Erreportajeak

«Egungo garaiei ondo egokitzen zaie 'Arroz urez' izenburua, ezin ditugulako gauzak argi adierazi»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 23a, 00:00

Mikel Antza, Julen Kaltzadaren esaldi bat alboan duela. Burgosko Auzian epaituetako bat izan zen Kaltzada.

Martxoan argitaratu zuen 'Arroz urez' liburua, Mikel Albisu Iriartek, 'Mikel Antza'k, ETAren sorrera eta amaiera kontatzen duena, ikuspuntu pertsonal batetik. Biterin izango da etzi, liburua oinarri hartuta, hitzaldi-solasaldia egiteko: «gustatuko litzaidake, solasaldi horretan, guztion artean zerbait eraikitzailea sortzeko gai izatea».

Duela zazpi hilabete pasatxo, martxoaren hasieran, argitaratu zuen Arroz urez liburua Mikel Albisu Iriartek, Mikel Antzak. Euskadi Ta Askatasuna erakundeko kide izan zenak, «kontatzeko be­­har batetik» abiatuta idatzi zu­en liburua. ETAren sorrera eta amaiera kontatzen du bertan, baina ikuspuntu pertsonal batetik, eta Burgosko Auzia kontakizunerako gida gisa hartuta.

Eta liburuaren inguruan, hi­tzaldi-solasaldia eskainiko du etzi, astelehenean, arratsaldeko 19:00etan Bi­terin. Bere lekukotasuna eta bizi­penak eskaini ditu liburuan, baina azaldu du, gauza batzuei buruz ezin dela hitz egin, izan ditzakeen ondorioengatik: «ez bakarrik penalak edo juridikoak, baita humanoak ere. Ez dago beharrezko baldintzarik gai batzuei buruz hitz egiteko, sendagarri izan daitekeen moduan». Ez dio gatazkaren aktualitateari publikoki heldu nahi, baina nahiko luke asteleheneko solasaldiak balio izatea «iraganari gaur egunetik begiratu, eta lasaitasunez planteatzeko bakoitzak nola ikusten aurrera begirako urratsak, aniztasunetik eta giro goxoan».

'Arroz urez' liburuari lotutakoa izango da solasaldia. Zer dela eta idatzi zenuen liburu hau?

Liburuaren jatorria da, Gara egunkariak Bur­gosko Auziaren 50garren urteurrena zela eta argitaratu zuen komikia, 'Iraultza eta bizi!' izenekoa. Niri eskatu zidaten gidoia egitea, eta Adur Larreak egin zituen marrazkiak. Ni hasi nintzen gidoia egiten, eta bide batez, eranskin bat, gaia azaltzeko. Eta eranskin hori egiten ari nintzela, sortu zen proiektua, gero liburu hau izango zena.

Zer nahi zenuen kontatu, liburu horretan?

Ni ohartu nintzen, nire biografian bazegoela Euskadi Ta Askatasuna erakundearen hasiera bat eta bukaera bat. Eta horrekin batera, Burgosko Auzian protagonista izan zirenetako batzuekin harremana izan nuela, nire bizitzako garai desberdinetan. Eta bi hari horiek txirikordatuz, iruditu zitzaidan baneukala lekukotasun bat ematerik. Eta hori izan zen asmoa, kontakizun bat egitea nire talaiatik, garai horri buruz.

ETAren sorreraren eta amaieraren kontakizun pertsonal bat da egin duzuna, beraz. Baina horren atzean, badago kazetaritza eta ikerketa lan bat, ezta?

Liburua zer motatakoa den galdetzen didatenean, nik ere ez dut ondo jakiten nola sailkatu, ez forma aldetik eta ez genero aldetik. Saiakera literario bezala agertzen da. Eta egia da, denetik dagoela barruan. Ikerketa periodistiko dexente dago, asko dokumentatu nintzelako, bai liburuetan eta bestelako dokumentuetan, baina baita zuzeneko testigantzetan ere; garai horretan epaituak izan zirenekin elkarrizketak izan nituelako, eta gertaera zehatz batzuen inguruan interes berezia neukalako, gauzak nola izan ziren jakiteko, edo behintzat bertsio bat jasotzeko. Eta hausnarketa ere badago liburuan.

Burgosko Auziak protagonismo berezia dauka liburuan.

Bai, Burgosko Auziari buruzko komikia izan zelako liburuaren ernamuina, nolabait esateko. Eta liburuko atalak daude antolatuta, Burgosko Auzian protagonismoa izan zuten horiekin. Baina, batzuetan, badira 'aitzakia' garai hura eta ondorengoak nire talaia berezi horretatik eta nire lekukotasunetik eskaintzeko, nire bizipenetatik. Ez bakarrik Burgoskoa, nik orduan bederatzi urte nituelako, baizik eta geroztik nik erakundean borrokatu nuen garai horietakoak.

'Arroz urez' izenburuak ere badauka esanahi berezia...

Esanahi berezia dauka, bai. Gorabeherak izan genituen, izenburua aukeratzeko orduan. Liburuaren aurkezpen saioetan azalpen zehatzagoa ematen dut horren inguruan, baina egungo garaiei ondo egokitzen zaien izenburua dela iruditzen zait, gauzak ezin ditugulako letra larriz edo argi adierazi. Bestelako modu batzu­etara hitz egitera behartuta gaude gaur egun, nire iritziz.

Ahoz esan ezin duzuna, idatziz kontatzeko modu bat izan da liburua?

Egia esan, ez. Ez da izan beste zerbaiten ordezko. Horrela atera den kontakizun bat izan da liburua, oso kontziente izanik gauza batzuei buruz ezin dela hitz egin, izan ditzakeen ondorioengatik. Ez bakarrik ondorio penal eta juridikoak, baita humanoak ere. Ez dago beharrezko baldintzarik gai batzuei buruz hitz egiteko, sendagarri izan daitekeen moduan. Kontatzeko behar bat banuen, eta liburuan kontatzen dut modu batez. Ez dago zentsurarik, baina badago tentu haundiz idazteko modu bat, inori minik ez emateko, eta nik ere minik ez jasotzeko; baina hainbat gairi buruz hitz egiteko, eta lekukotasun bat emateko.

Izan zenuen zalantzarik, argitaratu edo ez?

Ez dut zalantzarik izan, ez. Izan dudana da kontu pixka bat, inor ez mintzeko. Konturatu nintzen, momentu batzuetan minetik ere idatzi nezakeela, reprotxeak egiteko moduan, eta hori ez nuen nahi. Ez nuen gure minetik idatzi eta besteei reprotxerik egin nahi. Hori kontutan izan dut, baina liburua argitaratzeko ez nuen zalantzarik izan, editoreak nahi bazuen, noski.

Gaurkotasun haundiko momentu batean dator solasaldia, ETAk ekintza armatua utzi zuela 10 urte 
bete direnean. Zer erakutsi dute 10 urte hauek?

Hori da heldu nahi ez diodan gai bat, gaur egungo aktualitatea. Iruditzen zait, horretarako badaudela alderdi politikoak eta bestelako eragileak, horretan la­nean ari direnak. Eta ez dut uste niri, pertsonalki, horren gaineko baloraziorik egitea dagokidanik. Nik liburua idatzi dut, banuelako behar bat, nik bilatu ez nuen leku batetik sortutako beharra. Eta iruditzen zitzaidan, banuela zeresana horretan. Baina ez dut horrekin ezer erabatekorik egin nahi izan, ETAren inguruan eta gatazkaren inguruan. Gehiago da ateak irekitzen dituen liburu bat. Garai haiek ezagutu zituenarentzat, izan daiteke oroigarri moduko bat, bakoitzak bere talaia horretan kokatu eta garai haiek nola bizitu zituen berrikusteko. Eta garaiak bizitu ez zituztenentzat, izan daiteke hurbilpen berezi bat egiteko, ez hain akademikoa eta entziklopedikoa, baizik eta jakinminetik eta hari ezberdinetatik tiraka bakoitza iristeko azkeneko 60 urteotan gure herrian izan den historiara.

Historia horren azkeneko kapitulua, orain arte, izan da Sortuk eta EH Bilduk astelehenean egin zuten adierazpena. Nola jaso duzu?

Esan dudan bezala, ez dut nahi liburu­ak balio izatea nik hitz publiko bat edukitzeko aktualitate politikoaren inguruan.

Nolako solasaldia espero duzu astelehenekoa? Zer nolako jendea gerturatzea gustatuko litzaizuke?

Denetarik. Egin ditut horrelako aurkezpen-solasaldiak, eta oso ezberdinak ari dira izaten guz­tiak, bai egiten den planteamen­duagatik, eta baita azaltzen den jendeagatik ere. Batzuk parte­hartzaileagoak dira, eta horrelakoa izatea nahiko nuke. Nik, hitz egiten utziz gero, badaukat jarioa. Baina nik nahiago izaten dut jendeak partehartzea, galde­rak egitea, eta guztion arteko elkarrizketa bat sortuko balitz, hainbat hobe. Eta adin aldetik ere, politena da denetik agertzea, gazte jendea zein adinekoak. Eta ikuspegi desberdinekoak. Eta gustatuko litzaidake zerbait eraikitzailea sortzeko gai izatea; ez bakarrik iraganari begiratu eta hor geratzeko, baizik eta iraganari begiratu gaur egunetik eta aurrera begirako urratsak bakoitzak nola ikusten dituen planteatzeko lasaitasunez, aniztasunetik eta giro goxoan

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!