Zure burua zaindu, maitatu eta gozatu

«Oreka da gakoa; espinakak onak dira, bai, baina espinakak bakarrik janda ez da osasuna lortzen»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 16a, 00:00

Eider Balerdi Iztueta dietista eta nutrizionista, Kronikarako elkarrizketan.

Elikadura osasuntsuaren bueltan aritu da Eider Balerdi Iztueta dietista eta nutrizionista. Bizitzako beste hainbat arlotan bezala, honetan ere perspektiba behar dela argitu du. Osasuntsu egoteko, gainera, elikaduraz gain, atsedena eta ariketa fisikoa ere behar direla hausnartu du.

Pandemia aurrearekin alderatuta, jendeak gehiago ala gutxiago begiratzen dio osasunari?

Faseka izaten da hau. Pandemiaren ondoren, azken urte honetan bi ildo oso ezberdinetatik egin dugu lan. Izan ere, pandemian, batzuen kasuan, ohitura osasuntsuak atzean gelditu ziren. Esaterako, konpetizioko kirolak bertan behera gelditu zirenez, jendeak ohitura hori galdu zuen. Baina, beste batzuen kasuan, berriz, kontrakoa gertatu zen. Hau da, ohitura osasuntsuetarako bidea hartzen hasi ziren. Adibidez, kontsultara etorri da lehen ariketa fisikoa egiten ez zuen jendea baina, orain, aldiz, horretan hasi dena. 

 

Zein da kontsultara etortzen den herritarren perfila?

Oso aldakorra da. Hona etortzen dira konpetitzen duten kirolariak, osasuntsu jaten ikasi nahi dutenak, argaltzeko pautak nahi dituztenak, elikadura osasuntsua izatera bideratu nahi dituzten haurrak… denetarik dago.

 

Zer esan nahi duzu elikadura osasuntsuarekin?

Lehenengo eta behin, gorputzak behar duena da elikadura osasuntsua. Hori lortzen da elikadura bariatua eta ekilibratua sustatzen, eta gure beharretara egokitzen. Gainera, elikadura horrek osoa izan behar du, hau da, nutriente guztiak izan behar ditu.

 

Zein abantaila ditu?

Askotan, osasuntsu egotea lotzen da alde fisikoarekin edo norberaren itxurarekin; eta hor dago lehenengo akatsa. Alegia, argal egoteak ez du zertan ziurtatu behar osasuntsu  egotea. Beraz, alde horretatik, elikadura osasuntsua jarraitzea, beste hainbat arlo zaintzearekin batera, lan prebentiboa izango da eta gaixotasun asko ekidingo ditu. Esaterako, gainpisua, obesitatea, diabetesa, hipertentsioa, eta abar.

 

Osasuntsu egoteko, beraz, elikaduraz gain, beste hainbat konturi erreparatu behar zaio?

Bai, noski. Osasunari beti hainbat aspektutatik begiratu behar zaio: elikadura osasuntsua jarraitzeari, ariketa fisikoa edo kirola egiteari eta lo ondo egiteari. Azken horri buruz, ikerketa askok baieztatzen dute atseden faltak hormonalki eragiten duela eta gainpisua izateko aukerak haundiagotzen dituela. Horrez gain, errutina zehazteko zailtasunak ekartzen ditu eta nekean zein antsietatean eragiten du. 

 

Nork bere dieta izango du bakoitzaren beharren eta ezaugarrien arabera, ezta?

Bai, hori da, baina horri gehituko nioke garrantzitsua dela dieta hitzari esanahi egokia ematea. Izan ere, dieta beti argaltzearekin lotzen dugu, baina ez da horrela. Dieta da elikagaien multzoa. Horregatik, dieta beharrean, elikadura osasuntsurako pauta hitza egokiagoa iruditzen zait eman nahi dugun mezua ondo helarazteko. Adibidez, kontsultara etortzen den jendeari ez diogu bi hilabeterako pauta jarri nahi eta gero hor bukatu. Alderantziz, hona etortzen diren herritarrei bizi-estilo osasuntsu bat izaten lagundu nahi diegu, ez soilik bi hilabetetan lantzeko, baizik eta, eramateko erraza den modu batean, luzaroan irauteko. Alegia,  nahi duguna da beraiek ohitura osasuntsuak zer diren ikastea eta eguneroko bizitzan egokitzea.

 

Eta zein ezaugarri hartzen dira kontuan pauta horiek zehazteko?

Gauza asko dira: emakumezkoa edo gizonezkoa den, adina, kirolaria den ala ez, aurretik zein ohitura zituen, bizi-estiloa, ordutegiak, eta abar. Hori aztertuta, gorputzaren konposizioa analizatzen dugu, hau da, pisutik haratago goaz eta bakoitzaren muskulua, koipea, ura, eta bestelako indizeak neurtzen ditugu. Horrela, gorputz-konposizio osasuntsua dugun ala ez ikusiko dugu. Lehen, pisuarekin erabakitzen zen hori, baina hori uste okerra da. Hain justu, hemen, kontsultan, hori ezeztatzen duten kasuistika asko ikusi ditugu. Adibidez,  pisu baxua duen jendea etortzen da, baina, konposizioz, berriz, gainpisua edo koipe gehiegi dutenak. Horrek, gaixotasun kardiobaskularrak ekartzeko arriskua izaten du. 

 

Sekretu magikorik ez dago, orduan.

Ez. Argi dagoena da ezin ditugula modak jarraitu eta ezin dugu entzuten edo irakurtzen dugun guztia sinistu. Epe luzera ikusi da hilabete bateko edo 21 egunetako pauta horietakoek ez digutela osasuna ekarriko.

Gainera, osasun mentala zaintzea ezinbestekoa da. Adierazi moduan, osasuna arlo askotatik landu behar da, eta buruko osasuna oso garrantzitsua da. Horregatik, aldi baterako elikadura-pauta horiek ez dira batere osasuntsuak ez onuragarriak.

 

Guztiok lortu dezakegu ohitura osasuntsuak izatea, ezta?

Bai, baina horretarako beharrezkoa da gogoa izatea. Hau guztia bi aldeen aldeko tratua da. Alde batetik, guk bakoitzaren beharretara eta ordutegietara moldatuko ditugu aholkuak eta pautak. Kasu asko daude eta guztietara egokitzea garrantzitsua da; bestela, berehala utziko dute prozesua. Baina, beste alde batetik, bizi-estilo osasuntsua nahi dutenek ezinbestekoa izango dute hori lortzeko gogoa izatea.

Batzuetan, gainera, hamaika arrazoi direla medio, batzuk berehala hasten dira ehuneko ehunean jarduera fisikoa egiten, eta pauta alimentarioa ondo jarraitzen; baina, beste batzuei, aldiz, gehiago kostatzen zaie. Horregatik, gure lana da horretara moldatzea.

 

Batzuetan, 'pereza' ere izaten da prozesua hasteko aitzakia.

Elikadurari begira, pauta osasuntsuak asko izan daitezke. Denbora duen edo sukaldatzea gustatzen zaion norbaitek plater elaboratuagoak egingo ditu. Baina, hori ez da aitzakia. Izan ere, zerbait frijitzeko edota entsalada prestatzeko denbora antzekoa behar da. Horregatik, esan bezala, gogoa behar da.

 

Guztiontzat onuragarriak diren gomendioren bat aipatzerik bai?

Pauta osasuntsu batean, beharrezkoak izango ditugu frutak eta barazkiak. Alegia, ura eta zuntzaz gain, bitaminak eta mineralak ematen dizkiguten elikagai taldea. Oso talde garrantzitsua da hori, eta otordu guztietan egon beharko du. Horrez gain, proteinak ere beharko ditugu. Bi jatorritakoak dira: landare jatorrikoak (lekaleak eta fruitu lehorrak) eta animalia jatorrikoak (haragi txuriak edo koipe gutxikoak, arrautzak eta arraina). Esneak eta esnekiak ere azken talde horretan sartuko ditugu. Eta, azkenik, karbohidratoak ere hartuko ditugu. Horiekin, neurtu egin beharko dugu. Ogiarekin, adibidez, dilema izaten da beti. Ez da gauza bera ogi txuria edo benetan integrala den ogia. Ikusi beharko dugu zein hidrato mota den eta zer karbohidrato gehiago hartzen ditugun. Hau da, ogi asko jan eta ariketa fisikoa egiten ez duen norbaitek, otordu batean  ez du jango pasta, kinoa edota arroza bezalako zereala. Oreka bilatu behar da beti.

 

Oreka da gakoa, beraz.

Hori da. Bizitzan perspektiba hartu behar da beti. Haurrekin lan egiten nuenean, hauxe esaten nien: bai, espinakak oso osasuntsuak dira, baina espinakak bakarrik janda ez da osasuna lortzen. Hortaz, gauza guztietan bezala, elikaduran zein osasunean oreka bilatu behar da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!