Udazkenean sartuta, Hernanin Demokrazia komunalari buruzko Nazioarteko lehen batzarra egingo da, datorren astean. Bertan, egungo demokrazia ereduak zalantzan jartzen eta eraldatzen dituzten ideia eta praktika kolektibo zehatzak jorratuko dituzte. Datorren asteazkenean hasiko dira jardunaldi hauek, eta lehena Donostian da, urriaren 13an. Gainontzekoak, hau da, urriak, 14, 15 eta 16koak, Hernanin eskainiko dira, batzuk Kulturarteko Plaza Feministan eta Iturolako garapen guneko lokalean eta beste batzuk, aldiz, Biterin.
Demokrazia komunala, gizarte mugimenduekin eta dinamika eraldatzaileekin lan egiten duen Bakea Duintasunarekin elkarteak antolatu du, Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz Gizarte Zientzietako ikerketa taldearekin batera. Azaldu dute gainera, talde hauek eraldaketa demokratikoko prozesuen ikerketa akademikoak uztartzen dituela.
Kongresuaren helburua da, teoriatik zein praktikatik abiatuta, komunitatea, herribotereak, autogestioak, autogobernuak, balio komunak eta parte hartze kolektiboak oinarri eraldatzailea duten prozesuak eta esperientziak aztertzea. Gai hauekin lotutakoak izango dira datorren astean egingo diren jardunaldiak, eta antolatzaileek diote datorren urteetan jarraipena emateko asmoa daukatela; «munduko hainbat lekutan egin daitekeen bi urteko lautada baten lehena izateko aukera planteatzen ari da. Kongresua, pandemia egoera dela eta, jarduera misto edo erdi presentzial gisa planteatzen da, eta bertan modu presentzialean parte hartzeko aukera izango da. Horrez gain, online parte hartzeko aukera ere emango da, inor kanpoan ez uzteko».
Demokrazia komuna hainbat helbururekin sortu dute, eta xede horien artean nagusienetako bat da, Demokrazia komunalaren nozioaren garapen teorikoan laguntzea, «hainbat lurralde eta lan-eremutatik datozen esperientzian askotariko azterketa zehatzak eginez» jakinarazi dute. Horiei esker gainera, jakin ahal izango da nola eragiten duten demokrazia komunalaren kontzeptuek askotariko errealitate kultural eta politikoetan, eta hainbat sektore eremutan aplikatzen direnean.
«Krisi ekonomiko, politiko, sozial eta ekologikoen elkargunean du ezaugarri: erronka politiko berriak, eta ez hain berriak agertzen dira, hala nola, mundu osoan alderdi eskuin berriak agertzea»
Antolatzaileek diote, une historiko honetan, oso garrantzitsua dela praktika eta esperientzia kolektibo horiek aztertzea eta ezagutaraztea, besteak beste honakoa aipatuz; «demokrazia egiteko eta gauzatzeko moduei buruzko sen komuna eraikitzeko». Izan ere, Nazioarteko Kongresu honen helburua da, elkargune eta hausnarketa kolektiborako leku bat sortzea; «horiek bateratu nahi ditugu bi helbururekin; alde batetik, hauek ikusaraztea eta indartzea, eta bestetik, aliantza solidarioak eta elkarri laguntzeko harremanak eraikitzea».
Demokrazia komunaren biltzarrak, hainbat eragileren arteko (gizarte ekintzaileak, militante politikoak, ikertzaileak, akademikoak, kolektiboak, eragile instituzionalak) eta hainbat eskalatan (tokikoa, eskualdeko, estatukoa, nazioartekoa...) «lanerako sareak, prozesuak eta dinamikak artikulatzen lagundu nahi dugu».
Azaldu dute ongi etorriak izango direla praktika komunitario horiek sortzen dituzten mugimenduen ekarpenak egiten dituzten pertsonak; «ikertzaileenak, gizarte eragileenak eta gaiak interpelatutako pertsonenak ere, noski». Tokiko esperientziak eta bost kontinenteetako hamaika ekimen eta proiektu bateratuz, biltzar hau «espazio-denbora gisa» proposatzen dute, hau da; «ezagutzak partekatzeko eta gizartea eraldatzeko prozesuak bultzatzeko».
«Begirada holistiko bati esker, askotariko demokrazia esperientziak batu ditzakegu azterketa esparru berean»
Dagoeneko gainera, baieztatutako proposamenen artean daude: Italia, Brasil, Venezuela, Kurdistan, Txile, Hegoafrika, Argentina, Katalunia, Paraguai, Estatu Batuak, Kolonbia eta Euskal Herriko esperientziak.
Kongresuko lan ildoak
Datorren astean egingo den Demokrazia komunalari buruzko kongresuean, gaikako eta laneko hainbat ildoren inguruan antolatu dira; «diziplina anitzeko ikuspuntutik ekarpen desberdinak egiteko helburuarekin, hain justu». Ildo tematiko bakoitzean, demokrazia komunalaren eta herri boterearen azterketa teorikoa nahiz autoantolaketa eta autokudeaketa komunitarioko esperientzia edo prozesu zehatzak onartuko direla jakinarazi dute. Eta honako ildo hauek proposatu dituzte: Herri subjektu emantzipatzaileen eraikuntza: aniztasuna eta artikulazioa; Ekarpen feministak herri botereari; Bizitza erreproduzitzeko ohikoa dena ekoiztea; Lurraldea herri boterearen gune gisa: Erkidegoa eta komunitatea; Pentsamendu koloniala herri boterearentzat; Botere berri baterako hegemonia soziala eta kulturala; Antagonismoak, Erresistentziak eta herri-autodefentsa; Herri boterea eta Estatuarekin, erakundeekin eta organismoekin duen harremana; eta azkenik, Demokrazia komunala: kontrol kolektiboa demokrazia liberalaren krisiaren aurrean.
Demokrazia komunaleko antolatzaileen arabera, testuinguru politiko aldakor batean gaude; «eta krisi ekonomiko, politiko, sozial eta ekologikoen elkargunea du ezaugarri; erronka politiko berriak eta ez hain berriak agertzen dira, hala nola, mundu osoan alderdi eskuin berriak agertzea». Halaber, honakoa azaldu dute; «demokraziaren egungo egoera aztertzeko beharra planteatzen dugu, ez bakarrik aurrez aurre dituen mehatxuen ikuspegitik, baita eraldaketa aukeren ikuspegitik ere».
Ildo honetatik, jardunaldi eta kongresuen antolatzaileek uste dute, Demokrazia komunala, beste korronte teoriko feminista batzuekin eta ekologia politikoarekin artikulatuta, oso baliagarria izan daitekeela egungo testuinguruan, «alternatiba politiko- ekonomikoen azterketan sakontzeko». Zehazki uste dute, esparru teoriko interesgarria dela mundu osoan gizarte mugimenduak eta beste eragile soziopolitiko batzuk egiten ari diren proposamenak aztertzeko, «demokratizazio prozesuak eta eraldaketa politikoa hainbat mailatan bultzatzeko». Kontutan izanik, demokrazia komunalaren ezaugarrietako bat bizitza ekoizteko, erreproduzitzeko, dinamizatzeko eta hedatzeko modu desberdinen begirada «integrala» dela: «administrazioa, kudeaketa, ekonomia, kultura, osasuna, hezkuntza, informazioa, komunikazioa, etab. Begirada holistiko horri esker, askotariko demokratizazio esperientziak batu ditzakegu azterketa esparru berean».
Kongresuaren egutegia
Demokrazia komunalari buruzko kongresu hau, lau jarduera osagarritan antolatu dute, eta lanerako hainbat espazio kokatu dituzte. Aipatu moduan, lehen kongresua Donostian da urriaren 13an, eta 14tik 16ra bitartean, Hernanin egingo dira.
Lan, ikerketa eta hausnarketa ugari egin ostean, Demokrazia komunalaren jardunaldiak egingo dira, Hernanin.
Lehen espazioa, Demokrazia komunalerako elkarrizketak izango dira. Bertan, bi ikuspegi ezberdin elkarrizketan jartzea proposatzen dute; osagarritasuna edo eztabaida bilatze aldera. Eta horretarako, gaiaren arloan ezagunak diren bi pertsonek defendatuko dituzte hitzaldiak. Eztabaida hau pertsona batek bideratuko du; guztira 6 saio antolatu dira, eta saio bakoitzean bi hitzaldi emango dira.
Bigarren espazioa, kasuei buruzko ikerketei buruzkoa izango da. Gune honetan, 2020an eta 2021ean, Demokrazia komunalerako esperientziei buruz hamabi herrialdetan egin diren 12 azterketa txostenak azalduko dira. Horretarako sei saio antolatu dira, saio bakoitzean gainera, kasuari buruzko bi azterketa txosten egingo dira.
«Hainbat lurralde eta lan eremutatik datozen esperientzian askotariko azterketa zehatzak egingo dira eta hauei esker gainera, jakin ahal izango dugu nola eragiten duen demokrazia komunalak»
Hirugarrena, komunikazioak eta proposamenei bideratutako espazioa izango da. Azken hilabeteetan, egindako «Call form papers» publikoan jaso diren komunikazio eta proposamenen azalpena eskainiko da, non 60 proposamen baino gehiago landu eta egin diren; «horietatik 52 onartu dira eta 12 saiotan antolatuko dira, saio bakoitzeko 3, 4 eta 5 jakinarazpenekin».
Laugarren eta azken espazioa, mahainguru tematikoa da: subjektu sozialen dinamikak izenekoa. Bertan, gizarte prozesu biziei buruzko mahai tematiko biribilak antolatu dira. Mahainguru hauetan, askotariko herri dinamikak garatzen dira; «Europakoak zein nazioartekoak, eta horiek kongresuaren gaiarekin lotuta daude». Dinamika sozial horietako protagonistei ahotsa eman nahi zaie batik bat. Eztabaida eta orientazioa, pertsona batek bideratuko du. Gaikako 10 mahainguru antolatu dira, saio bakoitzeko 3 edo 4 parte hartzailerekin.
Ostegunetik larunbatera kongresuak, Hernanin
Asteazkenean emango zaio hasiera Demokrazia komunalaren kongresuari, Donostian. Hala ere, Hernanin, ostegunean hasiko dira. Goizeko 09:30etan irekiko da izena emateko aukera bakoitzari interesatzen zaion eremuan, hau da, Iturolan, Kulturarteko Plaza Feministan edo Biterin.
Jardunaldiak, egun osokoak izango dira, goizeko 10:00etan hasiko dira batzuk, eta arratsaldeko 19:00etan burutuko dira azken jardunaldiak, honako hauek mahainguruak izanik. Kongresutan egiten diren saioen artean, atsedenaldiak ere egongo dira, eta bazkaltzeko bi-hiru orduko tarteak egongo dira. Halaber, Hernanin egingo den azken jardunaldia, datorren larunbatean egingo da, eta amaiera gisa, bazkari baten bueltan bilduko dira parte hartzen dutenak, Atsegindegin. Bazkaldu ostean, amaierako ekitaldiarekin batera, kontzertu batekin emango zaie amaiera Demokrazia komunalaren jardunaldiei.
18 solaskide gonbidatu
Datorren asteazkenetik larunbatera antolatu diren jardunaldietan, 18 solaskide gonbidatu dituzte, esperientzi eta jakintzak helarazteko asmoarekin. Honako hauek izango dira solaskideak: Silvia Federici, Raúl Zibehci, Maite Arraiza, Amaia Perez Orozco, Darío Azzellini, Mercé Cortina, Oscar García Jurado, Ruth Herrero, Mirene Begiristain, Carlos Taibo, Josefino Rocco 'Txefi', Iñaki Gil de San Vicente, Angel Calle Collado....
Munduko 12 herrialde desberdinetan egindako nazioarteko ikerketa, borroka eta prozesu eraldatzaileen 12 esperientzia zehatzak aintzat hartuko dira.
«Demokraziaren egungo egoera aztertzeko beharra planteatzen dugu, ez bakarrik aurrez aurre dituen mehatxuen ikuspegitik, baita eraldaketa aukeren ikuspegitik ere»
Haien artean, aipatu moduan, dago Silbia Federecci italiarra. 1942ko apirilaren 20an jaioa; ikertzaile, idazle, irakasle eta ekintzaile feminista da. Federeccik, hainbat alor eta gaien artean, hausnarketa sakonak egin ditu, hala nola, etxeko lanak, erreprodukzioa, NBE eta emakumeak, soldatapeko enpleguak, abortua, sindikatuak, emakumeen arteko estatu indarkeria eta berdintasuna. Orokorrean esan daiteke, Silvia Federecciren jarduna militantziarekin eta kalean protestatzearekin lotuta dagoela.
Jardunaldietan parte hartuko duen beste solaskideetako bat Darío Azzellini da. Zientzia politikoetan doktoretza lortu zuen Frankfurteko J.W. Goethe Unibertsitatean (Alemania) eta soziologian doktorea da. 19 libururen eta aldizkari akademikoetako 130 kapitulu baino gehiagoren egile/editorea da, eta 11 dokumentalen zuzendaria. Hizlari gonbidatuak, makina bat herrialdeetan jardun du, eta adituek diote, «hizlari magistrala dela». Estatu Batuetan, Latinoamerikan eta Europan egoitza duten hainbat elkarte akademikotako kidea da, eta 20 argitaletxe eta aldizkari akademiko baino gehiagotarako ebaluatzaile gisa ere aritu da.
«Inork uste al du Txinan duela 15 urte baino kohesio sozial haundiagoa dagoela gaur egun?»
Nabarmentzen den beste hizlari bat Josefina “Txefi” Roco da, Argentinan jaioa, egun LABeko Batzorde sozialeko kidea. Josefinaz gain, Mirene Begiristain Zubillagak ere jardungo du datorren asteko solasaldietan, bera Ekonomian Doktorea izanik, hainbat esperientzia, jakintza eta ikuspuntu helaraziko ditu. Donostiako Ekonomia eta Enpresa Fakultatean irakaslea da 1999. urtez geroztik eta marketina eta komertzializazio erabakiekin zerikusia duten ikasgaien inguruko klaseak ematen ditu. Bere ikerketa lana elikagai sistemetan kokatzen da, ikuspegi agroekologikotik hain justu.
Carlos Taiboren bisita ere izango dute Demokrazia komunaleko jardunaldietara bertaratzen direnek. Madrilen jaio zen, 1956garren urtean. Idazlea eta editorea da, eta Administrazioetako eta Politika Zientzietako irakasle ohia. «Altermundialismoaren, desazkundearen, zuzeneko demokraziaren eta anarkismoaren aldeztailea» da Taibo. Hogeita hamar liburutik gora idatzi ditu, gaztelaniaz nahiz galizieraz, eta hitzaldi asko eman ditu. Hemen Carlos Taibok defendatzen duenaren adibide bat: «Pertzepzio komunean, gure gizartean, hazkunde ekonomikoa, bedeinkapena da. Esaten digute hazkunde ekonomikoa dagoen tokietan, kohesio soziala dagoela, zerbitzu publiko fidagarriak daudela, langabeziak ez duela lekua irabazten, eta desberdintasuna ere ez dela haundia. Uste dut horiek guztiak hiperkritikoki eztabaidatu behar ditugula. Zergatik? Lehenik eta behin, hazkunde ekonomikoak ez du, (edo ez du nahitaez), kohesio sozialik sortzen. Azken finean, hori da globalizazio kapitalistaren kritikoek emandako argudio nagusietako bat. Inork uste al du Txinan duela 15 urte baino kohesio sozial haundiagoa dagoela gaur egun?».
«Askotariko herri dinamikak landuko dira mahainguruetan»
Aipatutako hauez gain, hainbat hizlari gehiagok hartuko dute parte, eta hauei buruz gehiago jakiteko, Demokrazia komunaleko jardunaldietara bertaratzea da aukera paregabea, politikaz busti eta demokraziari buruzko hainbat proposamen lantzeko.