Datorren asterako, zita jarri du Espazio Lunarrak, lodifobiari buruz jarduteko. Azaroaren 11n eskainiko dute saioa, Kulturarteko Plaza Feministan, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara bitartean.
Gaur egun, Espazio Lunarra gunea Iturolan dago, eta tailerrak eskaintzen dituzte bertako lau psikologoek: Maddi Gutierrez, Leire Murguialday, Amanda Jimenez eta Javi Olfosek. Hala ere, datorren astean eskainiko den lodifobiari buruzko saioa ez da Iturolan izango, Kulturarteko Plaza Feministan baizik. Hori horrela, Leire Murguialday eta Maddi Gutierrez psikologoek bertan egitearen zergatia azaldu dute: «Plaza feministara ate joka gerturatu ginen gure zerbitzu eta lan egiteko modua aurkeztera. Hortik, proposatu ziguten, 'zergatik ez dugu egiten kolaborazio moduko bat?' Eta hortik atera zen lodifobiako saioa eskaintzeko aukera. Ikusten zuten aproposa Hernanin gai hau lantzea, ez baitzen orain arte landu».
Espazio Lunarra, Hernanin
Lau psikologoek bat egin zuten duela pare bat urte, proiektu bat gauzatu eta hau aurrera eramateko asmotan, eta hortik sortu zen Espazio Lunarra. Gutierrezek dio helburu nagusia espazio seguru bat sortzea zela: «espazio bat sortzea begirada batetik non barne hartzen dugun osasuna. Izan ere, Espazio Lunarrean onartzen dugu triste egotea edo gaizki egotea. Bizi ditugun ziklotasunean, aukera dago triste edo goibel egoteko, eta aukera hori ematen dugu espazio honetan. Egiten dugu irakurketa bat gizarte kapitalista honek bultzatzen gaituen produkziora begira, beti pozik beti aktibo, inoiz ez barrura begiratu, zer sentitzen dugun adierazi... badirudi ezin garela gelditu. Irakurketa honetatik espazio bat sortzea zen gure asmoa. Guri gustatzen zaigu asko lan egitea ez unilateralki, baizik eta taldean, espazio atsegina sortuz, elkarbizitzarekin. Gu ere bertan gaude ente aktibo gisa».Esan daiteke, Espazio Lunarra dela osatze gune bat, eta bertan dauden lau psikologoek, bide laguntza egiten dute: «bai terapia indibidual, bikote terapia, edo terapia afektibo sexualaren bitartez, baita tailer eta talde bide laguntza orientatuz ere».
Osasuna lantzen da Espazio Lunarrean, eta Gutierrezek dio, lantaldearen ikuspegia badela osasunaren ikuspegi holistiko bat: «hau da, hainbat aldetatik lantzen dugu osasuna. Behin, adibidez, etorri zen emakume bat hilerokoa eten egin zitzaiolako. Laguntza psikologikoaz gain, gorputzaren bitartez saiatu ginen desblokeatzen hor zuen blokeo emozionala, eta lortu genuen, oso polita izan zen».
Murguialdayk ez du bere burua orojakiletzat hartzen, eta horregatik dio «bidelagun» gisa egiten duela lan: «guk ulertzen dugu psikoterapia eta horrelako zerbitzuak ez dutela zertan izan behar indibidualak eta pertsonalak. Guk bai ulertzen dugula, alde batetik, ziklikotasun baten baitan pertsona bat benetan ez dagoela gaixo; da momentu jakin batean bizitzen ari delako egoera jakin bat. Gu ere ez gara kokatzen jakintsuaren paperean, baizik eta prozesu horretan bidelagunak gara. Horregatik, entzuten dugu askotan akonpainamendu hitza».
Murguialdayren ustez, Espazio Lunarrak modu eraldatzaile batean egiten du lan: «ikuspegi psikosozialarekin, jakinda pertsona guztiak ez ditugula baldintza berdinak gizarte honetan. Eta zerbitzu hori, tamalez, garestia denez, ez dago jende askoren eskuetara. Zentzu horretan, gure asmoa bada horrelako zerbitzuetara heldu ezin duten pertsona horietara heltzea, eta horregatik saiatzen gara saioak egiten, adibidez: lodifobiarena».
Espazio Lunarra eta sustraiak
Konfinamendu garaitik dator Espazio Lunarraren benetako sorrera. Gaur egun, lau psikologok osatzen dute, eta aspalditik ezagutzen zuten elkar: «batera ikasi genuen Psikologia, eta gerora ere afinitatea genuenak biltzen ginen. Elkartzea erabaki genuen proiektuari buruz jarduteko. Hor, batzuk nahi zuten sortze mundutik bideratu, beste batzuk beste alor batzuetatik. Eta momentu hartan, itxialdia etorri zen. Sare hau guztia paralizatu zen, baina Maddi eta biok klasetik ezagutzen ginen, eta asko hitz egiten genuen. Mugitzeko gogoa geneukan. Azkenean, errealitatea zen batzuk lan gabe geundela eta beste batzuk 17 mila lanekin, baina lan asko prekarioak izaten ziren…», dio Murguialdayk. Ondorengo buru-hausteen berri ere eman du: «hasi ginen pentsatzen psikologia munduan egin nahi genuela lan, eta ez beste zerbaitetan. Zerbait sortu nahi genuen, eta biltzen hasi ginen, seriotasunarekin. Ideia zaparradak, elkarrizketak, elkarren arteko hitzorduetan ardotxo batzuk hartzen goxo-goxo…Hainbat prozesu eta pausu egin ostean, gaur egun garen taldea osatu genuen. Hasiera batean, argi geneukan espazio bat sortu nahi genuela, ez bakarrik terapiak emateko lokal bat eduki eta kitto. Aitzitik, hausnarketa gehiago zeraman proiektu bat sortu nahi genuen. Beraz, esan genuen, sortu behar dugu espazioa honakoa hartzen duena baitan: garapen emozionala, diziplina anitzak eta modalitate guztiak».
Duela urtebete inguru etorri ziren lau psikologoak Iturolara eta bertan hasi ziren «jo ta ke», proiektuari forma ematen eta martxan jartzen, egun den Espazio Lunarra sortu arte.
Psikologo bakoitzak bere modalitatea dauka, eta Gutierrezek aipatu du bere sexualitatean espezializatua dela: «azkenean ibilbide ezberdinak dauzkagu, bakoitzak bere esperientzia du eta norberak berea aportatu dezake. Ez gara akademian bakarrik formatu, tailerrak egin ditugu, mota askotako ikasketa prozesuak… Adibidez, ni sexualitatean espezializatu nintzen. Horrez gain, genero indarkeriako kasu batzuk ere izan ditut eta horretan esperientzia daukat. Trans kolektiboarekin ere egin dut lan, batez ere, egoera batzuei aurre egin dieten emakumeekin».
Amanda Jimenezek neuro-psikologian dauka formakuntza eta Javi Olfos, berriz, immigrazio prozesuetan dago espezializatuta. Honen harira, Murguialdayk honakoa gehitu du: «Nik, adibidez, militantzia feministatik asko ikasi dut, tailerrak egin ditut, formakuntzak, ikastaroak…».
Lodifobia
Espazio Lunarreko adituek lodifobia lodia bezala ulertzen den guztiarekiko «gorrotoa edo nazka» gisa definitu dute. Hala ere, Murguialdayk argi utzi du ez dela batere erraza Lodifobiaren esanahia bere horretan azaltzea: «zeharkatzen dituelako alderdi ezberdin asko, ez dago lodifobia bakar bat. Baina, hala ere, lodia bezala ulertzen den guztiarekiko gorrotoa, nazka… eta lodia ez bakarrik gainpisuagatik, itsusiak ere hor sartzen dira, edo gizartearen arauetatik kanpo gelditzen dena edo edertasun kanonak betetzen ez dituena. Hori guztia gizartearen arauen arabera, noski. Zaila da lodifobia esaldi batean azaltzea, alor asko hartzen baititu baitan. Edertasun kanonekin lotuta doa gehienbat, gizarteak ezarritako kanonetatik».
Nola identifikatu Lodifobia
Espazio Lunarreko bi psikologoen arabera, lodifobia ez da lodiei eragiten dien kontzeptu soil bat, diote esparru denak hartzen dituela bere baitan: «gizartearen ondorio bat da, gorputz guztietan eragina duena. Bizi garen argaltasunaren kultura honetan, lodiei eragiten die, baina pertsona argal batek ere sufrituko du presio hori, bere gorputza mantentzeko, kirola egiteko… Beldurra edukiko du pisua hartzeko», dio Murguialdayk. Eta horrekin, Gutierrezek adibide bat ekarri du mahai gainera: «modu askotan identifikatu daiteke lodifobia. Adibidez: lanean ez hautatua izatea pisuagatik. Lotsagarria da azkenean profesionaltasunaren balioa zalantzan jartzen delako pisuaren arabera. Medikura joaten zarenean, niri behintzat gertatu zait 12 urterekin 10 kilo soberan neuzkala esatea. Eta gaur egun baino 20 bat kilo gutxiago pisatzen nituen. Kirolean esatea ezin izango dudala egin eta gero lortu».
Murguialdayren eta Gutierrezen ustez, edertasun tratamenduak gero eta gehiago daude, eta diote, erosketak egitean, askok jasaten duten egoera ez dela erraza: «arropa erostera joaten zara eta ez dago zure tailako ezer. Horrek esan nahi du ez zarela gizarteak eta dendak ezarritako kanonetan sartzen». Eta Gutierrezek honakoa gehitu du: «aluaren kasua hor dago, askok ebakuntza hautatzen dute, haur baten bulbaren antzekoa lortzeko. Ezpainak lodiegiak badauzkazu mehetu egiten ditu jendeak, txuritu… ».
Loditasuna, gizartean
Egungo gizartean, itxurak izugarrizko pisua dauka, eta horren baitan sartzen da ilea, arropa, eta pisua, besteak beste. Gutierrezek eta Murguialdayek uste dute gizartea ez dela kontziente errealitatean dagoen lodifobiaz: «iruditzen zaigu, zeharkatzen dizunean gaiak, konturatzen zarela disidentzia batean zaudela. Momentu batean gertatu daiteke, beste kolektibo batean, zeu izan zaitezkeela pribilegiatua edo arauetan sartzen zarena. Baina, horrelako disidentzia momentuak bizitakoan konturatzen da jendea lodifobiaz, adibidez. Hala gertatzen dela uste dut nik behintzat, momentu batzuetan zaudela despribilegio egoeran edo ez».
Gaur egun, entzuna izango du edonork Curbi hitza, eta hain justu, hitz hau jarri du mahai gainean Murguialdayk, azalduz kapitalismoak barne hartzen duen loditasun bat dela: «onartuta dagoen loditasun puntu horretatik gora egiten baduzu, itsusia zara. Uste dut kontzientzia politikoa duen jendeak bai kontziente dela lodifobia existitzen dela, baina ez bazara hortaz jabetzen, edo ez bazara kontziente, agian bai sufrituko duzula lodifobiaren zerbait. Hor nire galdera da, noiz da benetan konsziente lodifobia dagoela? Ni egon naiz sufritzen lodifobia txikitatik, garatu arte kontzientzia politiko bat non konturatzen zaren gizartearengatik dela. Eta hori guztia ez bakarrik pertsona lodiek; alderantziz, denak hartzen ditu baitan. Askotan, beste muturrera joanda, elikadura nahasmendua duten pertsonek ere lodifobiarekin harremana dute, ez baitute lodi izan nahi. Hor ez dago irakurketa bat lodifobiarena, medikuak ez dizulako hori esango».
Gutierrezek, aldiz, «desjabetzea» dela dio: «nolabait, esan nahi dut gu obsesionatuta gaudela inoiz iritsiko ez garen kanon horiekin... Ezin dugu beste gauzetan inbertitu denbora, gure helburua gorpuzkera hori baita. Diot, ez garela inoiz nahikoa guretzat. Nerabezarotik, niri gertatu zait, jolasetan, gorputzaren deskuartizatze batetik. Esan nahi dut ipurdiak puntuazio hau dauka, aurpegiak beste hau, besoak, bularrak… Horrek zu ente eta pertsona gisa desjabetzen zaitu erabat».
Lodifobiaz gain, lodifibia existitzen da eta lodi izatearen beldurrari esaten zaio. Hala ere, lodifobiarekin lotuta dagoela diote Espazio Lunarreko psikologoek. Eta ildo beretik, Murguialdayk idazle baten aipuak ekarri ditu erdigunera: «oso lotuta bagaude gure gorputzen zerbitzura, presio horrek egiten gaitu beste gauza batzuetan ez pentsatzea. Dozilak bihurtzen gara. Egoten gara oso zentratuak gure edertasunean, eta horrek eragiten du ez egotea zentratuta eraldaketa politikoan, edo aspirazio bat izatean».
Gutierrezentzat, bizi dugun errealitatean, mutilak ere alor horretan sartzen ditu: elikadurarekin zailtasunak dauzkaten gizonezko gehiago daude. Gero eta gehiago behar estetikoetara begiratutako produktu gehiago daude gizonezkoentzat, edertasun kanon zehatzagoak eta zorrotzagoak ere badira orain gizonezkoenak… Orain arte gehienetan emakumeei zeharkatu gaituen gaia izan da, baina gaur egun gizonezkoetan ere pisua hartzen ari da. Hala ere, gizarte kapitalista honen joera da gero eta gehiagora joatea: Orain gizonezkoetan zentratuko naiz, hauek ere dirua gastatzen dutelako estetikan eta edertasunean».
«Sufrimenduaz ez dugu hitz egiten»
Pertsonok joera hartzen dugu inguruan ikusten dugun horri buruzko iritzia emateko, eta ez gara jabetzen, iritzi horrek zein eragin kaltegarri ekarri dezakeen. Esan ohi da minutu batean konpondu ezin daitekeen horri buruzko iruzkin batek, ez duela ezertarako balio, eragin kaltegarrirako bakarrik, hau da: parekoari, hortzetan zikinkeria duela esaten badiozu, hau segundo gutxitan kendu dezake. Aldiz, gizendu eta argaldu egin dela esaten badiozu... hor ez dago konpontzeko ezer.
Horrekin lotu du Murguialdayk sufrimenduaz hitz egitea: «nik uste dut sufrimenduaz hitz egitea asko kostatzen zaigula. Eta erraza dela esatea: hau nola gizendu den… Eta horrek daukan eragina ez dakigu noraino heldu daitekeen. Argaltasunaz ere lasai asko hitz egiten dugu: ze guapa zauden, kilo batzuk kenduta. Ez dakizu benetan depresioarengatik argaldu duen, edo gaixotasun fisiko batengatik izan den… Epaitzeko erraztasun haundia daukagu, eta ez gara jabetzen iruzkin horiek, esan bezala, noraino eragingo duten».
Lodifobiaz, azaroaren 11n
Azaroaren 11n, lodifobiaren inguruan egingo den saioaz gain, beste hainbat tailer eskaintzen ditu Espazio Lunarrak eta jakinarazi dute irekiak direla: «gure asmoa da partehartzailea izatea, eta elkarrekin sortzea. Guk gidatuko ditugu saioa horiek, baina ez gara orojakileak. Ez gara gu jakintsuak eta besteak hartzaile pasiboak, baizik eta denon artean sortzen espazio gisa egiten ditugu honelako tailerrak.» Datorren asteko saioa, gainera, «erabat bibentziala» dela ziurtatu dute. Epazio Lunarraren ideia da borobil batean esertzea lehendik eta behin elkar ezagutzeko, «bertatik ere saretze bat ateratzea gustatuko litzaiguke. Poliki-poliki ehuntzen joango gara eta sakontzen, erraietan sentitu duguna. Horretarako egingo ditugu hainbat dinamika; gure zauriak samurtzeko».
HARREMANETARAKO Helbide elektronikoa: Instagram: @espaziolunarra, Facebook: Espazio Lunarra. |