Erreportajeak

«Oso erraza, dibertigarria eta inklusiboa da pickleballa, adin guztietarako modukoa»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 25a, 00:00

Ez da kirol ezaguna gurean, oraingoz behintzat, pickleball izenekoa. Baina asmo horrekin ari dira lanean, Euskadiko Pickleball Elkartean; eta hernaniarra da elkartearen sortzaileetako bat, Gurutze Intxaurburu: «edonork jokatu deza

Ez da kirol ezaguna gurean, oraingoz behintzat, pickleball izenekoa. Baina asmo horrekin ari dira lanean, Euskadiko Pickleball Elkartean; eta hernaniarra da elkartearen sortzaileetako bat, Gurutze Intxaurburu: «edonork jokatu dezake, eta oso erraz ikasten denez, engantxatu egiten zaitu berehala». Jokatzeko kantxarik eza da arazo nagusia, baina Hernanin badauzkate bi leku begiz jota, Latsunben eta Goiz Eguzkin.

Pickleball aipatu, eta harridura aurpegia jarriko dute 100etik 99 lagunek, seguruenik. Kirol bat izan daitekeen susmoa hartu bai akaso, baina gutxi gehiago, gure inguruan behintzat. Izan ere, Estatu Batuetan hazkunde haundia ari da bizitzen pickleball izeneko kirola, azkeneko urteotan; eta Florida edo Kalifornia bezalako estatuetan, asko jokatzen dute. «60eko hamarkadan hasi zen pickleballa Estatu Batuetan, baina azkeneko urteotan izan du gorakada, eta orain ia toki guztietan jokatzen da han», kontatu du Gurutze Intxaurburu hernaniarrak.


Berak bai, primeran ezagutzen du pickleballa, duela lau urte Floridan bertan ezagutu zu­enetik: «tenis, ping pong, badminton eta padelaren antzekoa da, eta jokatzeko kantxa txikiagoa da, 6 metro zabal eta 13 metro luze». Kantxaren erdian sa­rea dutela, alde banatan jartzen dira bi bikote, bakoitza bere pala arina hartuta, eta zuloz betetako plastikozko pelota batekin. 


Berehala sartu zitzaion arra Gurutzeri, eta gero eta gehiago engantxatu da, gaur egun kirol horren sustatzaileetako bat izateraino, gurean: Euskadiko Pickleball Elkartea sortu zuen, Tania Flores bilbotarrarekin batera, duela bi urte.

Pickleballa ezagutaraztea, aurreneko erronka
Kalean ere badaude pickleball kantxak Floridan, eta horietan ikusi zuten jendea jokatzen, Gurutzek eta Helmutek, bere senarrak. «Galdetu genien zein kirol zen hori, eta probatzen utzi ziguten. Beraiek kontatuta jakin genuen, Madrilen ere jokatzen dela, eta badagoela nazioarteko txapelketa bat», kontatu du hernaniarrak. Padelean eta frontoian aritzen zen bera lehendik ere, eta tenisean Helmut; eta berehala erakarri zituen pickle­ballak. Hainbeste erakarri zitu­en, Almeriara egin behar zuten bidaia batean, Madrilen egin zutela geldialdia, hango talde batekin aritzeko: «hemen kirol berria denez, jendea oso eskuzabala da, eta borondate haundia dauka pickleballa zabaltzen laguntzeko».

Euskadiko Pickleball Elkarteko kideak, Espainiako Openean, Madrilean.


Laguntzeko borondate hori nabaritu dute orain ere, irailean, Floridakoek aipatu zieten txapelketa hartan: Espainiako Opena jokatu berri dute Madrilen. «Komentatu diegu Euskal He­rrian pickleballa zabaldu na­hi­an gabiltzala, baina materiala behar dugula; eta beraiek eutzi dizkigute bi sare mugikor, eta pa­lak ere bai. Espainiako Pickle­ball Elkarteak antolatzen du txa­pelketa, eta diru pixka bat bil­tzen du, materialean inbertitzeko. Eta horrekin, ari dira autonomia erkidego ezberdinetako elkarteei laguntzen». Izan ere, Espainian, pickleballa ez dago kirol ofizialen zerrendan: «kirol gisa hartzeko, hainbat klub eta elkarte izan behar ditu estatu mailan». Eta horretara iritsi nahi dute, baina aurretik, bide luzea daukate egiteko, eta kirola ezagutzera ematea da aurreneko erronka.

«Udaran eman nuen pickleball ikastaro bat Pio Barojan, eta Hernaniko hiru neska etorri ziren probatzera. Bihar ere egingo dugu ate irekien saioa bertan»


Espainiako Openean bertan izan zu­en Tania Floresen berri, Gurutzek: «aurreneko aldiz han jokatu genuenean, esan ziguten bazegoela Bilboko neska bat, pickleballa zabaldu nahi zuena Euskal Herrian. Elkar ezagutu genuen, hasi ginen pickleballa bultzatzen eta jokatzeko aukerak sortzen, eta elkartea jarri genuen martxan». Orain, Tania da presidentea, eta Gurutze idazkaria; eta haiekin batera, badira 10 bat lagun, «oso modu aktiboan» ari direnak lanean.

Ate irekien saioak, amua: Donostian izango dira bihar
Lanketa horren parte dira, esaterako, antolatzen dituzten ate irekien saioak. Bilbon izan ziren aurreko igandean, Artxandako patinatzeko pistan: «pickleballeko lau pista markatu genituen, etorri zen jendea, eta oso oso ondo pasa genuen». Eta beste horrenbeste egingo dute bihar bertan, Donostiako Pio Baroja kiroldegian: goizeko 10:00etatik 12:00etara izango da pickleballa probatzeko auke­ra, doan. Baina horretarako, izena eman behar da aldez aurretik: pickleball.donostia@gmail.com helbidera idatzi behar da, ze­haz­tuz izen-abizenak, eta zenbat la­gun joango diren. Herritar guztiei luzatu diete gonbitea, animatu eta probatzeko.


Ez da Pio Barojan egingo duten aurreneko saioa: «udaran eman nuen ikastaro bat bertan, eta Hernaniko hiru neska etorri ziren probatzera. Arrakasta izan zuen ikastaroak, eta horren ondoren, bi gurasok deitu zidaten galdezka, neguan jarraituko ote genuen ikastaroekin, interesa zeukatelako», kontatu du.
Pio Baroja kiroldegian, gainera, badaukate abantaila bat: badmintonerako pistak daude, eta tamaina berekoak dira. «Bestela, pistak markatzen aritzeak denbora eskatzen du, etalana ematen du». Horixe baita pickleballaren gabezia nagusietako bat, jokatzeko kantxarik eza: «gehien kostatuko zaiguna, izango da norbait konbentzitzea inbertsioa egiteko, horretarako pistak prestatzeko. Euskal Herrian kirol asko egiten da, eta hori ona eta txarra da guretzat, aldi berean. Kirolari asko dagoenez, jendea prest dago probatzeko eta jokatzeko; baina era berean, kirolerako gune guztiak daude beste kirolez gainezka. Gu aritzen gara Donostian, Euskal Herriko Unibertsitatearen kanpusean. Magisteritzak badauka gimnasio txiki bat, eta bertan kabitzen da pickleball pista bat. Astelehen, asteazken eta ostiraletan elkartzen gara, eta guztira, 16 gara jokatzen gabiltzanak».

Pickleballa, Latsunbeko tenis pistan eta Goiz Eguzkin?
Jokatzeko guneen faltaren aurrean, Hernanin bertan bi gune bururatu zaizkio Gurutzeri, pi­ckle­ballean aritzeko aproposak. «Latsunbeko tenis pista ia beti egoten da libre, eta Udalari proposatuko diogu pickleball pistak markatu ahal izatea bertan. Bestela, joaten garen bakoitzean aritu behar dugu markatzen. Sarea ere aprobetxatu daiteke, nahiz eta tenisekoa altuagoa den; baina guk badauzkagu sare mugikorrak, eta gure asmoa da pista horretan bi jartzea, eta bi pista markatzea. Horrela, aldi berean zortzi lagun aritu daitezke jokatzen». Tenis pistak, frontoiak edo kiroldegiak izan daitezke egokiak horretarako.

Lurra gogorra izatea nahikoa da pista bat prestatzeko, eta ezaugarri horiekin, beste gune bat ere iruditu zaio egokia hernaniarrari, herrian bertan: «Goiz Eguzkin ere planteatu dugu pista bat jartzea, beheko aldean, bolatokiaren ondoan. Aste honetan hitz egin dut beraiekin, eta geratu gara maiatzean hastekotan, ber­tan ikastaroren bat egiten. Oso maila ezberdinetan jokatu daiteke, eta bakoitzak aukeratzen du berea, baina denek jokatu dezakete».
Donostiako Udalarekin ere hitz egin dute horri buruz: «kiroldegi berri bat egingo dutela eta, eskatu genien pickleballerako pistak jartzea. Eta kiroletako zinegotziak esan zigun, ziurtatzen badiogu erabili egingo direla, jarriko dituztela lau pista bertan».

«Familian edo lagunartean aritzeko oso aproposa da, eta adin guztietarako modukoa; berdin aritu daitezke haurrak zein adinekoak, denak elkarrekin jokatzen»

Kirol inklusiboa izatea, indargune nagusietako bat
Ikasteko erraza eta oso dibertigarria izateaz gainera, pickleballaren inklusibotasuna nabarmendu du Gurutze Intxaurburuk: «kantxa txikiagoa da, pelotak apenas dauka pisurik, eta palak ere oso arinak dira. Familian edo lagunartean jokatzeko oso aproposa da, eta adin guztietarako modukoa da. Tenisean edo padelean hastea ez da erraza, eta hasieran ez da dibertigarria. Haurrei kosta egiten zaie. Eta aldiz, pickleballa askoz ere errazagoa eta inklusiboagoa da. Berdin aritu daitezke haurrak edo adinekoak, elkarrekin jokatzen; eta baita aulki gurpildunetan dabiltzanak ere. Madrilen, gainera, badago Alas Madrid izeneko fundazio bat, down sindromea duten haur eta gazteekin aritzen dena; eta haien artean ere zabaldu dute pickleballa».


Nabarmendu du, era berean, tenisak eta padelak baino lesio gutxiago sortzen dituela: «fisikoki ez daukazu exijentzia bera. Tenisean ezin du edonork jokatu, eta aldiz pickleballean bai. Estatu Batuetan, adineko askok jokatzen dute oso maila onean». Baina tenisaren edo padelaren ordezko beharrean, horien osagarri izan daitekeela uste du Gurutzek: «teknika hobetzeko ba­lio du, eta sareari beldurra galtzeko, saretik oso gertu jokatzen delako.». Merkeagoa ere bada, azaldu duenez: «tenis pista batean jarri daitezke pickleballerako bi kantxa, eta baita lau ere, kantxen artean espazio gutxiago utziz gero. Beraz, toki gutxiago behar da, eta tenisean bi pertsona ariko badira jokatzen, espazio berean 16 lagun aritu daitezke pickleballean».
Izan ere, binaka jokatzen da pickleballa, normalean; eta oso ohikoak dira bikote mixtoak, txapelketetan ere.

Espainiako Openean txapeldun nesketan, eta bigarren mixtoan
Hain justu, bi kategoriatan aritu da Gurutze Intxaurburu Madrilen, Espainiako Openean; eta bietan lortu du finalera iristea: 50 urtetik gorakoetan, txapeldun izan da binaka nesketan, «Inglaterran ezagutu nuen neska batekin»; eta txapeldunorde bikote mixtoetan, Helmut senarrarekin. «200 pertsona inguru elkartu ginen, eta bi kategoriatan aritu ginen adinaren arabera: 50 urtetik gorakoak, eta 50 urtetik beherakoak. Oso giro ona sortzen da beti».

Helmut senarra eta Gurutze (ezkerrean), Espainiako Openeko podiumean.


Edonola ere, oraindik gutxi dira pickleball txapelketak: «estatu mailan, Espainiako Opena da bakarra. Baina hasi dira txapelketak antolatzen Italian, Holandan, Inglaterran, Dinamarkan... Espainia mailan, asmoa daukagu torneoak antolatzeko, hilabete bakoitzean probintzia batean, probintzia horretan pi­ckleballa garatzen laguntzeko. Pandemiaren aurretik, adibidez, Teruelen izan zen. Donostian antolatu behar genuen 2020ko maiatzean, baina bertan behera utzi behar izan genuen. Pena izan zen, baina ea datorren urtean egin dezakegun...».


Gurutzek azaldu du, estatu mailan Madrilen jokatzen dela gehien, eta asko aritzen direla Sevillan, Cadizen eta Malagan ere. «Alicanten, Valentzian edota Bartzelonan hasi dira, baina penintsularen iparraldean, oraindik ez dago oso zabalduta».

«Denei esaten diet probatzeko, oso ondo pasako dutela eta engantxatu egingo direla»
Euskal Herrian pickleballa ezagutarazi eta indarra hartu dezan jarraituko du lanean Euskadiko Pickleball Elkarteak. Ki­­­rolaren adin aniztasunaren isla, belaunaldi ezberdinetako jendea dago elkartean: «Tania gazteagoa da, eta berarekin jende gaztea animatu da. Gu, berriz, helduagoak gara, eta 50-60 urteko jendea ere badago», azaldu du Gurutzek.


Kamixeta ere egin dute, berdea, jokatzeko: «Euskadiko selekzioa ote garen galdetu izan digute!». Eta izan dute bestelako bitxikeriarik ere, horrekin: «Estatu Batuetatik erosi dizkigute kamixeta gehienak, garai batean hemendik hara joandakoen ondorengoek. Arizonara bi­dali ditut lau kamixeta, aste ho­netan bertan».


Pickleballa probatzeko interesa daukanei luzatu diote deia, haiekin harremanetan jartzeko: pickleball.donostia@gmail.com edo pickleball.euskadi@gmail.com helbideetara idatzita; edo sare sozialen bidez, Facebooken (Aso­ciación Vasca de Pickleball) eta Instagramen (pickleball.euskadi).


Nik denei esaten diet probatzeko pickleballa, oso ondo pasako dutela, eta engantxatu egingo direla».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!