Gaztelekuan argi dute osasuntsu egotea ez dela bakarrik gaixo ez egotea: «hori baino askoz gehiago da». Hezitzaileen ustean, «osasuntsu egotea ere bada lagunekin ondo egotea, ondo pasatzea eta norbera bere buruarekin ondo sentitzea». Hori horrela, egitarauko ekintzetan eta gaztelekuko helburuetan, horren alde egiten dute lan. «Gaztelekua 12 eta 17 urte bitarteko gazteei bideratutako Udal zerbitzua da, soziohezitzailea. Nerabeei laguntza eskaintzea eta beraiekin momentuak eta bizipenak partekatzea da gure helburua», hausnartu dute Esther, Ixone, Xabi eta Nerea hezitzaileek.
Horren barruan, programan «beti» txertatu izan dituzte osasunarekin lotura dituzten ekintzak; «hala nola, merienda osasungarriak edota ariketa fisikoa egiteko irteerak. Besteak beste, saskibaloia probatu izan dugu eta, hemen, gaztelekuan, dardoak eta ping-ponga ditugu. Arrakasta haundia du azken horrek, nerabe asko aritzen baitira horretan». Pandemia aurretik, hain justu, merienda osasungarriak antolatzen zituzten hilabetero; baina, azken urte honetan, ordea, maskarilla jantzita izatea derrigorrezkoa izan denez, «ezinezkoa izan da horrelako ezer egitea», azaldu dute. «Dena den, gure asmoa da berriro ere martxa bera hartzea. Merienda hori prestatzeko, prozesu guztia nerabeek egiten dute. Hernaniko komertzioetan erosten dituzte elikagaiak eta beraiek prestatzen dute guztia. Azukredun produktuak ekidin eta elikagai osasuntsuen alde egiten dugu. Horren bueltan, aipatu genezake, esaterako, edari energetikoen kontua. Nerabeek askotan kontsumitzen dituzte horrelakoak, beste edozein freskagarriren antzekoak direla uste dutelako; baina, ez dira konturatzen, ordea, hori ez dela batere osasuntsua».
Aipatutako guztiagatik, gaztelekuan uste dute osasunaren gaia lantzea «garrantzitsua» dela. Baina, eraginkortasuna lortzeko, bide inplizitutik egiten dute lanketa; «adibidez, aurrez aipatu ditugun ekintzak edo ohitura osasuntsuen aldeko proposamenak egiten ditugu. Izan ere, osasuna nerabeekin lantzeak garrantzia du, baina, gure kasuan, hitzaldi formalen bidez egiteak ez du eraginkortasunik. Horregatik, funtsean, hemen, nerabeak elikatzen ahalegintzen gara, beraiek ere osasuntsu sentitzeko eta egoteko. Nerabeek, agian, ez dakite ping-pongean ibiltzea edo emozioak lantzea osasuntsua denik. Baina, horretan aritzea lortzen dugun bitartean, bide onetik goazenaren seinale izango da».
Gainera, lanketa hori nerabezaroan egitea aproposa ikusten dute. «Garai hori nahiko mugitua da eta, pandemia medio, are gorabeheratsuagoa izan da egungo gazteentzat. Horregatik, iruditzen zaigu oraindik eta garrantzitsuagoa dela osasunari lekua egitea».
Adimen emozionala, harreman osasuntsuetarako
Osasuna harreman osasuntsuak izatearekin lotzen duten aldetik, adimen emozionalari pisu haundia ematen diote gaztelekuko kideek. «Adimen emozionala da emozioak identifikatzea. Haserre edo triste baldin bagaude, emozioei bere izena jartzen jakitea, eta abar. Horren haritik, emozioen txokoak sortu ditugu. Lasai egon nahi dutenentzat, horretarako gunea sortu dugu; tentsioa dutenentzat, tentsioa askatzeko txokoa, eta mota horretako beste hainbat gune. Gainera, joan den urtean ere hainbat emotikono egin genituen, ikusteko emozioak ez direla soilik haserre edo pozik egotea. Asko daude: lur jota egotea, aspertuta, edota aztoratuta, adibidez».
Bestalde, gaztelekua Hernaniko Tratu Onen maparen barruan dago. «Hor kokatzen dugu emozioen gaia, eta, ondorioz, harreman osasuntsuak izatearena. Are gehiago, gure filosofia tratu onetan oinarritzen da. Horregatik, gazteekin lan egiten dugunean, hori lantzen saiatzen gara», aipatu dute. «Askotan, zaila izaten da gazteei irudikatzea zer diren tratu onak. Izan ere, ez dira soilik besteekin ditugun hartu emanak; gure buruarekin dugun harremana ere bada tratu ona. Horrez gain, multzo horretan sartzen dira ere, esaterako, sare sozialetan dugun eragina eta horiekin egiten dugun erabilera. Beraz, laburbilduz, osasuna eta tratu onak elkarrekin ulertzen ditugu guk, zaintzarako tresna baten moduan».
«Bidelagun lana egiten dugu»
Gaztelekuko hezitzaileek, nerabeak gonbidatzen dituzte ahalik eta harreman zein errutina osasuntsuenak izatera. «Harremanez hitz egiten dugunean, esan nahi duguna da beraien artean duten komunikatzeko modua. Izan ere, batzuetan, era desegokian hitz egiten diote elkarri. Era berean, gatazkak sortuz gero, horiek nola kudeatu irakasten diegu. Baina, zuzendu baino, bidelagun lana egiten dugu».
Horrekin batera, gaztelekuko kideek herriko nerabeak beraiekin egotera, ikastera eta ondo pasatzera gonbidatu dituzte. Horretarako edo edozein zalantza argitu nahi izanez gero, hezitzaileekin kontaktuan jartzeko hauxe dute bidea: lokalera bertaratuta, sare sozialen bidez, @hgaztelekua; edo, bestela, telefonoz, 688 823 420.