11 urterekin iritsi zen Mitxelo Armenteros Hernanira, familiarekin, Salamancatik. Eta ezin imajinatuko zuen orduan, herrian ezaguna bezain berezia izango zen denda bat jarriko zuenik. 1993an ireki zituen Pitxitxuloko ateak, Andre kalean; eta mundu osoan zeharreko bidaia bilakatu zuen txoko hura, erosleentzat: munduko hamaika txokotara joan da Mitxelo, hango eskulanak eta produktuak ekartzeko. Askotan, hemen oraindik modan jarri gabekoak, eta urte gutxira oso zabalduta egongo zirenak.
Elikagai denda bat eta taberna bat izan zituen aurretik, baina eskulanak ziren bere pasioa txikitatik. Eta horretara bideratu zuen bere proiektu berria, 28 urte luzez gidatu duena, eta opariak bilatzeko gune bilakatu dena, hernaniarrentzat zein inguruko herrietatik gerturatu izan direnentzat.
Erretiroa hartu berri du Mitxelok, bizitzaz disfrutatu nahi duelako, berandu baino lehen. Baina ez du ezkutatu, pena ere eman diola uzteak, eta bere bazkideak dendari jarraipena emango dion honetan, bertatik pasako dela tarteka. Izan ere, «oso gustura» aritu da lanean, hasieran kosta arren.
Jubilazioa hartu zenuen abuztuan. Zer moduz, jubilatu berritan?
Jubilatu eta berehala joan nintzen oporretara, eta gerora ere, ez dut astirik izan konturatzeko jubilatu egin naizela. Gauza bat edo bestea dela, okupatuta ibili naiz. Ez dakit ez ote nenbilen lasaiago, lanean ari nintzenean (barrez).
Badaukazu asmo berezirik, aurrerantzean egiteko?
Posible denean bidaiatu egin nahiko nuke, baina gainerakoan, ezer berezirik ez. Amak 101 urte beteko ditu, eta orain arte ezin nuen berarengana bidaiatzen ibili, baina orain bai, joango naiz bera zaintzera.
Noiz hasi zinen Pitxitxulon?
28 urte eman ditut bertan, 1993tik. Aurretik, denda bat izan nuen Lizeagan, Perico izenekoa. Arrebarekin aritu nintzen bertan, 7-8 urtez. Frutadenda zen gehienbat, eta txerrikiak, latak... ere saltzen genituen. Ultramarinos deitzen zitzaion horietakoa. Eta ondoren, taberna bat ere izan nuen, Josetxo, beste 7-8 urte inguru. Tartean, oilaskoak banatzen aritu nintzen, kamioiarekin. Eta taberna utzi nuenean hartu nuen Pitxitxulo.
Garai hartan, bi lagunek zeukaten Pitxitxulo izeneko denda bat, Kale Nagusian; eta diskoak saltzen zituzten, eta eskulan gutxi. Nik taberna utzi nuenean, komentatu nien oparitarako denda bat jarri nahi nuela erdigunean, eta nahi bazuten elkarrekin jarraitu genezakeela. Haietako batek uzteko asmoa zeukan, eta bestearekin jarri nuen martxan denda. Berak ere utzi egin zuen aurrerago, eta nik jarraitu nuen.
Eta nolatan horrelako denda bat?
Beti gustatu izan zaizkit eskulanak eta horrelakoak. Tenerifen soldaduska egiten ari nintzela, adibidez, Bilboko beste mutil batekin egiten nituen eskulanak, eta kalean saltzen genituen, diru pixka bat lortzeko. Eta tabernarekin nekatuta nengoenez, gauez bakarrik bizi nintzelako, nahiago nuen zerbait lasaiagoa, eta gustuko nuena.
Dena den, hasieran kosta egin zitzaidan jendaurrean horrela lan egitea, aurretik frutadenda eta taberna izan nituen arren. Horietan, jendeak badaki zer nahi duen, eta zuzenean eskatzen dizute hori. Baina Pitxitxulora, jendea begiratzera dijoa aurrena, ea ikusten duen zerbait opari baterako. Eta dendarako produktuak erostea ere oso zaila egiten zitzaidan. Zuk gustu jakin bat daukazu, baina ez da zurea kontutan hartu behar duzuna, erosleena baizik. Denborarekin, ikasi egiten duzu zer den jendeari gehien gustatzen zaiona. Ezagutza horrekin fidatu zaitezke, baina ez zure gustuarekin.
Beti saiatu gara gauza bereziak eta ezberdinak erosten, hemen oraindik ez zeudenak. Eta gertatu izan zait, Londresetik ekarri gauza batzuk, eta jendeak komentatu nork erosiko ote zuen horrelako zerbait, hemen oraindik ez zegoelako modan. Eta hortik denbora batera, saltzen ez zelako ekartzeari utzi nionean, galdezka etorri, gauza hori bera ba ote neukan. Hori oso ohikoa izan da. Londresen asko ikusten duzun zerbait erosi, hona ekarri, eta hemen kosta egiten zitzaizun saltzen.
«Hasieran zaila egiten zitzaidan dendarako produktuak erostea. Zuk gustu jakin bat daukazu, baina ez da zurea kontutan hartu behar duzuna, erosleena baizik»
Nolakoa zen denda, aurreneko urte haietan?
Hasieran oso gauza gutxi geneuzkan. Diru gutxirekin hasi ginen, eta geneukan apurra inbertitzen genuen obrak egiten eta gauzak erosten. Hasiera hartan, bazkideak eta biok kotxea hartu genuen, eta Espainia erdia zeharkatu genuen, saltzeko gauzen bila. Gaztelatik aurrena, Andaluziara jaitsi ginen gero, Valentziatik ondoren... Maioristak bilatzen genituen, gauzak erosteko. Gerora, feriak egiten hasi ziren, maioristei horrelako gauzak erosteko. Eta kanpora ere joan izan naiz gauzak erostera, Londreseko kasuan bezala. Asko bidaiatu dugu gauzak erostera, Tailandiara, Indonesiara, Afrikara...
Orain arte bi denda izan ditugu. Nik behekoa neramakien, eta nire bazkideak goikoa, arropa denda zena. Ba Indonesiara joaten ginen, arropa zehazki guretzako egin zezaten. Pentsatuta eramaten genuen nolako modeloak nahi genituen, eta hango jostun batek egiten zizkigun. Indonesian xuabeagoak dira oihalak, eta oso ondo bukatzen dituzte lanak. Hara joaten zen urnietar baten bitartez ezagutu genuen jostuna, gaztelaniaz hitz egiten zuena.
Eta nola aldatu da Pitxitxulo, urte hauetan guztietan?
Hasieran figurak, maskarak edota koadroak saltzen ziren gehien, etxea dekoratzeko gauzak. Garai batean asko saltzen zen, baina krisiarekin etenaldia izan zen. Eta ordutik, pitxiak eta horrelakoak saldu ditut gehiago.
Negozio guztietan bezala, aurreneko urteak zailak izan ziren. Jendeak ezagutu arte, konplikatua da. Baina Pitxitxulo iritsi zen erreferentziazko denda bat izatera. Jende asko etortzen zitzaidan Andoaindik, Donostiatik, Tolosatik... Lagun bat neukan Tolosan, antzeko denda bat zeukana; eta esaten zidan, joaten zitzaiola galdezka, ea ba ote zeukan nire dendan ikusi zuten gauza bat.
Lagun ezkuturako opari bila, asko joan izan zaizkizu...
Orain ez da hainbeste egiten lagun ezkutua, baina garai batean, eskoletan asko egiten zen, eta gaztetxo pila bat etortzen ziren dendara, oparia erosteko. Gaztetxo horiek, orain haien seme-alabekin etortzen dira, pentsa. Normalean beraien kaxa bilatzen zuten oparia, baina gomendioak ere ematen nizkien, lagun ezkuturako zeukaten diru-tartearen arabera. Baina beraiei uzten nien aukeratzen, ez zait sekula gustatu esatea zer erosi. Izan ere, norbera ez badago gustura erosi duenarekin... ez da dendara bueltatuko. Nahiago dut ez erostea, konbentzituta egon gabe erostea baino.
Piercingekin ere, horrelaxe aritzen zinen, ezta?
Bai bai. Neska pila bat etortzen zitzaizkidan, galdezka zein piercing neuzkan. Baina beraiek ez zekiten nolakoak ziren, nolakoak behar zituzten, nola jartzen ziren... Eta azaldu egiten nien, zer zen behar zutena. Zulorik ez dut sekula egin, baina piercingak aldatu, kendu eta jarri, pila bat. Eta gaztetxo haietako asko ikusi ditut gerora kalean, helduak direla.
Dendak ere bazeukan giro bereizgarri bat...
Usaina berezia zen, egunero jarri ditudalako erretzen inzentsua, olioak, usaina duten kandelak... Gertatu izan zait, jendea kaletik pasatzea dendaren ondotik, eta sartzea eskatzera: emaidazu erretzen ari zaren hori, usaina asko gustatzen zait eta. Baina ezinezkoa zen hori, pixka bat denetik zegoelako. Dekorazioa ere ez zen bereziki pentsatutakoa. Han-hemenka gauzak erosten dituzu, eta tokia bilatzen diezu dendan, iruditzen zaizun lekuan.
Asko aldatu da opariak egiteko modua?
Bai, dexente aldatu da. Garai batean, dekoratzeko gauzak erosten ziren oparitarako. Ondoren, beste garai bat izan zen, pitxiak erosten zirena gehien. Baina badago jende asko, gauza konkretu baten bila etortzen zena, produktuaren izenarekin. Eta horiek ez neuzkan, ez naizelako inoiz izan dendan marka jakin batzuk izatekoa. Antzeko gauzak neuzkan, baina ez markakoak.
Jokuak ere bazeneuzkan dendan, ezta?
Bai, egurrezko jokuak izaten ziren, Tailandian egindakoak. Ohikoetatik ezberdinak ziren joku haiek, bere instrukzioekin. Auskalo zenbat jokuren argibideak irakurriko nituen! Jendeari gutxi gorabehera azaltzeko irakurtzen nituen, azaltzeko modu onena jokatzea delako. Hasieran asko saltzen ziren joku horiek, baina hori ere asko aldatu da. Orain, mugikorretako jokuekin oso engantxatuta dago jendea, eta beste joku horiek alde batera geratu dira.
Gustura aritu zara Pitxitxulon lanean, ezta?
Bai bai, oso gustura aritu naiz beti. Une honetan, konturatu naiz orain disfrutatu behar nuela bizitzaz, hemendik 10 urtera ez dakidalako nola egongo naizen. Eta horregatik erabaki dut erretiroa hartzea. Baina oso gustura joaten nintzen lanera egunero. Jendearekin oso pozik egon naiz, eta dendaren oso oroitzapen onak dauzkat, momentu txarren bat ere izan dudan arren. Baina txar horiek azkar ahazten saiatzen naiz; nahiago dut gustura eta zoriontsu bizi, arazoetan pentsatu baino.
Nabarituko duzu hutsunea?
Oraindik ez dakit, ez dudalako astirik izan horretaz kontziente izateko. Baina denbora libre gehiago daukadanean, uste dut baietz, nabarituko dudala, eta azalduko naizela dendara, tarteka. Gustatzen zaizun lan bat daukazunean, utzitakoan falta sumatzen duzu. Baina beste gauza batzuk ere egin nahi ditut, eta dendara lotuta zaudenean, ez daukazu aukerarik.