Konfinamendu garaia xamurra izan ez bazen ere, herritar askok aurkitu zuten orduak motz igarotzea eragiten zien pozima: kantua. Txantxilla auzoan, gaueko 20:00etan zita zuten auzotarrek balkoietan; txaloen ostean, kantuak hautatu eta hori abesten, konfinamendua «goxatzea» lortu zuten. Honen harira, Txantxillako Auzo Elkarteak Anariren kontzertua antolatu du gaur, eguerdiko 12:00etan, Milagrosan.
Kontzertuaren atarian, konfinamenduko pasarteak kontatu eta bere abestien metaforen erroak nondik datozen azaldu dio Anari Alberdik, Kronikari.
Noiz eta nola sortu zen 'Anari musikaria'?
25 bat urterekin hasi nintzen abesten, bateria jotzen, solfeoan, pianoa jotzen… Baina Anari sortu zen, baita ere, lehenengo diskoan; Anari izenekoan.
Hernanin bizi zara, eta gaurkoan hemen bertan jotzen duzu, Milagrosan. Zerbait berezia suposatzen du honek zuretzat? Zer zehazki?
Kontzertu hau oso berezia da niretzat. Milagrosan izango da, eta gu hemen ondoan bizi gara, Txantxillan. Kontzertu hau, gainera, Txantxillako ez-festak girotzeko izango da. Hau dator konfinamendu garaitik, Txantxillan abestu genuen izugarri, ni eta beste inguruko batzuk izan ginen abestiak kantatu zituztenak; haien artean, Ainara Ortega ere bazegoen. Gainera Ainarak iaz kontzertua eskaini zuen Txantxillan, eta niri esan zidaten Txantxillako Auzo Elkartekoek ea kontzertua eskaini nahi nuen, eta Milagrosan egitea erabaki genuen. Konfinamendu garaietara itzuliz, konfinatuta egoteaz gain, hanka hautsita nuen, eta gitarra jotzeko denbora mordoa nuen. Gaueko 20:00etako zitan, nik gitarra ateratzen nuen, Txantxillako bizilagunen Whatsapp taldean erabakitzen genuen zein abesti kantatu. Eta hor, nire baitako abeslariaren beste alderdi bat atera zen, eta oso-oso gustura abestu nuen; batzuek jotzen zuten txistua, trikitixa, txalaparta… Kontzertu ezberdinak ematen genituen. Istorio guzti honengatik dator gaurko kontzertua, eta Txantxillako Auzo Elkarteak antolatu du. Txantxillako auzotarrentzat, berezia da kontzertu hau, denon artean sortutako zerbait izan baita. Esan beharra dut, jendeak ez dezala pentsa aprobetxatu egin nuenik konfinamendua nire abestiak jotzeko, ez bainuen bat bera ere kantatu. Mikel Laboaren errepertorioa ikasteko denbora hartu nuen garai hartan, eta hori jotzen nuen.
Oso berezia da gaurko kontzertua, istorio honen ondorioz antolatu baita. Ideia Txantxillako Auzo Elkarteari otu zitzaion, bertan dauden bi neska mundiali. Antolaketa Txantxillako Auzo Elkartearen esku zegoenez, beraiek kudeatu dute sarreren kontua. Eta asmoa izan da, lehenik sarrerak auzokoei saltzea, auzotarrek dakitelako kontzertuaren zergatia. Esan daiteke, auzo elkarteak eskertza moduan antolatu duela Anariren kontzertua.
Animaliak (zebrak, baleak...) eta naturak (suak…) pisua daukate Anariren abestietan. Zer dela eta?
Saiatzen ari naiz hori beste modu batera egiten, baina tira, niretzat argi dago, metaforizazio horrek, niri asko eman didala. Asko identifikatu naiz metaforizazio horiekin, eta erraza iruditu zait gauzak azaldu edo errepresentatzea animaliak edo natura bezalako elementuekin. Itsasoa, basoa… Niretzat oso sujerenteak dira.
Zebra abestian aipatzen duzu, 'egunak beltz gauak zuri'….
Metafora hau, Sarrionandiaren ipuin batetik hartutakoa da. Eta nolabait, esaten da ea zebra zuria den marra beltzekin, edo zebra beltza den, marra zuriekin. Baina esan bezala, nik aukeratutako bide bat izan da animaliak eta natura bezalako elementuak erabiltzea. Esango nuke asko lagundu didatela, eta asko ikasi dudala metaforizazio horietatik, gauza errealak benetan ulertzeko, nolabait.
Nola sortzen dituzu letrak? Inspirazio iturriren bat badaukazu?
Inspirazio iturriak, lehen zeuk aipatutakoak dira, animaliak eta natura. Idazten joaten naiz, eta asko idatzi ondoren, konturatzen naiz, badagoela idatzitako horretan zerbait, dena lotzen duena. Hor hasten naiz disko osoa idazten. Egiten ditut melodiak, gero aukeraketa bat… Diskoa dena batera idazten dut, ez dut abestiz abesti sortzen. Erreferentzia dago kantu batetik bestera, eta exajeratuz gero, beste diskoei ere egiten diet erreferentzia. Joko hori gustatzen zait, abesti guztiak elkarrekin, metafora baten alde bat, eta beste metafora baten beste aldea ikusten dira, eta honek ematen dio osotasun bat. Gainera, zuk abesti bat egiten duzunean, zuk bakarrik dakizu zer esan nahi duzun; gero, abesti hori jendeak entzutean, norberak bere interpretazioa egiten du. Bilatzen duzun esanahia, gero esanahi horren emaitza da abestia bera. Gero horri beste buelta bat ematea, niretzat oso sujerentea da.
Anariren abestiak, badira emozionalak, tristeak, barrura iristen diren horietakoak. Anariren letrek sakontasuna dute eta pentsarazi egiten duten letrak dauzkazu… Nola lortzen da hori?
Ez dut esango nire abestiak ez direnik tristeak edo sakonak. Badira, bai. Argi dago, testuek badaukatela tonu existentzial bat; adibidez, Zure aurrekari penalak abestiak. Oso existentziala da abesti hau. Askotan esaten didate: «Anari, zure abestiekin triste jartzen naiz». Gertuko baten batek esaten badit, esan ohi diot, nik honaino egin dudala, eta hortik aurrerakoa norberaren araberakoa dela. Azken finean, tristetzen zarenean, zeuk zeure partea jartzen duzu; abestiak eragina izan dezake, baina zure hautua izan da. Ez dakit ziur hautu estetiko bat den, seguruenik bai, eta niri gustatu izan zaidan musika honelakoa izan da. Tonu altuen eta baxuen talka horretan, abestia tristea da. Demagun margotzen hasten zarela: aukeratu ditzakezu kolore biziak edo kolore okreagoak. Edo janzteko modua ere, beltzez edo kolore biziz… Hautu estetiko bat da azkenean, eta nik uste dut, nik neuk entzun dudan musikaren liseriketa bat dela. Hala ere, azalpen asko eman behar dira, eta gainera, jendeak dio abestia tristea dela, eta hori adjektibo zehatza da. Alaiak edo tristeak izan daitezke, eta tristeak direla diogunean, badirudi negatiboki dela. Horren aurrean, abesti tristeen defentsa egiten dut. Beharrezkoak ez dakit badiren, baina hor daude. Eta esango nuke, bilatzen dela askotan abestia tristea izatea, tonuekin.. Nik eboluzio bat izan dut, hasieran beharbada tristeagoak ziren, azkenaldian baino. Defenditu beharra dago, hala ere, abesti, literatura edo zinema tristea.
Abesti batean aipatzen duzu, 'ez zara besteek uste dutena, agian zeuk uste duzuna ere ez'…
Norberak interpreta dezake, noski; nik erroa dakit. Abestiaren beste esaldi guztiekin lotuta doa. Abesti hau, autoerretratu bat da, pertsona bezala munduan, zu zerbait bezala ikusten zaituzte, eta beharbada ikusten duten hori, ez da zuk uste duzuna. Ni ez naiz hori, ni beste zerbait naiz, eta agian ez da horrela. Horrelako indefiniziotik doa abestia.
Piromania abestiak, berriz, dio 'basoa maite duzun eran, sua ere maite duzu'…
Infidelitateari buruzko abesti bat da. Galiziako piromana baten istorioa kontatzen du. Atxilotu zutenean ez dakit zenbat basori su eman zielako, zeraman metxero bat jartzen zuena: Yo amo Galicia. Orduan, zuk maite duzu Galizia eta su ematen diozu. Hori da, metaforizazioa, harreman bat daukazu eta gai zara harreman horri su emateko. Beti aurkezten dut infidelitatea, norbere buruari, ez bakarrik
harremanetan.
Kontzertu bakoitza berezia izango da. Nabarmenduko zenuke leku edo eszenatokirik? Agian nahiago duzu antzoki batean jo, kaleko oholtza gainean baino.
Egia esan, ikaspen bat da, leku denetan jotzen jakin eta horrekin gozatzea; baina niri ez zait gustatzen, eta gaizki ohituta nago, ni entzutera datorren jendearen aurrean jotzea gustatzen baitzait. Hori izan daiteke 20 pertsonaren aurrean, adibidez. Iruditzen zait, ni beti egon naizela gaur egunean daukadan publikoaren aurrean jotzen. Eta ez, guk asko eta asko jo dugu, eta joko dugu oraindik. Ba ni horretara ohituta nago, eta gaizki eramaten dut, kalean adibidez, jendea pasatzen denean, soinu asko entzuten direnean. Kontzertu bat itxita ez denean, saiatzen naiz ez hartzen. Leku ireki bat izan daiteke, noski, baina leku akotatu bat; esan nahi dut, jendea zu entzutera datorrena. Bestela ez nago eroso, gaizki eramaten dut. Hau askotan hitz egin dut beste abeslari batzuekin, eta askok ondo eramaten dute. Nik horrela sentitzen dut.
Anarik entzuten du Anari?
Ez. Gainera, uste dut musikari gehienok ez dugula geure burua entzuten. Nik ez dut Anari entzuten, eta askotan, toki batera joaten naiz eta harritu egiten naiz, bertan nire ahotsa entzutean. Niri asko gustatzen zait gustura gelditzea disko batekin, eta ia abesti denetan gerra bat daukat, ez bada ahotsaren mailarekin, da gitarrarekin, edo bateriarekin… Denbora luzez, hau entzuten dut aldi oro, eta diot, begira, hemen tonu hau aldatu behar nuen, edo hemen gitarrarekin beste hau egin… Aldiz, urte batzuen buruan entzuten badut, ezberdina da; orduan diot ez dagoela hain gaizki. Baina tira, abestiak zuzenean jotzea asko gustatzen zait, eta sentitzen dut plazerra, nire abestiak zuzenean jotzeko. Eta pentsatzen dut, zein ederra den abesti hau zuzenean jotzea. Orduan bai, sentitzen dut identifikazio bat, eta hor banago erosoago, nire abestia kantatzen eta entzuten aldi berean.
Grabazioak, beraz, ez dituzu entzuten...
Ez, hori da, grabazioak ez ditut entzuten. Nik uste dut jende askori gertatzen zaiola hori. Entzuten dugu desnaturalizazioraino, abestiak grabatu berritan edo grabatzen ari garela. Beraz, grabatu ostean, beti dago hor gerra edo konflikto bat, ez da jarri eta gozatu; niri behintzat ez zait sekula gertatu. Baina ez, Anarik ez du Anari entzuten.
Esan behar dut, hor badagoela sortzailearen eta entzulearen arteko erlazioa; nik beti esaten dut, zu entzuten zaituen horrek, nahi duela beti aurreko diskoaren estilo berbera, beste abesti batzuekin. Jendeak nahi izaten du lehengoa. Eta zuk berriz ez, zu beste leku baterantz zoaz, eta badakizu momentu batean, atzekoa erretzen ari zarela. Eta beste norabide batean zoaz. Hori da, azken batean, zure intimitatean edo zure bizitzan, jertse gorri bat janzteak zer suposatuko duen. Munduarentzat ez da datu garrantzitsu bat izango, baina aldiz jertse gorria jantzi duenarentzat, agian sekulakoa da. Demagun zure bizitzan lehenengo aldiz jertse gorri bat janztea erabaki duzula; beraz, berezia izango da egun hori zuretzat, ez besteentzat baina bai zuretzat. Norberarentzat izugarrizko erabakia izan daitekeena, munduarentzat, ordea, indiferentea da.
Honekin esan nahi nuen, nire prozesua ere horrelakoa dela, bilatu behar duzu jertse gorriaren efektua. Duela gutxi egin berri dudan erosketa, jertse more bat izan da. Gaztetan nik neure buruari esan nion: «ez dut gehiago erabiliko jantzi morerik». Eta erosi dudanean esan dut: Hara, morea..! Morea bera da, eta zu ez, zu ez zara berdina. Hor dago alterazio apur bat, jertse barrukoa baita aldatu dena, eta ez jertsea.
Kontzertu edo emanaldiren batean, izango duzu topera gozatzen duzun momenturen bat...
Egia esan, kontzertu batean, momentu asko daude. Azkenean, kontzertuak ematea ederra da, eta gainera, orain, zortea daukat bizitzen ari naizelako feedback haundiko kontzertuak. Kantatzen dut, entzuten didan jendearentzat.
Momentu honetan oso gustura jotzen dut bakarrik, badago entzuleen eta nire artean konexio berezi bat. Taldearekin ere, ederra da. Azken finean, bertigoa denok sentitzen dugu, nahiz eta mila aldiz jo abestia. Lehenengo 20 segunduetan, 25garrena jo gabe dago, eta esan daiteke denok batera sortzen dugula, milesimaz milesima. Horrek taldekideok harrapatzen gaitu barruan, oso sentsazio ederra da.
Abestiek ere badituzte momentu lasaiak edo klimaxak. Badirudi, gainera, klimaxa beti dela abestia hausten edo goraino heltzen den momentua, baina ez da beti horrela. Urteekin menderatzea zure erregistroa, ahotsa, ederra da. Zure ahotsarekin, erregistro ezberdinak emateko gai izatea kontzertu batean, eta konzienteki egitea hori, benetan ederra da, niretzat behintzat.
«Oso berezia da gaurko kontzertua niretzat. Hau sortu da konfinamendu garaiagatik. Auzotarren artean sortu genuen zerbait berezia, goxoa»
Autobiografiak, edo Anariren baitako korapiloak kontatzen ditu Anarik abestietan, ezta?
Abesti bat existentziala denean, edo harremanei buruzkoa denean… Esan ohi dut erlazioei buruzkoa diodanean, ez dela zertan izan bikote erlazioei buruzko abestiei bat. Abesti bat idaztera narama, noizbait sentitu dudan zerbaitek. Beste gai bati buruz idazten jartzen banaiz, nigandik noizbait pasata dago gai hori ere, noizbait bizitutakoa dela esan nahi dut. Hortaz, abestietan, beti dago norbera.
Zer daukazu esku artean orain? Aurrera begira proiektu berriren bat...
Kontzertu dezente eskainiko ditugu, eta oraintxe badaukagu zerbait eskuartean, zerbait txikia eta berria, baina ezin oraindik ezer esan! Baina tira, hor nabil idazten, gitarra jotzen eta sortzen.