Aurtengo martxoan ekin zioten erronkari Jokin Ruizek eta beste zenbait hernaniarrek. Ingalaterrako futbolaren jarraitzaileak dira, eta Premier League txapelketako edukiak euskeraz sortzea erabaki zuten, Twitter sare sozialaren bidez: @Premier_EUS1. Euskera jarri dute erdigunean, «hori baita euskaldunoi ezberdin egiten gaituena», azaldu du Jokinek. Makina bat txio idatzi dituzte dagoeneko, eta bide beretik jarraituko dutela ziurtatu dute.
Nola bururatu zitzaizuen kontua sortzea?
Ondo asko gogoratzen dut kontua sortzearen ideia nola bururatu zitzaigun. Karrero tabernan geunden zerbait hartzen, eta koadrilakoren bati, Hernaniko beste lagunen bati eta niri asko gustatzen zaigu Ingalaterrako futbola. Han, futbola bizitzen duten modua oso apasionatua da eta horrek asko erakartzen gaitu. Gainera, oso liga potentea da eta esango nuke, ziurrenik, indartsuena ere badela.
Horrekin batera, bagenekien Euskal Herrian futbol ingelesa gustuko duen jende asko dagoela. Dena den, konturatu ginen mota horretako euskerazko informazioa falta dela. Beraz, lagunartean, bururatu zitzaigun Premier League txapelketako edukiak euskeraz argitaratzea ahalbidetzen zuen kontua sortzea Twiterren.
Kontua gaztelaniaz sortzeak ez zuen zentzurik, beste kontu bat gehiago besterik ez zelako izango. Izan ere, gure indargunea euskera da, eta horren aldeko apustua egin dugu. Euskera da euskaldunoi ezberdin eta berezi egiten gaituena; eta, horregatik, euskera hutsean partekatzen ditugu txioak.
Tankerako lanik egin al duzue aurretik?
Kintako lagunak gara talde honen atzean gaudenak eta ez, ez dugu ez titulurik ez inolako esperientziarik horrelako lanetan. Hau egin dugu futbola gustatzen zaigulako eta, batez ere, Ingalaterrako futbola. Horregatik, Twitterreko kontua sortu aurretik, gure lana eta ikasketak lehenetsiko genituela argi utzi genuen. Ez dugu presio haundirik nahi, eta, horrenbestez, honen guztiaren atzean dagoen lantaldeko kideen artean banatzen ditugu ardurak.
Euskeraren aldeko apustu argia egin duzue, ezta?
Bai, beharrezkoa dela iruditzen zaigulako. Futbolak gizartean duen indarra euskera bultzatzeko erabiltzea ideia ezin hobea dela uste dugu. Gainera, edukiak euskeraz sortzea eta informazioa euskeraz jasotzeko aukera izatea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu.
Horren bueltan, esan behar dut ahalegintzen garela euskera zuzena erabiltzen eta hizkuntza zaintzen. Hori erronka haundia izan da guretzat; izan ere, kontua sortu genuenean, nahiko erantzun ona izan genuen. Jarraitzaileak igotzen hasi ziren, eta poz haundia hartu genuen. Hala ere, erantzun ona izan genuen moduan, argi genuen guk ere ondo idazteko konpromisoa izan behar genuela. Alde horretatik, akatsak ekiditea da gure helburua.
Batzuetan, Elhuyar eta horrelako tresnak ere erabiltzen ditut txiokatu behar dudan hori ondo idatzita dagoen ala ez jakiteko. Alegia, gure prioritatea da kalitatezko txioak sortzea eta erabiltzaileek euskerazko informazio ona jasotzea. Hizkuntzari dagokionez ere eredu izan nahi dugu, eta alde hori zaintzen ahalegintzen gara. Euskeraz bizi garen arren, ez dugu sekulako maila idazmenari dagokionez. Baina, beno, gu saiatzen gara guztia ahalik eta hobekien publikatzen.
Zergatik Twitter?
Informatzeko tresna egokia dela uste dugulako. Erabiltzeko erraza da eta albisteak momentuan partekatu ditzakegu. Gainera, jende askorengana heltzeko indarra du. Instagramak ere tiroi haundia du, ziurrenik, une honetan, Twitterra baino gehiago. Dena den, mota honetako edukiak Twitterren ikusten dira gehienbat, eta arrazoi horregatik aukeratu genuen. Edozein egunkari irakurtzen den bezalaxe, Twitterrarekin ere horixe bera gertatzen da. Aplikazioa ireki, albisteak irakurri, egunean jarri eta listo.
Zein bide jarraitzen duzue txioak argitaratzeko?
Ez du misterio haundirik. Twitterren sartzen gara egunero-egunero eta Premierreko albisteak zeintzuk diren ikusten dugu. Kontua sortu aurretik, lehen ere horixe egiten genuen; baina, orain, gure kontuan txiokatzen dugu zer gertatu den, zein taldek dituzten partiduak, ligako bitxikeriak, eta abar. Aparteko gisa, beste hainbat sekzio ere egitea bururatu zitzaigun. Nostalgikoak diren horientzat, aspaldi gertatutakoak gogora ekartzeko atal bat sortu genuen. Nork daki, agian, garai bateko Premierra oraingoa baino gehiago gustatzen zaion norbait egongo da pantailaren beste aldean. Edo, esaterako, Ingalaterrako futbol zelaiak nahiko bereziak direnez, horren bueltako beste haria ere egin genuen.
Premierra gustuko duen hainbat herritarri proposatu genien ideia, eta gure artean banatzen ditugu ardurak. Ez dugu ezer zehatzik egituratuta, baina, gutxi gorabehera, kide bakoitzak ligako talde baten gaineko informazioa bildu eta hori txiokatzen du. WhatsAppeko taldea dugu eta bertatik adosten dugu egunerokoa. Hau zaleei gustatuko zaiela uste al duzue?; Probatuko al dugu honekin? Horrelako galderak egiten ditugu gure artean, eta, besterik gabe, mugikorra hartu eta txioa idazten dugu.
Zer moduzko erantzuna izan du?
Aurtengo martxoan ekin genion honi, eta gure proiektua ezagutarazteko, ingurukoei eskatu genien laguntza. Hasi berriak ginen eta bultzada hori behar genuen. Hala ere, kontua ireki eta gutxira, itxi egin ziguten. Guk momentuan momentuko bideoak eta argazkiak partekatu nahi genituen eta, horregatik, beste zenbait kontutako bideoak hartzen genituen. Nolanahi ere, lizentzien kontua dela eta, kontua ezabatu ziguten. Hori kolpea izan zen guretzat, baina gauzak ondo egin nahi genituenez,egindako akatsez ikasi eta berriro hasi genuen prozesua.
Zabalkuntza lanetarako, hainbat ideia bururatu zitzaizkigun. Horietako bat izan zen Kike Amonarrizi laguntza eskatzea. Hain justu, Kikeren alaba nire laguna da, eta bere aitari honen berri emateko eskatu genion. Ideia gustatu zitzaion eta kontua sortu genuela txiokatu zuen bere Twitterrean. Hori sekulako mesedea izan zen, Kikek jarraitzaile mordoa dituelako. Berehala ikusi genuen efektua, egun bakar batean 200 jarraitzaile inguru gehitu genituelako.
Horrekin batera, Mikel San Jose futbolaria nire arrebaren laguna da, eta berari ere aipatu genion hau guztia. Gure txio bat partekatu zuen eta jarraitzaile ugari dituenez, hor ere nabaritu genuen gorakada. Horren haritik, poza hartu genuen Mikelekin hitz egin genuenean. Izan ere, oso iniziatiba ona zela esan eta laguntza ere eskaini zigun, etorkizunerako behar genuen beste edozertarako.
Dena den, aipatu behar dut gure helburua ez dela jarraitzaile kopurua igotzea. Alderantziz, jomuga nagusia da jendeak gure berri izatea eta Premier Leagueko informazioa euskeraz jasotzeko aukera erraztea. Hortik aurrera, datorrena datorrela, guk pozez hartuko dugu.
Bitxikeriarik ba al duzue?
Duela bi hilabete inguru, Dazn plataformako kazetari batekin izan genuen hartu emana, Nacho Gonzalezekin. Umorea erabiltzen du Twitterren Ingalaterrako futboleko edukiak lantzeko, eta nahiko ezaguna da horretan.
Nachok kanala du beste hainbatekin batera eta, saiotako batean, erabiltzaileetako batek euskal hiztegi baten aplikazioaren berri eman zion Nachori (Itzuli), hizkuntzaren nondik norakoak jakiteko eta, posible bazen, pixka bat ikasteko. Gero, hiztegiari argazkia atera eta Twitterrera igo zuen. Guk, hori ikustean, gure kontuaren bidez erantzun genion; esan genion Premierreko kontuak txiokatzen genituela eta, nahi izanez gero, laguntzeko prest geundela. Eta, espero gabe, berak gure txioa erantzun zuen. Ez da pertsona oso ezaguna, baina 90 mila jarraitzaile inguru ditu eta poza hartu genuen.
Zein da zuen etorkizuneko erronka?
Aurrez aipatu moduan, kontua sortu eta berehala ixtea kolpea izan zen guretzat. Horregatik, gauzak lasai hartuko genituela erabaki genuen. Momentu horretan, Mikel San Joserena laguntza haundia izan zen, txio bat partekatzeaz gain, zozketatzeko bi kamiseta ere oparitu zizkigulako. Joan den urtera arte, Ingalaterran jokatu zuen Mikelek eta lotura haundia du euskal futbolarekin. Athletic-en aritu zen 10 urtez eta, horrekin batera, beti hitz egin izan du euskeraz. Are gehiago, horren aldeko aldarria ere egiten du. Beraz, hori ikusita, zozketa bat egiteko asmotan, bere aurreko taldeko kamiseta eskatu nion, Birminghamekoa. Baiezkoa eman zidan eta gure kontuan zozketatu genuen. Zozketan parte hartzeko baldintza zen kontua jarraitzea eta, horrela, jende gehiagorengana heltzea lortu genuen.
Horren ostean, motibatuta ekin genion erronkari, baina interakzio gutxiago izan dugula esan beharra dago. Liga geldirik egon da orain arte eta horrek ez du gehiegi lagundu. Horregatik, etorkizun hurbilera begira, ez dugu helburu potolorik zehaztu. Inprobisatzen ari gara, egunerokoan egunerokoa egiten. Ateratzen dena ateratzen dela ondo egongo da, eta horrekin egingo dugu aurrera. Joan den astean, esaterako, Arrasateko mutil batek idatzi zuen gure kontura, Eñaut Abarrategik. Sare sozialetako publizitatean eta marketingean dago espezializatua, eta lagundu nahi zigula aipatu zigun. Eta hortxe ari da lanean, musutruk. Pasahitzak erraztu genizkion eta laguntzen ari zaigu.
Badakigu kontu honek limitazioak izango dituela. Kontua sortu aurretik horren jakitun ginen eta, orain, horretan murgilduta gaudela, gauza bera pentsatzen dugu. Izan ere, futbolak ez du oztoporik, baina, euskerak, ordea, bai. Hortaz, gure nahia da posible den arte hau egiten jarraitzea, eta kitto. Twitterreko kontuak beste ateren bat irekitzen badigu, aurrera. Horrelaxe sortu da, hain justu, Hamaika Telebistako saioren baten parte hartzeko aukera. Joan den urteko Championseko finala bi ekipo ingelesen artekoa izan zen, eta horri buruz aritu ginen hizketan, zuzeneko bideodei moduko batean.
Premier League gora eta behera... Kontatuko diguzu txapelketa nola dabilen, ezta?
Futbolean sakondu aurretik, esan beharra dut liga ingelesa hainbat arrazoirengatik gustatzen zaigula. Liga espainola oso kritikatua izan da telebistako eskubideekin klub bakoitzari ematen dieten diru kopurua oso ezberdina delako. Banaketa oso desorekatua dela salatu izan da beti. Real Madrili eta Bartzelonari, adibidez, milioi ugari ematen dizkiete eta Mallorca edo horrelako taldeei, berriz, oso gutxi. Ingalaterran, oso bestelakoa da hori. Banaketa ahalik eta orekatuena izaten saiatzen dira; alegia, azkena gelditzen denak 90 milioi jasotzen baditu, lehenengo gelditzen denak 100 irabaziko ditu. Horren ondorioz, sailkapeneko azkeneko postuetan dagoen talde batek fitxaketa onak egin ditzake, sailkapeneko goiko postuetan dagoen beste batek bezalaxe. Era berean, azpiko postuetako klubek inbertsioak egiteko aukera dute, horiei ere dirua ematen dietelako. Hemengo txapelketan, ordea, ez da hori gertatzen.
Eta futbolari zuzenean eutsita, aurten, orain arte izandako maila altuena dagoela esan daiteke. Taldeek dirutza utzi dute Championsean eta baita ligan ere, eta jokalari bikainak daude lehiaketan. Faborito argirik ez dago, baina nire pronostikoa eta ia denena da Manchester Cityren eta Chelsearen aldekoa.