Zein asmorekin zoaz Euskal Herriko Eskolarteko finalera?
Hona iristea ez da gutxi, eta ahal dela, finalaz disfrutatu nahi nuke, eta ahalik eta saio onena egin. Beste hamar finalistetatik, Naia Arrizabalaga ezagutzen dut, Gipuzkoakoan bigarren geratu zena, final horren aurretik beste behin ere kantatu nuelako berarekin, eta udalekuetan ere elkarrekin egon garelako. Beste nafar batekin ere ibili izan naiz udalekuetan, baina ez dugu elkarrekin kantatu. Eta gainerakoak ez ditut ezagutzen. Beraz, zaila da jakiten nola ibili gaiteezken bakoitza.
Nolako esperientzia izan zen Gipuzkoako finala?
Pixka bat arraroa. Ez nuen inoiz izan aukera bat-batean kantatzeko, horrelako antzoki batean, hainbeste jenderen aurrean. Hasieran urduri nengoen. Horren aurretik, bertso afari formatuan kantatua nintzen, eta gainera, pandemia dela eta, Gipuzkoakoaren kanporaketa Oiartzungo udaletxean izan nuen, areto txiki batean. Horrelako tokietan kantatzera ohituta nengoen, baina finalekoa bezalako antzoki batean ez. Inpresio pixka bat egiten zuen, hainbeste jende eta hainbeste kamera.
Eta bertsoaldian eragin al zizun horrek?
Ez nuke esango. Ahalik eta ondoen aritzeko asmoz joan nintzen, ez neukan presiorik. Momentuan urduritasunak nabaritzen dira, baina esango nuke, gehiago motibatu ninduela horrek. Ea berdin gertatzen zaidan Euskal Herriko finalean...
Prestaketari denbora gehiago eskaini diozu azkenaldian?
Bai. Normalean, bertso eskolan urri aldera hasten gara berriro lanean. Baina Euskal Herriko Eskolarteko finala orain tokatuta, udaran zehar etorri naiz bertsokideekin, prestatzera.
Nolakoak dira saio horiek?
Bertso eskolaren lokalean elkartzen gara, bertan dauzkagun liburuetatik ikasteko. Eta bertsotan aritzen gara, ofizioka edo elkarri puntua jartzen, saioko metodologiara egokitzeko.
Bazarete batzuk, zure adinean bertso eskolan zabiltzatenak?
Nire adin ingurukoak, beste bi daude orain. Lehen gehiago ginen, baina kanpoan ikasten dabiltzanez, batzuek ezin dute etorri. Dena den, ni baino zaharragoak direnekin ere aritzen naiz; beti aritu izan naizenekin, alegia.
Eskertzekoa izango da, udaran beraien laguntza izatea?
Asko eskertzen diet, bai. Horrelako jendea izatea ondoan, horrelako txapelketa baten aurretik laguntzeko eta zurekin kantatzeko prest, sekulakoa da. Jendeak laguntzen zaituenean, zurekin kantatzen dutenean, bertsoaldietan gauzak zuzentzen dizkizutenean... Babes hori nabaritu egiten duzu gero.
Gazte hasi zinen bertsotan?
Sei-zazpi urterekin hasi nintzen, eta gaur arte jarraitu dut. 14 urte bete arte ezin da txapelketetan parte hartu, baina nahiko gazte hasi nintzen Biterin egiten diren bertso saio batzuetan taldekideekin kantatzen.
Eta zer dela eta murgildu zinen bertsolaritzan?
Etxean ez da inor bertsotan aritua, baina oso bertsozaleak dira ama eta aita. Beraiei esker sartu zitzaidan arra. Txikitatik entzun ditut bertso zaharrak etxean. Gogoan dut, 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala etxean ikusten ari nintzekoa, Maialen Lujanbiok irabazi zuen aurrenekoa. Buruz burukoaren ondoren, bigarren sailkatuaren izena esan zuten, Amets Arzallusena, eta uste nuen bera zela txapelduna. Nik sei urte neuzkan orduan, eta negarrez hasi nintzen, Maialenek irabaztea nahi nuelako.
Zer esango zenioke, bertsolaritzan hasteko tentazioa daukan haur bati?
Gustuko badu, hasi dadila, bertsolaritzak aukera asko ematen dituelako. Pixkanaka animatzen bada jendaurrean kantatzera, primeran; baina bestela ere, bertso eskolan disfrutatzen badu, badaude alternatibak, bertso paper lehiaketak bezala. Bertsolaritza gustuko badu, ez dezala horregatik galdu ilusioa.