adibidez. Egia esateko, izenburuak ez ditut bukaerara arte erabakitzen, bestela erotu egiten naiz. Baina hau nahiko azkar erabaki nuen, buelta gehiegi eman gabe: laburra, argia eta erakargarria. Gainera, esango nuke aproposa dela kontakizun honetarako, Líaren bueltan hasten eta bukatzen delako guztia.
Garrantzitsua iruditzen zait izenburuek ezaugarri horiek izatea eta, era berean, portadako irudiak atentzioa ematea ere ezinbestekoa da irakurlea erakartzeko. Izan ere, liburu-dendara sartzean, ehunka aukera izango ditu irakurleak. Kasu honetan, nire lagun batek egin du ilustrazioa, Jon Costasek, eta eskerrak eman behar dizkiot, ezin hobe islatu baitu liburuan adierazten dena. Arrakasta haundia izan du bere lanak; jendeak oso gustuko duela esan dit. Azalean ikus daiteke emakume bat gora begira, nora jo ez dakiela, bere bizitza erabat nahastu delako. Arazo mordoa ditu, eta zeruak ere horixe bera erakusten du: zurrunbiloa.
Ba al dago helarazi nahi duzun mezurik?
Liburua oso dinamikoa da. Esan bezala, istorio asko ditu batean bilduta, eta bakoitzak bere mezua duela esan genezake. Zerbait azpimarratzekotan, pertsonen alde psikologikoa izango litzateke. Zergatik jokatzen dugu horrela? Istiluak sortzen dituen nerabe horrek zer du atzean? Zergatik dago galduta? Zer gertatu zitzaion iraganean?
Galdera horiei guztiei erantzuna bilatzen saiatzen naiz. Eta, horrez gain, emakumearen indarra ere goraipatuko nuke; kasu honetan, Líarena. Bere semea galduta dagoen arren eta arazo mordoa baditu ere, sekulako ausardia erakusten du. Sendo mantentzen da kontakizun osoan. Nobelako pertsonaia indartsuenak, hain zuzen, Lía eta beste emakume heldu bat dira.
Laburbilduz, zaila da galdera honi erantzuna ematea. Baina, agian, labur adierazteko, esan genezake mezua dela besteen errealitatea ulertzeko, gogoeta egin eta barrura begiratu behar dela.
«Ez da soilik misteriozko nobela bat. Pertsonaia bakoitzaren nortasuna da nahiko sendoa eta finkoa, eta horietako bakoitzaren alde ilunak, kezkak zein gatazkak islatzen ahalegindu naiz»
Letrame sarien lehenengo edizioa izan da aurtengoa. Nola bururatu zitzaizun parte hartzea?
Letrame editorialak autoedizioa lantzen du. Hau da, bidelagun lana egiten du idazleekin. Idazleek ordaintzen dute guztia, baina beraiek izugarri laguntzen dute prozesuan.
Editorialarekin akordioa sinatzean, zuzenean, sarietan parte hartzeko lehiaketan sartzen dira idazleak. Horregatik, liburua entregatu nuenean, esan zidaten multzo horren barruan sartuko zutela nire lana.
Baina, egia esateko, nobela beltzean hiru finalistetako bat nintzela esateko deitu zidatenean, ez nintzen sari hauekin gogoratu ere egiten. Sekulako sorpresa izan zen, eta txantxa zelakoan, abenduak 28 ez zela konprobatu eta adarra jotzen ari al ziren galdetu nien. Ezin nuen sinetsi ere egin, 1000 liburu baino gehiagoren artean saria jasotzeko hautatua izan nintzelako. Eta, gero, gainera, nobela beltzen kategorian, ziurrenik, gehien irakurtzen direnen artean, irabazle izan nintzen. Oraindik ez dut barneratu eta uste dut denbora beharko dudala horretarako. Ez da Donostia edo Gipuzkoa mailako kontua izan, estatukoa baizik, eta hori sinestezina da niretzat.
Nola bizi zenuen sari banaketaren eguna?
Almeriara joan ginen irailaren 10ean, bost izarreko Golf Almerimar Hotelera. Hollywood zirudien, izarra sentitu nintzen. Gainera, esan ziguten etiketaz jantzita joateko, eta egoera aprobetxatu nuen, pajarita eta guzti dotore-dotore janzteko. Sekula ez dut horrelakorik erabiltzen, baina han ez ninduen inork ezagutzen eta pentsatu nuen: Zergatik ez?
Kategoria bakoitzeko hiru finalistak izan ginen gonbidatuak. Oscarren antzera, gutun batetik txartela atera eta irabazleen izena esaten zuten. Nirea esan zutenean, berriro ere, zur eta lur gelditu nintzen. Ospatu baino, mahaira begira gelditu nintzen segundo batzuz.
Tabladura igo eta minutu bat izan nuen zerbait esateko. Aurretik esan ziguten diskurtso motza prestatzeko, baina nik ez nuen ezer egin. Horrelakoetan, ez zait gustatzen aurretik ezer lantzea; nahiago dut momentuan burura datorkidana esatea, inprobisatzea. Idazteko ere gidoitxoa izaten dut, baina benetako jarioa, etorria, idazten ari naizenean ateratzen zait, aurretik ezer gehiegi landu gabe. Horregatik, oholtza gainean ere, bapatekoari ekin nion.
Sari banaketa amaitzean, zuzendariarekin hitz egin nuen. Ordura arte ez nuen harekin harreman esturik izan, baina, orain, kontaktu zuzena dugu. Buru-belarri ari da promozio kanpainak prestatzen, topera. Asmoa da Gabonetan, udaberrian eta udaran aurkezpenak egitea. Horietako bat Madrilen egitea aurreikusi zuen zuzendariak. Zortzi irabazle izan ginen eta aipatu zuen zerbait haundia antolatu nahi zuela pantailekin, limusinekin eta guzti. Ni txundituta nago, Operación Triunfon ere ez da horrelakorik ikusi! Baina, azken orduko arazo pertsonal bat dela eta, printzipioz, bertan behera gelditu da hori.
«Gehiago kontzentratzen naiz jende asko dagoen toki batean, jende gutxi dagoen batean baino; hau da, ez dut isiltasuna behar ideiak lantzeko eta inspirazioa lortzeko»
Sumatzen duzue, beraz, editorialaren babesa…
Bai, zalantzarik gabe. Gainera, uneoro ari dira gure asmoen berri galdezka. Zer egingo duzue? Nola zabalduko duzue zuen lana? Egingo al duzue aurkezpenik?
Hitz gutxitan esateko, esaten digutena da idazleak izateko mugitu egin behar dugula; hau da, liburu-dendetara joan, hedabideekin harremanetan jarri, eta abar. Hortaz, noski, beraiek beti hor daude laguntzeko prest. Idazleak garela sinesteko azpimarratzen digute, eta guztia koordinatzeko erremintak ematen dizkigute.