Atzietas kaleko baratzetan oilo, oilasko eta oilarra daude, eta zenbait bizilagun kexatu egin dira. Animaliek zarata ateratzen omen dute. Jexux Eizagirrek, Pako Kerejeta bere koinatuarekin batera, zaintzen ditu eta aspaldidanik datorren kontua omen da. Argitu nahi du, ez dakitenentzako, animaliek eta kasu honetan oilarrek bere funtzioa betetzen dutela. «Duela urte batzuk bi oilar genituen eta orain ez daude. Gero jarri genuen oilar txiki bat, Kika, ez duena apenas kukurrukurik egiten baina bere lana egiten du. Hori da, oilarrez esan behar dena. Oilarrak jotako arrautza sanoagoa da jo gabekoa baino. Oilarrak egiten du bere lana, eguzkiak egiten duen bezalaxe. Gainera osasungarria da».
Beraz oilar bakarra dago eta txikia da. «Kukurrukurik apenas egiten duena. Hori dago goiko aldean, oiloekin batera eta ikustekoa da». Jende askok oiloak eta oilarrak ez dituela bereizten aipatzen du Eizagirrek. «Oiloek ez dute kukurrukurik egiten. Txitoak ere badituzte baratzean, gero oilasko egiten dira eta oilartzen direnean hasten dira kukurrukua jotzen. Baina kukurrukua jotzen hasten direnean akabatu egiten ditugu. Aste honetan bertan esate baterako akabatu genituen».
«Oilarrak gauean ez du kukurrukurik jotzen»
«Kikaren kukurrukua oso ahula da, entzun ere egiten ez dena» iritsi zaizkion kexa batzuk azaldu nahi ditu zumaiarrak. «Batzuek diotenez gauetan ez omen dute lo egiten uzten. Hasteko oilarrak gauean ez du kukurrukurik egiten. Oilarra goizaldean hasten da jotzen kukurrukua. Batzuek kexatzen dira hontzaren uluarekin, hori ez da oilarra. Pasadizo bat jarriko dut adibide. Bizilagun bat kexatu egin zen, izan ere, beste bizilagun batek txoria omen zuen kaiola batean, izkutuan; eta, gauean, txoria askatzen zuen, izorratzeko esanez. Hontzaren ulua egiten zuen galdetuta baietz erantzun zuen. Hori hontza zela esan zitzaion».
«Oso puntualki egiten omen du kukurrukua oilarrak. Oilaskoak oilartzen direnean eta momentu honetan ez dago horrelakorik. Oilar txiki bat dago eta ez du apenas kukurrukurik egiten».
Beraz, Jexuxek argi du ez dela oilarra molestatzen duena, animali edota naturaren parte diren hainbat elementu dira. «Hontzak ere molestatu egiten du, tortolak ere molestatu egiten diete eta uste dute oilarra dela. Hori alde batetik, baina hasten bagara molestiekin hontzak fuera, txoriak fuera, tortolak fuera, oilarrak fuera, oiloak fuera, oilaskoak fuera, antzarrak ere fuera... umeak ere negar egiten dute. Noski kale horretan kamioiek, kotxeek, motoek... izugarrizko zarata ateratzen dute, oilarrak baino askoz ere gehiago».
Zaratak ez dira horretara mugatzen. «Behetik trena pasatzen da, zarata ateratzen du eta gainera abisuaren soinua ere egiten du geltokitik pasatzerakoan. Tren motaren arabera gehiago edo gutxiago jo behar du abisua. Papeleraren zaratak ere Atzietasen ederki entzuten dira eta zer esanik ez A-15 errepidekoak. Tabernak ere badaude. Soinu horiek denak badirudi ez dutela molestatzen. Gauean umeek ere negar egiten dute, esnatu egiten dira bizilagunak, baina ez da ezer gertatzen normala den bezala; zaharrak erioan daudenean ere bai».
«Oilarra dagoen oilategiko arrautzak osasuntsuagoak edo sanoagoak izaten dira, bere lana egiten du»
Frantzian oilarra ondare komun gisa onartu da
Jexuxek galdetzen du: «zer kriterio erabili behar da zarata ateratzen duen zerbait kentzeko? Frantziak «ondare sentsorial» gisa aitortu du oilarraren kantua eta naturguneen ezaugarri diren soinuak eta usainak ingurumen-kodearen parte dira jada, eta nazioaren ondare komun gisa sar daitezke».
Frantziako Senatuak «zentzumen-ondarearen» nozioa barne hartzen duen lege-proiektua onartu zuen, oilarraren kantua, herrialdearen sinboloa, eta simaurraren izurria barne hartzen dituena».
«Atzietasen kotxe, moto, kamioi, errepide, tren, taberna edota fabriken zaratak ere badaude»
Joël Giraud lurraldeaz arduratzen den Estatu idazkariak ongietorria eman zion «nekazal munduaren defentsarako lege proiektu on bati», eta «landako bizitzak eragozpen batzuk onartzea» dakarrela adierazi du.
Nekazariek Frantzian indar haundia dutela azpimarratzen du Jexux Eizagirrek. «Ereñotzun oilarra entzuten dut, Gure Bordan entzuten dut, Jauregi auzoan entzuten dut, Osiñagan entzuten dut, Martindegin entzuten dut... Atzietas kalean baratzak daude eta batzuetan baserri bateko oilarra ere entzuten da. Tristea izango litzateke eragozpen batzuk sortzen dituztelako animaliak kendu behar izatea. Azkenean edozerk sortu dezake eragozpena».
Beste ahots batzuk, Atzietasen kaletik horren gertu animaliak egotea ondarea dela deritzote. Zaindu beharrekoa. «Oso tristea izango litzateke naturako soinuak ez direnak naturaltasunez onartzea eta naturaren beraren soinuak ez onartzea. Natura ukatzea da hori», aipatzen du Jexuxek. «Naturak bere soinuak dauzka. Ezin dena da ni animaliak bizi diren leku batera joaten banaiz animaliak kentzea eskatzea edo Iparraldera joaten banaiz oilarra kentzeko eskatuko dut?».
«Epaile batek eman beharko du kentzeko agindua, bestela ez dugu oilar txikia kenduko. Berak izango du azken hitza»
Eztabaida oso ongi dagoela dio Jexuxek, baina argi dauka azken hitza epaile batek izango lukeela. «Ez ditut inondik inora oiloak, oilaskoak eta oilarra kenduko. Bizilagun batzuk kexatu diren bezala, beste askok esan digute ez kentzeko oilarra eta eusteko. Entzun dudanez sinadurak ari dira biltzen eta guk behar badugu, hasiko gara sinadurak biltzen. Hori bai, hemen azken hitza epaileak dauka. Oilarrari ezin zaio ahokoa jarri. Epaileak erabakitzen badu kentzea kendu beharko dugu, baina bestela ez. Gure eskubidea erabiliko dugu».
Jexux Eizagirrek ere nabarmentzen du ume asko hurbiltzen direla Kika ikustera. «Lumaje oso polita dauka, jatekoa botatzen diote eta umeentzako gustagarria da».
«Hontzaren uluarekin kexatzen direnak ere badaude, tortolekin, txoriekin, usoekin... naturaren soinuekin»
Oilarra izatea ez da kapritxoa Eizagirreren esanetan. «Kexak orain bost urte hasi ziren, aurretik ere beste bi oilar genituenean izan genituen eta azkenean kendu egin genituen bi oilarrak. Beraien ordez jarri genuen oilar txikia eta bere funtzioa betetzeko hartu genuen, bere lana egiteko, arrautzak osasuntsuagoak izan daitezen».
100 euroko isuna ere jarri zieten orain hamar urte baino gehiago Jexux eta Pako koinatuari. «Deskargua egin genuen». Denetarik gertatu zaie. «Beste behin, oilategi barrura sartu ziren, oilarrek tratu txarrak jasan zituzten, indarra erabiliz zerraila apurtu zuten... Salaketa jarri genuen baina ezin izan zen ezer egin».
«Zentzu komuna eta jendearen arteko elkar ulertzea gomendatzen da»
Orain bi urte oso famatu egin zen Asturiaseko Sotu Cangaseko kasua. Abeltzain batek birala egin zen bideo bidez salatu zuen kasua eta Espainia guztian egin zen famatu. Oilategi bat ixteko aginduaren aurka irten zen. Aurretik turismo landetxe bateko jabeak, Jose María Garcia Gallegok, Fernando Villarroel salatu zuen oilarrak zarata asko ateratzen zuelako eta bezeroak uxatzen zituelako. Horrek sortzen zion kaltearekin.
Gaia bolo-bolo ibili zen 2019ko maiatzean, baina hartu ziren erabakietan zuzenak ez ziren datuak eskaini ziren.
Cangas de Oniseko Udala izan zen oilarrak hazteko jarduera berehala etetea agindu zuena, eta ez epaile bat, eztabaida ebazten zuen ebazpen administratiboan ikus zitekeen bezala.
Beste puntu korapilatsua oilarrak noiz hasten diren kukurrukuka izaten da. Jose Manuel Gonzalez Castro Cangas de Oniseko alkateak «goizeko bostetatik aurrera hasten dira abesten» adierazi zuen. Bestalde, bideoko abeltzainak zioenez, «oilasko batek goizeko zazpietan edo seietan abesten du, eguzkia irteten hasten denean, hori da normalena». Asturiasko Printzerriko Etxebizitzako Zuzendaritza Nagusiak 2019ko otsailean egindako neurketa akustikoan oilarrak goizeko ordu bietan kukurrukuka ari zirela ikus daiteke. Txosten horretan, erabilitako bi neurketa-prozeduren bidez erregistratutako dezibelioak ere jasotzen dira. Horietako batean, soinu gailurra goizeko 2:23an grabatu zen.
Oilategia ixteko agindua ez zen zaratagatik, lizentziarik ez izateagatik baizik
Neurketa akustikoari buruzko txosten teknikoak gauez mugak gainditzen zirela erakusten bazuen ere, jarduera eteteko aginduaren oinarria izan zen jarduerak ez zuelako lizentziarik. Ebazpenaren zuzenbideko oinarrietan zehazten zenez, «Irekitzeko lizentzia behar duen edozein jardueratan aritzea, lizentzia hori lortu gabe, klandestino bihurtzen zuen» eta «egokia zen oilarrak hazteko jarduera nahitaezko irekitze- edo jarduera-lizentziarik gabe ixtea».
Zarataren neurketa eskatu eta egin zen 2019an oilategian. Gauean 99/85 Dekreturako onar daitekeen gehieneko maila gainditzen zela frogatu zen. 72,4dBA (dezibelio) erregistratu ziren, baina 22:00etatik 07:00etara maximoa 45dBA da.
Adituek diotenez, 70 dezibelioko zarata egiten du aspiradora batek martxan; 75 dezibeliok 10 pertsona lanean ari diren bulego baten zarata osatzen dute. Zaborraren kamioi bati buruz hitz egiten bada, 85era joango ginateke. Adibide horiek Sotu Cangaseko landetxe barruan neurtutako 72,4 dezibelioak konparatzeko balio dute.
Dezibelioen muga Udal bakoitzak jartzen du eta eskumena beraiena izaten da. Egunean zehar 60 dezibelio inguru izaten da muga eta gauetan 40-45 inguru, Udalaren arabera.
Nahiz eta aktibitatea eteteko agindua izan, oilarraren jabeak helegitea jarri zuen bere garaian eta Asturiaseko Pites elkarteak urte horretako irailean albiste pozgarriak jaso zituzten Frantzia aldetik.
«Landa eremuan ezin dugu hirigintza-araudia aplikatu»
2019an oso famatu egin zen Sotu Cangaseko kasua Asturiasen. Oilategia itxi egin behar izan zuen jabeak, Udalak aginduta, lizentziarik ez zuelako. Kasu hauetan zarata neurgailua erabiltzen da.
Abokatuek diotenez, «lehenik eta behin, gauden testuinguruan jarri behar dugu arreta. Kasu honetan, landa eremuan, ezin diogu hiriko zaraten hirigintza-araudia aplikatu ohitura propioak dituen landa-inguruneari. Errorea ikuspegi administratibotik (urbanita) ardaztean datza, hirietan udal ordenantzek ingurumenaren kutsadura, zaratak, usainak... arautzen dituzten zentzuan».
Hala ere, landa eremuan desberdina omen da, «ez dago horri buruzko araudi espezifikorik, eta are gutxiago xehetasunik, erregulazio horren beharrik izan ez duelako; beraz, kasu honetan, ikuspegiak zibila izan behar du».
Frantziako Oleron uharteko bizilagun batzuek Maurice, oilar bat, salatzea erabaki zuten, egunez bere kantuengatik molestatzen zituelako. Animaliak egunsentian esnatzen zituela salatu zuten bizilagunek, eta demanda bat jartzea erabaki zuten.
Azkenean, justizia auzitegiak Corinne Fesseau animaliaren jabearen aldeko epaia eman zuen. Epai honek baserri munduaren eta noizbehinkako turisten edo bizilagunen talka sinbolizatu zuen Frantzian