Nuria De Oliveira (1995) arropa disenatzaile hernaniarra da eta Donostian, San Martin kalean, ireki berri du Fatima Ansolarekin batera Ansola&De Oliveira arropa denda. Hainbat garai eta estilotatik igaro ondoren, arte eta modan egin zituen ikasketen ondorioz, une honetan Prêt-à-porter lantzen ari da; hala ere, eta ahal duen guztietan, astirik izaten duenean, ezkontza-munduan murgiltzen da.
Honela, bere ibilbidea eginez, sortzen dituen jantzietan testuingurutik ateratzen du material horiei ematen zaien ohiko erabilera. Pana edo artilea proposatzen du ezkontza- uneak eskatzen bide duen neurritasunean, edota jacquard edo damaskoa funtzionarazten du Ready-to-wear delakoan. Hori moda adituentzako hizkuntza da, baina modan horrenbeste murgilduta ez dagoenentzako zer esan nahi duen erakusten du. «Eramateko edo erabiltzeko prest».
Nuria beti izan da neska urduri bat ikasteko gogoz. «16 urterekin emakume batekin hasi nintzen jostun ofizioa ikasten Hernaniko Emakumeen Etxean. Jende helduz inguratuta, ni nintzen neska gazte bakarra», dio irribar batekin Nuriak. Ondoren, AEG eskolan patronajea eta moda ikasi zituen, eta gero neurrira egindako jantziak. «Altzako beste jostun donostiar batekin ere aritu nintzen ikasten eta elkarlanean josten, eta hori lehen gradua amaitzean izan zen. Eta duela urte batzuk eskolak Isabel Zapardiez gomendatu zidan; denbora batez berarekin lanean aritu nintzen eta imajinatuko duzunez, asko ikasi nuen. Ezkontzetarako jantziak egiten ditu neurrira».
Beste ikastaro batzuekin trebatzen jarraitu zuen, eta beste diseinatzaile batekin ere kolaboratu zuen, Alex Roberekin, «Ekorecen antolatutako desfile baterako bilduma bateratua ateratzen. Mikel Mendarte Kutxa Kulturaleko zuzendariak ikusi zuen bilduma eta beka eskaintzeko deitu zidaten».
Horrek asko lagundu omen zuen. «Fatimaren deiarekin batera izan zen. Lehendabizi dendan hasi nintzen eta ondoren hartu zidaten Kutxa Kultur-en. Dendan lana egiten nuen eta ondoren Tabakalerara joaten nintzen».
«Kutxa Kulturen bekak nire lana, diseinuak garatu eta desfileetan erakusteko balio izan zuen»
Horrek suposatzen zuen bere lekua bazuela lanak egin eta erakusteko, tranpolin bihurtuz. «Josteko makinak zeuden lan egiteko eta azken finean hori zen, espazio bat zure lana, ideiak eta diseinuak garatzeko. Ikastaroak ere ematen zizkiguten gure lanbidea garatzeko enpresetan. Desfileak ere antolatzen ziren gure diseinuak erakusteko».
Garai hartan Fatima Ansola debarrak AEGri deitu zion, «jendeari arreta ona emateaz gain diseinuaz jakingo zuen pertsona bat behar zuelako, eta gomendatu egin zidaten».
Zeremonia gaietan ahalik eta gehien pertsonalizatu behar omen dira diseinuak; «ez da konponketa soil bat, baizik eta jantzia eskularru gisa egokitzea pertsona bakoitzari. Eta horrela ezagutu genuen elkar duela bost urte, malko-oihalen batekin edo besterekin, asko elkartu gaituena».
Honela, Nuria De Oliveira Fatima Ansolarekin batera hasi zen lanean, hasieran langile laguntzaile bezala eta ondoren biak batera arduradun bezala. Artzain Onaren lokalean hasieran, baina ekainean San Martin kalera aldatu ziren. Artzai Ona uzteko erabakiaren aurrean, «pena haundia ematen zidan denda behin betiko ixtea eta berritzeko unea zen. Horregatik animatu nuen Fatima lokal atsegin eta bilduago bat bilatzera, eta pentsatu genuen kokaleku hau egokia zela elkarrekin zerbait egiteko. Lokala oso egokia zen proiektu berri bati bide emateko eta pandemian sortutako festa-stockaren generoari irtenbidea bilatzeko, festako outlet atal berrirako tartea sortuz».
San Martin eta Getaria kalea elkartzen diren hertzean dagoen dendak maitemindu zuen Nuria. «Egunero pasatzen ginen haren aurretik, gure zain zegoela ematen zuen... eta ez genuen zalantzarik izan, izugarri gustatzen zitzaigun eta!».
Proiektu horretan bi diseinatzaile elkartu dira, Fatima Ansola eta Nuria De Oliveira, eta prêt-à-porter bildumak ez ezik, festarako jantziak eta diseinu propioak ere eskaintzen dituzte. Izan ere, artisau moduan eginda daudenez, arropa perfektuarekin eta guztiz pertsonalizatuta atera daitezke dendatik unean uneko.
Pandemia eta gero aldaketak behar omen ziren. «Momentua zen, oraingo lokala zerbait txikiagoa da. Behean bigarren solairu bat dauka. Kalerako arropa lehenengo solairuan daukagu eta beheko solairuan ezkontzetarako arropa daukagu», azpimarratzen du diseinatzaile hernaniarrak.
«On line salmentak bultzatu ditugu pandemiak modu batean bultzatuta»
On line salmenta garaiek eskatzen dute, eta bizitako pandemiaren ondoren are gehiago. «Modako posizionamendu berri honekin, arropa sport gehiago ere baditugularik, nabaritu dugu pertsona askok gure arropak internet bidez erosi nahi dituela, eta horregatik animatu gara! Instagram bidez eskuratu ahal izateko sistema bat prestatzen ari zaizkigu».
2020an, konfinamenduan, jendeak ezin zuen kalera irten eta etxetik erosten hasi zen. «On line salmenta egiten zutenek bakarrik zuten aukera lanean jarraitzeko. Orain hasi gara Instagram bidez saltzen eta pixkana-pixkana on line plataforma sortuko dugu».
Gainera, Nuriak nabarmentzen du jendeak on line erosteari beldurra galdu diola eta erantzun ona jaso dute. «Gure arropen argazkiak igotzen ditugu eta jendeak interesa du. Aurreko astean Toledoko bezero bati txaketa bat saldu genion Instagramen ikusi eta gero».
On line bidezko salmentak bere oztopoak ere baditu. «Fatimak beti tratu oso pertsonala eta pertsonalizatua eman du eta hori on line bidez ez da posible. Ezkontzetarako arropa guztia pertsonalizatua lantzen dugu. Hori bertan probatu behar da.
«Aurten ezkontzak asko igo dira eta nabaritzen ari gara»
Iraila ezkontzen hilabetea izaten da eta horrek lan karga igo egin die Fatima eta Nuriari. «Aurten ezkontzak igo egin dira. Murrizketen ondorioz jendeak atzeratu egin ditu ezkontzak. Bikote askok esan ziguten aurreko urtean eutsi egingo ziotela eta ezkontza gauzak hobeto zeudenean ospatuko zutela. Seguru parranda eta guzti egin daitekeela zioten».
Lana egiteko denetarik egin behar dela dio Nuriak. «Lana dibertsifikatu egin behar duzu. Guk dendan daukaguna da kaleko arropa, baina linea zerbait baxuagoa dugu. Gero ere kaleko arropa dugu, baina linea jantziagoa eta beheko solairuan festetarako arropa daukagu. Taila ezberdinekin egiten dugu lan. Ahalik eta jende gehienarengana iristea da helburua. Mundu guztiak nahi du eta behar du jantzi».
Hasiera batean emakumeentzako arropa lantzen dute, baina mutilentzako arroparekin ere egiten da lan eskatuz gero eta gaur egunean «arropa ia guztia unisex da».
Nuriak argi izan du beti prêt à porter egin nahi zuela eta bere ibilbide profesionala bide horretatik darama. Nahi zuena ari da lortzen, marka propioarekin. «Eramateko prest» da prêt à porter hitzaren esanahia. Garai batean egiten zen arropa guztia goi-mailako joskintza zen, neurrira egiten zen lana, ez zegoelako beste aukerarik. Seriean lan egiten hasi zenean moda gehiena bihurtu zen prêt à porter. Denda batera joan eta erosten duzunean hori da prêt à porter eta neurrira erosten duzunean goi-mailako joskintza».
Dendari txiki guztiekin gertatzen den bezala, moda eta disenatzaileek ere marka haundiekin lehiatu behar izaten dute desabantaila askorekin, baina baita indarguneekin ere. «Gauza ezberdinak bilatu behar ditugu. Horrelako denda haundietan erosteko jendeak mesfidantza gehiago ditu eta horregatik zure eskaintza zabala bada animatuko dira denda txikietan erostera. Egia da prezio aldetik inoiz ezin duzula beraiekin lehiatu, baina eskuragarria bada nahiago du».
Arropa denda eta disenatzaile hauen indargunea da lanketa kalitatezkoa eta giza eskubideak errespetatuz egiten dela da. «Jendeak badaki gure arropa kalitatezkoa eta lanketa etiko batekin egin dela eta marka haundietan berriz hori ez duzu ziurtatuta. Agian baldintza txarretan jositako arropa da».
Beste indargunea ere tratu pertsonalizatu hori da. «Neurriak zehatz hartzen ditugu, behetik, gerritik edo... aldaketak egin behar badira egiten ditugu».
Leku aldaketarekin eta jendearen erantzunarekin oso gustora daude Fatima eta Nuria. «Tren geltokitik eta autobusetatik jeisten den jendea denda paretik pasatzen da eta horrek laguntzen digu».
Pandemia amaitzerako bidean dagoen honetan mugimendua ere hazten ari da. «Behar dugu». Udara amaituta dendan udazken eta neguko denboraldiko arropa daukate. «Eskaparateak prestatzen lan haundia egin dugu. Hori izaten da gogorrena, jendea erakarri behar da eta asko pentsatu. Ordu asko sartzen ditugu».
«Diseinatzen da gustoko duzuna, baina batez ere erosiko dizutena»
Nuria De Oliveira Hernanin bizi da eta Hernanin egiten du bizitza, lanak uzten dionean. «Gainera gure bezerorik gustukoenak herrietakoak dira».
Nuria de Oliveira oso gustora dago egiten ari den ibilbidearekin disenatzaile bezala. «Errealitateak zure lekuan jartzen zaitu. Mundu honetan sartu nahi duzunean pentsatzen duzu gustoko duzuna diseinatuko duzula, baina gero zure lana bideratzen duzu askotan beharretara. Azkenean diseinatzen duzu gustatzen zaizuna, baina batez ere bezeroek erosiko dizutena. Gauza komertzialak egitea da, bereiztasunekin».
Nahiz eta jende askok moda gustoko ez izan eta itxurakeria gailentzen dela uste, modatik inork ezin duela ihes egin dio Nuriak. «Moda azkenean postureo hutsatik egunerokotasunean ibiltzen dugun arropa eta jantziak dira. Nahiz eta modatik aldendu, beti harrapatuko dizu modak».
Gainera arropek, jantziek eta modek zer izan garen eta nondik gatozen erakusten omen digute. «Gizartearen erretratu bat da. Zein bizitza egiten zen garai ezberdinetan eta gure historiaren eta bizmoduaren erradiografia bat da modu batean. Garai bateko argazkiak eta irudiak ikustean arropa da iristen zaigun lehenetariko informazioa. Balio kultural, sozial hori oso garrantzitsua da».
Donostian egiten du lan Nuriak, baina Hernanin bizi eta hernaniar petoa da. «Ikastolan ibili nintzen, lagunak hernanikoak dira, Hernanin bizi naiz eta Hernanin egiten dut bizitza lanean ez nagoenean».
Dendak ordu asko kentzen dizkio egunerokotasunean, baina lagunak joaten zaizkio bisitan. «Ez hori bakarrik, etorri eta arropa erosten dute eta gero sare sozialetara igotzen dituzte argazkiak».
Leku guztietako bezeroak dituzte, donostiarrak eta herritakoak eta azken hauek gustoko dituzte Fatima eta Nuriak. «gehien gustatzen zaizkigun bezeroak dira, herrietan denda gutxiago dago eta nahiz eta bertan arropa ona erosi daitekeen, asko Donostiara etortzen dira arropa erostera. Gogokoen ditugun bezeroak dira. Hernanikoak, Beasainekoak, Ordizikoa, Tolosakoak, Eibarrekoak... Gipuzkoako herrietako bezeroak».
Dendako bezeroek adin ezberdinak dituztela dio. «20tik 80 urtera arteko bezeroak ditugu. Festetako arroparekin 16 urteko neska etorri daiteke, bere ama eta amonarekin, eta denak janzten ditugu».