Erreportajeak

«Etxebizitza bakoitza, bizi oso bat da eta hori da sumendia aurretik eramaten ari dena»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 25a, 00:00

Los Llanoseko udaltzaingoa leherketa gertatu zen eremua zaintzen jendearen segurtasuna bermatzeko.

Eider Tejedor Casco (1982) hernaniarrak 16 urte daramatza Los Llanos de Aridanen bizitzen, La Cumbre Viejako sumendia lehertu den herrian bertan. Lau kilometrotara soilik bizi da eta sortu den egoera ikaragarri gogorra dela dio, imajinaezina. «Hau txikia da, denak ezagutzen dugu elkar eta tragedia latza ari gara bizitzen».

Eider Tejedor Casco (1982) hernaniarrak 16 urte daramatza La Palmako uhartean bizitzen, bere bi semeekin, eta sumendiaren eztandatik nahiko gertu bizi da. Canariar irletako 'La Isla Bonita'  ezizenez da ezaguna La Palma eta Eider, Los Llanos de Aridanen bertan bizi da, sumendia lehertu den herrian bertan. Bizitzen ari den larrialdi egoera benetan latza, oso gogorra dela dio eta sortzen duen zalantzak, ziurgabetasunak eta dudak ezinegon ikaragarria sortzen duela.  


Eider Tejedor emozio, ezintasun eta inpotentziaz  ari da bizitzen sumendiaren leherketaren giza tragedia. «Nire bi semeak Euskadin jaio arren, hemen hezi eta hazi dira. Bertakoak dira. Hernaniarra izango naiz beti, Hernani da nire etxea, baina hemen bota ditut erroak. Agian ni ez naiz ari Palmero batek (La Palmako biztanleak honela dira ezagunak) sufritzen duen bezala bizitzen ari, ez delako nire jaioterria, baina hein haundi batean asko sentitzen dut. Hau munstro bat da, lehen momentu batean mugimendu sismikoak hasi zirenean, lehertu aurretik, 'bromak' ere egin zitezkeen non lehertuko zenaren inguruan. Gero igandean lehertu zenean eta gaua iristean naturaren espektakulu ikusgarria dela ikusten duzu, baina zer esan nahi duen, hartzen ari den bideaz jabetzen zarenean, nondik igaro daitekeen ikusterakoan eta aurretik eraman eta zanpatuko dituen etxeak ikusterakoan konturatzen zara gertatzen ari den tragediaz. Etxebizitza bakoitza bizi oso bat da eta hori da sumendia aurretik eramaten ari dena, jende askoren bizitza osoa».

«Los Llanosek 20 mila biztanle ditu eta hemen denak ezagutzen dira eta denak esatean denak da, literalki»


Hala ere, alde on bat ikustearren, aurretik ez duela bizitzarik eramango aipatzen du Eiderrek. «Zorionez badirudi pertsonik ez dela hilko sumendiak sortutako  leherketa, magma eta labaren ondorioz». Hori bai, beste modu batera bizitzak apurtu dituela  da ezbeharrik haundiena. «Erakunde publikoek txalotzeko lana egin dute, lurrikarak eta mugimendu sismiko larrienak hasi ziren unetik. Egoera okertzen hasi zenean neurriak hasi ziren hartzen eta sumendia lehertu zitekeen lekuaren inguruko etxeak eta labak egin zezakeen bideko etxeak hustu egin ziren. Alde horretatik, oraingoz, ez da hildakorik egongo. Hori kontrolpean dago, baina gertatzen da dena galdu duen jendea dagoela, eta dena esaten dugunean, dena da».  

«Inor ez dago prestatua honelako gertaera baterako»
Magmak ez etxeak bakarrik; oroitzapenak, bizipenak eta sentimendu asko ere eraman ditu aurretik. Aridane bailara Los Llanos de Aridane, El Paso eta Tazacorte udalerrien artean banatzen da. «Ez du zerikusirik izango Aridane zenak eta izango denak. La Palmako lur zati hau ez da lehengoa izango sumendia itzaltzean, kalera irtetean, azpiegiturak bueltatzean ez da izango lehen zena. La Palmako lur eremua aldatu egin da. Sentimendu ezberdinak nahasten dira. Inor ez dago prestatua honelako gertaera baterako. Palmako uhartean  adoptatutako hernaniar bezala nire modura bizitzen dut. Bakoitzak bere erara bizitzen du, nik ezberdin sufritzen dut, bizi ere bai. Famili askoren etxeak eta bizitza ari da aurretik eramaten eta denak ezagutzen dira».


La Palmak 83.500 biztanle ditu eta Los Llanos de Aridane herriak 20.700 biztanle ditu. «Hernanik dituen biztanle antzekoak ditu, baina hemen jende guztia beraien artean ezagutzen da, literalki. Labaren irudiak ikusten dituzu telebistan, nondik doan, eta etxea norena den badakizu; begira ez dakit noren etxea, bestearen etxea ez du harrapatuko... hizketaldi guztiak horrelakoak dira».


Bestetik sumendiaren eztandek sortzen duten beldurra ere deigarria dela aipatzen du Tejedorrek. «Sumendiaren leherketa gertatu zen lekutik lau kilometrotara bizi naiz Los Llanoseko erdigunean eta etengabe eztandak entzuten ditut, geratu gabe, bonben leherketak izan balira bezala. Soinua eta eztanda etengabea da eta gauetan gehiago entzuten dira. Egunean zehar kaleak nahiko hutsik daude, jende gutxi dabil astelehenetik, baina gauetan ikaragarria da nola entzuten diren. Gainera etxea bera ere mugitzen dela dirudi, leihoetan burrunba egiten du, altzairuek ere bai. Leherketa batzuk besteak baino indartsuagoak dira eta geldirik geratzen zara zain zer gertatuko den pentsatzen, ea zerbait eroriko den, zutabeetara begiratzen duzu, baita paretetara arrailarik irekiko den edo ez, umeak beldurtu egiten dira eta zer gertatuko den pentsatzen duzu. Ezinegon batean bizi zara eta inor ez dago egoera honetarako prestatua».


Nahiz eta jakin lur zati bolkanikoan bizi zarela, inoiz ez omen gaude prestatuta honelako bizipen baterako, dio hernaniarrak. «Orain 50 urte lehertu zen azken sumendia, Teneguía, uhartearen hegoalderago eta jaurti zuen laba hegoaldera bota zuen. Orain ez, oraingo sumendia Aridane bailarara ari da isurtzen, Todoque auzora».

«Irlaren mendebaldean guztia gelditu egin da eta ekialdean 'normaltasuna' dago 
Eiderrek argitu nahi du Todoque ez dela herri bat, Los Llanoseko auzo bat baizik. «Los Llanos Hernani bezalako herri bat da, hori bai etxebizitzak eremu askoz ere zabalago batean daude zabalduta, ez dago hainbat pisuko eraikin askorik, jende gehiena etxeetan bizi da. El Paso eta Tazacorte ere Aridane bailaran dauden beste bi herri dira eta egitura berdina dute. Todoque auzo haundi bat da, La Laguna beste auzo zabal bat da, bakoitza bere eliza, plaza eta eskolekin. Auzo denek ez dute eliza baina bai ikastetxea, hemen oraindik ere auzo eskolak daude. Hamabi urtera arte haurrak eskola horietan egon daitezke eta gero institutura pasatzen dira. Eskola horietako bat desagertarazi egin du labak». 


Errepidean ere eragin zuzena izan du laba mingainak. «Puerto Naosera eramaten duen errepidea moztuta dago. Alde hori turistikoagoa da eta hori moztuta geratuko da. Ezingo da bertara joan hilabete eta hilabete askotan. Uhartearen alde horretara ezingo da iritsi. Sumendia itzaltzen denean ez da amaituko hau. Ez da izango itzali eta kitto. Honek eragin ikaragarria izango du Palmeroen eguneroko bizitzan. Hasteko ez dakigu noiz amaituko den eta hori gertatzen denean, berpiztea zaila izango da».


Uharteko ekonomian eragin zuzena eta tamalgarria izango duela aipatzen du Eider Tejedor Cascok. «Platanoen lursail asko suntsitu egin dira, beste batzuk ez dira suntsitu, baina ureztatzeko sarea ez da iritsiko. Ezingo dira ureztatu platanoak, aguakateak, mahastiak... ur hoditeria txikituta geratu delako. Platano, mahasti eta aguakate lursail horiek ere galdu egingo dira. Hemen jendea platanoaren laborantzatik bizi da, funtzionario egitura ere haundia da. Turismoak hemen ez du apenas indarrik. Hau ez da Fuerteventura, Lanzarote edo Tenerifeko hegoaldea». 

«Etengabe leherketak entzuten dira eta horrek ziurgabetasuna eta beldurra sortzen ditu. Ez dakizu etxeak eutsiko dion»


La Palma irla bolkanikoa eta menditsua da eta bisitariak «mendi ibilaldiak eta trecking bezalako aktibitateak egitera etortzen dira» azpimarratzen du. Horietako asko Euskal Herria eta Kataluniatik joandakoak. «Asko erreparatzen diot horri. Euskara entzuten dut eta bertako jendea ez da bizi turismotik, Tenerifeko hegoaldean, Lanzaroten edo Fuerteventuran gertatzen den bezala. Pandemian La Palma irlarik seguruenetakoa izan da, Espainia mailan, eta horrek turismo gehiago egotea ekarri du, nabaritu da eta eskertzekoa da. Duela hilabete  t´erdi sute haundi bat gertatu zen eta orain hau gertatu da. Horrek dena geldituko du, desastre hutsa izango da».

«Sumendia itzali eta gero ondorioek arazo asko sortuko dituzte, zalantza asko dago»
Eider Tejedorrek zuzenean ezagutzen ditu kaltetutako asko eta asko. «Lan egiten dut etxea utzi behar izan dutenekin, gero ere etxera laba iritsiko den edo ez zain dauden lagunak ditut, dronen eta telebisten irudiak ari dira begira jakiteko. Jende asko eta asko eta hori ni ez naizela bertakoa eta normalean baino jende gutxiago ezagutzen dut. Ez dakite etxea galduko duten edo salbatuko den, baina laba libratuta ere bere eragina eta ondorioek kalte ikaragarria sortuko die. Gero etxe horietara sartzeko hilabete asko egon beharko dute zain. Etxea baduzu, zutik geratu da, baina nola iritsiko zara etxera, nola irtengo zara, ura eta argia iritsiko da?... zalantza asko daude».


La Palmak sumendien inguruko historia zabala du eta horrek asko erakutsi die bertako biztanleei. «Laben mingain horiek ikusten dira eta gero behin itzali ondoren gainetik ezin da ibili. Lur bolkanikoak moztu egiten du eta kontuz ukitu behar da oso zorrotza delako. Hori hor geratuko da, nola zulatuko da?, errepideak ezingo dira zeharkatu. Hondamendia haundia da eta batzuk 'zorte' gehiago izan dute eta beste batzuk gutxiago, denak kaltetuz».


Honelako hondamendi natural baten aurrean ezin dela tamalez ezer egin dio Eider Tejedorrek eta «inpotentzia haundia sentitzen da. Egun hauetan Euskal Herritik eta penintsulatik dei asko jaso ditut, kezkatuta daude, kasu honetan niregatik eta haurrengatik. Urte askotan hitz egiten ez nuen ikastolako ikaskideekin hitz egin dut. Bihotzez kezkatzen direla konturatzen zara. Iristen diren irudiak kezkagarriak dira  eta lasaitzen saiatzen zara ni erdigunean bizi naizela eta hau kanpoaldean gertatu dela esanez». 


Egoera nola garatzen den adi jarraituko du Eiderrek, ez baitu baztertzen irla bera ere uztea. «Ikusiko dugu zer bide daraman arazo larri honek. Horrela jarraitzen badu eta intentsitatea haunditzen badoa agian beste uharte batera joatea edo Hernanira itzultzea pentsatuko nuke. Egunero eztanda horiek eta lur mugimenduak bizitzea ez da batere xamurra».

«La Palma batez ere nekazaritzatik bizi da; platano, aguakate eta mahastietatik. Plantazioak galdu dira eta zutik mantendu direnetan aktibitateak ezin du jarraitu» 


Horrek irlaren zati haundi bat egunerokoa guztiz eten du. «Uhartea momentu honetan bi zatitan banatuta dago. Mendebaldea; Los Llanos, El Paso eta Tazacorte guztiz geldirik daude.  Ez dago eskolarik. Ekialdean egoera guztiz ezberdina da. Irlaren alde batetik bestera igarotzeko La Cumbre mendia zeharkatzen duen 2 kilometrotako tunela dago. Gure aldean eguzkitan gaude eta bestean berriz euritan gehiagotan egoten dira, baina orain aldatu egin da beste zentzu batean. Gurean desolazioa ikaragarria da eta beste aldean bizitza normala ari dira egiten, beti ere kontuan izanda bi aldeen artean dagoen lotura eta elkarbizitza». 

«La Palmako biztanleak errespetu guztia merezi dute eta errespetuz hitz egiten dut»
Zerua denbora guztian zehar grisa dago orain mendebaldean.  Etorkizunean zer gertatuko denaren zain daude. Kearekin, errautsarekin eta itsasora iristen bada labak sortu ditzakeen gasei adi daude. «Zorionez bizi dugun garai hauetan aurrerakuntza asko dago eta gertatu daitekeena azaltzen dizute. Argitu digute itsasora iristen bada labak sortu ditzakeen gasak, hemen dauden Kanariar irletako alisio haizeari esker, azkar eramango dituela. Hori haizea aldatzen ez bada egun horietan. Errautsa bertako hondartzako hondarra bezala da, oso fina eta beltza. Begietatik sartzen zaizu eta desatsegina da, aurpegia eta ilea belzten dira. Oraingoz musukoekin ez du osasuna kaltetzen, baina etxea guztiz itxita daukagu».


Zer gertatuko den ez jakiteak sortzen duen atsekabea haundia da eta adituek ere gauza asko ez dakizkitela dio Eiderrek. «Prebisioek ere huts egin dute. Hasieran adituek esan zuten, lehertzen bazen, oso arina izango zela, 1971garren urteko leherketa baino zerbait gutxiago izango zela eta ez dute asmatu. Inork ez daki zer gertatuko den, naturaz eta bere indarraz ari gara. Hau ikaragarria da eta ez zaude inoiz prestatuta, nahiz eta jakin lur bolkanikoan bizi zarela».

«Inpotentzia haundia sentitzen da. Prebisioek huts egin dute. Eztanda txikiagoa izango zela zioten, 1971ko leherketaren hantzekoa» 


Beldurra omen dago aho gehiago irekitzeko, baina alde horretatik Tejedorrek dio «aurretik lurrikarak egon behar dute eta ez daude. Hala ere ziurgabetasuna haundia da eta hori da okerren daramaguna».


Pena haundia sentitzen du Los Llanoseko hernaniarrak. «Errespetu izugarria diet bertako biztanleei eta horregatik bakarrik adierazi nahi dudan guztia munduko errespeturik haundienarekin egin nahi dut. Langileak dira oso eta errespetu guztia merezi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!