Gaur ere, etxeko gela batean ari da lanean Benigno Albeniz Maiz hernaniarra, bere tailer inprobisatuan. Bi uztarri dauzka mahai gainean: bata bukatu berri, eta bestea ere nahiko aurreratuta. Bigarren horrekin ari da, mailua eta zizela hartuta.
86 urterekin, artisau lanaren egarri da oraindik, «bizitza» delako berarentzat. «Gozoa da honetan aritzea», kontatu du. Eta lanean jarraitzen du, dotore, tarteka «kadukatuta» dagoela aipatzen duen arren. Duela gutxi izan zuen istripua furgonetarekin, eta bi besoak geratu zaizkio minduta.
Baina horrek baino gehiago kezkatzen du, beharbada, artisautzaren egungo egoerak. «Bukatuta ikusten dut artisautza, eta ez dut sinisten berreskuratuko denik. Kadukatuta dago, ni bezala. Artisautzak ez dauka lekurik, gaur egun. Pazientzia haundia behar da, eta jendeak ez du hori estimatzen», dio.
Morroi lanetatik ihesi, Pablo Lasaren laguntzaile
Aiako Iruntxiberri baserrian jaiotakoa da Benigno Albeniz, «familia pobre batekoa». Eta oso gazte hasi zen lanean, auzoko baserri batean morroi. «Bizimodu gogorra da hori, ikasi gabe, eta jai eta aste lanean, gau eta egun». Eta garbi zeukan, norabait zeukala alde egin beharra, bizimodu hori atzean uzteko.
Horrela hasi zen artisautzan, 19 urterekin, etxean halakorik ez ezagutu arren: «Euskal Herri osoan gara ezagunak Iruntxiberri bezala, baina ez artisau lanengatik. Korrika aritzen ziren bi anai, Leon eta Pedro; eta baita aita ere. Leon zen bereziki famatua. Tolosako zezen plaza ia lepo betetzeraino ezagutu ditut Leon anaiaren apustuak. Egin zuen azkenekoa, izan zen Jose Miguel Maiz lehengusuaren kontra, eta Tolosako plaza bete egin zen».
Benignok, ordea, egur lanean aurkitu zuen bere tokia, eta Hernanira etorri zen: «orduan bazen uztargile ospetsu bat, Pablo Lasa. Era zaharrean egiten zituen uztarriak berak, oso dotore. Bera puri-purian zegoen garaian hasi zen artisautza indartzen. Oso mainosoa zen, oso langile fina eta txukuna; eta berari begira egoten ginen denak».
Eta Pablo Lasaren laguntzaile hasi zen lanean Benigno: «eta orduan konturatu nintzen, egurrarekin uztarriak baino askoz ere gauza gehiago egin zitezkeela. Uztarriak tailatzen hasi nintzen, gauza bereziak egiten; eta gustatu egiten zitzaion nagusiari. Ondoan bazen tailista bat ere, garai hartan sonatua, Salinas. Herri guztiarentzako egiten zituen lanak. Eta hark animatu egiten ninduen; esaten zidan berezko gaitasuna neukala tailatzeko. Eta bultzada eman zidan horrek», kontatu du.
«Inongo tailerretan ikasi gabeko tailista naiz, basatia»
Bere kasa ikasi zuen tailatzen, Benigno Albenizek. Eta horregatik dio, «inongo tailerretan ikasi gabeko tailista» dela bera. «Eta bitxia da, hala ere, Euskal Herriko plaza denetan ibili naizela, Euskal Herrian ziren tailista onenekin. Bazen bat, Braulio Buenetxea zarauztarra, Espainiako onena zela esaten zutena. Oso gizon majoa. Elkarren ondoan tokatu zaigu makina bat aldiz, plazetan. Baina niregana ere etortzen zen jendea. Jende asko erakartzen zuten nire lanek, denak zirelako berriak eta ezberdinak. Izan ere, plazetan egiten nituen nik, artisau lan guztiak».
Tailer batean ikasi gabekoari, «basatia» deitzen dio berak, eta horrelaxe ikusten du bere burua. Eta uste du, nabaritu egiten dela, zein multzotakoa den artisau bakoitza: «tailista batek molde batekoak egiten ditu lanak, elkarren antzekoak. Baina basatiak, buruko ahalmenarekin eta imajinazioarekin ateratzen ditu, eta ezberdinak dira denak. Taila ikusita, antzeman egiten da, nor den tailerrean ikasitakoa, eta nor basatia». Horren adibide aipatu du Amezketako eliza: «bada Goierrin tailista basati bat, oso ona; eta berak tailatu zuen dena».
«Garai batean, indar haundia zeukaten artisau azokek; jaialdi zoragarriak egiten ziren»
Gogoan ditu Benigno Albenizek, plazaz plaza ibiltzen zen garai haiek: «indar haundia zeukaten artisau azokek, garai batean. Jaialdi zoragarriak egiten ziren. Goizean goizetik ateratzen ziren txistulariak, eta trikitilariak ere izaten ziren egunean zehar. Jende pila bat gerturatzen zen azokara. Gezurra dirudi, Francoren menpe ginenekoak izan zirela urte onenak artisautzan, hemen Euskal Herrian», kontatu du. Diktaduraren urteetan azoketan entzundakoak ere gogoratzen ditu Benignok, euskeraren erabileraren harira: «garai hartan, debekatuta zegoen euskera; baina nik, pieza batzuetan, Euskeraz egin eta horrelako esaldiak jartzen nituen. Eta Nafarroako azoka batzuetan, piezak ikusita izutu egiten ziren, esto es peligroso esaten zuten».
Lanean aritzen zen bera bitartean, baina «lanean ari denak asko entzuten du». Eta entzun izan du baita ere, «makina bat aldiz», nola galdetzen zioten elkarri, nor zen artisau hura: «eta norbaitek esaten bazien Iruntxiberri nintzela, bazekiten zein familiatakoa nintzen».
Artisauak azokan lanean aritzea, ordea, ez zen ohikoa izaten, Benignok kontatu duenez: «normalean, artisauek ez zuten lanik egiten azoketan. Ni bakarrik nintzen horrelako gixaxoa, plazetara joan eta lanean aritzen nintzena. Besteak, elkartu eta hizketan aritzen ziren. Baina jendea lanean ari den horrengana gerturatzen da, eta nire postura etortzen ziren, hori zelako ikusi nahi zutena». Horrek «inbiria» sortzen zuen beste artisauen artean, Benignoren ustez: «antolatzaileari ere esaten zioten, hurrengoan ni joanez gero, beraiek ez zirela gehiago joango. Niri ere esaten zidaten, erdi brometan. Baina errua ez zen antolatzailearena, beraiena baizik, lanean ez aritzeagatik».
Eduardo Chillidari, desafioa
Plazaz plaza bakarrik ez, erakusketa areto berezi batean ere jarri zituen bere piezak ikusgai, Benigno Albenizek: taberna bat hartu zuen Hondarribian, «seme-alabei gustatuko zitzaielakoan». Eta bere artisau lanekin bete zuen taberna: «jendeari gustatu egin zitzaion, eta lanak ikustera gerturatzen ziren, baita Bilbotik ere. Eduardo Chillida zena ere, askotan sartzen zen gure tabernan».
Eta Chillidarekin, anekdota bat ere kontatu du: «desafioa bota nion behin. Aldundiko Kultura Sailera joan nintzen, eta proposamena aurkeztu nuen, Chillida eta biok aurrez aurre aritzeko, plaza batean, epaile baten aurrean. Proba egin nahi nuen, eta ikusi nola moldatzen zen bera ere, laguntzailerik gabe. Baina ez zidan erantzun».
«Makina oso aurreratuekin ikusten nituen lanean, eta aspertuta utzi nituen azokak»
Urteak dira artisau azoketara joateari utzi ziola, Benigno Albenizek: «orain pikutara joan dira azokak. Ni era zaharrean aritzen nintzen, dena eskuarekin eta erreminta txarrekin. Eta gaur egun ez dago horrelakorik. Tresna oso aurreratuak erabiltzen dituzte. Aspertuta utzi nion azoketara joateari. Ikusten nituen ondoan zeuden batzuk, oso makina aurreratuekin lanean, eta horrek zauri haundia egiten zidan, ezin nuen eraman hori. Galdetzen nuen, hau zer da, artisautza edo industria tailer bat? Erabat galdu da esentzia».
Etxeko gela batetik bestera paseatzen, berak egindako bastoi sendoa hartuta, hainbeste urtetan landu dituen piezei begira dago Benigno Albeniz: milaka detailez jositako uztarriak, zuhaitz itxura duten tailak, etxe atarietarako piezak... Denak landu ditu mimo haundiz, tresneria xumearekin, orduak eta orduak eskainita.
Artisautza egiteko era zaharraren eta eskulan hutsaren defendatzaile da Benigno, baina galdutzat jotzen du: «horrelako gauzak egiten, ez da inor hasiko gaur egun. Iraganeko zerbait bezala kontatu behar dira gauza hauek. Tristea da, baina horrela da», adierazi du.
Zentzu horretan, kontatu du «jende asko» aritzen zela artisautza ikasten, garai batean: «duela 40 bat urte, adibidez, etortzen zen Usurbilgo tailista bat Hernanira, eta astean behin erakusten zien gazteei. Niri ere esaten zidaten, emateko klase batzuk gazte haiei; baina ez nintzen gai ikusten horretarako, eskolatu gabea nintzelako». Gaur egun, garai haien «usainik ere» ez dagoela uste du Benigno Albenizek: «gazteek ez dute artisautza ikasten, eta kadukatuta dago artisautza».
«Orain jaioko banintz, ni ere ez nintzateke artisau izango»
Baina Albenizek ulertzen du, era berean, gazteak artisautzan ez hastea: «orain jaioko banintz, ni ere ez nintzateke artisau lanetan hasiko. Ondokoek ridikuluan uzten zaituzte, beren makinekin. Gaur egun, eskulanean aritzea ez da normala, atzeratuta zaudenaren itxura hartzen dizute. Artisau artisauak oso gutxi daude, ez baita erraza».
Bere ustez, artisautza berreskuratzeko, «teknika zaharrera bueltatu beharko genuke, eskuarekin egitera». Baina ez dauka horretarako esperantzarik. «Orain uztargilerik baldin bada, motozerrarekin egingo ditu. Eta Pablo Lasak, adibidez, dena eskuz egiten zuen, aizkorarekin eta horrelako tresnekin. Eta hori polita zen, jendeari gustatu egiten zitzaion».
Baina lan hori guztia, ez da nahikoa estimatzen gaur egun. «azalduko balitz gazte bat, artisautzan hasteko gogoz, afizio eta bultzada haundia beharko luke. Ni poztuko nintzateke, eta animatuko nuke. Ez omen da esperantza galdu behar... Baina tentazioa haundia da, makina berriak erabiltzeko, lehengo era zaharrean aritu beharrean. Horretarako pazientzia behar da, eta jendeak ez du hori estimatzen. Bakar batzuek bai, baina beste askok ez». Horregatik ikusten du «bukatuta» artisautza: «ez dut sinisten berreskuratuko denik. Artisautzak ez dauka lekurik, gaur egun».
Afizioaz eta gogoaz gain, burua da sekretu bakarra, artisau izateko: «burua da inportantea, buruak bultzatzen duen tokira joaten baita eskua. Buruan garbi baldin badaukazu zer egingo duzun, ondo egingo duzu pieza. Horregatik, hasterako ondo pentsatuta eduki behar duzu. Buruan garbi badaukazu, egurrera pasatzen duzu. Eta noski, gogo haundiarekin heldu behar zaio lanari». Izan ere, «sekulako lana» ematen du horrelako piezak egiteak: «baina esan ohi den bezala, gustuko tokian, aldaparik ez da izaten».