Zure burua zaindu, maitatu eta gozatu

Elikadura osasuntsua

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 17a, 00:00

 
Eider Balerdi. Dietetika eta nutrizioa
 
 

Behin udara bukatuta, nahiz eta udan ere elikadura ohitura osasuntsuak mantendu behar diren, iraila eta urria izaten dira helburu edo jomuga berriak jarri eta ohiturak aldatzeko unea.  Emaitza mirarigarriak izango dituzten  emaitza azkarreko dieta horiei kasurik egin gabe, ongi eta osasuntsu jaten ikasteko unea da. Baina,  zer da osasuntsu jatea? 


Pauta osasuntsu batek izan behar du askotarikoa, osoa eta orekatua, gorputzak behar dituen mantenugai guztiak kopuru egokian eduki ditzan; horregatik, barietate handia eduki beharko du. Denon beharrak berak ez direnez, garrantzitsua izango da pertsonalizatua izatea, bakoitzak bere beharrak zeintzuk diren ezagutzea, eta elikagai bidez nola bete  behar diren jakitea. 


Horrela lortuko dugu gure organismoak funtzionamendu egokia edukitzea eta gaixotzeko arriskua murriztea. 
Egunero, behar-beharrezkoak izango da fruta (3 pieza) eta barazkiak (2 pieza) jatea, bitamina eta mineral iturri izango baitira horiek, besteak beste. 
Egiten dugun aktibitatearen arabera, karbohidrato gehiago edo gutxiago beharko ditugu; ezin dugu kirolari baten adina karbohidrato jan, eta ezta kirolari izanda talde hau ekidin ere:  zerealak (arroza, kinoa...), patata, ogiak, eta abar. Horien bidez lortuko dugu mantenugai hori,  baina, kalitatezkoak izan beharko dute, osokoak (integralak). 


Proteinak ere beharrezkoak dira, neurrian; lekale, gatzatu eta frijitu gabeko fruitu lehor, koipe gutxiko haragi, arrain, arrautza eta koipe gutxiko esne eta esnekiek emango dizkigute proteinak, baina neurrian jatean egongo da gakoa. 


Garrantzitsua izango da zer jaten dugun, baina baita egunean zehar nola antolatzen dugun ere. Horrez gain, sukaldatzeko teknika osasuntsuak erabiltzea (lurrunetan, egosita, labean, gordinik...) eta frijitu eta rebozatuak ekiditea ere oso garrantzitsua da. Sukaldatzeko beti oliba olio birjin extra erabiltzea gomendatzen da. 


Azkenik, ezin ahaztu hidratazioa, urik gabe ez dago bizitzarik, hidratazio maila egokia edukitzea eta mantentzea funtsezkoa izango da osasuntsu egoteko. 


Beraz, ahaztu aldi baterako dietak, ikasi ohitura osasuntsuak nolakoak diren eta hasi praktikan jartzen!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!