Erreportajeak

«'Gau Beltza' XX. mende aurretik ospatuko zen, baina ez dago ia erreferentziarik»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 23a, 00:00

Jaime Altuna irakasleak emango du hitzaldia, asteartean Biterin.

Jaime Altuna eta Josu Ozaita antropologoek 2015ean Juan San Martin ikerketa-beka jaso zuten Eibarko Udalaren eta UEUren eskutik. Beka horren emaitza zen 'Itzalitako kalabazen berpiztea'. Altuna 'Gau Beltza'ren inguruan ariko da hizketan asteartean, Biterin, 19:00etan.

Josu Ozaitarekin egindako Itzalitako kalabazen berpiztea ikerketan, haurrek Gau Beltza nola ospatzen duten aztertu zuen Jaime Altuna hondarribiarrak: jaia Europatik AEBetara joan zela, eta berriro bueltan dela azaltzen zuten, kapitalismoak eraginda; eta horren inguruan ariko da hizketan, asteartean, 19:00etan, Biteri Kultur Etxean. Dobera Euskara Elkarteak antolatu du, Gau Beltza berreskuratzeko bidean. 

Hitzaldian zer entzungo dute hernaniarrek?

Urriaren 31n eta azaroaren 1ean Euskal Herrian batez ere haurrek eta nerabeek ospatzen dituzten jaien ingurukoa izango da. Garai batean zer ospatzen zen eta gaur egun zer bilakaera izan duen azalduko dugu. Ari dira birsortzen eta gauza be­rri­ak antolatzen, eta horren haus­narketa izango da. 

'Arimen Gaua', 'Halloween' eta 'Gau Beltza' aztertu dituzue zuen lanean. 

Ikerketa egin aurretik, deigarri zitzaigun Halloween jaiaren zabalpena Euskal Herrian, eta baita ere, adineko pertsonak haur zirenean, eurak ere kalabazekin jolasten zirela entzutea. Hau izan zen abiapuntua, eta hiru helburu ezarri genituen: Batetik, gaur egungo jaien deskribapena egitea. Bestetik, adinekoen haurtzaroko kalabazen jolas horren inguruan testigantzak jasotzea. Eta azkenik, haur eta gaztetxoen iritziak eta bizipenak jakin nahi genituen.

Beraz, duela hamarkada  batzuk, gaurko aitona eta amonak haur zirenean, jolasean aritzen ziren, kalabazei aurpegiak egin eta beldurtzen.

Ohitura oso zabaldua zen Euskal Herri guztian. Arakatu dugun ia toki guztietan jaso ditugu testigantzak. Kalabazei aurpegi forma ematen zieten beldurra sortzeko. Hala ere, guk honi garrantzia ematen badiogu ere, haiek harritu egiten dira gure interesagatik. Haur jolasa zen, broma. Orduan ez zuen garrantzirik. Testuingurua ere kontuan izan behar da: iluntasunak beste presentzia bat zuen, ia ez zen farolarik, eta etxerako bidea ia beti oinez zen. Baratzean kalabaza ikustea, jolaserako deia zen eurentzat.

Zerk harritu zaituzte gehien?

Jai berriak ezagutzeak, azken urteotan zabaltzen ari diren Gau Beltza edo Arimen Gauak. Arrakasta haundia dute, eta haurren eskaera bati erantzuteko Halloweenen alternatiba dira. Kasu askotan, hori izan da prozesua: haurrak Halloween ospatzen hasi, eta helduek bestelako jai hauek antolatzeko erreakzioa sortzea. Bestetik, deigarria eta polita iruditu zaigu Nafarroako hainbat herritan mantentzen diren azaroaren bateko eske errondak ezagutzea. Taldean bildu eta etxez etxe aritzen dira goxokiak eskatuz, esaera bat errepikatuta. Ez dakite jatorria, helduenek ere ospatzen omen zuten haurtzaroan. Xumea, antolaketa gutxi behar duena, eta oso polita iruditu zaigu; haurrentzat festa haundia, eta herrian giro berezia sortzen duena. Ikerketa egiten hasi ginenean hasi ziren herri batzutan ospakizun egiten Gau Beltza, eta azkeneko bost urteotan asko ari dira zabaltzen. Festa horiek justu orain sortzen, birsortzen eta transformatzen ari dira, gure kulturan orain gertatzen ari den zerbait da. Hori jaso nahi genuen protagonistekin egonez. Zabaltzen eta interesa pizten ari den festa da. Topagunea lan polita egiten ari da, bideo polita egin zuen, ipuinak sortu dira gaiaren inguruan, eta zabalkunde lana egin da. 

Behin lana bukatuta, Hernanin bezala hitzaldiak eman dituzue han eta hemen.

Iraila iristearekin batera, urrirako hitzalditarako deialdiak etortzen zaizkigu. Hitzaldien denboraldia da urria. Batzuetan, jakintza zabaltzeko deitzen digute, baina ia gehienetan, gurasoen artean Halloween jaiaren inguruan kezka edo deserosotasuna sortu delako izaten da. Deigarria egin zaigu, baita ere, gehienetan euskalgintza edo eus­kera elkarteetatik deitzen di­gutela. Hitzaldiek balio digute informazio berria jaso eta hausnartzen jarraitzeko.

«Nafarroan, Etxauri ibarrean aspalditik egiten da azaroaren 1ean goxokien eta fruitu lehorren eske erronda»

 

Zeri deitzen zaio 'Arimen Gaua'? 

Hiru izen erabiltzen ditugu gure ikerketan: Halloween, Arimen Gaua eta Gau Beltza. Hirurek izendatzen dituzte urriaren 31n eta azaroaren 1ean egiten diren zenbait ospakizun. Zehazki, gure ikerketan haurrek egiten dituzten ospakizunak landu ditugu. Arimen Gaua hori izendatzeko modu bat da. Festa hauek heriotzaren inguruan ospatzen dira, eta heriotzarekin batera arimaren kontzeptua dator. Gaur egun, beharbada ez da gure gizartean presentzia haundia duen kontzeptu bat, baina garai batean garrantzia zuen, eta kalabazaren barruan jartzen zen suarekin agertzen zen argiak, hori sinbolizatzen zuen: arima. 

Zer ospatzen zuten egun horretan? 

Badago autore bat, James Frazer, eta berak esaten zuen urtea bitan banatzen zutela: negua eta uda. Batetik bestera pasatzen zirela adierazteko bi festa nagusi egiten ziren, eta herri horientzat festa nagusiak ziren. Bat maiatzaren hasieran egiten zuten, eta, bestea, orain, urriaren amaieran edo azaroaren hasieran. Neguko festak udaren amaiera eta neguaren hasiera adierazi nahi zuen, eta oso lotuta zegoen heriotzarekin. Negua urtearen aldi hila da: lurrak ez du fruiturik ematen, animaliak eta pertsonak etxean babestu behar dira. 

Zein da festa honen jatorria? 

Oso antzinatik datorren festa da. Guk bibliografian jaso dugunaren arabera, Europa guztian zehar eta batik bat herri zeltetan ospatzen zuten. Garai hartan zelta kultura oso zabaldua zegoen Europan. Oso antzinatik datorren jaia izan arren, beste sinismen eta ideologien elementuak hartu ditu. Badirudi kristau aurreko ospakizun bat zela, eta, gero, kristautasuna bere egiten saiatu zela. VIII. mendean, aita santu batek erabaki zuen egun horretan izango zela Domu Santu Eguna. Hala, aurretik existitzen ziren ospakizun horiek erlijioak bereganatu zituen eta bere forma eman zien, baina jarraitu zuen heriotzaren gaineko ospakizuna egiten. Gero, XVIII. eta XIX. mendeetan Estatu Batuetara joan ziren Irlandako etorkinek tradizioa hara eraman zuten. XIX. mendean dagoeneko Estatu Batuetan ospakizun garrantzitsu bezala hartu zuten. Hain zuzen, XIX. mende bukaeran amerikar identitate bat finkatzen hasi ziren. Jatorri askotako etorkin asko joan zen, eta identitate komun bat finkatzeko beharra sortu zitzaien. Beste jai batzurekin batera, Gabonak eta Esker Emateko Eguna, Halloween hartu zuten zerbait propio eta identitario bezala. 

«Ez zen toki zehatz batzuetan egiten zen jaia, baizik eta, oro har, herri txiki eta baserri giroan egiten zena»

 

Eta segida izan zuen...

XX. mendean zehar ospatzen jarraitu zuten, eta 1970ko hamarkadan beraientzat identitate ikur den hori zabaltzen joan zen munduan zehar. Kapitalismoak, beste gauza asko bezala, bereganatu egin zuen, eta munduan zehar hedatu zuen bere onurarako. 1980ko hamarkadan asko zabaldu zen film eta telebistaren bitartez; adibidez, Halloween pelikula. Zentzu horretan, guk esaten dugu joan-eto­rriko festa bat dela. Europatik Estatu Batuetara joan zen, Europan toki askotan galdu zen (Irlandan izan ezik), eta guri berriz ere bueltan etorri zitzaigun festa, duela 15-20 urte.  


Euskal Herrian XX. mende aurretik ospatzen al zuten haur eta nerabeek? 

Haurren ospakizunak izateagatik agian, ez dago erreferentziarik. Zaila izango da topatzea, bilketa serioetan ez zirelako jasotzen, haurren ospakizunak zirelako. Trasmisio hori galtzeko arrazoia hori izan dela uste dugu. XX. mendean zehar Euskal Herrian gure aiton-amonek festa honekin zerikusia zuten gauza batzuk egiten zituzten. Litekeena da, Europan zehar toki ezberdin askotan ospatzen bazen festa garrantzitsu bezala, hemen ere ospatuko zela.

«Europatik AEBetara eraman zuten XVIII. mendean, eta gero bueltako bidea egin du, festa berreskuratuz»

 

Badago horren erreferentziarik?

Badaude ospakizun batzuk, horrekin lotuta daudenak; esaterako, Eibarren, Gaztain Erre Eguna. Juan San Martin antropologoaren arabera, festa hori erabat zetorren bat zeltek egiten zuten Samain horrekin. Katalunian Castañada ospatzen dute, eta zuzenean lotua dago; eta han ere, azken urteetan berreskuratze lana egin dute, aldarrikatuz badutela festa propioa. Guk jende helduarekin jasotako testigantzen arabera, txikiak zirenean data hauetan kalabazak edo arbiak hartzen zituzten, hustu, kandela jarri, eta gauez bide bazterretan uzten zituzten, beldurra emateko asmoz. Beraz, Halloweenekin lotzen dugun irudi tipikoa, kalabazena, egiten zuten. Jaso dugunaren arabera, 1960ko hamarkadan egiten zuten haurrek, herri oso txikietan, baserri giroan. Guk ez dugu ikusi ospakizun antolatu bat bezala, baizik eta jolas edo bihurrikeria moduan. Beraz, ez zen toki zehatz batzuetan egiten zen jaia, baizik eta, oro har, herri txiki eta baserri giroan egiten zena. Oso zabalduta zegoen Euskal Herrian, baina ez zen oso antolatua. Ez zuen zertan urriaren 31n izan; garai honetan egiten zen bihurrikeria edo jolasa zen. Toki batzuetan egiten ziren erronda batzuk, baina, oro har, ez. Bestalde, ez zen jolas bat besterik gabe; kalabazek arima irudikatzen zuten, argia. Garai hartan, gainera, arimak zeudela sinisten zuten, erlijio katolikoaren presentzia haundia baitzen; eta kalabazen argia ikusten bazuten, benetan izutzen ziren. Beraz, jolasa eta bihurrikeria bazen, baina sinismen batzuen barruan.

Lehen, Etxauri ibarreko eskea aipatu duzu. 

Haurrak etxez etxe joaten dira eskean, eta hau aspalditik dator, XX. mendeko erreferentzi nabarmenena hau da. Herri bakoitzean badute esaera bat, adibidez, Xinguli manguli bota gaztainak neri. Etxeetatik botatzen dizkiete gauzak, garai batean fruitu lehorrak bakarrik, eta, orain, fruitu lehorrak eta gozokiak. Pentsatzekoa da beste lurraldeetan ere bazirela honelako ospakizunak. Bestalde, konturatu gara Gau Beltzaren festa dela neguko jaien zikloaren lehen jaia. Neguko jaien zikloko festa horietan badaude zenbait ezaugarri errepikatzen direnak: etxez etxe eskean joatea (Gabonetan, Santa Agedan, inauterietan…) —Euskal Herriaz gain, Europako beste zenbait tokitan ere egiten dute—; zerbait abestu, esaldiren bat esan edo bertsoa botatzea; janaria eskatzea (janaria bildu behar den garaia da)… Gaur egun birsortzen ari diren jaietan ere hartu dituzte elementu horiek, eta horietan mozorroa elementu zentrala da.

'Arimaren Gaua' eta 'Gau  Beltza' ezberdinak dira? 

Elgetan, adibidez, Arimaren Gaua esaten diote, Oiartzunen Gau Beltza; eta lehenengoan hildakoekin zer ikusi gehiago du, baina jai berdinaz ari gara hizketan. Topagunean uztarketa egitea ere aipatu zen, jaia izendatzeko garaian: Arimen Gau Beltza. Beldurra eta heriotza errepikatzen dira bietan; oso lotuta daude.

Nabaritu duzue festarekiko errezeloa, Estatu Batuetatik berreskuratu delako? 

Logikoa da, hortik iritsi zaigu, baina hara Europatik joan zen. Ikusten genuen haur askok ospatu nahi duten zerbait dela, baina heldu askori kontraesanak sortzen zaizkiela: ‘Halloween ospatu nahi duzula? Baina hori yankeea da, nola ospatuko duzu hori?’. Ez genuen gurasoen diskurtsoan geratu nahi, baizik eta haurren diskurtsoa entzun, jaso eta erreflejatu; hori zen guretzako erronka. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!